Diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat hartuko da enpresaren aktiboan sartuko diren aktibo finkoen erosketa, baldin aktibo horiek baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera kategoria edo epigrafe hauetan dauden aktiboak izatea:
- Industri Jabetza eta Patenteak.
- Aplikazio informatikoak.
- Lurrak eta Ondasun naturalak.
- Eraikuntzak.
- Instalakuntza teknikoak.
- Makinak.
- Tresnak.
- Beste instalazio batzuk.
- Informazio prozesuetarako ekipoak.
«Lurrak eta Ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren gehienezko zenbatekoa laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboen berdina izango da. Gehienezko zenbateko hori gaindituz gero, gehiegizko inbertsioa ez da joko diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat, baina bai inbertsio onartutzat, Aginduan ezarritako baldintzak betetzeko.
Nolanahi ere, aktiboek zuzeneko lotura izan beharko dute enpresak xede sozialtzat duen jarduerarekin.
b) Lehen aldiz erabiliko direnak edo lehenbizikoz martxan jarriko direnak izatea, salbu eta lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak erosten badira; kasu horretan, berriak balira bezala hartuko dira.
Era berean, ulertuko da diruz laguntzeko moduko gastua dela aktiboak erostea konkurtso-prozedura batean sartuta dagoen establezimendu bati, edo aktiboak erosi izan ez balira konkurtso-prozeduran sartua legokeenari. Aktiboak erlaziorik ez duten hirugarren pertsonei erosiko zaizkie, eta operazioa merkatuko baldintzetan egingo da.
c) Gutxienez hiru urteko amortizazio epea izatea, eta gutxienez hiru urtez egotea enpresaren aktiboan.
d) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak -dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartua izan dadin- esplizituki jasotzea hura erosteko aukera kontratua amaitzean, bai eta kontratua gauzatzeko konpromisoa, bi alderdiek sinatua.
e) Aktiboak, oro har, hirugarreni lagata ez egotea, kontuan izan gabe lagatzearen truke kontraprestaziorik badagoen.
f) Oro har, enpresa eskatzaileak edo harekin elkartu nahiz lotutako enpresek fabrikatua ez izatea.
g) Dirulaguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak, oro har, enpresa onuradunaren establezimenduan ustiatuko dira, aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira, hirugarrenei merkatuko baldintzetan erosiak izango dira, eta enpresaren aktiboan mantenduko dira gutxienez hiru urtez.
Sailari espresuki jakinaraziko zaio zeintzuk diren elkartutako edo lotutako enpresei aktiboak erosi izanaren ondoriozko inbertsioak, eta kanpo kontrolerako auditoretzen bidez baloratuko dira.
Ez dira diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko:
- Bazkideren batek kapitalari espezietan egindako ekarpenak.
- Ordezkapen-inbertsioak.
- Laguntza-eskaera aurkeztu aurretik hasitako inbertsioak.