Ana Malagon eta Goio Telletxea, La Personnalité enpresaren sortzaileak.
Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 17 ekaina, 2019

La Personnalité: “Langileek hobeto lan egiten dute ongi pentsatutako interfaze edo software batekin”

Konpainia donostiar horrek Erabiltzailearen Esperientziarekin eta zerbitzuen diseinuarekin lotutako konponbideak garatzen ditu industria sektorerako
-

 

Konpainia donostiar horrek Erabiltzailearen Esperientziarekin eta zerbitzuen diseinuarekin lotutako konponbideak garatzen ditu industria sektorerako

 

Enpresak gero eta gehiago jabetzen dira software edo interfaze grafiko erakargarri eta funtzionalak izatearen garrantziaz. Erabiltzailearen Esperientzia edo UX erabakigarria da gizaki eta makinen arteko elkarreraginean, eta baita ere edozein datu-analisiren emaitzei balioa emateko orduan. La Personnalité konpainia donostiarra arlo horretantxe espezializatu da 2008az geroztik. Enpresaren sortzaileetako batekin mintzatu gara, Goio Telletxearekin.

 

Zer egiten duzue La Personnalité enpresan?

Erabiltzaile esperientziarekin eta zerbitzuen diseinuarekin (digitalak eta ez digitalak) lotutako konponbideak garatzen ditugu industria sektorerako. Kontuan hartzen dugu zein premia izan ditzaketen gizakiek software baten aurrean, zeintzuk diren beren lan-baldintzak, nola harremantzen diren beste gizaki batzuekin, zeintzuk diren beren informazio premiak, zein kanaletatik jasotzen duten informazio hori, eta orobat ikertzen dugu zein den beren asebetetze-maila interfaze zehatz bat erabiltzen dutenean. Aztertzen ditugu pertsona horren prozesu eta operazio guztiak, bai eta erabiltzen dituen kanalak edo tresnak, bere asebetetze-maila ahalik eta handiena izan dadin.  Zerbitzuen diseinuari dagokionez, prozesuak, operazioak, kanalak edo antolakuntza egituratzen ditugu, erabiltzaileen asebetetze-maila optimizatzeko.

 

Pentsatzen dut prozesu konplexua izango dela eta faktore asko hartu beharko direla kontuan, ezta?

iPhone telefonoek ekarri zuten iraultza bezalakoa da. Telefonoko aplikazioen erabilpena erosoagoa zen, usagarriagoa. Esperientzia hori lortzeko gizakiaren ekintzei buruzko ikerketa sakon bat egin behar da. Lan handia dago atzean. Kontua da batzuetan lan hori ez dela ikusten. Interfaze bat ikusten duenean, erabiltzaileak pentsa dezake: “ze polita!”, baina hori ez da magia hutsa. Ikerketa sakon bat dago atzean, luzaroan aztertu behar da erabiltzailea jakiteko zeintzuk diren bere arazoak, premiak eta ohiturak, nola erlazionatzen den beste erabiltzaile batzuekin … Horixe egiten dugu guk eta ahalegintzen gara bezeroari ikusarazten zein baliotsua den lan hori.

 

Azalduko diguzu industria sektorean inplementatu duzuen garapenen bat?

Uste dugu interfazeak diseinatzeko ezinbestekoa dela jakitea nola lan egiten den ingurune zehatz batean. Adibidez, proiektu bat garatu genuen logistika sektoreko ULMA Handling Systems enpresarentzat. Horretarako aztertu genuen zein eszenatoki edo ingurunetan lan egiten duen, nolakoak diren bere biltegiak, nolako erabiltzaile edo langileak mugitzen diren eremu horietan, zein tresna erabiltzen dituzten, nolakoak diren lan-fluxuak, zenbat ordu igarotzen dituen langile batek makina batean edo pantaila baten aurrean eskaerak nora doazen begira… Adituei entzun behar zaie eta ingurunea aztertu. Adibidez, gauzak arbel batean apuntatzen badituzte, agian planteatu liteke tresna hori digitalizatzea. Alderdi asko aztertu behar dira ikusteko premia horietatik zeintzuk dauden ase gabe. Ez baduzu ikertzen, ez bazara erabiltzailearekin egoten, ez badiozu entzuten eta ez baduzu lanean ikusten, gerta liteke diseinuak ezertarako balio ez izatea. Urte askotan interfazeak inposatu egin zaizkie erabiltzaileei. Esaten zen interfazea deserosoa iruditu arren, erabiltzailea ohitu egingo zela azkenean. Guk erabiltzailea jartzen dugu diseinuaren erdigunean, langileek hobeto lan egiten dutelako ongi pentsatutako interfaze edo software batekin.

 

Eta enpresei interesatzen zaie Erabiltzailearen Esperientzia aplikatzea beren proiektuetan?

Oraindik ez. Oihartzun gutxi izan dugu eta gutxi gara horrelako zerbitzuak eskaintzen ditugun enpresak. Ez dira asko industriara bideratuta daudenak. Orokorrean zerbitzu publikoetarako, diseinu sozialerako edo antolakuntzaren diseinurako konponbideak garatzen dira, baina ez Erabiltzailearen Esperientziarekin eta industriara eta softwarera zuzendutako zerbitzuekin lotutakoak. 4.0 Industriaz mintzatzean askotan aipatzen dira fabrikazio gehigarria, Big Data, IoT edo sentsorizazioa, baina ez Erabiltzailearen Esperientzia. Filosofia zaharrari eusten zaio: “konponduko da langilea”.

 

Bestalde, enpresetako arduradunek ez dute ondo ulertzen zer den diseinua, gehiago identifikatzen dute logotipoekin eta koloreekin. Usagarritasuna Erabiltzailearen Esperientziaren zati bat baino ez da. Helburua da erabiltzaileari erantzutea eta produktuak edo esperientziak lagundu diezaiola enpresari irabaziak lortzen.

 

Baina mundu osoko aditu eta aholkularitzek onartzen dute joera bihurtu dela industriako softwarean eta erabiltzaile interfazeetan aplikatutako erabiltzailearen esperientzia.

Gauzak aldatzen ari dira; hasi gara ohartzen softwarea oso garrantzitsua dela, bera delako makina eta prozesuak gainbegiratzen dituen arima. Industria sektoreko enpresariak munduko azoka ospetsuenetara joaten direnean, ikusten dute lehiakideen interfazeak askoz erakargarriagoak direla eta gehiago saltzen dutela. Horrelakoetan, batek baino gehiagok esan dit lotsagarria iruditzen zaiola bere interfaze edo softwarea. Bazterrean utzi dute kontu hori eta orain hobetu egin nahi dute, baina ez dakite zertan hobetu eta nola. Kontua ez da zerbait polita egitea, baizik eta gizakia, inguruneak eta prozesuak ezagutzea produktu on bat egiteko.

 

Gizaki-makina elkarreraginaren etorkizuneko joerek diote pantailaz harago doazen tresna berriak etorriko direla, adibidez, errealitate birtual eta areagotua eta ahots-sistemak. Hori ere erronka bat da zuen lanerako?

Errealitate areagotua eta birtuala lehenengoetakoak izan dira ulertzen Erabiltzailearen Esperientzia aplikatu beharra dagoela elkarreragiteko modua hobetzeko. Baina orobat aipa genitzake cobot-ak (robot kolaboratiboak), robot batekin batera lan egiteko ikasi egin behar delako, eta esperientzia desberdin bat sortzen delako, non erabiltzaileak ohitu egin behar baitu jokatzeko ohitura eta modu berrietara. Elkarreragina ere aldatu egingo da makinekin komunikatzeko ahots-tresnak erabiltzen hasten garenean. Ahotsa, pantaila tradizionala, errealitate birtual eta areagotuko dispositiboak, cobot-ak… denak dira antolatu beharreko kanalak, esperientzia ona izango bada.  Eta hori ez dugu lortuko teknologiarekin bakarrik.

Lotutako albisteak

Lacor-Ibili,  sukaldaritza  profesionaleko  tresnerian  liderra  den  taldea

Lacor-Ibili, sukaldaritza profesionaleko tresnerian liderra den taldea

Bergarako enpresak Kloud programaren SPRI Taldearen laguntza jaso du, eta 90 herrialdetan baino gehiagotan saltzen du, eta 500 eskaera izapidetzen ditu egunero.

The  White  Team,  ETE  eta  korporazio  handientzako  transformazio  digital  integrala

The White Team, ETE eta korporazio handientzako transformazio digital integrala

Konpainia bizkaitarra datu-analisian, cloud zerbitzuetan eta ERP edo SAP bezalako enpresa-plataformetan espezializatuta dago.

Sitecok  bezeroari  egokitutako  kobrantza-sistema  automatikoak  eskaintzen  ditu

Sitecok bezeroari egokitutako kobrantza-sistema automatikoak eskaintzen ditu

Gasteizko ETEak SPRI Taldearen Hazinnova programako dirulaguntza jaso du, eta fakturazioaren % 2 eskaintzen dio I+G alorrari.

Beniok  talentua  kudeatzeko  eta  enpresa  kultura  eraldatzeko  eredua  sendotu  du

Beniok talentua kudeatzeko eta enpresa kultura eraldatzeko eredua sendotu du

Enpresak aholkularitza eta sofwarea batzen dituen konponbide integral bat garatu du, garapen profesionala eta laneko ongizatea sustatzeko.

Procomsa,  liderra  eraikinentzako  itxitura-sistemetan

Procomsa, liderra eraikinentzako itxitura-sistemetan

Zamudioko enpresak 27 milioi euroko fakturazioa gainditzea espero du aurten

Entelgy-k  eraldaketa  digitala  bultzatzen  du  pertsonengan  oinarritutako  irtenbide  teknologikoekin

Entelgy-k eraldaketa digitala bultzatzen du pertsonengan oinarritutako irtenbide teknologikoekin

Konpainia enpresen eta erakunde publikoen bazkide estrategiko gisa finkatu da, digitalizaziorako eta adimen artifiziala hartzeko bidean aurrera egiteko.

Tentsio  baxuko  kable  elektronikoen  soluzio  pertsonalizatuak  eskaintzen  ditu  CENSAk

Tentsio baxuko kable elektronikoen soluzio pertsonalizatuak eskaintzen ditu CENSAk

Hernaniko SPRI Taldearen Kloud programako laguntza jaso du eta I+Gko bere laborategi propioa du.

Kernet,  bezeroaren  neurrira  egindako  irtenbide  teknologikoen  ingeniaritza

Kernet, bezeroaren neurrira egindako irtenbide teknologikoen ingeniaritza

Erandioko enpresak SPRI Taldearen Kloud programako laguntza jaso du, eta 40 zerbitzari kudeatzen ditu Frantziako eta Irlandako bi datu-zentrotan

Vicomtech:  “AA  etikoak  aurrerapen  teknologikoa  gidatu  behar  du,  pertsonen  ongizatea  ziurtatuz  berrikuntza  geldiarazi  gabe”

Vicomtech: “AA etikoak aurrerapen teknologikoa gidatu behar du, pertsonen ongizatea ziurtatuz berrikuntza geldiarazi gabe”

Vicomtech-eko Edurne Loyarte doktoreak AA-k dituen erronkak analizatu ditu, zentzu guztietan, erantzukizun sozialaren eta etikaren ikuspegitik.

Mekalerunen  digitalizazioak  aukera  ematen  du  produktibitate  handiagoarekin  fakturazio  errekorra  lortzeko

Mekalerunen digitalizazioak aukera ematen du produktibitate handiagoarekin fakturazio errekorra lortzeko

Elgoibarko enpresak tamaina handiko piezak mekanizatzen ditu eta SPRI Taldearen Industria Digitala programako laguntza jaso du

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.