Ana Malagon eta Goio Telletxea, La Personnalité enpresaren sortzaileak.
Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 17 ekaina, 2019

La Personnalité: “Langileek hobeto lan egiten dute ongi pentsatutako interfaze edo software batekin”

Konpainia donostiar horrek Erabiltzailearen Esperientziarekin eta zerbitzuen diseinuarekin lotutako konponbideak garatzen ditu industria sektorerako
-

 

Konpainia donostiar horrek Erabiltzailearen Esperientziarekin eta zerbitzuen diseinuarekin lotutako konponbideak garatzen ditu industria sektorerako

 

Enpresak gero eta gehiago jabetzen dira software edo interfaze grafiko erakargarri eta funtzionalak izatearen garrantziaz. Erabiltzailearen Esperientzia edo UX erabakigarria da gizaki eta makinen arteko elkarreraginean, eta baita ere edozein datu-analisiren emaitzei balioa emateko orduan. La Personnalité konpainia donostiarra arlo horretantxe espezializatu da 2008az geroztik. Enpresaren sortzaileetako batekin mintzatu gara, Goio Telletxearekin.

 

Zer egiten duzue La Personnalité enpresan?

Erabiltzaile esperientziarekin eta zerbitzuen diseinuarekin (digitalak eta ez digitalak) lotutako konponbideak garatzen ditugu industria sektorerako. Kontuan hartzen dugu zein premia izan ditzaketen gizakiek software baten aurrean, zeintzuk diren beren lan-baldintzak, nola harremantzen diren beste gizaki batzuekin, zeintzuk diren beren informazio premiak, zein kanaletatik jasotzen duten informazio hori, eta orobat ikertzen dugu zein den beren asebetetze-maila interfaze zehatz bat erabiltzen dutenean. Aztertzen ditugu pertsona horren prozesu eta operazio guztiak, bai eta erabiltzen dituen kanalak edo tresnak, bere asebetetze-maila ahalik eta handiena izan dadin.  Zerbitzuen diseinuari dagokionez, prozesuak, operazioak, kanalak edo antolakuntza egituratzen ditugu, erabiltzaileen asebetetze-maila optimizatzeko.

 

Pentsatzen dut prozesu konplexua izango dela eta faktore asko hartu beharko direla kontuan, ezta?

iPhone telefonoek ekarri zuten iraultza bezalakoa da. Telefonoko aplikazioen erabilpena erosoagoa zen, usagarriagoa. Esperientzia hori lortzeko gizakiaren ekintzei buruzko ikerketa sakon bat egin behar da. Lan handia dago atzean. Kontua da batzuetan lan hori ez dela ikusten. Interfaze bat ikusten duenean, erabiltzaileak pentsa dezake: “ze polita!”, baina hori ez da magia hutsa. Ikerketa sakon bat dago atzean, luzaroan aztertu behar da erabiltzailea jakiteko zeintzuk diren bere arazoak, premiak eta ohiturak, nola erlazionatzen den beste erabiltzaile batzuekin … Horixe egiten dugu guk eta ahalegintzen gara bezeroari ikusarazten zein baliotsua den lan hori.

 

Azalduko diguzu industria sektorean inplementatu duzuen garapenen bat?

Uste dugu interfazeak diseinatzeko ezinbestekoa dela jakitea nola lan egiten den ingurune zehatz batean. Adibidez, proiektu bat garatu genuen logistika sektoreko ULMA Handling Systems enpresarentzat. Horretarako aztertu genuen zein eszenatoki edo ingurunetan lan egiten duen, nolakoak diren bere biltegiak, nolako erabiltzaile edo langileak mugitzen diren eremu horietan, zein tresna erabiltzen dituzten, nolakoak diren lan-fluxuak, zenbat ordu igarotzen dituen langile batek makina batean edo pantaila baten aurrean eskaerak nora doazen begira… Adituei entzun behar zaie eta ingurunea aztertu. Adibidez, gauzak arbel batean apuntatzen badituzte, agian planteatu liteke tresna hori digitalizatzea. Alderdi asko aztertu behar dira ikusteko premia horietatik zeintzuk dauden ase gabe. Ez baduzu ikertzen, ez bazara erabiltzailearekin egoten, ez badiozu entzuten eta ez baduzu lanean ikusten, gerta liteke diseinuak ezertarako balio ez izatea. Urte askotan interfazeak inposatu egin zaizkie erabiltzaileei. Esaten zen interfazea deserosoa iruditu arren, erabiltzailea ohitu egingo zela azkenean. Guk erabiltzailea jartzen dugu diseinuaren erdigunean, langileek hobeto lan egiten dutelako ongi pentsatutako interfaze edo software batekin.

 

Eta enpresei interesatzen zaie Erabiltzailearen Esperientzia aplikatzea beren proiektuetan?

Oraindik ez. Oihartzun gutxi izan dugu eta gutxi gara horrelako zerbitzuak eskaintzen ditugun enpresak. Ez dira asko industriara bideratuta daudenak. Orokorrean zerbitzu publikoetarako, diseinu sozialerako edo antolakuntzaren diseinurako konponbideak garatzen dira, baina ez Erabiltzailearen Esperientziarekin eta industriara eta softwarera zuzendutako zerbitzuekin lotutakoak. 4.0 Industriaz mintzatzean askotan aipatzen dira fabrikazio gehigarria, Big Data, IoT edo sentsorizazioa, baina ez Erabiltzailearen Esperientzia. Filosofia zaharrari eusten zaio: “konponduko da langilea”.

 

Bestalde, enpresetako arduradunek ez dute ondo ulertzen zer den diseinua, gehiago identifikatzen dute logotipoekin eta koloreekin. Usagarritasuna Erabiltzailearen Esperientziaren zati bat baino ez da. Helburua da erabiltzaileari erantzutea eta produktuak edo esperientziak lagundu diezaiola enpresari irabaziak lortzen.

 

Baina mundu osoko aditu eta aholkularitzek onartzen dute joera bihurtu dela industriako softwarean eta erabiltzaile interfazeetan aplikatutako erabiltzailearen esperientzia.

Gauzak aldatzen ari dira; hasi gara ohartzen softwarea oso garrantzitsua dela, bera delako makina eta prozesuak gainbegiratzen dituen arima. Industria sektoreko enpresariak munduko azoka ospetsuenetara joaten direnean, ikusten dute lehiakideen interfazeak askoz erakargarriagoak direla eta gehiago saltzen dutela. Horrelakoetan, batek baino gehiagok esan dit lotsagarria iruditzen zaiola bere interfaze edo softwarea. Bazterrean utzi dute kontu hori eta orain hobetu egin nahi dute, baina ez dakite zertan hobetu eta nola. Kontua ez da zerbait polita egitea, baizik eta gizakia, inguruneak eta prozesuak ezagutzea produktu on bat egiteko.

 

Gizaki-makina elkarreraginaren etorkizuneko joerek diote pantailaz harago doazen tresna berriak etorriko direla, adibidez, errealitate birtual eta areagotua eta ahots-sistemak. Hori ere erronka bat da zuen lanerako?

Errealitate areagotua eta birtuala lehenengoetakoak izan dira ulertzen Erabiltzailearen Esperientzia aplikatu beharra dagoela elkarreragiteko modua hobetzeko. Baina orobat aipa genitzake cobot-ak (robot kolaboratiboak), robot batekin batera lan egiteko ikasi egin behar delako, eta esperientzia desberdin bat sortzen delako, non erabiltzaileak ohitu egin behar baitu jokatzeko ohitura eta modu berrietara. Elkarreragina ere aldatu egingo da makinekin komunikatzeko ahots-tresnak erabiltzen hasten garenean. Ahotsa, pantaila tradizionala, errealitate birtual eta areagotuko dispositiboak, cobot-ak… denak dira antolatu beharreko kanalak, esperientzia ona izango bada.  Eta hori ez dugu lortuko teknologiarekin bakarrik.

Lotutako albisteak

Nuuk  Mobility-k  Espainiako  bi  gurpileko  flotarik  handienak  kudeatzen  ditu

Nuuk Mobility-k Espainiako bi gurpileko flotarik handienak kudeatzen ditu

Bizkaiko enpresak 14.000 ibilgailu baino gehiago administratzen ditu Espainian eta Portugalen. Bere bezeroen artean Correos, Burger King edo Popeyes daude.

Erakarrek  LED  panel  jasangarri  eta  adimendunak  fabrikatzen  ditu

Erakarrek LED panel jasangarri eta adimendunak fabrikatzen ditu

Gipuzkoako enpresak tinta elektronikoaren teknologia sartu berri du bere eskaintzan, energia kontsumo baxuarekin eta ikuspen handiarekin.

RKL  Integral-ek  larrialdietarako  planak  prozesu  digital  adimendunetan  bihurtzen  ditu

RKL Integral-ek larrialdietarako planak prozesu digital adimendunetan bihurtzen ditu

Enpresa bizkaitarrak VES izeneko software bat garatu du, segurtasun integraleko planak digitalizatzen eta automatizatzen dituena.

Altersys,  bidesarietako  matrikula  bidezko  kobrantza  adimendunean  espezializatutako  enpresa

Altersys, bidesarietako matrikula bidezko kobrantza adimendunean espezializatutako enpresa

Enpresa bizkaitarrak ia hamar urte eman ditu softwarea garatzen, eta bere lehen hardwarea patentatzeko prozesuan dago, trafikoa aztertzeko kamera propioa.

Labelan,  labeak  eta  galdarak  konpontzen  espezializatutako  Zegamako  ETEa

Labelan, labeak eta galdarak konpontzen espezializatutako Zegamako ETEa

Enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun-programaren laguntza jaso du eta digitalizazioaren aldeko apustua egiten du, 3D piezak diseinatzearen bidez.

Ariadna  Grid,  eraldaketako  40.000  zentro  elektriko  baino  gehiago  kudeatzen  dituen  ETEa

Ariadna Grid, eraldaketako 40.000 zentro elektriko baino gehiago kudeatzen dituen ETEa

Zornotzako enpresak tentsio baxuko sare elektrikoa monitorizatzen duen plataforma bat eskaintzen du, sarean arazoak edo galerak ekidite aldera

Laura  Francos  (SMARTPM):  “Prozesuak  digitalizatu  eta  automatizatzea  edozein  enpresaren  esku  dago”

Laura Francos (SMARTPM): “Prozesuak digitalizatu eta automatizatzea edozein enpresaren esku dago”

SMARTPM enpresak MIC plataforma garatu du ETE industrialen digitalizazio progresiboa errazteko, hainbat teknologia garapen-mailatara egokituz.

Zucchetti  Spainek  enpresen  kudeaketa-prozesuen  digitalitzazioan  laguntzen  du

Zucchetti Spainek enpresen kudeaketa-prozesuen digitalitzazioan laguntzen du

Enpresa bizkaitarrak enpresa-kudeaketarako software soluzioak garatzen ditu. 4.000 bezero baino gehiago ditu industriaren, zerbitzuen eta aholkularitzen sektoreetan, eta horietatik 1.200 Euskadin daude. Gaur egun, Latinoamerikan barneratzea aztertzen ari da.

Lantekek,  software  industrialean  munduko  liderrak,  36.000  bezero  baino  gehiago  ditu  dagoeneko

Lantekek, software industrialean munduko liderrak, 36.000 bezero baino gehiago ditu dagoeneko

Arabako Parkean kokatuta dagoen enpresak 400 langile baino gehiago ditu, eta SPRI Taldearen zibersegurtasuneko programako laguntza bat jaso du

Lowerton,  adimen  artifizialarekin  enpresak  berritzea  eskaintzen  duen  startupa

Lowerton, adimen artifizialarekin enpresak berritzea eskaintzen duen startupa

Bere teknologiak aukera ematen du lau hilabeteko lana eskatzen duten hobekuntzak bi egunetan bakarrik ezartzeko

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.