Elkarrizketak 30 uztaila, 2020

“Orbea kooperatibak irismen handiko argiak izan behar ditu, eta baditu”

Mondragon Taldeko bizikletagilea Covid-19aren inpaktuari aurre egiten ari da sendotasunez, lankidetza baliatuz eta enpresa ulertzean beti epe luzera pentsatuz
-

Orbea hitzarekin Euskadin pisu industrial handienetakoa duen marka bat izendatzen ari gara; eta Eibar eta Mallabia izenak aipatzea denboran barrenako bidaia bat da, ezinbestekoa  ulertzeko nolako ibilbidea egin duen Mondragon korporazioko bizikletagile berezi honek eta nola bihurtu den erreferentziazko enpresa bat Europan eta Estatu Batuetan, bere produktuen kalitateagatik eta berezitasunagatik. Produktu horiek Euskadin eta Portugalen muntatzen ditu eta zortzi herrialdetan dituen filialen bitartez banatzen ditu.

Berrikuntzaren eta garaietara egokitzeko gaitasun izugarri baten paradigma den aldetik (gogoratu kooperatibak 180 urte beteko dituela aurki), Orbeak buru-belarri lanean jarraitzen du krisiaren eta ziurgabetasunaren erdian ere. Gaur egun 300 lagun ditu plantillan, eta ez du abiatu ez espedienterik ez neurri traumatikorik; bestalde, finantza aldetik jakin du krisiaren zartakoari eusten, beti izan duelako aurrezkiaren kultura, Jon Fernández zuzendari orokorrak atseginez azpimarratzen duen bezala.

Duela gutxi eman zenituzten datozen urteetarako fakturazio, salmenta eta hazkunde datuak, eta oso aurreikuspen baikorrak ziren, baina dena jarri da hankaz gora… Eta orain zer?

Orain lasai egoteko ordua dugu, ezin dugu erreakzioz jokatu; ezer egin aurretik ongi eta sakon (baina ez luze) aztertu behar dugu nola eragingo dion egokiera honek egoera ekonomiko orokorrari eta, bereziki, gure industriari, eta zehaztu behar ditugu etorkizuneko eszenatoki horretan izan nahi dugun posizioa eta gure ekintza-planak. Baina, batez ere, une honetan gure proiektuan eta epe ertain-luzeko ikuspegian zentratu beharra daukagu. Hori ez du aldatuko Covid-19ak, beharbada atzeratu egingo digu helburuen lorpena baina ez du aldatuko gure fokua.

Aztertu duzue zein litzatekeen Orbearentzako eszenatoki okerrena datozen hilabeteetan? Eta, hala bada, zer egingo duzue?

Esango nuke aztertu dugula, bestela beranduegi litzateke ezer egiteko. Beti izaten da lehen fase bat inpaktuari eusteko, nolabait esateko. Kontuan izan dezagun gure merkatu natural guztiak (Europa eta AEBak) kolpez itxi zaizkigula eta, ondorioz, ia ez dugula izan aukerarik bizikleta bakar bat bidaltzeko, ez eta fakturatzeko.  Epe laburreko euste-planak egin ditugu, prozesuak ezarriz gure langileen osasuna bermatzeko eta gure salmenta-planak berriz dimentsionatzeko (%-25), eta finantzaketa gehiago bilatzeko pausoak eman ditugu merkatuen itxierak ekarri duen fakturazio beherakada arintzeko. Aldi berean gure banatzaileei lagunduz eta telelan politikak finkatuz.

Epe luzeko ikuspegi hori konpainiaren DNAn dago, beti ahalegindu baita aurrezkiaren eta inbertsioaren aldeko kultura mantentzen; hortaz, esan liteke horiek direla zuen egungo egoera sostengarriaren giltzarriak?

Gaur egin eta lortuko dugun guztia azken bost urteotan erabaki eta egin dugunaren ondorio da. Airoso aterako gara egoera honetatik, ez daukat dudarik, baina ziur nago azken urteetako erabakiei esker lortuko dugula onik ateratzea. Orbea kooperatiba bat denez, irismen handiko argiak izan behar ditu, eta baditu. Hau da, gure erabakiekin lortu nahi duguna da gure proiektuak iraun dezala urteetan, ongi jakinik beti ere gure kooperatiba ondare bat dela eta belaunaldi berriei utzi behar diegula guk jasotzean zituen baino baldintza hobeetan. Horregatik, ez diogu begiratzen bakarrik urtez urteko emaitzen kontuari, orobat saiatzen gara gure adierazle ekonomiko eta finantzarioak izan daitezela bikainak, eta horretarako batzuetan emaitzak sakrifikatu behar izaten dira.  Hots, epe luzeko proiektu baterako lan egiten dugu, eta ez hurrengo urteko EBITDAri begira. Horri esker gauza izan gara oso enpresa sendo eta saneatu bat eraikitzeko, estres proba latzenetatik ere aise ateratzeko gai dena.

Egunotan hitzetik hortzera darabiltzagu elkartasuna, lan kolaboratiboa, norberak duen onena ematea… Uste duzu kooperatiba izatea beste enpresa eredu bat izatea baino lagungarriago izango dela ziurgabetasun garai hau bukatzen denean?

Ez nuke adeigabea izan nahi, baina iruditzen zait krisi garaietan baino ez dela hitz egiten kooperatibismoaz. Kooperatibismoa kudeaketa-eredu bat da, kapitalismoak ez bezala, lanaren indarra lehenesten duena kapitalaren gainetik eta sortzen duen aberastasunaren banaketa justuago batean sinesten duena. Kooperatibetan pertsonek hartzen dituzte erabakiak laneko bazkide diren neurrian, eta ez enpresaren kapitalean duten parte-hartzearen arabera.  Kooperatibismoaren ereduak galerak sozializatzen ditu (halakorik balego), baina hori baino garrantzitsuago dena, aberastasuna sortu nahi du ingurunean sozializatzeko helburuarekin. Horregatik, aipatu behar litzateke zer ondorio dituen ingurune kooperatiboentzat enpresa kooperatibo batek emaitzen kontu bikaina izateak edo enpresa kapitalista batek emaitzen kontu bera izateak.

Orduan, uste duzu kooperatiba izateak plus bat ematen dizuela…

Jakina baietz. Kooperatiba izatea lagungarri da. Ikasi dugu horrelako mendateak hobeto igotzen direla taldean, tokatzen denean erreleboak emanaz eta demarrajeak saihestuz, inor atzean utzi gabe.  Horixe da lortu behar duguna.

Berriz ere epe labur-ertaineko eszenatoki batera itzuliz, badirudi ibilgailu pribatuaren sektoreak gora egingo duela, beharbada jende pilaketak eta kutsatzeak saihesteko… Uste duzu antzeko zerbait gerta litekeela bizikletekin?

Baietz esango nuke. Badirudi gure industriaren etorkizuneko eszenatokiak baikorrak direla. Gainera, denok dakigu txirrindularitza oso ongi doala kirol arloan, eta badirudi bizikletak lortuko duela dagokion tokia hiriko mugikortasunaren esparruan ere. Gutxienez hori ondoriozta liteke azken egunotan entzun ditugun adierazpenetatik. Baina ikusi beharko da mezu horiekin batera baliabideak iristen diren, hiriko bideak egokitu eta joan-etorri seguruak egin ahal izateko.

Zure ustez zer ikasi behar genuke krisi honetatik? 

Krisi honek aurpegi asko ditu, eta irakaspen batzuk ere atera ditugu. Gure kasuan, hainbat lezio jaso ditugu. Antolakundeek beti egon behar dute “etxekoengandik” hurbil eta, kasu honetan, “etxekoak” dira langileak, bezeroak, erabiltzaileak, hornitzaileak… Denen testuinguruak ulertu behar ditugu, eta baita beldurrak ere. Antolakunde batek ez badu egitura malgurik eta ez badu erabakiak azkar hartzeko prozesurik, asko sufrituko du etorkizunean. Baliteke gaur baliozkoa den erabaki batek bihar ezertarako balio ez izatea. Zentzu horretan, telelanak ez du zertan esan nahi koordinazioa eta eraginkortasuna galduko direnik. Gure kasuan, behinik behin, esan dezaket oso ongi koordinatu garela urrunetik.

 

Lotutako albisteak

Industrias  Mail  defentsaren  eta  aeronautikaren  sektorean  murgildu  da,  hainbat  kalibreetarako  brotxekin
21/07/2026 Berrikuntza

Industrias Mail defentsaren eta aeronautikaren sektorean murgildu da, hainbat kalibreetarako brotxekin

Gipuzkoako enpresak automoziorako, sarrailagintzarako eta balbulagintzarako tresna bereziak ekoizten ditu. Fakturazioaren %35 Italia, Frantzia, Txekia, Alemania, Mexiko edo Estatu Batuetara esportatzetik dator.

Eguztek,  etxerako  eguzki-babeseko  sistemen  muntaketaren  eta  instalazioaren  arrakasta
20/07/2026 Berrikuntza

Eguztek, etxerako eguzki-babeseko sistemen muntaketaren eta instalazioaren arrakasta

Gernikan kokatutako enpresak, hiru hilabete eskasetan, 50 bezero profesional inguruko zorroa lortu du.

Ingeteam  Deduce  Data  Solutions-en  oinarritzen  da  inbertsore  fotovoltaikoen  akatsak  aztertzen  dituen  proiektu  baterako
17/07/2026 Berrikuntza

Ingeteam Deduce Data Solutions-en oinarritzen da inbertsore fotovoltaikoen akatsak aztertzen dituen proiektu baterako

Adimen artifizialaren erabilera aurreratuan oinarritutako ekimen honek SPRI Taldeak sustatutako BIND SME programaren babesa jaso du.

Octantisek  enpresen  etorkizuneko  negozioak  garatzen  laguntzen  du,  barne-ekintzailetzaren  bitartez
08/07/2026 Berrikuntza

Octantisek enpresen etorkizuneko negozioak garatzen laguntzen du, barne-ekintzailetzaren bitartez

Tecnalia Groupen spin-off bat da konpainia, eta hazteko aukera berriak identifikatzen eta garatzen laguntzen du, berrikuntzaren, teknologiaren eta adimen artifizialaren bidez.

TTT  Groupek  osagaien  propietate  mekanikoak  hobetzen  dituen  teknologia  berritzailea  txertatu  du
01/07/2026 Berrikuntza

TTT Groupek osagaien propietate mekanikoak hobetzen dituen teknologia berritzailea txertatu du

Altzairuzko piezen tratamendu termikoan eta estalduretan diharduen Bergarako enpresak bere inbertsiorik handiena egin du

Koindek  ingeniaritza  aplikatu  du  desegite  industrialerako,  arriskuak  murrizteko  eta  baliabideen  kudeaketa  hobetzeko
01/07/2026 Berrikuntza

Koindek ingeniaritza aplikatu du desegite industrialerako, arriskuak murrizteko eta baliabideen kudeaketa hobetzeko

Gipuzkoako enpresak 100 proiektu baino gehiago ditu industria-instalazioetan, eta gero eta zorrotzagoa den sektorean plangintza teknikoa indartzen du.

Industria-eraikinetan  metalezko  egiturak  dituzten  nabeen  fabrikazioa  bultzatzen  du  AYGk
30/06/2026 Berrikuntza

Industria-eraikinetan metalezko egiturak dituzten nabeen fabrikazioa bultzatzen du AYGk

Gipuzkoako enpresa duela hamar urte sortu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan eraikitzeko soluzio integralak eskaintzen ditu.

Amaia  Rebollo  (Graphenea):  “UltraSansek  garaiz  diagnostikatzen  laguntzen  du  eta  obesitatea  eta  sindrome  metabolikoa  kudeatzen  du”
29/06/2026 Berrikuntza

Amaia Rebollo (Graphenea): “UltraSansek garaiz diagnostikatzen laguntzen du eta obesitatea eta sindrome metabolikoa kudeatzen du”

Gipuzkoako enpresak Europako proiektu honetan parte hartzen du, non grafenozko sentsore berritzaile bat garatzen duen izerdi-biomarkatzaileak aztertzeko.

Urs  Spain,  azkartasunari  eta  teknologiari  esker  kudeaketa-sistemen  ziurtagiri-emaile  handiekin  lehiatzen  ari  den  enpresa
24/06/2026 Berrikuntza

Urs Spain, azkartasunari eta teknologiari esker kudeaketa-sistemen ziurtagiri-emaile handiekin lehiatzen ari den enpresa

Derioko enpresa URS multinazionalaren Espainiako delegazioa da eta prestakuntza-linea berritzaile bat ezarri du

Goizper  Group:  berrikuntza  industriala,  errotze  kooperatiboa  eta  presentzia  120  herrialde  baino  gehiagotan
22/06/2026 Berrikuntza

Goizper Group: berrikuntza industriala, errotze kooperatiboa eta presentzia 120 herrialde baino gehiagotan

Gipuzkoako kooperatibak nitxo-espezializazioa, dibertsifikazio teknologikoa eta nazioartekotzea uztartzen ditu, Euskaditik industria-jarduera sortzen jarraitzeko asmoz.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.