Michel Armand, Investigador de CIC EnergiGUNE
Michel Armandi, CIC EnergiGUNEko ikertzailea
Berrikuntza I+G+B
Elkarrizketak 17 abendua, 2020

“COVID-19aren krisiak erakutsi du Europak independentzia teknologikoari eutsi behar diola”

Elkarrizketa Michel Armandi, CIC EnergiGUNEko ikertzailea eta munduko zientzialari aipatuenetarikoa
-

Nazioarteko aldizkarietako 416 argitalpenen egilea edo egile-kidea da, 295 hitzaldi eman ditu, entregatu edo entregatzeko dauden 200 patente ditu, eta Stanfordeko Unibertsitateak dihoenezenergiaren arloan Estatuko ikertzaile garrantzitsuena da. Michel Armand 2011. urtetik energiare, baterien eta superkondentsadoreen arloa ikertzen ari da CIC EnergiGUNE ikerketa zentroan. Ikertzaile frantziarra bigarren urtez jarraian sartu da Clarivate Analyticsek egindako “Highly Cited Researchers” (Ikertzailerik aipatuenak) zerrenda ospetsuan. Ikerketaren eta etorkizuneko ibilgailu elektrikoaren garrantziari buruz hitz egin dugu berarekin.

Litiozko bateria kargagarrien ikerketa 80ko hamarkadan hasi zenuen. Nola aldatu da energiaren sektorea urte hauetan?

Lehenago ere hasi nintzen, 26 urte nituela, 1972an, doktoregoaren hasieran. Une horretan, ia inork ez zuen uste ibilgailu elektrikoak errealitate izan zitezkeenik. Autoen kutsadurari buruzko kezka zegoen, baina klima-aldaketaren garrantzia ez zen ezagutzen, ezta eztabaidatzen ere. 80ko hamarkadan, egoera sendoko bateriak lantzen hasi ginen, eta hori da gaur egun ikerketaren norabide nagusia, gure lehen ikerketetan bilatutako hobekuntzekin. Egia esan, badira garraio astuneko ibilgailuak, autobusak adibidez, egoera solidoko baterien lehen belaunaldia erabiltzen dutenak, eta garapen horietan CIC EnergiGUNEtik esku hartu dugu.

Bestalde, baterien merkatua urtez urte handitzen ari da modu esponentzialean, bateriak funtsezkoak dira sareko aplikazioetarako, energia berriztagarrien hazkunderako eta ibilgailu elektrikoaren hedapenerako. Eta CIC EnergiGUNE bezalako zentroetan ardatza baterien teknologia berriak Europan ere fabrikatzea da, baita bateria horiek ingurumena gero eta gehiago errespetatzera bideratzea ere.

Sektorearen egungo testuinguru horretan, zein da Euskadiren eta CIC EnergiGUNEren antzera energiaren munduan lan egiten duten euskal eragileen papera?

Euskal Autonomia Erkidegoak baterien balio-kate nahiko garrantzitsua du, bere tamainako beste eskualde batzuekin alderatuta. Aplikazio egonkorretarako eta mugikortasunerako integratzaileak, moduluen eta battery packen fabrikatzaileak eta gelaxken fabrikatzaileak aurki ditzakegu. Automobilgintza arinaren eta astunaren alorreko enpresa handiak eta konpainia elektrikoak ere bai.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak ikerketarako politika oso positiboa izan du beti (teknologia-zentroekin eta CICekin eta duela gutxi BRTAren sorkuntzarekin), eta, bereziki, energia biltegiratzearen arloan, CIC energiGUNErekin. Azken hori da, gaur egun, energiako I+G arloan Europan gehien errespetatzen den erakundeetako bat; beste baliokide bakarrak Alemanian daude, eta horrek sortzen duen errespetua Txina eta Japoniara ere hedatzen da. Horregatik uste dut CIC EnergiGUNE bitartekari egokia dela Euskadiko ikertzaile akademikoekin eta industrialekin hitz egiteko. Proiektu europarren eta kontratu industrialen lorpenean izandako arrakasta pasaporte ona da Europar Batasunean lankidetza gehiago izateko eta inbertsioak erakartzeko. Uste dut CIC EnergiGUNEren zeregina funtsezkoa izan dela Euskadi Europako energia-biltegiratzearen poloetako bat izateko.

Zure ustez, pandemiak agerian utzi du ikerketan inbertitzearen garrantzia?

Pandemiak argi erakutsi du birus berri bat bezalako erronkei berehala aurre egiteko gai izan beharko genukeela. Baina ez dugu ahaztu behar aldaketa klimatikoarekin larrialdi planetario bat dugula, ehunka milioi bizitza jokoan ditugula, eta bateriak, ibilgailu elektrikoentzat, eta energia berriztagarrien biltegiratzea (eolikoa, fotovoltaikoa…) direla gakoa.

Beraz, bai, COVID-19aren krisiak erakutsi du Europak bere independentzia teknologikoari eutsi behar diola kontinentearentzat funtsezkoak diren elementuetan, eta ikasitakoaz ondo jabetu behar duela. Eta ikasitako irakaspen horietako bat da ahalegin berezia egin behar dela trantsizio klimatikoari lotutako energia bezalako esparruetan ikerketan, energia biltegiratzea trantsizio horretarako palanka izango baita argi eta garbi.

CIC EnergiGUNEn etorkizuneko ibilgailu elektrikoaren bateria lortzera bideratutako lantalde baten buru zara. Baterien erronkak asko dira: energia-dentsitatea, segurtasuna eta egonkortasuna, eta baita faktore jasangarria ere. Zer pauso ematen ari da zure taldea zentzu horretan?

CIC EnergiGUNEn baterien hobekuntzen alderdi guztiak lantzen ari gara, zuk diozun bezala, energia-dentsitatea, segurtasuna, egonkortasuna, lehengaien erabilgarritasuna eta birziklapena.

Nikelik eta kobaltorik gabeko teknologiak garatzen ari gara. Teknologia horiek etorkizunean urritasunera joko duten lehengaiak dira, eta, kasu batzuetan, giza eskubideak errespetatzen ez dituzten erauzketa-metodoak dituzte. Era berean, lan egiten dugu Europak baterien materialetan eta osagaietan bere hornidura-iturria izan dezan, baterien egungo teknologien birziklatze-tasak handitze aldera. Halaber, bigarren bizitzako baterien arloan lanean hasten diren enpresei laguntzen diegu.

Eta, batez ere, baterien balio-kate osoan parte hartzen duten enpresei laguntzen diegu. Enpresa horiek materialak eta osagaiak garatzeko interesa dute, eta bateria-teknologia jakin bat industrializatu nahi dute. CIC EnergiGUNEk aditu handiak ditu alor horietan, bai materialen garapenean, bai karakterizazioan eta prototipogintzan. CIC EnergiGUNE da karakterizazio-plataformak dituen Europako zentro bakarretako bat, teknika horiek enpresan bertan gauzatzea ahalbidetzen duena, eta oso estimatua da gure kolaboratzaileen aldetik. Era berean, zentroko prototipo-lerro antzekorik ez dago, aretoan hezetasun gradu txikia baitu, eta, horren ondorioz, Europako hainbat enpresak beren instalazioetan garatu ezin dituzten kontzeptuak prototipatzera ekartzen dituzte CIC EnergiGUNEra.

Zer dira elektrolito polimeriko solidoa duten bateriak?

Gaur egun funtzionatzen duten bateria ia guztiek elektrolito likido bat erabiltzen dute. Berun-azidozko bateria batean, ohiko auto batean bezala, hori azido sulfuriko korrosiboa da. Litiozko baterietan disolbatzaile organikoa da, sukoia, eta pizten denean gas toxikoak askatzen ditu. Segurtasuna kezka handia da bateria horientzat (adibidez, Boeing 787, Tesla autoak…). Gure hautua disolbatzaile organikoaren ordez polimero berezi bat jartzea da, litiozko gatz bat behar bezala gehituta eroale bihurtzen dena. “Elektrolito polimerikoak” deiturikoak abiadura handian prozesatu daitezke geruzetan, inolako osagai likidorik ez duten bateriak sortzeko. Segurtasuna nabarmen hobetzen da, baita energia-dentsitatea ere.

Ikerketa eta eguneroko bizitzan horren ezarpena ez dira beti erritmo berean egiten; zer behar da etorkizuneko ibilgailua errealitate bihurtzeko? Noiz ikusi ahal izango da kaleetan?

Zientzialariek beren aurkikuntzen garapena industrializaziora ahalik eta lasterren iristea nahi dute. Kontuan izan behar dugu mugikortasun elektrikorako baterien esparrua oso dinamikoa dela, eta edozein industriatako “Time to market” delakoak ere bai.

Lehen esan dudan bezala, Blue Solutions enpresak fabrikatutako autobusetan eta ibilgailu elektriko txikietan erabiltzen dira jada polimero-bateriak. Baina teknologia hori hobetzen eta hedatzen jarraitu behar dugu, 5 urte barru merkatuan modu masiboan sar litekeelako. Beharbada, Euskal Herriak laster ikus lezake bateria-fabrika baten inplementazioa.

 

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.

Lotutako albisteak

Mandiolak  bere  hazkunde  industriala  indartu  du  konpositerako  irtenbide  aurreratuekin  eta  Hazitek  programaren  laguntzarekin
16/04/2026 I+G+B

Mandiolak bere hazkunde industriala indartu du konpositerako irtenbide aurreratuekin eta Hazitek programaren laguntzarekin

Zumaiako enpresak bere posizionamendua indartu du 360º zerbitzu integralarekin eta berrikuntzaren aldeko apustua egin du merkatu berrietara zabaltzeko asmoarekin.

Onkoreplica:  “Terapia  eraginkorragoen  etorrera  bizkortzea  eta  paziente  onkologikoek  tratamenduetarako  duten  sarbidea  hobetzea  bilatzen  dugu”
16/04/2026 I+G+B

Onkoreplica: “Terapia eraginkorragoen etorrera bizkortzea eta paziente onkologikoek tratamenduetarako duten sarbidea hobetzea bilatzen dugu”

Enpresa-ekimen honek farmakoen saiakuntzarako soluzioen belaunaldi berri bat eskaintzen du, hiru dimentsioko tumore-errepliken tratamenduak ebaluatzeko aukera ematen dutenak, hala nola bularreko minbiziaren edo melanomaren ereduak.

Vrizzo,  tokiko  elikagaien  sektoreko  bazkide  estrategikoa
15/04/2026 Berrikuntza

Vrizzo, tokiko elikagaien sektoreko bazkide estrategikoa

Gasteizko enpresa soluzio integrala eta prestakuntza espezializatua eskaintzen die bere bezeroei haien lehiakortasuna hobetzeko.

Frioportek  biltegiratze  logistikorako  gaitasuna  bikoiztu  du  tenperatura  kontrolatuan
13/04/2026 Berrikuntza

Frioportek biltegiratze logistikorako gaitasuna bikoiztu du tenperatura kontrolatuan

Bizkaiko enpresak biltegiratze-esparru berri bat inauguratu du Bermeon, -20 ºC-an, 4.000 izozte-gune berrirekin, eta bere kate logistikoa digitalizatzea jarri du helburutzat.

Talleres  Mecánicos  Legutiano,  hodiak  konformatzeko  tresnerian  espezializatutako  familiako  ETEa
26/03/2026 Berrikuntza

Talleres Mecánicos Legutiano, hodiak konformatzeko tresnerian espezializatutako familiako ETEa

Arabako enpresak bi milioi euro inguru inbertitu ditu etengabeko berrikuntzaren aldeko apustuan

Lekoizpe,  soluzio  osoak  eskaintzen  dituen  galdaragintzan  eta  mekanizazioan  espezializatutako  enpresa
26/03/2026 Berrikuntza

Lekoizpe, soluzio osoak eskaintzen dituen galdaragintzan eta mekanizazioan espezializatutako enpresa

Markinako enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta aurten 4,1 milioi euro fakturatzea aurreikusten du

Dinam-ek  teknologia  berriak  erabiltzen  ditu  lurzoruan  eta  lur  azpiko  ur  kutsatuetan  aritzeko
20/03/2026 Berrikuntza

Dinam-ek teknologia berriak erabiltzen ditu lurzoruan eta lur azpiko ur kutsatuetan aritzeko

Enpresa bizkaitarrak 20 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta 3.000 proiektu baino gehiago gauzatu ditu. Ingurumen-zerbitzu ugari eskaintzen ditu.

DHL  Express  Forondaren  aldeko  apustua  amaitzen  ari  da  mantentze  aeronautikoko  hangar  berri  batekin
18/03/2026 Berrikuntza

DHL Express Forondaren aldeko apustua amaitzen ari da mantentze aeronautikoko hangar berri batekin

Multinazional logistikoak 40 milioi euro inguru inbertituko ditu azpiegitura berri batean, eta horri esker, Gasteizko huba Europako sareko nodo estrategikoetako bat izango da

Zubiolak  doitasun  handiko  ebaketa-erremintak  garatzen  ditu  industria-sektore  zorrotzetarako
13/03/2026 Berrikuntza

Zubiolak doitasun handiko ebaketa-erremintak garatzen ditu industria-sektore zorrotzetarako

Gipuzkoako kooperatibak diamante polikristalinoan (PCD) oinarritutako irtenbideak diseinatzen ditu, mekanizazio industrialeko prozesuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko.

Gutram  enpresak  industria-hondakinak  negozio-aukera  berri  bihurtzen  ditu
11/03/2026 I+G+B

Gutram enpresak industria-hondakinak negozio-aukera berri bihurtzen ditu

Balorizazio-prozesu berrietan murgilduta dago konpainia bizkaitarra, eta bere merkatuak zabaltzea eta ekonomia zirkularreko erreferente gisa finkatzea du helburu.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.