Berrikuntza I+G+B
Elkarrizketak 16 urria, 2018

“Euskal industriak oso ongi egiten ditu gauzak, baina dimentsioa falta dugu”

Antón Pradera CIE Automotiveko lehendakariak etengabeko berrikuntzaren alde egiten du: “gaurkorekin bakarrik geratzen denak ez du etorkizun oparorik izango”
-

Antón Pradera CIE Automotiveko lehendakariak etengabeko berrikuntzaren alde egiten du: “gaurkorekin bakarrik geratzen denak ez du etorkizun oparorik izango”

 

Ez da erraza laburtzea 31.000 pertsonari lana ematen dien eta mundu osoan lantokiak (ia 100) dituen automobilgintzako osagaien euskal taldearen hedadura. ‘Erraldoi’ industrial horren izena CIE Automotive da, eta ahal duen guztietan hazteko ohitura bikaina du. Horixe egin berri du, Inteva multinazional estatubatuarraren sabaien dibisioa erosi baitu. 650 milioi euro ordaindu ditu eragiketa horrengatik, eta, mundu osoan, sektoreko hirugarren hornitzaile nagusia bihurtu da. Egoera berri horrek balioko du, Antón Pradera korporazioaren lehendakariaren ustez, CIEren une honetako profil teknologikoa sendotzeko eta bizkorrago sartzeko Asiako eta Ipar Amerikako auto elektrikoen fabrikatzaileen merkatuan.

 

Duela gutxi CIEren albisteak irakurtzen ari nintzela ikusi dut Iberdrola eta Idom-ekin batera Euskadin korporazio-osperik onena duen enpresetako bat zaretela…

Bada, ez dakit. Nik uste dut zerbait ondo egin dugula, EESk (enpresaren erantzukizun soziala) bereziki arduratzen baikaitu. Azken urte hauetan denbora asko eman diogu gai horri, uste baitugu guztiok bizi garela gizarte batean eta elkarrekin jardun behar dugula. Esango nuke onespen hori alde horretatik datorrela. Gure konpainia ez zen ezaguna, baina gero eta rol garrantzitsuagoa hartu dugu gizartean, eta hori seguru asko une honetan dugun tamainaren ondorioa da.

 

Zuei esker, 30.000 pertsonak lana dute; ehun herrialdetan dituzue lantokiak… Automobilgintzaren sektoreak gorabeherak izaten ditu etengabe; garai bikainen artean kontrako garaiak ere izaten dira; eztabaida ugari sortzen da, hala nola dieselaren auzia edo auto elektrikoetarako aldaketa… Badirudi ezinezkoa dela gauza bakar bat egitera mugatzea…

Ez, ez. Hori argi dago. Gaur egun, eta gauzak nola doazen ikusita, gaurkoarekin bakarrik geratzen denak benetan ez du etorkizun oparorik. Egunero eduki behar dugu buruan zer berrikuntza datozen.

 

Tamaina…

Hori da! Hori dela eta, CIEk duen enpresa-proiektuak nahiko ondo baliatzen ditu aldaketak. Garai eta une askoren lekuko izan gara: burdinolak desagertu egin dira, eta teknologia berriak ditugu orain. Nire ustez, zenbait teknologia menderatzearen aldeko apustua egiten duzunean, horietako batek aurrera egingo du azkenean, eta horretan gabiltza gu. Malgutasuna, hazteko aukera eta, batez ere, hedadura ematen dizkigu lehenengoen artean egoteak beti automobilgintzarekin lotutako edozein industria-prozesuren aurrerapenean.

 

Euskadiko enpresak ez dira, hain zuzen ere, oso eredugarriak gai horretan, ezta?

Euskal industriaz hitz egiten dugun guztietan arazo bera izaten dugu beti, gure enpresen dimentsio falta. Gauzak oso ondo egiten ditugu, baina dimentsioa falta zaigu, hedadura. Gure kasuan, CIE hasieratik diseinatu zen dimentsio egokia izan zezan. Gaur egun 30.000 pertsona baino gehiago ari dira gurekin lanean, eta ehun bat enpresa ditugu, besteak beste. Baina nik uste dut hazten segituko dugula. Ziur nago.

 

Zergatik erabaki duzue oraingo honetan 650 milioi euro inbertitzea Inteva sabai-lantegia erosten?

Sabaien gaia ez da berria guretzat. Aspaldi sartu ginen merkatu-hobi berezi eta prozesu oso konplexuko horretan. Autoaren barruan bibrazioak abiadura handi samarrean jasan behar dituzten elementu mugikorrez ari gara. Beraz, alderdi teknikotik, une honetan mekanikaren alorrean dagoen prozesurik zailenetako bat da. Esan dizudan bezala, lehenago ere saiatu ginen alor horretan hazten, gehien gustatzen zaigunetako bat baita egiten eta eskatzen duen prozesu-motarengatik, eta, azkenean, marka amerikar bat eskuratzeko aukera izan dugu. Aukera bikain honen bidez, sabai berezietako munduko lehen hiru hornitzaile nagusietako bat gara.

 

Autorako sabaietan, zein da balio bereizgarria?

Gure ustez, datozen urteetan gehien haziko den arloetako bat da sabai bereziena; izan ere, mugikortasunaren mundu honekin batera erosotasunaren mundua dago. Guk uste dugu jendeak autoan geroz eta denbora gehiago pasatuko badu erosotasuna bilatuko duela, eta mundu honek, gainera, gauza on bat du: motorizazioan sartzen ari diren aldaketa guztiek ez diote eragingo. Beraz, gure estrategia prestatu dugu erosotasunari begira, eta merkatu-hobi horretan hazten ahaleginduko gara, automobilgintza bera baino gehiago hazten ari baita.

 

Halako eragiketa bat zenbat urteren buruan has daiteke errentagarri izaten?

Ezer baino lehen adierazi nahi dut ez dela egun batetik bestera hartu erabakia, baizik eta egoera ondo aztertu eta mamurtu ondoren. Hortik aurrera, eta eragiketaren etekinari dagokionez, eragiketa errentagarria izango da lehenengo urtetik hasita. Emaitza oso onak dituen enpresa bati buruz ari gara (Inteva), eta oso ondo kudeatua egon da orain arte. Baina are hobeto kudeatu dezakegula uste dugu, prozesuen munduan CIE AUtomotivek zeresan handia baitu.

 

Munduan etengabe gertatzen dira aldaketak, eta erabaki kontrajarriak hartzen dira: Donald Trump Estatu Batuetan, brexita Erresuma Batuan, Kataluniako prozesua, Espainian hauteskundeak aurreratzeko zurrumurruak… Zuena bezalako enpresetan, mundu osoan zabalduta daudenetan alegia, kontu horiek guztiek nolabait eragiten dute? Ala gai zarete alor politikoan gertatzen denetik urruntzeko?

Bizitza honetan, berrikuntzaren alde egin nahi badugu benetan, ez dugu beldurrik izan behar. Ezin dugu beldurrez bizi, guztia geldiarazten baitu… Beraz, oro har, enpresa gisa, saiatzen gara zarata eta gehiegikerietatik aldentzen. Normalean, finantzen mundua oso beldurtia da, eta nik uste dut industriaren munduak aukera duela ez izateko hain beldurtia, normalean, epe luzera, gauza bestelakoak izaten baitira.

 

Zeri buruz ari zara?

Gogoan dut CIEk garai hartarako egina zuen inbertsiorik garrantzitsuena egin genuenekoa, Brasilen, Lula Da Silva boterera iristear zela. Mundua desagertzera zihoala zirudien. Baina guk oso ondo pentsatua genuen dena; ondo aztertua eta diseinatua genuen, eta egin egin genuen. Eta gaur esan dezakegu eragiketa hori gure historiako garrantzitsuenetako bat izan zela. Beraz, mundu erreala, beti, serioagoa da; lehen orrietarako albiste baten edo titular baten bila saiatzen garenean baino askoz ere serioagoa.

 

Nola ikusten duzu Euskadi?

Oso ondo ikusten dut. Uste dut gauzak ondo egiten ari garela. Gure kontu publikoak ditugu, eta asko hobetzen ari dira. Lehen aldiz, ez dugu izango arazo handirik defizitarekin, eta aurrekontuak ez dira murriztuko. Arduratzen nauen gauza bakarra da orain lortu behar dugula hau guztiongana iristea; oparoaldi hau euskal gizarte osora iritsi dadila, hori lortu baitezakegu. Baina, aldi berean, ahalegin guzti-guztia egin behar dugu lehiakor izateko kanpoan. Alegia, lehiakorrak izan behar dugu, eta mundu osoan egon behar dugu. Nazioartekotzea funtsezkoa dela uste dut, eta, horretan sinesten dudanez, pentsatzen dut lehiakortasun-fokua galtzen ez badugu herrialde honek etorkizun bikaina izango duela.

Lotutako albisteak

Hepyc  Manufacturing,  hariztaketa-tresnetan  liderra
23/12/2025 I+G+B

Hepyc Manufacturing, hariztaketa-tresnetan liderra

Hernaniko enpresak SPRI Taldearen Konpetentzia Digital Profesionalen programaren dirulaguntza jaso du eta negozioaren % 4 I+Gra bideratu du

Deguisak  erreketako  eta  material  erregogorren  ingeniaritzan  duen  lidergoa  indartu  du  Amurriotik
23/12/2025 Berrikuntza

Deguisak erreketako eta material erregogorren ingeniaritzan duen lidergoa indartu du Amurriotik

1966an sortutako familia-enpresa honen zuzendari nagusia Begoña Barandica da, eta industria-ingurune konplexuan tokiko produkzioaren aldeko apustuari eusten dio

Axiak  hamarkada  bat  darama  enpresentzako  “elearning”  irtenbideak  eskaintzen
23/12/2025 Berrikuntza

Axiak hamarkada bat darama enpresentzako “elearning” irtenbideak eskaintzen

Bizkaiko enpresak lantaldeak eraldatzen laguntzen dio enpresa-sareari, prestakuntzaren eta aholkularitza espezializatuaren bidez.

HA  Ilarduya,  galdategietarako  lehengaien  hornitzaile  liderra
22/12/2025 Berrikuntza

HA Ilarduya, galdategietarako lehengaien hornitzaile liderra

Ehun urte baino gehiago bete ditu Zornotzako enpresa honek eta SPRI Taldearen Hazinnova programako laguntzak jaso ditu. HA Group multinazionalaren I+G arloko bederatzi zentroetako bat dago bertan.

Biwin2:  Mahastizaintzako  eta  ardogintzako  hondakinak  material  biodegradagarri  bihurtzea
22/12/2025 I+G+B

Biwin2: Mahastizaintzako eta ardogintzako hondakinak material biodegradagarri bihurtzea

Gaiker buru duen ekimenak Euskadin ekonomia zirkularra bultzatzea eta lehengai fosilekiko mendekotasuna murriztea du helburu.

Elursa,  doitasunezko  mekanizazioan  espezializatutako  ETEa
17/12/2025 Berrikuntza

Elursa, doitasunezko mekanizazioan espezializatutako ETEa

Bergarako enpresak negozioa dibertsifikatu nahi du automobilgintzaren sektorearekiko mendekotasun txikiagoa izan dezan

Electro  Alavesa:  “Errotzea  ez  da  diluituko;  betiko  gertutasun  berarekin  jarraituko  dugu  lanean”
15/12/2025 Berrikuntza

Electro Alavesa: “Errotzea ez da diluituko; betiko gertutasun berarekin jarraituko dugu lanean”

Leire Fernández de Alaiza da berriki Cottesekin integratu den Euskadiko Segurtasun sektoreko enpresa horren zuzendari nagusia.

Irisgarritasun  unibertsala:  Euskaditik  lehiakortasuna  bultzatzen  duen  konpromisoa
13/12/2025 Berrikuntza

Irisgarritasun unibertsala: Euskaditik lehiakortasuna bultzatzen duen konpromisoa

Irisgarritasuna ez da estandar bat gehiago. Espazioek eta zerbitzuek denontzat hobeto funtzionatzea da

Mecanizados  Tracer,  tornu  tradizionaletatik  balio  erantsi  handiko  fresaketa  espezializatura
11/12/2025 I+G+B

Mecanizados Tracer, tornu tradizionaletatik balio erantsi handiko fresaketa espezializatura

Azkoitiko enpresak SPRI Taldearen hainbat dirulaguntza jaso ditu eta bi milioi euro inbertitu ditu makina berrietan

Bilakatu  berrikuntza  irekiaren  aldeko  apustua  egiten  du  enpresa-kudeaketarako  eredu  gisa
11/12/2025 Berrikuntza

Bilakatu berrikuntza irekiaren aldeko apustua egiten du enpresa-kudeaketarako eredu gisa

Bizkaiko enpresa 2022an sortu zen, eta konpainiei kanpoko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko eta ezagutzak trukatzeko aukera ematen dieten ekosistemak diseinatzen, aktibatzen eta orkestratzen ditu.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.