Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 12 ekaina, 2024 Berrikuntza Nazioartekotzea

AMPOk 60 urte bete ditu bere sektorearen gailurrean, balio teknologiko handiko balbulen fabrikazioari esker

Gipuzkoako kooperatiba honek berrikuntzan egindako apustua, nazioartekotzea eta ‘know how’a nabarmendu ditu bilakaera onaren giltzarri gisa

Gipuzkoako Idiazabal herrian kokatuta dago AMPO, eta Euskadiko enpresa handietako bat da. Orain dela gutxi, Urteko enpresa izendapena jaso du Gipuzkoako Bazkundearen eskutik. Kooperatiba hau 60. urteurrena ospatzen ari da aurten, osasun betean. Izan ere, munduko erreferente izaten jarraitzen du balio teknologiko altuko balbulen diseinuan eta fabrikazioan. Harreman Instituzionalen arloko zuzendariak, Jon Gorrotxategik, berrikuntzan egindako apustua, nazioartekotzea eta ‘know how’a nabarmendu ditu bilakaera onaren giltzarri gisa. Sektore estrategikoetan hainbat aplikazio dituzten balbulak dira bere produkturik ezagunenak. Bost kontinenteetara esportatzen dituzte balbula horiek, eta jarduera horrek ia 200 milioi euroko salmentak sortzen dizkio AMPOri. Gaur egun, enpresak hainbat lekutan ditu ekoizpen-lantegiak, hala nola Idiazabalen bertan, Indian, Saudi Arabian eta Kazakhstanen, eta ia mila pertsonari ematen die lana.

AMPO bide onetik doala esango al zenuke?

Aurten 60 urte bete ditugu, eta aurrera jarraitzen dugu, berritzen, hazten eta etengabe errealitate berrietara egokitzen. Hortaz, bai, bide onetik goaz.

Zer funtzio betetzen dute fabrikatzen dituzuen balbulek eta zer sektoretara daude bideratuta?

Balbulak balio erantsi handiko ekipoak dira. Hermetikotasuna ziurtatzen dute hoditeria-lerroetan, eta fluidoak maneiatzeko balio dute. Gure zerbitzurik gogorrenetarako (muturreko tenperatura altuak edo baxuak, ingurune korrosiboak, presio altuak…) balbulak diseinatzen eta fabrikatzen ditugu, energia-sektorerako eta meatzaritzarako.

Zer neurri izan ditzakete?

Balbula bakar batek 40 tonako pisua izan dezake, eta 6-7 metroko altuera. Fabrikatzen ditugun ekipoak balbula bakarrak dira, egiaz; ad hoc garatzen ditugu beti. Gainera, erronkarik zailenei erantzuteko dugun gaitasunak bereizten gaitu.

 Kooperatibak azken urteetan izandako bilakaera positiboa azaltzen duten hiru faktore erabakigarri aipatu beharko bazenitu, zein izango lirateke?

Hainbat faktorek azal dezakete azken urteetan zehar izan dugun bilakaera positiboa, baina hiru bakarrik aukeratzekotan, honako hauek izango lirateke: kooperatibak beti izan duen nazioarteko bokazioa; berrikuntzaren eta dibertsifikazioaren alde beti egiten dugun apustua; eta gure lan egiteko modua, pertsonengan eta konpromisoan oinarritua duela ia 20 urtetik.

AMPOren etorkizuna trantsizio energetikora egokitzearen mende al dago ezinbestean?

Zalantzarik gabe. Trantsizio energetikoaren bidean aurrera egiten jarraitu behar dugu, eredu ekonomiko deskarbonizatuago baterantz, garapen jasangarrirako helburuekin (GJH) lerrokatuta. AMPOn liderrak izaten jarraitu nahi dugu balio teknologiko altua duten sektoreetan, eta trantsizio energetikoak soluzio mota horiek beharko ditu, zalantzarik gabe. Izan hidrogenoaren arloan, karbonoaren atzematean, fuel sintetikoetan, biofueletan edo beste aplikazio batzuetan.

 Zergatik erabaki duzue I+G bulegoa Suitzan jartzea?

Trantsizio energetikoa giltzarria dela uste dugu, eta hidrogenoa beharrezko bektorea izango da epe labur, ertain eta luzean. Suitzan arlo horretako hub oso interesgarri bat dago. Hortaz, han bulego bat irekitzeko apustua egin genuen, bezeroak eta ezagutza gertu izateko helburuarekin.

 

Lotutako albisteak

11 uztaila, 2024 Berrikuntza
Imegar: “Hazinnovak gure langileen berrikuntza ezagutzak areagotzeko aukera eman digu”
Irakurri gehiago
3 uztaila, 2024 Berrikuntza
Luse Ingeniería: “Gure ekoizpen prozesuak eta kudeaketa pertsonala eraldatzen lagundu digu Hazinnovak”
Irakurri gehiago
13 ekaina, 2024 Berrikuntza
Euskaber: “Hazinnovaren bidez gure bezeroen erosketa-faktoreak ezagutu ahal izan ditugu, gure produktuaren irudia sendotzeko”
Irakurri gehiago
6 ekaina, 2024 Berrikuntza
Erlo Group: “Hazinnovari esker, nazioarteko merkatuetan bezero potentzialak zehaztu ditugu eta gure barne-plangintza hobetu dugu”
Irakurri gehiago
27 maiatza, 2024 Berrikuntza
RB3 Innovación: “Berrikuntzarik gabe ez dugu lortuko herritarrak aldaketa-eragile bihurtzea”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak