Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 5 apirila, 2022 Digitalizazioa Fabrikazio Gehigarria BDIH

Samy LABS laser teknologiako 3D inprimaketako erreferente gisa finkatu da 

Derioko konpainia da teknologia hau duten munduko 50 enpresetako bat

Fabrikazio gehigarriak azken urteotan izan duen gorakada harrigarriaren  arrazoietako bat da eskaintzen duen abantaila-sorta zabala, aukera ematen baitu konplexutasun handiko piezak ekoizteko denbora laburragoan eta kostu oso lehiakorrean. Testuinguru horretan kokatzen da Samy LABS, Derion 2016an sortutako ETE bat, erreferentea dena sektorean, berau izan baitzen -eta oraindik ere bada- laser teknologiako lehen 3D inprimagailua diseinatu zuen Espainiako lehen enpresa. Gaur egun, munduko 50 enpresak bakarrik dute teknologia hori, Jon Martínez kudeatzaileak dioskunez.

Egia da zuen enpresaren jatorria aipatzean zurezko kaxak, haizetako garbitzaile baten motorra eta emakumeentzako galtzerdiak aipatu behar direla?

Gure enpresaren jatorria bitxi samarra da. BECen egin zen 2016ko Makina Erremintaren Biurtekoan otu zitzaigun enpresa sortzea. Hiru bazkide sortzaileok -Amador, Félix eta neroni- elkar ezagutzen genuen lehenagotik, oso harreman ona genuen, eta garai hartan, hobby bezala, filamentuzko 3D inprimagailu bat eta laser markagailu bat muntatzen genbiltzan Amadorren enpresarentzat. Gogoan dut azokan paseatzen ari ginela topo egin genuela metala baliatzen zuen 3D inprimagailu batekin, eta magikoa iruditu zitzaigun. Aho zabalik geratu ginen makina hari begira. Sardexka baten 3D diseinua sartu eta metalezko sardexka bat ateratzen zizun!

Zer gertatu zen gero?

Eskuartean genuen informazioaren arabera, teknologia hura oso esklusiboa eta garestia zen, eta oso fabrikatzaile gutxi zeuden. Jakin genuen Espainian ez zegoela bat bera ere, eta harrituta geratu ginen. Orduan hasi ginen aztertzen gai izango ote ginatekeen horrelako makina bat egiteko. Bagenekien zertxobait laserraz, softwareaz eta mekanikaz, eta erronka modura planteatzea bakarrik falta zitzaigun. Handik bi astera, Amadorrek lehen prototipoa eraiki zuen bere tailerrean, zurezko kaxa bat eta haizetako garbitzaile baten motorra erabiliz, eta Felix eta biok etxeko elektronika eta aurrez prestatutako laser markagailua txertatu genizkion. Soldatzeko hauts pixka batekin te-ontzi txiki bat egin genuen, eta untxi baten iruditxo bat ere bai, maitasun handiz gordetzen duguna. Gure “zorioneko untxitxoa” da. Pieza kaskarrak ziren, baina frogatu genuen gai ginela horretarako.

Eta nola bahetu zenuten hautsa?

Hor ere badugu bitxikeria bat kontatzeko. Batzuetan metal-hautsa bahetu egin behar izaten zen garbitzeko, eta bahegailu bat erosteko dirurik ez genuenez, Amadorrek ideia bikain bat izan zuen, alegia, hautsa emakumeentzako galtzerdi fin batekin garbitzea, eta emaitza primerakoa izan zen. Batzuek pentsatzen zuten erotuta geundela, baina oso dibertigarria izan zen. Egia da baita ere BilboMakers kolektibokoek Artiach fabrikara gonbidatu gintuztela gure proiektua aurkeztera, eta primeran tratatu gintuztela. Proiektuarekin jarraitzera animatu gintuzten, nahiz eta mundu guztiak pentsatzen zuen egiten ari ginenak ez zuela merezi eta ez zuela zentzurik.

Hastapen haietatik urtebete igaro zen enpresa martxan jarri arte…

Hala da. Urtebetez aritu ginen buru-belarri lanean. Ekintzaile programaren laguntza ere jaso genuen (Ekintzailetzako Erakunde arteko 2024 Planaren barruko laguntza horrek ekintzailetza sustatzen du etapa guztietan, proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarrien sorrera bultzatzeko) eta prototipo funtzional bat aurkeztu genuen ADDIT3D azokan. Ziurtagiriak lortzea eta industrializatzea bakarrik falta zitzaigun, eta horrexetan igaro ditugu hurrengo lau urteak. Baina prototipo hark itzelezko oihartzuna izan zuen, eta huraxe izan zen guztiaren ernamuina.

Zenbat makina instalatu dituzue guztira?

Oraingoz bederatzi makina dauzkagu instalatuta, bai prestakuntza zentroetan, bai eta produkzioko edo zerbitzuetako enpresetan. Zazpi Espainian daude, bat Portugalen eta beste bat Italian. Eta une honetan hiru makina berriko lote bat eraikitzen ari gara; bukatzear daude, eta ia hitzartuta.

2021a urte ona izan zen SAMY LABSentzat?

Urte bikaina izan zen garapen teknologikoari dagokionez, neurri handi batean CDTIko Neotec programari esker.  Era berean, pauso handiak eman ditugu gure bazkide industriala den ONA Electroerosión enpresaren eskutik, eta merkaturatze arloko akordio bat itxi dugu Solitium Taldearekin. Kontuan izanik 2021eko azarora arte garapen fasean egon ginela, eta fase komertziala abenduan bertan hasi genuela, oso pozik gaude ekitaldiaren emaitza ekonomikoarekin, zeina positiboa izan baita makinak saldu ahal izan ditugulako komertzialki merkaturatu aurretik.

Uste duzu euskal enpresa-sareak badakiela beharrezkoa dela Fabrikazio Gehigarria inplementatzea bere prozesu industrialetan?

Zoritxarrez, ez. Euskadi beti izan da erreferentea makina-erremintaren sektorean, baina atzean geratu da fabrikazio gehigarriaren arloan, bai behintzat beste herrialde batzuekin alderatuta. Hala, Estatu Batuak, Alemania, Txina, Ingalaterra, Frantzia, Italia, Hego Korea edo Japonia punta-puntan dabiltza horrelako makinen garapenean eta merkaturatzean, eta baita ere teknologia hori enpresa industrialetan aplikatzeko orduan. ADDIMAT, Fabrikazio gehigarri eta 3D teknologien Espainiako elkarteak (gu bazkide gara) bere baitan biltzen ditu egoera hori aldatu nahian dabiltzan Euskadiko zein Estatuko apustu garrantzitsuenak, herrialde gisa gai izan gaitezen fabrikazio gehigarriaren arloko potentzia indartsuenen artean sartzeko, baina oraindik lan asko dago egiteko, eta ingurukoak ez daude lotan.

Zein azalpen du testuinguru honek?

Nire iritziz, hainbat arazo konpondu behar dira posizionamendua hobetzeko. Lehenik eta behin, prestakuntza eskaini behar da ikastetxeetan zein unibertsitateetan, hots, biharko ingeniari eta teknikariak trebatzen diren inguruneetan. Teknologia hau oso garestia da, eta zentro guztiek ez dute eros-ahalmenik horrelako makina bat edukitzeko. Horregatik, gure asmoetako bat da teknologia erosgarri egitea horrelako ikastetxeentzat, ikasleek aukera izan dezaten makina ukitzeko, sudurra barruraino sartzeko. Hori lagungarri izango da etorkizunean teknologia garatzeko eta ezartzeko. Oso ongi ulertu behar da zertan izan daitekeen baliagarri eta zertan lehiakor, posible izan dezagun enpresak aholkatzea. Bestalde, Euskadiren berrindustrializazioa sustatu behar da, zeren oso denbora gutxian atzean geratzen ari gara makina-erremintako ekipoen ekoizle gisa, baina, batez ere, makinen erabiltzaile eta balizko erosle bezala. Oso zaila da makineriaren garapenaren abangoardian mantentzea ez badago teknologia erabili eta baliozkotuko duen bertako sarerik, eta horren adibide argia da moldearen industria -zeinetan fabrikazio gehigarriak zeresan handia izan baitezake-, maila lokalean ia desagertu egin dena mundu guztiak erabaki zuenean moldeak Txinan fabrikatzea.

Nolako piezak inprimatu daitezke zuen makinetan?

Gure teknologia erauzketako fabrikazioa baino lehiakorragoa da adibidez honelakoak egiteko: hortz-inplanteak, protesi medikoak, turbinak, aeronautikarako eta automoziorako elementu arinduak, barne-hodiak dituzten moldeko txertakinak, markatzeko zigiluak, material exotikoz edo mekanizatzeko gogorregiak diren materialez eginiko piezak, prototipoak, modelismoko piezak, etab. Barnean zuloak edo barne-betegarrizko egiturak dituzten pieza batzuk ezin dira egin beste ezein teknologiarekin.

Zein material erabiltzen da horrelako piezak inprimatzeko?

Normalean altzairu herdoilezina, inconel-a, kromo kobaltoa edo tresneriarako altzairua, baina aleazio mordoa daude. Une honetan, IMHren lankidetzari esker, material oso leherkorrak erabiltzen hasi gara, adibidez, aluminioa. Aurten asmoa dugu titanioa probatzeko Eurecat-ekin elkarlanean, CDTIren Misiones programaren barruan.

Nolako abantailak dituzte prozesu gehigarriek prozesu tradizionalekin alderatuta?

Teknologia honekin posible da fabrikazio tradizionalarekin egin ezin diren formak sortzea, esaterako barneko zulo eta pasabideak, edo betegarrizko egiturak dituzten pieza hutsak, zeintzuek esfortzu handiak jasan baititzakete pisu askoz txikiagoarekin. Hala, diseinatzaileak lan-espazio berri bat lortzen du, askoz libre eta sortzaileagoa eta mugarik gabea. Pieza eta prozesu zehatz batzuetan, fabrikazio gehigarria teknika tradizionalak baino askoz lehiakorragoa da amortizazio kosteari erreparatuta, esaterako, tirada laburretan, prototipoen fabrikazioan eta manipulatzeko zailak diren zenbait piezatan, hala nola zigiluak, elebazio bertikalak edo material exotikoz eginiko tooling piezak.

Zein da gainerakoengandik bereizten zaituzten balorea?

Esango nuke merkatuko kalitate-prezio erlazio onenetakoa eskaintzen dugula, onena ez bada. Gure erreferentziazko makinak (SAMYLABS Alba 300), kalitate goreneko akabera ez ezik, punta-puntako teknologia eskaintzen du, zeinari esker inprimaketa-esperientzia profesionala eskuratzen baita, sendoa eta kalitate handikoa. Sistema eta garapen osoa sortu dugu, hasi laminazioko softwaretik eta kontroleko elektronikatik eta diseinu mekaniko eta elektrikoraino, eta horrek guztiak teknologiaren ezagutza sakona eta erabateko autonomia eman digu.

Lotutako albisteak

Iñaki Aldama, Bullhost 23 maiatza, 2024 Digitalizazioa
“Sarera konektatuta dagoen edozein aparatu sarrerako ate bat da eraso bat jasotzeko”
Irakurri gehiago
17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak