Owasys konpainia duela 18 urte baino gehiago hasi zen lanean Gauzen Interneten arloan, oraindik IoT terminoa existitzen ez zenean. Egoitza Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkean duen enpresa honek atzerrian ditu bezero gehienak, 21 pertsona enplegatzen ditu eta langile berriak hartzea espero du, azken hilabeteotan jasotzen ari diren proiektu ugariei aurre egiteko. Dámaso Orbe Larrondorekin, Owasys-eko Sales & Marketing managerrarekin hitz egin dugu.
Zein da Owasys enpresaren jarduera?
Gure jarduera nagusia da Linux Plataforma Integratuak diseinatu eta fabrikatzea automozioaren eta 4.0 Industriaren merkatuetarako. Plataforma horiekin batera, aplikazioak garatzeko zerbitzuak ere eskaintzen ditugu bezeroak garapena azkartu nahi duenean TTMa (merkaturatze-epea) murrizteko; orobat eskaintzen ditugu IoT konponbideen arkitekturak diseinatzeko aholkularitza-zerbitzuak. 18 urte baino gehiago daramatzagu IoT-en merkatuan; 500dik gora proiektutan parte hartu dugu eta 200.000 unitate baino gehiago saldu ditugu mundu osoan, eta esperientzia handia dugu.
Nola sortu zen zuen enpresa?
Owasys 2002an sortu zen. Garai hartan Ericsson enpresan ari ginen nazioarteko M2M merkaturako GSM/CDMA komunikazio-moduluak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzen (IoT deitzen diogunaren oso antzeko zerbait). Eta erabaki genuen enpresa bat sortzea makinatik makinarako komunikazioen merkatuko (M2M/IoT) itogunea askatzeko. Ericsson-en genbiltzanean, komunikazio-moduluan soilik aritzen ginen; produktu hura enpresa handiek bakarrik eros zezaketen, beste inork ez zuelako gaitasunik konponbide bat merkaturatzeko behar den komunikazio-ekipo osoa diseinatu eta zertifikatzeko. Gure ustez, M2M/IoT merkatuan bazeuden Sistema Integratzaile eta Zerbitzu Hornitzaile gehiago, euren merkatu espezifikoa ongi ezagutzen zutenak eta merkatu hori hobetzeko aukera zutenak, gai zirelako euren makina, ibilgailu eta asset guztiak monitorizatzeko eta urrunetik kontrolatzeko. Baina, halere, ezin zuten halako zerbitzurik eman, inbertsio handiegia egin behar zutelako hardwarea garatzeko eta ziurtapenak lortzeko.
Owasys-en helburua da Linux plataforma integratu estandar, sendo eta zertifikatu bat garatzea, Sistema Integratzaileek eta Zerbitzu Hornitzaileek eurek garatu ditzaten euren aplikazioak, hasierako inbertsio handiegirik egin beharrik gabe, askotan horixe baitzen proiektua ez abiarazteko arrazoia. Asmoa da konponbidea irekia izan dadila hardware eta software aldetik, baliagarri izan dadin ahalik eta segmentu gehienetan erabiltzeko eta beharrezko eskalako ekonomia guztietara iristeko, halako moldez non hardwarea ez den oztopo izango segmentu desberdinetan sartzeko.
Nolako harremana du Owasys-ek 4.0 Industriarekin?
4.0 Industriako konponbideak albait azkarren garatu eta inplementatzeko aukera ematen duen tresna bat gara. Duela 18 urtetik diseinatu eta fabrikatzen ditugun Wireless Embedded Computer-ak erabiliz, gure partner-ek posible dute konponbideak garatzea, dagoeneko eskuragarri dauden hardware eta software estandarretatik abiatuta. Gure konponbideak beraizik pentsatu eta diseinatuta daude prozesuak hobetu ditzaten. Hala, konektagarritasuna eta datuak biltzeko eta prozesatzeko gaitasuna ematen dizkiegu prozesuan inplikatutako makina guztiei; elkarrekin konektatzen ditugu makinak, objektuak, ibilgailuak eta pertsonak, eta erabakiak hartzeko edo adimen artifizialeko sistemak inplementatzeko behar duten informazioa ematen diegu.
Kontatuko diguzu 4.0 Industriaren eta eraldaketa digitalaren arloetan eskaintzen dituzuen konponbideen adibideren bat edo kasu arrakastatsuren bat?
Gure proiektu gehienetan, gure partner-en helburua izaten da euren prozesu industrialak automatizatu eta hobetzea. Horretarako, lehen urratsa da datuak biltzea eta aztertzea, eta datu horiek gero eta gehiago bideratzen dira garatzen ari diren adimen artifizialeko sistemak elikatzera. Duela hainbat urtetatik hona, proiektu batean ari gara lanean bere sektorean liderra den enpresa amerikar batekin (makina industrialen fabrikatzaile bat). Konpainia horrek urteak daramatza gure gailuak bere makinetan txertatzen, denbora errealean monitorizatzeko makinen funtzionamendua eta bezeroek ematen dieten erabilpena. Informazioa hiru mailatan erabiltzen da. Lehen maila da fabrikatzailearentzat biltzen den informazioa, zeina etorkizuneko ekipoak diseinatzeko erabiltzen baita, bezero desberdinen erabilpenak eta premiak aztertu ondoren.
Bigarren maila banaketa-kanalarentzat (enpresa barrukoa edo kanpokoa) sortzen den informazioarekin erlazionatuta dago; kanal horri ematen zaizkio makinen mantenimendurako eta konponketak egiteko behar diren datuak, izan ere horrelako lan gehienak urrunetik egin baitaitezke Owasys-en plataformari esker. Eta urrunetik egin ezin diren kasuetarako, posible da aurretiazko analisi bat egitea bisitaren aurretik, konponketaren kostua eta iraupena murriztuz.
Azkenik, hirugarren mailan dago amaierako bezeroari emandako informazioa, makina erabiltzen ari den produkzio-prozesuari buruzkoa. Hiru kasuetan, sortu eta transmititzen den informazio horrek prozesuen zati bat automatizatzen du, eta datu ugari sortzen ditu, erabiltzaileak inplementatutako adimen artifizialeko sistemek kontuan hartu beharrekoak.
Zein enpresa edo sektoretarako dira aproposak zuen konponbideak?
Lehen urteetan, Owasys-ek automozioan garatzen zituen bere proiektu ia guztiak; lanean aritzen ginen ibilgailu industrialen fabrikatzaileekin (ibilgailuen motorrak eta sistemak monitorizatu nahi izaten zituzten), eta baita ere flotak (autobusak, kamioiak nahiz ibilgailu industrialak) kudeatzeko sistemak garatzen dituzten enpresekin.
Gaur egun, gure merkatuaren % 50 automozio sektorean dago oraindik, baina bestelako bezeroak ere baditugu: Liebherr Mining edo Allison Transmmisions adibidez. Gainera, Bosch Rexroth enpresak gure plataforma telematikoa erabiltzen du mundu osoan duela urte batzuetatik. Gure merkatuaren gainerako % 50a osatzen dute makina industrialen fabrikatzaileek eta konpresore industrial, sorgailu industrial eta sistema integratzaileen fabrikatzaileek, zeintzuek gure ekipoak erabiltzen baitituzte parke fotovoltaikoen kudeaketarako, haize-errotak monitorizatzeko eta beste hainbat lanetarako. Puntu honetan aipatu nahi nuke duela gutxi hasi dugun proiektu bat, zeinaren helburua baita gure plataformak integratzea Ibil euskal enpresarekin, birkarga eta mugikortasun elektrikoaren arloko teknologia eta konponbideetan erreferentziazkoa den konpainiarekin.
Zer iritzi dute enpresek IoTrekin lotutako konponbideen inplementazioari buruz?
Gaur egun oso interesatuta daude, bai automozioaren sektorean eta baita ere sektore industrialean. Egia da automozioan ia OEM guztiek badituztela horrelako gailuak eta eskaintzen dituztela horrelako zerbitzuak –edo bestela garapen bidean daude-, baina merkatu industrialeko garapena ziztu bizian doa aurrera, eta baliteke produktu industrialen salerosketa goitik behera aldatzea epe ertainean, zerbitizazioranzko bidea hartuz.
Zeintzuk dira Owasys-en etorkizuneko erronkak?
Gure helburu nagusia da lankidetzan jarraitzea IoT merkatuko eragile desberdinekin gure bezeroei konponbide onenak eskaintzeko hardware plataformaz arduratu beharrik gabe, hau da, asmoa da ahalegin guztiak bideratu ditzatela beren zerbitzuak hobetzera.
IoT merkatua hain da zabala eta hainbeste aplikazio eta konponbide barne hartzen ditu, ezen ekosistema funtsezkoa baita, eta elkarren osagarri diren konponbideak eskaintzen dituzten enpresek prest egon behar dute lankidetzarako eta egokitzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?