Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 28 urria, 2019 Digitalizazioa EIKTak

Euskodatak Ticket BAIra egokitutako fakturazio-soluzioak garatu ditu

Konpainia gipuzkoarra aitzindaria da euskal eta nafar administrazioek bultzatutako kontrol-sistema berria tarteko duten fakturazio-soluzioak eskaintzerakoan

 

Konpainia gipuzkoarra aitzindaria da euskal eta nafar administrazioek bultzatutako kontrol-sistema berria tarteko duten fakturazio-soluzioak eskaintzerakoan

 

Eusko Jaurlaritzak, foru ogasunek eta Nafarroako Gobernuak 2020an Ticket BAI deritzon tresna teknologikoa abian jartzea aurreikusi dute, enpresen eta autonomoen fakturazioa kontrolatzeko eta iruzur fiskala deusestatu eta kontsumitzaileak babesteko asmoz. Euskodata konpainia gipuzkoarrak Ticket BAIra egokitutako fakturazio-soluzioak garatu eta merkaturatu ditu enpresentzat, autonomoentzat eta aholkularientzat. Horren gaineko zehaztapen gehiago eman dizkigu Maite Abadia Euskodatako Merkataritza Sailaren arduradunak.

 

Zer da Ticket BAI?

Ticket BAI fakturazioa kontrolatzeko sistema bat da, iruzur fiskala saihestea xede duena. Foru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak garatutako proiektu honek kudeaketa eta fakturazioko ‘software’-aren inguruko neurri legalak eta teknikoak hartzera behartzen du. Ekimen hau OCDEk 2013az geroztik emandako zerga arloko gomendioei atxikita dago.

Hartara, fakturak jaulkitzen dituzten gailu guztiek (ordenagailuek, kutxa erregistratzaileek, SGTek…) sistema berri honi lotuta egon eta fitxategi bakarra (TBAI) sortu beharko dute faktura bakoitzeko, dagokion ogasunera bidaltzeko. Fitxategi honek diseinu eta eduki bereziak izan beharko ditu, eta transakzioari buruzko informazio guztia duen Ticket BAIren webgunera eramaten duen QR kodea txertatua izan beharko du.

 

Zeintzuk dira Ticket BAIren helburuak?

Administrazioaren ikuspegitik, helburu nagusia iruzur fiskala deuseztatzea da. Kobrantzak eskudirutan egiten dituzten negozioen diru-sarreren kontrola areagotuko da bereziki, baina neurriak nahitaez bete beharko dituzte enpresa eta langile autonomo guztiek. Era berean, zergadunentzako zerga-likidazioen proposamenak egitea erraztuko du.

Kontsumitzailearen ikuspegitik, babesa hobetzen lagunduko du, zalantzarik gabe, izan ere, tiket bat izango du erosketa bakoitzeko, dagozkion eskubideak erreklamatzeko aukera bermatuz. Eusko Jaurlaritzatik gogoratu dute faktura eman behar dela salmenta bakoitzean, izan ere, Ticket BAIrekin, faktura badago, ez dago iruzurra egiterik.

 

Noiz sartuko da indarrean?

Finkatu den kronogramaren arabera, 2020tik aurrera indarrean sartzea aurreikusi da. Hala ere, aldundi bakoitzak erabakiko du zein egunetan eta zein eperen bitartez jarriko duten martxan. Bizkaian, proiektuari Batuz izena eman diote eta 2021eko urtarrilaren 1ean abiatuko da. Gainerako lurraldeetan (Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan), proba pilotuak 2020ko bigarren seihilekoan egitea espero dute. Estatu mailan, momentuz ez dute aurreikusi antzeko proiekturik. Beharbada geroxeago bideratuko dute antzeko helburuak dituen ekimenen bat. Europako herrialde gehienetan antzeko sistemak ezarriak dituzte dagoeneko; esaterako, Portugal, Austria, Errumania, Italia, Suedia, Grezia edo Albanian.

 

Zein da Euskodataren eginkizuna Ticket BAIri dagokionez?

Enpresei neurri berrietara egokitzen lagundu eta prestakuntza eta laguntzarako tresnak eta zerbitzuak eskaintzea da gure eginkizun nagusia. Kudeaketa eta fakturazio arloko gure aplikazioen bitartez, betebehar berriei atxikitako eginbeharrak arintzen saiatzen gara. Garrantzitsua da gogoratzea gure eginkizun nagusia gertuko laguntza ematea dela, bakoitzaren beharretara egokitutako soluzioa aurkitzeko.

 

Nolako soluzioak eskaintzen dizkiezue zuen bezeroei?

Euskodatan fakturazio arloko soluzioak eskaintzen dizkiegu aholkulariei, autonomoei, ETEei eta era guztietako enpresei. Den-denak, Ticket BAIra egokituta. Enpresa guztiek jakin behar dute fakturatzeko modua aldatuko dela. Aholkularien kasuan, beraien bezeroentzako fakturazio-tresnak ditugu, bulegoko kontabilitatearekin erabat integratzen direnak. Horrek ingurune bakarrean lan egiteko aukera ematen du, produktibitatea eta eraginkortasuna areagotuz, baita errentagarritasuna ere. Laburbilduz, bezeroekin harremanetan jarduteko modua aldatuko du.

 

Proba pilotuak egin dituzue azken urtean. Nolakoak izan dira emaitzak?

Guretzat lan egiten duten fabrikatzaileak (SAGE, Wolters Kluwer, AHORA) zuzeneko harremanetan daude apirilaz geroztik dagozkien erakundeekin proba pilotuak aurrera ateratzeko. Funtsean, araudian zehaztutako informazioa duten fitxategien garapenari eta bidalketari erreparatu diete.

 

Zaila da soluzioak inplementatzea ala edozein sistematara erraz egoki daiteke?

Alde teknikoa ez da arazoa esperientzia duten marka fidagarrien sostengua duzunean. Zailena enpresaren barruko prozedurak aldaraztea da, araudian ezarritako epe eta denboretara egokitzeko. Euskodatatik bide hori errazten saiatuko gara, ahalik eta leunena izan dadin.

 

Enpresetan, zein da Ticket BAIri buruzko ezagutza maila?

Berrikitan, Ekonomialarien Elkargoan (Donostia) egindako jardunaldia antolatu dugu Gipuzkoako Ingeniarien Elkargoaren eskutik, aholkularitza enpresen eraldaketa digitala eta bulego profesionaletako lankidetza bidezko ereduak aztertzeko. Erronka teknologikoak eta jauzi digitala ere hizpide izan genuela aprobetxatuz, Ticket BAIren azken berritasunei buruz ere hitz egin genuen: zer den?, nolako onurak dakartzan?, nolako eredua duen?, nola aldaraziko dituen bezeroaren eta aholkulariaren arteko harremanak?, fakturatzeko modua, eta Euskodatak panorama honetan bete beharreko eginkizuna.

 

Bertaratutako askok ez zekiten zer den Ticket BAI eta horren inguruan abian dagoen guztia. Eta nolako jakinmina sortu zen eta han-hemenka dauden zalantzak ikusita, beste hitzaldi batzuk antolatuz joango gara beste datu jakingarri batzuk bildu ahala: noiz sartuko den indarrean, sektoreak, epeak, etab.

Azkenik, enpresei dei egin nahi diegu Ticket BAIra egokitutako ‘software’ batean pentsatzen has daitezele, izan ere, aldaketa oso hurbil dago eta ezin da gauetik goizera egin. Enpresa askorentzat, aukera bikaina izango da digitalizaziora jauzi egiteko eta kudeaketaren arlo guztietan denbora eta baliabideak optimizatzen lagunduko dien ‘software’ bat inplementatzeko.

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak