Erosketa Publiko Aurrekomertziala (EPA): etorkizuneko produktu edo zerbitzu berri edo nabarmen hobetu bat lortzera bideratutako I+G-ko zerbitzuak erostea. Kontratazioaren helburu nagusia dira ikerketa- eta garapen-zerbitzuak prozesu batean, zeinetan posible den merkatuan ez dauden konponbideen arrisku teknologikoak iragaztea konponbide horietako bat erosi aurretik. Horrelako kontratuek estaldura ematen dute ingurune erreal handi zein txiki batean baliozkotutako prototipoak lortu arteko epean.
Teknologia Berritzailearen Erosketa Publikoa (TBEP): ondasun, zerbitzu edo obra bat erostea, kontratatzeko unean merkatutik oso hurbil dagoena, eta, beraz, edo bolumen mugatuan ekoitzi da, produktu komertzialaren aurre-ekoizpen bezala, edo baliozkotutako prototipo gisa ekoitzi da. Horrelako kontratuetan ohikoa da konponbidea diseinatzeko edo kontratazio-organoaren beharretara egokitzeko fase bat igaro behar izatea, baina ez da kontratatzen I+G-ko zerbitzurik. Horrelako erosketen helburua da ondasun, zerbitzu edo obraren ekoizpen masiborako behar diren lanak egitea (adibidez: produkzioa eskalatzea, produktua edo zerbitzua garatzea, harik eta merkaturatzeko edo industrializatzeko prest dagoen arte), halako moldez non kontratazio-organoa izango baita konponbide berritzailearen lehen bezeroa eta bolumen komertzialki esanguratsu batean ezarriko duena.
Berrikuntzaren Erosketa Publiko Erregularra (BEPE). Gure ustez, erosketa hau ez litzateke izango identifikatutako erronken xede, bere helburua delako erosketa egiten den unean merkatuan dagoen ondasun, zerbitzu edo obra bat erostea. Hortaz, ez dauka garapen faserik, baina konponbideak berrikuntza bat dakar merkatuan dauden beste konponbide batzuekiko. Horrelako erosketak SPKL 9/2017 Lege berrian jasotako beste edozein kontratu arrunt bezala (hornikuntzak, zerbitzuak, obrak, etab.) garatzen dira, baina egitura desberdina da: berrikuntzarekin erlazionatutako alderdiak lehenesten dira, pisu handiagoa emanez esleipen-irizpideetan, eta zabalik uzten dira erosketaren xedearen zehaztapenak, lizitatzaileak bere konponbide berritzailea aurkeztu dezan. Funtsean, egiten dena da berrikuntza sustatzeko politika publikoa ezarri kontratazio arrunten bidez.