FitWoody, erabiltzailearen pribatutasuna errespetatzen duen entrenamendu pertsonalizatuagoa eskaintzen duen aplikazioa
Chubby Studio-k FitWoody bere produktu digital nagusi gisa sendotu du, adimen artifiziala, pertsonalizazioa eta pribatutasuna uztartzen dituen proposamen bati esker. Helburua erabiltzaileei ohitura osasungarriak modu jasangarrian txertatzen laguntzea da. 2023ko irailean merkaturatu zenetik, aplikazioak 100.000 deskarga baino gehiago izan ditu. Apple-k hainbat herrialdetan ‘Eguneko aplikazioa’ bezala izendatu eta 60 baino gehiagotan aplikazio irisgarriaren adibidetzat hartu du. Nazioarteko enpresa horren babesari esker, Apple-k urtero antolatzen duen garatzaileen munduko konferentziaren (WWDC) azken edizioan parte hartu du, ‘Apple Intelligence’ teknologia integratzeagatik.
Arabako konpainiak pertsonen benetako arazoei modu errazean erantzuteko produktu digitalak diseinatu eta garatzen ditu, erabiltzaileei entzutean, epe laburrean bertsio funtzionalak merkaturatzean eta etengabeko hobekuntzak txertatzean oinarritutako metodologia erabiliz. Horrela, bezeroentzako neurrira egindako aplikazioak eta proiektu digitalak garatzeaz gain, Chubby Studio-k FitWoody teknologia natiboarekin eraikitako esperientzia intuitiboen eta irisgarrien alde egiten duen apustu sendoaren adibiderik onena bihurtu du. “Aplikazio on bat bere kabuz ulertu behar da, eskulibururik gabe. Erabiltzaileak pentsatu egin behar badu, guk huts egin dugu”, adierazi du Ander G. Moratok, konpainiako sortzaileetako batek eta produktu-zuzendariak.
Hala, FitWoody-k osasunari eta jarduera fisikoari lotutako datuak erabiltzen ditu erabiltzaile bakoitzaren esperientzia egokitzeko. Horregatik, FitWoody “ongizaterako lagun bat da, ez zuri exijitzen dizun entrenatzaile bat”. Plataformak ‘Apple Watch’ gailutik jasotako informazioa aztertzen du, hala nola jarduera fisikoa, atsedena edo bihotz-maiztasuna, erabiltzaileen motibazioa mantentzen eta ohitura osasungarriak sortzen laguntzen duten gomendio pertsonalizatuak eskaintzeko.
Hori dela eta, ibilbideak 3D-n berriz bizitzeko aukera ematen duen ‘Flyover’ tresna berria gehitu duen 2.5 azken bertsioa kaleratu ondoren, datozen hilabeteetan Chubby Studio-k beste urrats bat emango du FitWoody 3.0 bertsioarekin. Bertsio berri horrek pertsona bakoitzaren egoera fisikora eta errekuperazio-mailara egokitutako entrenamendu-plan pertsonalizatuak eskainiko ditu, guztientzat berdina den errutina zurrun baten ordez. “Bertsio berri honek pertsonalizazioa eta adimen artifiziala askoz urrunago eramango ditu”, ziurtatu du Moratok.
Prozesamendu hori guztia adimen artifizialaren bidez egiten da zuzenean gailuan bertan, erabiltzailearen datuak telefonoa utzi gabe. Horrela, adimen artifizialaren ahalmena eta pribatutasuna ardatz dituen ikuspegia uztartzen dira. “Gure ustez, berrikuntza eta pribatutasuna eskutik joan daitezke eta joan behar dute”, adierazi du sortzaileak.
Azken urteotan, Chubby Studio-k Euskadiko ekintzailetza-ekosistemaren babesa ere izan du. Enpresa Barnekintzaile programaren laguntzarekin eta BIC Arabaren aholkularitzarekin sortu zen, eta berriki 4YFN azokan parte hartu du SPRI Taldearen eskutik, Bartzelonako Mobile World Congress-en barruan startup-entzat antolatzen den ekitaldian. Topaketari esker, konpainiak nazioarteko harremanak ezarri ahal izan ditu, eta ongizateari aplikatutako adimen artifizialeko aplikazioek gero eta interes handiagoa pizten dutela egiaztatu du. “Adimen artifizialak arlo guztiak eraldatuko ditu, baina oraindik hasierako fasean gaude. Nabaria da proiektu askok AA etiketa besterik ez dutela eramaten, benetako erabiltzaile-arazo bat konpontzeko erabili beharrean”, azaldu du Moratok.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu. Gainera, laguntza- eta zerbitzu-programetara sar zaitezke.