Normicro: konponketa elektronikoko tailerretik adimen artifizialaren arora
Ekipoak konpontzetik zibersegurtasuneko eta automatizazioko estrategiak diseinatzera adimen artifizialarekin. Ibilbide horrek Normicroren bilakaera laburbiltzen du. Enpresa horrek 30 urte bete ditu aldaketa teknologikoetara eta erakundeen eta ETEen beharretara egokitzeko exijentziarekin.
Konpainia konponketa elektronikoko enpresa txiki gisa sortu zen eta laster hasi zen informatikan espezializatzen. Osasuna, banka edo hezkuntza bezalako sektoreetarako proiektuetan parte hartzeak talde tekniko espezializatu bat finkatzea ahalbidetu zion. Denborarekin, euskal inguruneko enpresa txiki eta ertainen aldeko apustua indartu zuen eta bere jarduera zabaldu zuen soluzio teknologikoen hornitzaile integral bihurtu arte.
Gaur egun, Normicrok zerbitzu hauek eskaintzen ditu: sistemak, zibersegurtasuna, monitorizazioa, segurtasun-kopiak, euskarri teknikoa, ekipamendu informatikoaren hornidura eta adimen artifizialean oinarritutako automatizazioak. “Gure helburua enpresa-azpiegituran integrazio globala lortzea da, kudeaketa ezin hobea bermatzeko”, azaldu du Javier Martínez Normicroko CEO eta gerenteak.
Bilakaera teknologikoak bezeroen beharrak ere eraldatu ditu. Duela hiru hamarkada, jardueraren zati handi bat hardwarea mantentzeari eta konpontzeari lotuta zegoen, eta, ondoren, erabiltzaile-postuari arreta ematea funtsezko zeregina bihurtu zen. Gaur egun, zibersegurtasuna, informazioaren babesa eta araudia betetzea dira erakundeen erronka nagusiak. “Duela 30 urte ez zegoen arrisku hain sofistikaturik, ez hainbeste gailurik, ez informaziorik hodeian”, gogoratu du Martinezek. Horrez gain, arau-esparru gero eta zorrotzagoa dago, eta, horren ondorioz, enpresa askok aholkularitza espezializatua eskatzen dute jarduera-planak zehazteko eta haien babes-maila indartzeko.
Zibersegurtasuna eta adimen artifiziala, erronka teknologiko berriak
Zibersegurtasuna konpainiaren lan-arlo nagusietako bat bihurtu da. Erasoak gero eta sofistikatuagoak badira ere, Normicroren ustez, giza faktorea da ziberdelitugileen sarrera-bide nagusietako bat. Horregatik, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta phishing-erasoen simulazio-ekintzak garatzen ditu, langileei zuzenduta. “Zibersegurtasunarekiko konpromisoak gora egin du informatika-sailetan, eta orain gobernantza korporatiboaren lehentasuna da”, nabarmendu du Martinezek.
Segurtasun digitalarekin batera, adimen artifiziala enpresaren hazkunde-eremuetako bat bihurtu da. Normicrok automatizazioetan eta lan-fluxuetan lan egiten du, zeregin errepikakorretan emandako denbora murriztera, akatsak minimizatzera eta produktibitatea hobetzera bideratuta. “Lehen lerroan egotea eta berrikuntza horiekin guztiekin denbora errealean eboluzionatzea gustatzen zaigu”, dio.
Etorkizunari begira, konpainiak kudeatutako zerbitzuen eredua (MSP) sendotu nahi du, bezeroarekiko harreman jarraituan eta bere azpiegitura teknologikoaren kudeaketa integralean oinarrituta. “Integrazio osoa da, unean-unean konponbideak egokitu eta eskalatzeko aukera ematen diguna, eta, gainera, arazo batek geldialdia edo kostua eragin aurretik aurrea hartzea ahalbidetzen diguna”, zehaztu du Normicroko CEOak. Eredu horrekin batera, adimen artifizialaren aplikazio berriak aztertzen jarraituko du enpresak, erakundeei datozen urteetako erronka teknologikoei aurre egiten laguntzeko.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu. Gainera, laguntza- eta zerbitzu-programetara sar zaitezke.