Social Media Ads tailerra euskaraz Enpresa Digitalaren eskutik abenduaren 11an.
Tailer honetan ad-ak sare sozialetan sortzen eta kudeatzen ikasiko dugu. Horretarako, sare sozialen plataforma nagusiak aztertuko ditugu, sare sozialetako publizitateak enpresentzat dituen onurak aztertuko ditugu, eta iragarki eraginkorrak sortzen, kudeatzen eta emaitzak interpretatzen ikasiko dugu. PUBLIZITATERAKO SARRERA SARE SOZIALETAN. Sare sozialetako publizitatearen definizioa eta marketin digitalean duen garrantzia. Sare sozialetan iragarkiak erabiltzeari buruzko estatistikak eta joera garrantzitsuak. Sare sozialetako publizitatearen onurak eta helburu komunak enpresentzat.
Emakume Zientzialarien Argitan zikloaren aurtengo azken hitzaldia egingo da abenduaren 10ean.
Alaitz Etxabide Etxeberria, material berriztagarrien ingeniaritzako doktorea izango da zikloaren aurtengo azken hizlaria. Alaitzek Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan Industria Kimikaren Ingeniaritza Gradua eta Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra egin zituen, eta material berriztagarrien ingeniaritzako doktorea da. Oso gaztea bada ere, ibilbide aberatsa izan du: nazioarteko hainbat unibertsitatetan izan ondoren, orain enpresa batean dihardu ikerketan. Abenduaren 10ean, arratsaldeko 7etan, Ernest Lluch Kultur Etxean egingo da hitzaldia.
EHU eta Ekonomistak elkartearekin ospatu dugu Euskararen Nazioarteko Eguna.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin, EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultateak eta Ekonomisten elkargoak ekitaldi berezi bat antolatu zuten, ekonomia arloan eta erakundeen antolakuntzan hizkuntzaren normalizazio beharra agerian uzteko. INDEUS-SPRI eta EMUNek parte hartu zuten ekitaldian. Euskara-planak enpresentzat, lehiakortasun-palanka gisa, GEHI azterlana; Industriarako euskarazko baliabideak; eta Ekonomistentzako lan-tresnak izan ziren mintzagai. EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Sarriko kanpusean egin zen ekitaldia.
“Jabetza intelektual” Industria Berriaren Spri Hiztegian.
Legeak giza adimenaren sorkuntzatik eratutako lan baten egileari lan horren gainean aitortzen dizkion eskubideen multzoa.Zentzurik zabalenean, honako hauek biltzen ditu: patenteak, egile-eskubideak eta horri lotutakoak, marka komertzialak, ezagutza teknikoak, sekretu komertzialak, diseinu industrialak, erabilera-ereduak, diseinuak, marrazkiak, txostenak, ikerketa- eta garapen-metodoak, datu dokumentatuak eta asmakizun eta aurkikuntzen deskribapena.
Txorierrin lana euskaraz bultzatzeko HABIA egitasmoa aurkeztu dute.
HABIA, Txorierrin lana euskaraz egitasmoa aurkeztu dute abenduaren 4an Derion. Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatutako ekimena da, Txorierri eskualdeko lan-esparruan euskararen erabilera aktibatzeko ekosistema emankor bat sortzea du helburu egitasmoak eta horretarako, bertako enpresekin lankidetzan, euskara egunero erabiltzeko neurriak sustatzen eta bideratzen ari dira. Ekimena abiarazterakoan eskualdeko 14 enpresak egin dute bat HABIA egitasmoarekin. Enpreson ordezkariekin batera Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundiko eta Mankomunitateko ordezkariak izan dira bertan.