Industriaren Euskal Plataformako lantaldeak bildu dira gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan aurtengo proiektuak aztertzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzak hartu du gaur goizean INDEUS Industriaren Euskal Plataformako lantaldeen batzarra. Plataformako kide diren enpresetako ia 40 ordezkari bildu dituen bileran, Amaia Arregi Agirre, Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak eta Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusiak eman diete ongietorria. Eta ondoren, Lan-eremuko hizkuntza politikaren Gipuzkoako Plan Gidaria aurkeztu dute.
Ez da hau bilerako aurkezpen bakarra izan:
- Gehi ikerketa: Euskara planek enpresen lehiakortasunari egindako ekarpenak aztertu dituen ikerketa honen nondik norakoak azaldu ditu ekimenaren sustatzaile den EMUNek.
- Euskorpora: Euskara digitalarentzat herri aliantza estrategikoak, enpresek behar dituzten tresna digitalak identifikatzea helburu hartuta, tresna horiek euskaraz ere izan daitezen abiaraziko dituzten berri eman du.
- Eraldaketa Digitalerako graduondokoa: EHUk eta UEUk lankidetzan asntolatutako graduondokoaren nondik norakoak azaldu dituzte; gaur egun, enpresetan behar diren profesional euskaldunak trebatzeko, kasu honetan, adimen artifiziala, segurtasuna, eta antzeko gaietan espezializatuak.
Halaber, Indeus kideek 2026rako erabakitako proiektuak eta erronkak aztertzeko baliatu dute gaurko topaketa. Hala nola Indeusen komunikazio estrategia indartzea, Langile berriei harrera komunitarioa egiteko estrategia, Praktika onak eta euskarazko aholkularitza zerbitzuen eskaintza, eta Hizkuntza teknologiak.
Batzarrean INDEUSi atxikitako azkenengo kideak hartu du parte, UZEI, Terminologia eta Lexikografia zentroak, hain zuzen ere plataformako Lankidetza Sareko partaide egin da.
INDEUS Industriaren Euskal Plataforma Spri-Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek bultzatzen duten ekimena da. Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen ekimena, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz. Eta ibilbide horretan, Indeusek euskararen presentzia txikia duten enpresei ere ireki dizkio ateak, aurrekoen eskarmentua baliatuz besteen eredu bihurtzeko.
51 partaide: ALBERDI, AMPO, ASLE, BASQUE AUTOMATION, BATZ, BIELE GROUP, BIOLAN, BRTA, CAF, CEIT, CIKAUTXO, COPRECI, DANOBATGROUP, EGA MASTER, EGA SOLUTIONS, EGOIN, EIKA, EKIN, ELAY, ENERGIA KLUSTERRA, ESLE ELKARTEA, EUSKADIKO ITSAS KLUSTERRA, FAGOR, GAIA KLUSTERRA, GISLAN, GKN, GOIZPER, IKERLAN, I+MED, INNOBASQUE, KIMUA GROUP, LARRAIOZ TALDEA, LEYCOLAN, MAIER, METAPOSTA, MITXELENA, OREKA IT, ORKLI, ORONA, PETRONOR, SISTEPLANT, TECNALIA, ULMA, VICOMTECH.
Lankidetza Sarea: SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA, EUSKALIT, LABORAL Kutxa, LANGUNE, PUNTUEUS, EUSKORPORA eta UZEI.