Petronor-eko presidentea Emiliano López Atxurra.
Elkarrizketak 13 urria, 2020

López Atxurra: “Mundua birmoldatzen ari da eta egokitu egin behar dugu”

Petronor-eko presidente Emiliano López Atxurrak uste du euskal industria funtsezko elementua dela Euskadik gaur egun duen ongizate-egoera mantentzeko, eta lankidetza, ausardia eta pragmatismoa eskatu dizkie inplikatutako eragile guztiei
-

 

Petronor-ez mintzatzea da euskal ekonomiaren eta industriaren bizkarrezurretako batez mintzatzea. Lehen mailako erreferente energetiko bat da, “Next Generation” planaren funtsak jaso ditzakeen nukleo gogorraren barruan dagoena. Europar Batasunak funts horiek baliatu nahi ditu ekonomia produktiboa sendotu, modernizatu eta eraldatzeko, eta ez dezan izan halako menpekotasunik Txina eta Estatu Batuekiko.  2.000tik gora langile ditu (eta zeharkako 5.000 enplegatu inguru), 143 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz, eta ia 800 milioi euroko ekarpena egin zion Bizkaiko Ogasunari. Energia sektoreko erraldoi horrek hidrogeno lantegi iraultzaile bat eraiki nahi du Bilboko Portuan, Euskadirentzat mugarri industriala izango dena eta erantzuna emango diona Europak planteatutako deskarbonizazioari, lehiakortasun industriala galdu gabe. Emiliano López Atxurra presidenteak konpainiaren oraina eta etorkizuna aztertu ditu SPRI Taldeari emandako elkarrizketa batean.

 

Zenbateraino kezkatzen zaitu gaur egungo egoera ekonomikoak?

Oso kezkatuta nago, baina kezkatzea baino hobea da arazoa konpontzen saiatzea. Pandemiak bizkortu egin ditu 2016. urtean hasi ziren birmoldatze ekonomiko, teknologiko eta industrialeko prozesuak eta mundu mailako krisi ekonomiko bat eragin du lehen aldiz. Ondorioz, eta Europari dagokionez, birsorkuntza teknologiko eta industrialeko prozesua azkartu egin da, eta arlo horretan Txina eta Estatu Batuekiko zuen ahulezia estrategikoa atzean uzten ari da pixkanaka.

 

Esan liteke pandemiaren inpaktua arinxeagoa izan dela Petronor-en?

Ez ez, inolaz ere ez. Pandemia gure artean daukagu oraindik, eta bere ondorioak nabariak dira aireko trafikoan, jarduera industrialean, kontsumoan… Merkatua nolabaiteko paralisi batean murgilduta dago eta, gainera, badago kontuan hartu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat: pandemiak hamar urte aurreratu ditu eraldaketa industrialaren eta egitura ekonomikoaren arloetan 2030erako egindako aurreikuspen guztiak. Testuingurua hori delarik, eta hainbeste iraultza-prozesu dauzkagun honetan, ez da unerik onena ez gurea bezalako enpresa batentzat eta ez beste inorentzat.

 

Badirudi Euskadik Europar Batasunaren “Next Generation” planeko laguntzetan oinarrituko duela epe labur-ertaineko susperraldiaren zati handi bat.  Arriskutsua iruditzen zaizu hori?

Ez zait gustatzen espektatiba faltsuak sortzerik, gauzak seriotasunez egin behar dira eta gure herriak beti erakutsi du badakiela gauzak ondo egiten, oinak lurrean jarrita. Ezin dugu ahaztu etorkizun gosez hazi den herri bat garela, larre motzekoa. Gure ahaleginari eta konstantziari esker hazi gara; ez daukagu baliabide naturalik, eta lan egitea besterik ez zaigu gelditzen. Eta horixe bera egin behar da orain ere, eszenatoki berrira egokitu behar dugu.

 

Eta nola egiten da hori?

 Beti bezala, ahalegin handiarekin, ondo prestatuz, lankidetzan jardunez eta, batez ere, pragmatismo handiz eta konfiantza sortuz.

 

Urte latzak datozkigu?

Urte oso latzak, bai. Mundua birmoldatzen ari da eta horrelakoetan ohikoa da ziurgabetasunak sortzea. Horregatik, datorkigun mundu berri horretara egokitzen asmatu behar dugu, eta kezkatu baino gehiago arazoa konpontzen saiatu. Seriotasunez egin behar da lan. Hau da, teknikoki sendoak diren proiektuei ekin behar zaie, ikuspegi estrategiko sendo batekin, eta funtsezkoa izango da geure buruarengan konfiantza izatea, zintzo jokatzea eta aberaskerietan ez erortzea.

 

Hasieran esan dugu Petronor-ek hidrogeno lantegi iraultzaile bat eraiki nahi duela Bilboko portuan, Euskadirentzat mugarri industriala izango dena eta erantzuna emango diona Europak planteatutako deskarbonizazioari, lehiakortasun industriala galdu gabe. Zein fasetan dago proiektu hori?

Lehenik eta behin, azter dezagun zergatik egin nahi den proiektu hau, eta zergatik erabakitzen den gure herrian kokatzea. Zergatik? Geografia biziki garrantzitsua delako posizionatzeko eta egitura ekonomiko bat finkatzeko orduan, eta Europaren kasuan askoz gehiago; eta Euskadi herrialde europarra da. Europarik gabe, ez daukagu etorkizunik. Atlantikoko horman kokatutako eskualde europar bat gara, beraz, aukera estrategiko garrantzitsua kontinentea eta penintsula lotzeko.

 

Eta zergatik erabaki duzue hidrogenoa balioan jartzea?

Europar Batasunak 2025erako planteatu duen deskarbonizazio-horizonte oldarkorrak argi erakusten duelako ezinezkoa izango dela helburuak lortzea portfolio osoa energia berriztagarrietan bakarrik zentratuz eta energia nuklearra baztertuz.  Gainera, guztiz kontraesankorra da, batik bat, erreparatzen badiogu Txinan, Estatu Batuetan edo Suedia bezalako herrialde eskandinaviar berdeetan egiten ari direnari, denek egin baitute energia nuklearraren aldeko apustua… Baina Euskadik, Alemaniak bezala, erabaki du aldagai nuklearra baztertzea, eta orain galdera honi erantzun behar dio: nola deskarbonizatzen dira industria-ehuna, industria kimikoa edo siderurgia lehiakorrak izan daitezen?  Guk uste dugu hidrogenoa eta erregai sintetikoak direla horretarako giltza. Berriztagarriek funtzio bat betetzen dute, baina estazionalitatearen arazoa daukate; hala, estazionala dena (energia eolikoa eta eguzki energia) egonkor bilakatu nahi dugu, segurtasun energetikoa bermatzeko. Horregatik, hidrogenoaren aldeko apustua egin nahi dugu industriarako energia iturri gisa.

 

Proiektu hau aurrera ateratzeko ezinbestekoa izango da Europar Batasuneko funtsek proiektuaren aldeko apustua egitea?

Enpresok ezin ditugu gure inbertsioak egin Batasunetik datozen funts edo dirulaguntzen arabera. Inbertsioak egin behar ditugu enpresen helburua delako lehiakorrak izatea eta, beraz, hidrogeno lantegiaren proiektu hau ez dugu planteatu birmoldatze-planean hala jasota dagoelako, baizik eta Petronor-ek mahai gainean zeukalako Espainian hidrogenoaren proposamena sortu aurretik, Europako Batzordearen ardatz estrategikoari jarraiki.

 

Nolako inbertsioa suposatuko du?

Hemen egiten bada, Euskadiren historiako inbertsio industrial handiena izango da.

 

Batzuek pentsa lezakete EBtik iritsitako funtsak txeke zuri bat direla…

Argi ibili behar da horrekin. Europak funts batzuk sortu ditu herrialdeei berroneratzen laguntzeko, baina diru hori itzuli egin behar da; ez da txeke zuri bat, eta errentagarritasuna eman behar du. Oker gaude pentsatzen badugu funts horiek izango direla lehengora itzultzeko behar dugun oxigenoa.

 

Trantsizio energetikoaren testuinguruan, eta kontuan izanik Europak uko egin diola energia nuklearrari, bide bakarra al da berritzea eta hidrogenoa, energia berriztagarriak eta gasa uztartzen dituen konbinazio bat bilatzea?

Ez, eta arrazoia oso sinplea da. Azken hamarkadetan izan ditugun ongizate estandarrak mantendu nahi baditugu, jarduera industriala behar dugu ezinbestean. Oinarri industrial hori gabe egungo ongizate estandarrak mantenduko ditugula pentsatzen duena edo zinikoa da edo inozo hutsa.

 

Lan arloan, gatazkak albiste izaten dira Euskadin gehiegitan. Nahiz eta ez dugun aurtengo daturik, 2019an azken hamarkadetan ikusi gabeko greba eta mobilizazioak ikusi ditugu. Zergatik gertatzen da hori zure ustez?

Ez nuke sartu nahi gai horretan. Dakidana da industrialki aurreratuak diren gizarteek lankidetza-marko bat behar dutela, konfiantza- eta egonkortasun-marko bat, eta hori ez dago alderdi bakar baten esku, baizik eta denon esku. Denok jokatu behar dugu erantzukizunez, eta denona da erabakia.  Hortik abiatuta, giza kapitala erabakigarria da niretzat.  Ez badago ongi prestatutako giza kapitalik, gai dena produkzioko gaitasun guztiak baliatu eta garatzeko, orduan industria ez da lehiakorra izango.  Eta zentzu horretan, indar sindikalek ere ulertzen dute -bai behintzat Europan- erantzukide izan behar dutela Europako industriaren lehiakortasunari eragiten dioten faktore guztietan.

 

Erakundeen zorpetzea da murrizketak saihesteko eta ekonomia suspertzeko modu bakarra?

Zorpetzeaz hitz egin baino nahiago dut hainbat datu mahai gainean jartzea, eta datu horiek diote, adibidez, Alemaniako trantsizio energetikoko proiektuek atzean dutela Alemaniako banku publikoa, Errepublika Demokratikoa Errepublika Federalean integratzeko prozesua kapitalizatu eta finantza arloko sostengua emateko sortu zena.  Denborarekin, trantsizio energetikorako banku bihurtu da. Bigarren datu bat: Batasuneko herrialde garrantzitsuenek darabiltzaten tresnak. Frantziak, esaterako, inbertsio estrategikoko funtsa dauka; Alemaniak, berreraikuntzarako banku publikoa; eta gauza bera Holanda eta Danimarkak ere… Herrialde horietan, sektore publikoak beti izan du plataforma bat finantzazko sendotasuna eta giharra emateko eta arrazoizko posizioak erdiesteko lehiakortasunaren garapenean.

 

Orduan?

Zorpetzea berez ez da ez ona, ez txarra. Kontua da zertarako zorpetu nahi duzun. Kiroldegi bat egiteko bada, ez zoaz bide onetik. Aldiz, zorpetu nahi baduzu gazteei prestakuntza emateko eta gai izateko enpresak sortzeko, orduan, aurrera.

 

Enpresak, baina ez ekintzaileak…

Ekintzailetzaren kontu hori ez zait gustatzen. Nahiago du enpresari izatea. Zergatik? Eibarko eskolan, Lanbide Heziketako zentroetan eta Peritu eskoletan ikasketa industrialak egin zituen jendeak eraiki duelako herri hau. Horrelako jendeak sortu ditu hemengo enpresak, beraz, sektore publikoak zorpetu egin behar badu testuinguru hori garatu eta ahalbidetzeko, orduan aurrera. Baina ez dadila izan bankari bihurtzeko.

 

Puntu horretan, behin eta berriro azaleratzen da zalantza. Nork ordaindu beharko luke zor hori? Komeni da galdera horri erantzungo dion zerga-erreforma bat egitea?

Ez naiz beldurtzen zerga-erreforma bat planteatzen denean, fiskalitatea estuki lotuta dagoelako koherentziarekin, erantzukizunarekin eta herriaren lehiakortasunarekin. Hori bai, ongi jakin behar da zertaz ari garen zerga-erreforma bat aipatzen denean. Lehenik eta behin, azpimarratzekoa da Europako zergak harmonizatuta daudela; bigarrenik, zergen helburua ez da dirua biltzea eta desjabetzeak egitea, baizik eta dirua birbanatzea eta gizartearen ongizaterako dinamika ekonomikoak sortzea. Beraz, jakin behar da sistema fiskala faktore estrategikoa dela herri baten lehiakortasunaren garapenean. Suedia, Danimarka eta Holandaren fiskalitateak eta erantzukidetasunak ez naute batere beldurtzen…

 

Petronor-en kasuan, Algortako 35 urteko ingeniari batek diseinatu du Bilboko Portuko hidrogeno lantegia. Euskadin talentua eta kalitatea badauzkagu, zergatik ez da behar bezala aprobetxatzen edo zergatik alde egiten du atzerrira?

Petronor-eko presidente naizen aldetik, niri ere badagokit herri honetako giza kapitala balioan jartzea. Bai hemen daukaguna eta baita ere kanpoan dabilena, niretzat gurea delako. Zer esan nahi du horrek? Ez dagoela distantzia geografikorik, proiektuak izan behar ditugula, eskuzabaltasunez jokatu behar dugula gazte horiek integratzeko eta ez dugula konplexurik izan behar. Eta badago beste faktore bat. Zer gertatzen da gazte bat atzerriko itzal handiko unibertsitateetan prestatu denean? Batzuek Euskadira itzuli nahi izaten dute, baina ikusten dute hemen betiko aurreiritziekin hartzen dituztela: “zertara dator sasijakintsu hau?” Zentzu horretan, eskuzabaltasunez jokatu behar dugu, eta proiektu erakargarriak eman behar dizkiegu gazteei. Eta hori lehen eskutik dakit, Petronor-en bertan ikusten dudalako: proiektu bat erakargarria denean, jendeak borrokatu egiten du proiektu hori lortzeko. Horregatik aldarrikatu nahi dut gure gazteen garrantzia. Aukerak ematen bazaizkie primeran erantzuten dute. Herri honetan jende paregabea daukagu, bultzada bat baino ez dute behar.

Lotutako albisteak

Ayesa  Digital  zibersegurtasun  poskuantikoa  industrian  txertatzeko  proiektu  baten  buru  da
12/05/2026 I+G+B

Ayesa Digital zibersegurtasun poskuantikoa industrian txertatzeko proiektu baten buru da

Enpresa Espainiako eta Latinoamerikako zerbitzu digitalen hornitzaile nagusietako bat da, eta Hazitek programak finantzatutako BAQURA proiektuan parte hartzen du.

CIMICOk  hondakin-uren  tratamendurako  teknologia  berritzaileak  eskaintzen  ditu

CIMICOk hondakin-uren tratamendurako teknologia berritzaileak eskaintzen ditu

Donostiako enpresak ingeniaritza, biologia eta digitalizazioa batzen ditu bere aplikazioetan

EXFAN  proiektuak  hegazkintzako  propultsioaren  eraginkortasuna  hobetzen  du
08/05/2026 I+G+B

EXFAN proiektuak hegazkintzako propultsioaren eraginkortasuna hobetzen du

Egile gipuzkoar konpainia EXFANeko kide da, erregai-piletan soberan dagoen beroa propultsiorako energia erabilgarri bihurtzeko ekimena.

Ormola,  kanpoko  argiteriarako  injekzio-moldeen  fabrikatzaile  europar  handiena
07/05/2026 I+G+B

Ormola, kanpoko argiteriarako injekzio-moldeen fabrikatzaile europar handiena

Azpeitiko enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta urtean negozioa % 15 handitzea aurreikusten du

Leire  Balzategui:  “Robotekin-en  erronketako  bat  robotika  eta  automatizazioa  enpresa  gehiagotara  eramatea  da,  batez  ere  enpresa  txiki  eta  ertainetara”
05/05/2026 I+G+B

Leire Balzategui: “Robotekin-en erronketako bat robotika eta automatizazioa enpresa gehiagotara eramatea da, batez ere enpresa txiki eta ertainetara”

Robotika eta Automatizazioko Euskal Elkartearen zuzendari nagusi berriak sektorearen ekosistema aktibatzearen, eragileen arteko lankidetza indartzearen eta teknologia horiek enpresa-sarera hurbiltzearen alde egin du.

iSenseDNA:  gaixotasun  neurodegeneratiboen  ondorengo  aldaketa  molekularrak  denbora  errealean  detektatzeko  nanosentsoreak
04/05/2026 I+G+B

iSenseDNA: gaixotasun neurodegeneratiboen ondorengo aldaketa molekularrak denbora errealean detektatzeko nanosentsoreak

CIC biomaGUNEk European Innovation Council (EIC) Pathfinder Open programak finantzatutako proiektu europar honetan parte hartzen du. Kontinentean merkatu berriak irekitzeko potentziala duten teknologia disruptiboak sustatzeko xedea du programa horrek.

Gallardo  Ingeniería,  prestazio  handiko  botilaratze-makinetan  liderra
30/04/2026 I+G+B

Gallardo Ingeniería, prestazio handiko botilaratze-makinetan liderra

Irungo enpresak urtero hogei instalazio inguru fabrikatzen ditu hamar bat elikagairentzat, ardotik hasi eta eztiraino

Grapheneak  grafenozko  nazioarteko  lidergoa  sendotu  du  Euskaditik
27/04/2026 I+G+B

Grapheneak grafenozko nazioarteko lidergoa sendotu du Euskaditik

Konpainia gipuzkoarrak aurrera egin du elektronika, biomedikuntza eta industriako aplikazio errealetan, hamarkada bat baino gehiagoko garapen teknologikoaren ondoren

Genelek  Sistemas-ek  energia-eraginkortasuna  eta  automatizazio  industriala  bultzatzen  ditu  Euskaditik
27/04/2026 I+G+B

Genelek Sistemas-ek energia-eraginkortasuna eta automatizazio industriala bultzatzen ditu Euskaditik

Konpainiak eraginkortasuna hobetzea, akatsak murriztea eta energia berriztagarrien integrazioan aurrera egitea ahalbidetzen duten sistemak diseinatzen ditu.

Sirom  proiektuak  satelite  eta  espazio-sistemen  konponketa  eta  mihiztatzea  urrunetik  ahalbidetzen  du
24/04/2026 I+G+B

Sirom proiektuak satelite eta espazio-sistemen konponketa eta mihiztatzea urrunetik ahalbidetzen du

Sener buru duen ekimenak interfaze robotiko estandarra garatzen du, kostuak murriztu, misioak sinplifikatu eta ahalmen berriak ahalbidetzeko, hala nola orbitako zerbitzua.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.