Agaleus

Agaleus: “Gure laguntzarekin, euskal industriak ingurumen-estandarrak eta iraunkortasun-helburuak betetzen ditu, eta horrek gero eta berritzaileago eta lehiakorrago bihurtzen du”

Enpresa bizkaitarra hondakinen kudeaketan espezializatuta dago, I+G+b proiektuak ditu eta SPRIren BIND 4.0 programan parte hartu du berriki.
-

Agaleus ingurumen-sektoreko enpresa bat da, Bilbon du egoitza, eta 35 urte baino gehiago daramatza hondakinen kudeaketan oinarritutako ekonomia zirkularrean lanean. 120 langile ditu, eta mota guztietako sektoreko enpresei ematen die zerbitzua, hala nola automobilgintza, makina-erreminta edo ehungintza. Xabier Caño CEOarekin eta Angela Fernández Agaleuseko zuzendari gerentearekin hitz egin dugu enpresaren lanaz, ekonomia zirkularraz, enpresaren azken proiektuez eta SPRI Taldearen BIND 4.0 programan parte hartzeaz.

Zer nolako lana egiten du Agaleusek? Zer garrantzi du ekonomia zirkularrak ingurumenarena bezalako sektore batean?

Xabier Caño: Bilbon sortu zen gure enpresa, duela 35 urte baino gehiago, eta oso eginkizun argia dugu; gure industriari zerbitzua ematea, hondakinen kudeaketaren bidez. Garbiketa industriala, hondakinen garraioa, eta garrantzitsuena: hondakin horiek balorizatzea eta kudeatzea, gure ezagutza aplikatuaren bidez. Hiru hamarkada baino gehiago daramagu gaur egun gizartearentzat ohikoa den kontzeptu baten alde egiten: ekonomia zirkularra. Gure laguntzarekin, euskal industriak ingurumen-estandarrak eta iraunkortasun-helburuak betetzen ditu, eta horrek gero eta berritzaileago eta lehiakorrago bihurtzen du. Euskal industriaren ezinbesteko partnerra gara, gure presentziarik gabe 2030era ez baikara iritsiko beharrezkoak diren helburuak beteta.

Ángela Fernández: Funtsean, gure azken bezeroa herritarrak dira. Pertsonok, gure bizimoduarekin, gure kontsumo-ohiturekin, garapen jasangarriko eta ingurumena zaintzeko helburu batzuei egin behar diegu aurre, eta horiek lortzeko taldean lan egin behar dugu. Eta enpresek ere, beste aktibo batzuek bezala, parte hartzen dute erabaki eta helburu horietan. Agaleusen industria-sektore guztiei irtenbidea ematen diegu: altzairugintza, automobilgintza, makina-erreminta, industria kimikoa, ehungintza, etab. Baina, jakina, etxeetan ere lan egiten dugu, etxean sortzen diren hondakin gehienei irtenbidea ematen baitiegu, eguneroko zaborrari adibidez.

Enpresak garrantzi handia ematen dio hurbileko birziklapenari. Zergatik da garrantzitsua? Zertan datza?

Xabier Caño: Zerbitzuen hurbiltasuna beti onuragarria da. Industriak irabazten du eta herritarrek irabazten dute. Lehenik eta behin, Europako legeriatik datozen oinarri batzuk daude, hurbiltasunaren eta autosufizientziaren inguruan. Hau da, hondakinak sortzen diren lekutik ahalik eta gertuen kudeatu behar dira, eta lurraldeek beren mugen barruan hondakin horiei irtenbidea emateko gaitasuna izan behar dute. Eta Euskadin, lan hori oso ondo egiten ari gara. Deskarbonizazio prozesuan dagoen gizarte batek ekintza kutsatzaileak saihestu behar ditu, hala nola materialak kamioietan garraiatzea, karbono-aztarnan duen eraginagatik. Eta ez hori bakarrik. Gizarte orekatu batek ez du onartu behar hondakinek errenta per capita eta baliabide gutxien dituzten lurraldeetara bidaiatzea.

Ángela Fernández: Euskal ekonomia eta Euskadi bezalako herrialde bat autosufizientea da eta autosufizientea izaten jarraitu behar du ingurumen arloan. Hondakinak baliabide bihurtu behar ditugu gure mugen barruan. Gure administrazioa erreferentea da Europa mailan ingurumen arloan. Mundu osotik bidaiatzen du bere esperientzia kontatuz, eta gure industria kontzientziatuta dago eta gizartearekiko ardura handia du .

Zer lan egiten du Agaleusek LOWCO2 eta REPAPEL proiektuetan? Zertan dautza?

Ángela Fernández: Gaur egun, I+G+b arloko hainbat proiektuetan parte hartzen dugu, milioi erdi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin; horien artean, HAZITEK programak finantzatutako LOWCO2 eta REPAPEL proiektuak daude. Proiektu horiek bat datoz gure ikerketa-ildoetako batekin, ekonomia zirkularrarekin eta, zehazkiago, hondakinen balorizazioarekin. Ildo hau gaur egun tratatzen ditugun hondakin-fluxuetara eta Euskadirentzat interes estrategikoa duten hondakin-korronte berrietara bideratuta dago.

Zehazki, LOWCO2 proiektuan 10 bazkiderekin eta 2 ikerketa-zentrorekin lan egiten dugu, CO2a isuri-iturrietatik harrapatzea, araztea eta hainbat aplikaziotan erabiltzea du helburu. Aplikazio horietako bat hurrengoa da: hiri-hondakin solidoen errauts hegalarien balorizazioa, eta proiektuaren arlo horretan parte hartzen dugu. Ildo horretan, garatzen ari garen tratamendu alternatiboari esker, gaur egun gure instalazioan tratatzen dugun hondakin-fluxua balorizatu ahal izango da, ekonomia zirkularra eta klima-aldaketaren murriztea bermatuz.

REPAPEL proiektuari dagokionez, orea eta papera fabrikatzeko industria-korronteetan dauden balio erantsi handiko konposatuak berreskuratzea eta erabiltzea du helburu, papergintzaren sektorean ekonomia zirkularra bilatuz. Proiektu honetan parte hartzen dugu, gaur egun gure instalazioetan lantzen ditugun korronteetatik haratago balorizazio-teknologiak garatzeko konpromisoa hartzen dugulako.

BIND 4.0 programan parte hartzeak zer onura ekar diezazkioke enpresari?

Ángela Fernández: Enpresa txiki eta ertainentzako BIND 4.0 ekimena abian jarri den lehen urtea da, eta guk ez dugu aukera galdu nahi izan enpresen eraldaketa digitala arintzeko aukera ematen duen programa honetan parte hartzeko, startup-ekin lankidetzan. Ildo horretan, Agaleusen zeharkako lan-ildo bat digitalizazioa da, eta ekimen honek sektorearen erronka berriei erantzuteko proiektuak gauzatzeko aukera ematen digu, erronka desberdinak planteatuz eta irtenbide espezifikoak sortzeko prest dauden teknologia berritzaileen merkatu batera sartuz. Cricular Thinking, gure mezuaz gain, gaur egungo enpresak behar dituen ezagutza eta lan-fluxu berriak ulertzeko modu bat da.

Programa honek aukera ematen digu guretzat berria den ekosistema batera sartzeko, hau da, startupez eta berrikuntza-enpresetaz osatutakoa. Gainera, teknologia disruptiboetan lan egiten dugu (adimen artifiziala, IoT, Big Data, etab.), gure sektorean aplikatuta etorkizun handia baitute eta negozioaren etorkizuneko beharrei erantzuteko aukera emango baitigute.

Horrelako ekimenek berrikuntzarako aparteko leiho bat irekitzen die erakundeko pertsonei, eta pozgarria da mundua eta gure industria alda dezaketen proiektuetan aktiboki eta elkarlanean parte hartzea.

Etorkizunari begira, zer asmo ditu Agaleusek?

Xabier Caño: Agaleusek apustu garbia egin du bere negozioa ekonomia zirkularraren esparrura bideratzeko. Gure lanaren jatorrian hondakin batean oinarritutako baliabide bat lortzen dugu, haren balio materiala eta energetikoa aprobetxatuz. Agaleusek planteatzen dituen proiektu guztiek zirkulartasun- eta aprobetxamendu-ikuspegi hori dute. Klima-aldaketaren murrizpenean laguntzeko gure modua da.

Gure egungo proiektu handiena Ortuellan ingurumena kudeatzeko planta bat da, 18 milioi euroko inbertsioarekin. Planta berri honek nukleo hori inguruko polo ekonomiko handienetako bat bihurtzen lagunduko du, ekonomia zirkularraren bidez, energetikoki eraginkorragoak diren balorizazio- eta tratamendu-prozesuekin, eta 4.0 teknologiak aplikatuz (digitalizazioa, fabrika adimenduna, IA, etab.).

Agaleusen lantegi berriak Ortuellan hasiko du bere jarduera 2025ean. Idom ingeniaritzaren diseinu kontzeptualarekin, La Barguilla industrialdeko 16.500 metro koadroko lursaila hartuko du plantak. Hazten ari den eremua da, enpresa eta proiektu berritzaileekin.

Lantegi horrek balio erantsia sortuko du komunitatean: enplegua, aberastasuna eta inguruneko industria biziberritzea. Ekonomia zirkularreko proiektu hau oso ilusionagarria da, eta bere kudeaketa- eta balorizazio-prozesuak lagungarriak izango dira CO2 isurketak eta kliman dituen ondorioak murrizteko, bai eta industriaren prozesu, produktu eta zerbitzuek bizi-ziklo osoan ingurumenean duten eragina minimizatzeko ere.

 

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko. Informazio gehiago Taldearen webgunean.

Lotutako albisteak

CO2Free,  Sacenek  urruneko  inguruneak  konektatzeko  eta  monitorizatzeko  erabiltzen  duen  azpiegitura  autonomoa

CO2Free, Sacenek urruneko inguruneak konektatzeko eta monitorizatzeko erabiltzen duen azpiegitura autonomoa

Bizkaiko konpainiak energia berriztagarria, telekomunikazioak eta sentsorizazioa azpiegitura garraiagarri bakar batean integratzen dituen kontrol-postu autonomo bat diseinatu du.

Lekolan,  produktuen  kalitatearen  aldeko  apustua  egiten  duen  Zestoako  galdarategia
15/10/2026 I+G+B

Lekolan, produktuen kalitatearen aldeko apustua egiten duen Zestoako galdarategia

Enpresak, SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntza jaso duenak, bere negozioaren % 3 I+Gra bideratzen du.

AR  Racking  enpresak,  biltegiratze  industrialean  espezializatuak,  bere  negozioaren  % 15  I+Gra  bideratzen  du
13/10/2026 I+G+B

AR Racking enpresak, biltegiratze industrialean espezializatuak, bere negozioaren % 15 I+Gra bideratzen du

Enpresak 60 herrialdetan baino gehiagotan du presentzia eta zibersegurtasun industrialeko programaren baitan SPRI Taldearen laguntza jaso du

Solargicek  eguzki-autokontsumoa  eta  birkarga  elektrikoa  uztartzen  ditu  trantsizio  energetikoa  bultzatzeko
09/10/2026 Ekintzailetza

Solargicek eguzki-autokontsumoa eta birkarga elektrikoa uztartzen ditu trantsizio energetikoa bultzatzeko

Bizkaiko enpresa EkoSpot garatzen ari da, elektrizitatea herritarrengana hurbiltzeko ekimena, eta Ekintzaile programaren babesa du.

The  Pulse,  adimen  artifizialaren  bidez  laneko  giroa  hobetzen  laguntzen  duen  startupa
07/10/2026 Ekintzailetza

The Pulse, adimen artifizialaren bidez laneko giroa hobetzen laguntzen duen startupa

Ekintzaile programaren bidez SPRI Taldearen laguntza jaso duen enpresa Txinara misio komertzial eta teknologiko batera joateko aukeratutako Europako 7 enpresetako bat da

AZTIk  itsas  ekosistemei  buruzko  ikerketa  arriskuak  aurreikusteko  tresna  bihurtzen  du
07/10/2026 I+G+B

AZTIk itsas ekosistemei buruzko ikerketa arriskuak aurreikusteko tresna bihurtzen du

Euskal zentro teknologikoak GES4SEAS proiektu europarra koordinatzen du. Proiektuak itsasoari eragiten dioten presioak batera aztertzeko eta ekosistemen kudeaketa hobetzeko soluzioak garatu ditu.

Bexen  Cardio,  Ermuko  enpresa,  da  desfibriladoreen  fabrikatzaile  bakarra  estatu  osoan
06/10/2026 I+G+B

Bexen Cardio, Ermuko enpresa, da desfibriladoreen fabrikatzaile bakarra estatu osoan

Konpainiak SPRI Taldearen laguntza jaso du Fast Track Innobideak programaren bidez, eta Madrilgo autobus-flotarekin kontraturik handiena lortu du

Revenant  hazi  egin  da  Europan,  industria-makinen  birmanufaktura  jasangarriaren  aldeko  apustuari  esker
02/10/2026 Ekintzailetza

Revenant hazi egin da Europan, industria-makinen birmanufaktura jasangarriaren aldeko apustuari esker

Bizkaiko enpresak ON Bizkaia 2026 sarietan 'Enpresa Berri Berritzaileen sorrera' sorrera jaso du.

AdosPharmak  osasun-soluzio  pertsonalizatuen  eta  prediktiboen  garapena  bizkortzea  du  helburu
02/10/2026 Ekintzailetza

AdosPharmak osasun-soluzio pertsonalizatuen eta prediktiboen garapena bizkortzea du helburu

Konpainiak, i+Medeko spin off batetik sortua eta osasun arloan biki digitalekin lan egiten duena, ROBIGELek proiektuan parte hartu du, Hazitek programaren laguntzarekin.

Cyber  Surgeryk  robotika  kirurgikoaren  belaunaldi  berria  bultzatu  du  Euskaditik
01/10/2026 I+G+B

Cyber Surgeryk robotika kirurgikoaren belaunaldi berria bultzatu du Euskaditik

Arlo teknologiko, kliniko eta industrialaren arteko lankidetzatik sortutako konpainiak ALAYA robota Espainiako ospitaleetan ezartzeko lanak sendotu ditu, eta nazioarteko hedapenerako lehen urratsak egin ditu.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.