Marta Areizaga.
Berrikuntza
Elkarrizketak 11 ekaina, 2020

Marta Areizaga: “Aliantzak funtsezkoak izango dira baliabideak bateratu, kostuak murriztu eta helburuak zabaltzeko”

FirstLehen aholkularitzako Marta Areizagak dio Enpresa-jasangarritasuna izango dela Euskadiren suspertze sozial eta ekonomikoaren ardatz nagusia
-

 

FirstLehen aholkularitzako Marta Areizagak dio Enpresa-jasangarritasuna izango dela Euskadiren suspertze sozial eta ekonomikoaren ardatz nagusia

 

Marta Areizaga eskarmentu profesional handiko zuzendaritza-kargu bat da, asko dakiena Enpresa-jasangarritasunari buruz. Bi hamarkada baino gehiago daramatza zuzendaritza-karguetan lanean teknologia, industria eta banaketa sektoreetako enpresetan, eta beti esaten du filosofia hori bektore erabakigarria dela enpresentzat, aberastu egiten dituelako inplikatutako alderdiak eta negozioa bera. FirstLehen aholkularitzaren sortzaile eta zuzendari nagusia, Erantzukizun Sozialeko emakumezko lehen zuzendaria izan zen Estatuan, eta berak ekarri zuen Nazio Batuen Munduko Ituna Euskadira. Ardura nagusi horretaz gain, unibertsitateko irakaslea, hainbat GKEtako boluntarioa eta Tubacex Fundazioko patronukidea da.

 

Zer egiten du, zehazki, FirstLehen bezalako aholkularitza batek?

Neurrira eginiko diagnostikoak egiten ditugu tamaina desberdinetako enpresentzat eta antolakunde zein administrazio publikoentzat, aztertzeko  nolako lotura duten Jasangarritasunarekin eta, batik bat, oinarritzat hartzen ditugu Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH), hau da, Agenda 2030 deitzen dugun hori. Gure zeregina da diagnostiko zehatz bat egitea,  jakiteko zein puntutan dagoen gizartea, ingurumena eta giza eskubideekiko errespetua bezalako gaietan, hau da, aztergaitzat hartzen dugu gobernu korporatiboarekin eta emaitza ekonomiko arrakastatsuarekin zerikusia duen guztia.

 

Eta nola dago Euskadi?

Oso ondo, esaten dena baino askoz hobeto, ez baita asko hitz egiten honi buruz. Jasangarritasuna izango da enpresei eta gizarteari aurrera egiten lagunduko dien aldaketetako bat, hori argi dago. Gelditzeko iritsi da, eta COVID-19ak ere ezingo du uxatu. Uste dut digitalizazioa eta jasangarritasuna izango direla eraldaketa lantzeko palanka garrantzitsuenak.

 

Horri buruz oso gutxi hitz egiten dugula diozunean, zer esan nahi duzu?

Asko kostatzen zaigula jardunbide egokiez hitz egitea, egintzat jotzen ditugulako. Egia da oro har gure enpresa-kulturak errespetu handiz tratatzen dituela gizartearekin eta ingurumenarekin lotutako arloak, baina ez dugu horri buruzko informaziorik zabaltzen. Pentsa zenbateraino den hori horrela, batzuetan ez dugula legeria bat behar izan gauzak egiten hasteko… Badaukagu ingurunea eta elkarrizketa errespetatzeko kultura bat,  funtsezkoa dena Jasangarritasuna garatzeko ez bakarrik enpresa barruan, baizik eta alderdi interesatu delakoen artean ere, dela kontsumitzaileak, lehiakideak, sektorea bera, gobernua, e.a.  Zentzu horretan, nahiko sare heldua daukagu, baina ez dugu ezer esaten horri buruz. Ez dugu esaten gauza asko egiten ditugula eta ondo gainera. Batzuetan, agian, lotsa ematen digulako. Primerakoak gara aginte-koadroak kudeatzen, eta horixe da antolakunde baten portaera etikoa edo soziala bezalako alderdi ukiezinak neurtzeko modu onena!

 

Askotan esaten da enpresaren jasangarritasuna marketin sozialaren sinonimo dela, “postureotik” hurbil dabilen zerbait… Oker gaude?

Uste dut gero eta gutxiago gertatzen dela hori; ongi ulertutako Jasangarritasunak fase desberdinak izan ditu, eta zorionez denek egin dute hobera. Egia da hasieran gehiago izaten zela GKE jakin bati edo kolektibo kaltebera bati diru pixka bat ematea, eta baliteke horrek lotura gehiago izatea marketin sozial delako horrekin (irudi ona saltzeko), baina uste dut gaur egun jasangarritasuna ardatz transbertsal bihurtu dela antolakunde guztietan, politika guztiak ukitzen dituelako, hasi produktutik eta komunikaziora, langileen eta ingurumenaren kudeaketatik pasatuz. Ez da soilik marketinarekin lotutako zerbait; beldurrak eta ziurgabetasuna nagusi diren ingurune honetan, funtsezkoa da konfiantza sortzea, eta esango nuke Enpresa-jasangarritasuna gelditzeko etorri dela.

 

Inbertsio-funtsak aspaldi hasi ziren joera hau markatzen…

Alderdi interesatuek esaten dietena integratzen hasi diren antolakunde eta enpresak, hau da, zer irabazten duten baino batez ere nola irabazten duten jakin nahi dutenak, indartuta aterako dira egoera honetatik, zalantzarik gabe. Zentzu horretan, inbertsio-funts guztiak aspalditik ari dira ESG (Enviromental, Social and Governance) izeneko aldagai gehiago eskatzen enpresei, haiekin lan egiteko edo enpresa barruan sartzeko.

 

Etorkizun horretan, enpresa edo antolakunde bat hobeto konponduko da zuzendaritzat emakume bat badu? Hau galdetzen dizugu duela gutxi argitaratutako azterlan batek -gobernuek krisiari eman dioten erantzuna neurtu duenak- ondorioztatu duelako erantzun onena eman duten herrialdeetatik zazpitan emakumeak zirela gobernu-buruak…

Uste dut talentuari erreparatu behar zaiola. Gainera, urrats bat harago joaten ari gara lidergo kontuetan, pertsonak eta antolakundeak lideratzeko gaitasunak gero eta lauagoa eta horizontalagoa izan behar duelako. Funtsean, kudeaketa-modu berri bat behar dugu, non komunikazioa berehalakoa, lasaia eta gardena izango den.  Eta egia da ezaugarri horiek oso lotuta egon direla beti emakumeen talentuarekin. Dena den, esan behar dut badaudela gizonezko apartak oso lider onak direnak, azken finean pertsona da garrantzitsuena.

 

Zure ustez, zer eskatuko digu krisi sozialak eta enpresarialak?

Batez ere, konfiantza eta aliantzak. Uste dut konfiantza funtsezkoa dela gizarteak eta ekonomiak ongi funtzionatuko badute. Konfiantza hori sendotzeko, gobernuek eta enpresek gardentasuna, komunikazioa eta kudeaketa zintzoa bultzatu behar dute. Zuhurki, eskuzabaltasunez eta sektore pribatuarekiko eta pertsonekiko enpatiaz jokatu beharko dugu. Eta konfiantza horretatik sortuko dira aliantzak. Agian lehenago inoiz imajinatu gabeko aliantza publiko-pribatuak, sektorialak, eskualde mailakoak… Aliantzak funtsezkoak izango dira baliabideak bateratu, kostuak murriztu eta helburuak zabaltzeko. Denbora batez sektore pribatuak lehentasunezkoa izan beharko du, eraikinari eusten dion zutabea delako. Proiektu publikoak (Osasuna, Hezkuntza…) sostengatuko dituzten zergak  nahi baditugu, sektore pribatu produktibo bat behar dugu, eta azken hilabeteotan sektore ia osoa geldirik egon da, inoiz ez bezala.

 

Badago errezetarik ziurgabetasun garai honi aurre egiteko?

Esaerak dioen bezala, ez dugu kezkatu behar, ardura hartu behar dugu. Eta beti lan egin helburu argi eta zentzudun batekin. Uste dut ezinbestekoa izango dela ingurunera egokitzea. Aztertu beharko da zein premia sortzen diren (segurtasuna, osasuna, elkartasuna, jasangarritasuna…) eta zeintzuk diren premia horien atzean dauden kolektiboak. Eta horren arabera, produktuak eta kanalak egokitu. Argi gelditu da digitalizazioa oinarri-oinarrizko premia bat dela, bai telelanerako eta baita ere lehentasunezko salmenta-kanal bat izateko nahiz hezkuntza etxetik jasotzeko. Guztiak dira zutabe garrantzitsuak gure gizartean.

 

Nahiz eta emakumeek lorpen asko iritsi dituzten mundu osoko panorama politiko, sozial eta ekonomikoan, munduko liderren % 7 bakarrik dira emakumeak…

Astiro doan aldaketa bat da, baina badoa. Adibidez, emakumeek dagoeneko badute presentzia administrazio kontseiluetan eta zuzendaritza-postuetan. Axola zaiguna talentua da, datorren lekutik datorrela ere, baina uste dut oraindik indarra egin behar dugula emakumeok toki guztietara iritsi gaitezen. Gizarte batek ezin du talentua baztertu. Duela ia ehun urte ez genuen boto eskubiderik, duela berrogeita hamar ezin genuen kontu korronte bat ireki… Harrigarria da mundu mailako arlo publikoan % 7 bakarrik izatea emakumeak, eta enpresa kotizatuetako administrazio kontseiluetan, berriz, % 30 inguru. Harrobia badago, eta garrantzitsua da hori detektatzen jakitea eta babestea.

 

Datozen hilabeteetara begira, hobe da bidelagunekin eta urrun iristea ala bakarrik baina azkarrago ibiltzea?

Beti da hobe bidelagunak izatea. Bakarrik doana azkar nekatzen da. Gainera, inork ezin ditu zaindu alderdi guztiak. Lantaldeak sortu behar dira elkar osatzen duten pertsonekin, are gehiago diziplina anitzak dauzkagunean: arlo digitala, pertsonak, jasangarritasuna, etika, produktibitatea, nazioartekotzea, finantza arloa, berrikuntza… Badago inor hori guztia egunero kontrolpean izan dezakeenik? COVID-19aren esperientziak zerbait erakutsi badigu izan da, diziplina akademikoez edo expertise delakoaz gain, gai izan behar dugula orobat egokitzeko, malgutasunez jokatzeko, epe laburrean erabakiak hartzeko eta pentsamendu globala izateko, ez bakarrik nire enpresarena. Enpresa ez da izaki isolatu bat, izaki ekonomikoa da, baina baita ere soziala eta politikoa, eta hartzen dituen erabakiek eta aberastasuna sortzeko moduak eragina dute inguruko guztian. Gure motorra da eta ahalik eta osotuena izan behar du. Horregatik dira aliantzak funtsezkoak.

 

Egun hauetan mantra bat bezala errepikatzen da krisi hau amaitutakoan gizarte kontzientziatuago bat izango garela. Benetan uste duzu erantzukizun sozial handiagoa izango dugula, jasangarriago bihurtuko garela eta benetako eredu aldaketa bat etorriko dela?

Uste dut eredua aldatzen ari zela lehendik ere, eta baliteke COVID-19ak prozesua atzeratzea, baina ez du aldatuko. Jasangarritasuna gelditzeko iritsi da, digitalizazioa bezalaxe. Orainaren eta etorkizunaren eraldatzaile handiak dira. Hala markatzen du legeriak, eta gizarteak ere bai. Uste dut iritsi dela gaztelerazko “5 ese” deitzen diren horien garaia: bata da “Elkartasuna” hurbil dugunarekin eta maila lokalarekin, dela pertsona, saltokia, produktua, hornitzailea… Beste bat da “Segurtasuna”, ardatz garrantzitsua izango dena langile, kontsumitzaile, enpresa nahiz gizarte gisa. Berehalako segurtasuna behar dugu, baina baita ere epe ertainekoa. Beste bat “Osasuna”, ohartu garelako lehentasunezkoa dela. Osasuna zaindu egin behar da, hasi arlo pertsonaletik eta enpresara, gizartera zein arlo kolektibora. Hor dugu baita ere “Gizartea”, hau da, pertsonak. Geu gara edozein proiektu eraldatzen duen ardatza. Geu gara motorra. Ikusi dugu gaitzarengandik hurbilen egon diren osasun arloko langileekin, baina edozein proiektutan ere ikusten da. Proiektuak aurrera ateratzen dira, motibazioaren, talentuaren eta lanaren arabera. Eta, azkenik, “Jasangarritasuna”, etorkizuneko belaunaldiak zaintzea orainaldiko baliabideak zainduz. Pertsonak, ingurumena, gobernu zuzena, giza eskubideak…  Denak dira giltzarriak pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten aldagaiak errespetarazteko. Horixe da etorkizuna.  Pertsonok gara benetako inbertsioa, hots, gure talentua eta sormena. Geu gara kateko espezie gorena, aipatu ditugun ezaugarri guztiengatik. Eta ezaugarri horiek sustatu behar ditugu edozein atakatatik onik irteteko.

 

Lotutako albisteak

Perihortz,  berrikuntzan  nagusi  mekanizazio  soluzio  azkarragoak  eta  pertsonalizatuagoak  eskaintzeko
15/10/2025 Berrikuntza

Perihortz, berrikuntzan nagusi mekanizazio soluzio azkarragoak eta pertsonalizatuagoak eskaintzeko

Gipuzkoako enpresak, planopeko eta material-sorta zabal baten erakustokiaren gainean mekanizazioan espezializatua, bost ardatzeko makina berri bat gehitu du, eta fabrikazio gehigarriaren aldeko apustua ere egin du.

Gamesa:  «Lideratzea  ez  da  gainetik  egotea,  alboan  egotea  da»
13/10/2025 Berrikuntza

Gamesa: «Lideratzea ez da gainetik egotea, alboan egotea da»

María José Bidaurretak 1986an Beasainen sortutako ETE baten bigarren belaunaldia zuzentzen du, eta gaur egun erreferentea dira industriako hornikuntzetan

Modelos  Arnon-en  prototipoak,  metal  urtuzko  piezak  lortzeko  oinarria
07/10/2025 Berrikuntza

Modelos Arnon-en prototipoak, metal urtuzko piezak lortzeko oinarria

Gipuzkoako enpresak egur, poliestireno edo erretxinazko prototipoak ekoizten ditu, eta funtsezkoak dira makina-erreminta, automobilgintza edo ontzigintza bezalako sektoreentzat.

TECCI,  zirkuitu  inprimatuak  elektronikarako  neurrira  fabrikatzen  dituen  Gipuzkoako  ETEa
03/10/2025 Berrikuntza

TECCI, zirkuitu inprimatuak elektronikarako neurrira fabrikatzen dituen Gipuzkoako ETEa

Enpresak SPRI Taldearen Industria Digitala programaren dirulaguntza jaso du, eta 3,5 milioi inbertitu ditu bere modernizazio-estrategian.

Asier  Aguirrebeña  (Alfa  MIMtech):  “MIM  teknologiak  aukera  ematen  digu  prestazio  handiko  pieza  konplexuetan  berrikuntzak  egiteko”
30/09/2025 Berrikuntza

Asier Aguirrebeña (Alfa MIMtech): “MIM teknologiak aukera ematen digu prestazio handiko pieza konplexuetan berrikuntzak egiteko”

Eibarko enpresak pieza metalikoak Metal Injection Moulding teknologiaren bidez fabrikatzen espezializatuta dago, eta “giltza eskura piezaren diseinutik azken entregara arteko” soluzioak eskaintzeko duen malgutasun produktibo handiagatik nabarmentzen da.

Teslec,  azpiegitura  kritikoak  argitzen  dituen  kablerik  gabeko  berrikuntza
29/09/2025 Berrikuntza

Teslec, azpiegitura kritikoak argitzen dituen kablerik gabeko berrikuntza

Bizkaiko enpresak kable ikusgairik gabeko argiak diseinatu eta instalatzen ditu, indukzio elektromagnetikoan oinarrituta, segurtasuna hobetzeko eta mantentze-lanak murrizteko.

Dryfing-ek  neoprenozko  jantziak  modu  jasangarriagoan  eta  eraginkorragoan  garbitzen  dituen  “vending”  makina  bat  garatu  du
22/09/2025 Berrikuntza

Dryfing-ek neoprenozko jantziak modu jasangarriagoan eta eraginkorragoan garbitzen dituen “vending” makina bat garatu du

Arabako enpresak material teknikoaren garbiketa, lehorketa eta desinfekzioa automatizatzen du surfeko eta urpekaritzako zentroetan eta laster suhiltzaileen parkeetan "Dryfing Sua" produktu-linea berria eskainiko du.

Txikitok  euskal  transmedia  narratiba    berrikuntza  digitalaren  bitartez  bultzatzen  du
17/09/2025 Berrikuntza

Txikitok euskal transmedia narratiba berrikuntza digitalaren bitartez bultzatzen du

Euskal konpainiak Bilboko sinbolo tradizional bat tradizioa, teknologia eta entretenimendua uztartzen duen ‘unibertso’ sortzaile bihurtu du.

Iraunkortasunaren  aldeko  apustua  egin  du  Equipel  enpresak,  trantsizio  energetikoa  bultzatzen  duten  erdi-tentsioko  gelaxkekin
16/09/2025 Berrikuntza

Iraunkortasunaren aldeko apustua egin du Equipel enpresak, trantsizio energetikoa bultzatzen duten erdi-tentsioko gelaxkekin

Konpainia bizkaitarrak 200 gelaxka baino gehiago fabrikatu ditu azken urtean, teknologia garbia eta ingurumena errespetatzen duena, SF6rik gabe.

Ojmarrek  pilarik  eta  kablerik  gabeko  lehen  ‘smart  lock’-a  sortu  du
03/09/2025 Berrikuntza

Ojmarrek pilarik eta kablerik gabeko lehen ‘smart lock’-a sortu du

Eibarko enpresa, itxiera-sistema adimendunetan espezializatua, 80 herrialdetan baino gehiagotan dago. Iaz 22 milioi eurotik gorako fakturazioa izan zuen.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.