Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

22 ekaina, 2021
Garatea Altzariak: “Mugikortasun-murrizketen ondoren, etxea zaintzearen garrantzia baloratzen ikasi dugu”

Garatea Altzariak-en, Gizaburuagako Okamika Industrialdean kokatuta, lortu dute etxerako altzariak neurrira diseinatu, fabrikatu eta muntatzeko edozein proiektu pertsonal gauzatzea. Gela guztietarako konponbideak eskaintzen dituzte teknologia aurreratuak baliatzen dituzten diseinu- eta produkzio-tekniken bitartez.
Garatea Altzariak elkartearen belaunaldi-erreleboa Gizaburuaga eta Lekeitioko erakustokian

Garatea Altzariak enpresak 18 urte daramatza Gizaburuagako Okamika Industrialdean. Bizkaia Sortaldeko Industrialdea, S.Ak babestutako eta Sprilur-ek (SPRI Taldea) eta Mallabia, Zaldibar eta Ermuko udalek partaidetutako industrialde hori enpresa tradizio handiko ingurune ezin erakargarriago batean dago, eta bertan kokaturik daude Lea Artibaiko Mankomunitateko prestakuntza teknikoko eta lanbide heziketako ikastetxeetatik sortutako hainbat enpresa.

Garatea Altzariak-en lortu dute etxerako altzariak neurrira diseinatu, fabrikatu eta muntatzeko edozein proiektu pertsonal gauzatzea. Gela guztietarako konponbideak eskaintzen dituzte teknologia aurreratuak baliatzen dituzten diseinu- eta produkzio-tekniken bitartez. Kalitatezko materialak erabiltzen dituzte, asko irauten dutenak, eta fintasun handiz zaintzen dute diseinua.

Elkarrizketa honetan, enpresako bazkide eta jabe den Iñigo Garateak Garatea Altzariak-en hastapenez hitz egin digu, eta azaldu digu nola eboluzionatu duen bere jarduerak, zeren sukaldeak soilik fabrikatzetik etxeko edozein gelatarako neurrira eginiko altzarien diseinu, fabrikazio eta muntaketara igaro baitira. “Mugikortasun-murrizketek gure bizitza denbora-tarte luze batez baldintzatu ondoren, etxea zaintzearen garrantzia baloratzen ikasi dugu, eta gure beharretara egokitutako espazio goxo eta eroso bihurtu dugu”, kontatu digu.

 

Noiz sortu zen Garatea Altzariak , eta noiztik zaudete Industrialdea de Okamika instalatuta?

Garatea Sukaldeak 1990ean Lekeition sortutako familia-enpresa bat da. Hasieran “Zuekin” eta “AREA4” enpresen altzariak muntatzen genituen, eta konponketa txikiak egiten genituen etxe partikularretako sukaldeetan.

Orain, 31 urteotan bildutako esperientziari esker, eta enpresan belaunaldi erreleboa egin ondoren, neurrira eginiko etxerako altzariak diseinatu, fabrikatu eta muntatzen ditugu 2003tik Gizaburuaga industrialdean dugun pabilioian.

Era berean, Erakusketarako eta publikoaren arretarako lokal bat dugu Lekeition, gure lanen hainbat adibide ikusgai jartzeko: sukaldeak, haur nahiz helduentzako logelak, bainugelak, egongelak eta altzari osagarriak ere bai.

‘merezi du gure bizitzan hain garrantzitsua den
toki pertsonal horretan inbertitzea’

 

Toki idilikoa dirudi lanerako, hori lagungarri da zuen proiektuen amaierako emaitzan?

Gure kasuan, makina eta instalazio espezifiko eta aproposak behar ditugu egiten dugun produkzio lanerako. Okamika Industrialdeko pabilioi honek horretarako baldintza guztiak betetzen ditu, sarbideei, tamainari eta baliabide teknikoei dagokienez. Gure lana baldintza horietan eta Okamika Industrialdeak eskaintzen duena bezalako ingurune natural batean egin ahal izatea pizgarri bat da guretzako, kontzentrazio-giroa eta halako lasaitasun bat ahalbidetzen dituelako.

 

Lea Artibai aberatsa da lehengaietan. Zein material erabiltzen dituzue nagusiki altzariak fabrikatzeko? “Made in Euskadi” materialak dira?

Ia hasieratik ari gara lanean gure hornitzaile zorroan dauzkagun enpresekin. Zurezko taulen lehengaiari dagokionez, eta gure sektorearen ezaugarri espezifikoak direla eta, ezin dugu jo EAEko fabrikatzaileengana. Baina hori bai, Bizkaian kokatutako hornitzaileak aukeratzen ditugu, Estatuko enpresen kalitatezko produktuak eskaintzen dizkigutelako eta konfiantzazko tratu hurbila ematen digutelako. Ez genuke halakorik izango zuzenean kontsumituko bagenu Estatuko enpresa horietatik.

Gure altzariak fabrikatzeko behar ditugun gainerako produktuak ere Bizkaian kokatutako enpresetatik datoz gehienbat, eta baita ere makinak eta tresneria konpontzeko zerbitzuak. Gure ustez garrantzitsua da Euskadiko enpresa-sarea baloratzea, zaintzea eta haren aldeko apustua egitea.

 

Baduzue baita ere furgonetak ekipatzeko lan-ildo bat. Oso itxura ona du. Nola sortu zen eta zein dira bere abantailak?

Bidaiatzeko modu horren inguruko motibazio eta zaletasun pertsonaletik sortu zen ideia, urteak baitaramatzagu furgonetan edo autokarabanan mugitzeak dakartzan aukerez gozatzen. Urte hauetan izan ditugun ibilgailu propioak “kanperizatu” ditugu, eta ikusirik sektore gorakor horrek bazuela zerikusia gure jarduerarekin, erabaki genuen horrelako ibilgailuentzako altzariak fabrikatzeko lan-ildo berri hau irekitzea. Hala ere, une honetan lan-zama handia dugu etxeko altzarien lan-ildoan eta erabaki dugu ildo horri lehentasuna ematea; etorkizunean berriz hasiko gara ibilgailuentzako altzariak fabrikatzen, egoerak horretarako aukera ematen badu.

 

Gaur egun zein dira Garatea Altzariak-en gehien eskatzen dizkizueten proiektuak edo altzariak? Bakarren bat nabarmenduko zenuke berezia edo orijinala izateagatik?

 Gure produktu izarra sukaldeak izaten jarraitzen dute, bai etxebizitza berrietarako eta baita ere lehen nahiz bigarren etxebizitzak birmoldatzeko. Halere, belaunaldi erreleboa egin ondoren abiatutako lan-ildo berriek oso harrera ona izan dute, eta badaude gure bezeroen artean arrakasta handia duten beste produktu batzuk, esaterako, neurrira eginiko armairuak edo logela osoak.

Hain zuzen, txapitula-erako armairuak gure indarguneetako bat dira, ez baitago gure inguruan etxebizitza edo gela zehatzen ezaugarrietara egokitutako konponbide hain espezifikoak egiten dituen fabrikazio propioko beste enpresarik. Adibidez, Alde Zaharreko etxebizitzek egitura, forma eta neurri bereziak dituzte, eta merkatuko altzari aurrefabrikatu estandarrek ez dute balio horrelakoetarako.

 

Nola eragin die pandemiak zuen lanari, eskaerari eta oro har altzarigintzako kontsumo ohiturei?

 Esan bezala, uste dugu egoera berri honek balio izan digula ikusteko zein garrantzitsua den gure etxea gure gustu eta beharretara egokitutako espazio bihurtzea, aukera eman diezagun etxean igarotzen dugun denboraz gozatzeko bakarka, familian edo lagunekin.

Belaunaldi erreleboa hartu eta urtebetera astindu gintuen pandemiak eta, beraz, une latzak izan ziren, ziurgabetasun handikoak. Baina aurrera jarraitu dugu ahalegin eta ilusio handiz eta, momentuz, bezeroen erantzuna oso ona izan da.

Espero dugu osasun egoerak hobera egiten duenean eta mugikortasun-murrizketak gutxitzen doazen heinean, etxeak atseden hartzeko eta norbere gozamenerako espazio goxo izaten jarraituko duela, espazio fisiko soiletik harago.

Gure etxea bizipen pertsonalez, familiarrez… betetako espazio bat da, gure premiekin batera aldatzen eta eboluzionatzen doana bizitzan zehar. Horregatik, uste dugu merezi duela gure bizitzan hain garrantzitsua den toki pertsonal horretan inbertitzea.

Azpiegiturak 19 urria, 2021
HRE Hidraulic, 40 urte berritzen eta eboluzionatzen

  HRE Hidraulic enpresa industrial bitxi bat da: bere negozioaren % 30 inguru ikastetxe eta...Irakurri gehiago

Azpiegiturak 6 urria, 2021
Sprilur-ek azkartu egin du Burtzeña Enpresa Parkearen birgaikuntza-prozesua

Sprilur-ek (SPRI Taldean integratutako eta Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari...Irakurri gehiago

Azpiegiturak 8 iraila, 2021
Aurrelan, Europako iparraldean hazteko planak dituen automatizazio enpresa

Aurrelanek, duela 30 urte sortutako enpresak, Aretxabaletan du bere egoitza eta 15 langile inguru...Irakurri gehiago

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?