Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 25 urtarrila, 2022 Zibersegurtasuna Energia Enpresa Zibersegurtazuna programa

Zigor Corporación, etengabeko berrikuntza energia-hornikuntza bermatzeko

Gasteizko enpresa honek SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialerako programaren laguntza jaso du eta bere salmentak bikoizteko asmoa du
Iñigo Segura, Zigor Corporación enpresako kontseilari delegatua.

 

Gasteizko Zigor Corporación enpresak etengabe hazten jarraitzen du. Bere berrikuntza teknologikoen bidez energia-hornikuntzaren egonkortasuna bermatzen duen konpainia hau Iberdrola eta Schneider bezalako multinazionalen goi-mailako kalitatezko hornitzailea da, eta, bere aurreikuspenen arabera, salmentak bikoiztuko ditu aurten.  Konpainiak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntza jaso du.

 

Zigor Corporación 1995ean jaio zen, energia elektrikoa baterietan biltegiratzeak izan zitzakeen aplikazio eta erabilpenekiko interesak bultzatuta. “Juan Celayak –Cegasa enpresaren jabeak– eta Saft bateria fabrikatzaile frantsesak sortu zuten elkarren artean. Enpresaren lehen produktua azpi-estazio elektrikoetarako baterien artezgailu-kargagailuak izan ziren: sistema horiek ekipo osagarriak eta kontrolerako ekipoak elikatzen zituzten sarea erortzean edo mantenimendu lanak egitean, eta  korronte zuzena baliatzen zuten horretarako, elikadura segurua izan zedin”, azaldu du Iñigo Segurak, Zigor Corporación enpresako kontseilari delegatuak.

 

Bi enpresen arteko joint venture harremanak hainbat urtez iraun ondoren, Juan Celayak erabaki zuen bakarka jarraitzea abentura harekin, eta orduan sortu zen “Zigor, produktuak fabrikatu eta merkaturatzen zituen enpresa bat bezala. Harrezkero, baterien biltegiratze-sistema desberdinen erabilpenak lantzen jarraitu du”.

 

2008ko krisi ekonomikoak –eta sektore honek bereziki bizi izan zuenak energia-primen murrizketarekin– egoera zailean utzi zuen enpresa, batez ere kontuan izanik nazioartean zabaltzeko inbertsio handi bat egin berri zegoela. “2015ean bazkide berri bat sartu zen, ZGR International, eta horri esker lortu zuen enpresak zulotik ateratzea”. 2016an Juan Celaya hil eta gero, ZGR International enpresak oinordekoen akzioak erosi zituen eta jabetzaren gehiengoa bereganatu zuen. “Ni enpresan sartu nintzenean gertatu zen aldaketa handiena, hiruzpalau urteko epean dena berregituratu baikenuen: prozesuak, zuzendaritzaren kultura, produktu-gamaren berrikuspena eta konpainiaren estrategia ere bai”.

 

Horren guztiaren fruituak 2020an heldu ziren, produktuen katalogo berrituarekin eta barneko kultura eta prozesuen eraldaketarekin, dio Iñigo Segurak. “Pandemiak hainbat gauza izoztu zituen, baina aukera eman zigun hazteko: 2021ean, salmentak %20 handitu ziren, Ebidta %60 eta bezeroei eginiko eskaintzen bolumena %300-400”.

 

Zigor Corporación enpresak hiru sektoretan egiten du lan. Lehena energiarena da, batik bat fotovoltaikoan eta balizko aplikazio guztietan zentratuta: sorkuntza lantegiak, auto-kontsumo sistemak industriarako zein etxeetarako, mikro-sareak eta biltegiratzea sorkuntzan zein erregulazio zerbitzuetan laguntzeko, etab.

 

Bigarren sektorea sare elektrikoak dira, eta bezerotzat ditu argindar enpresa handiak. Elikadura-iturri gama zabala eskaintzen die korronte zuzeneko bateriekin, horrela azpi-estazioen hornikuntza bermatzeko. Gainera, biltegiratze-sistemak garatu eta instalatu dituzte argindarraren banaketa-sareak erregulatzeko zerbitzuetarako, eta aplikazio berri horrek garrantzi handia hartu du argindar enpresen artean, litioa erabiltzen duelarik biltegiratze-teknologia eraginkorrago bezala.

 

Eta hirugarren sektorea industria da. Helburua da “kalitate handiko argindarra ematea, tarteka sarean agertzen diren gorabehera edo etenik gabea, eta ez soilik etenik gabeko elikadura sistema konbentzionalen (UPS) bidez –kasu horietan bulego eta etxeetarako–, baizik eta kontsumitzaile industrial handientzako sistema berezien bidez ere bai (SEPEC)”.

 

Sistema propioa

Zigor enpresak sistema propio bat asmatu du argindar sareko tentsio-tarteen (iraupen laburreko tentsio beherakadak) arazoa konpontzeko. “Tentsioaren erregulagailu dinamikoak dira; ez dute bateriarik eta horri esker lortu dugu hornikuntza globalerako kontratu bat Schneider enpresarekin”.  Kontratu hori izan da hain zuzen iazko salmenten hazkundearen iturri nagusietako bat.

 

Konpainia harro dago bere lehen mailako bezeroekin, euren artean baitaude Mercedes, Renault, Abbott (farmazeutika) edo hainbat zentro logistiko. “Gu gara Mercadona katearen etenik gabeko elikadura sistema industrialen hornitzaile bakarra. Bezero horiek izateak kalitatezko zerbitzu sendoa eskaintzera behartzen zaitu, gure ekipoak prozesu kritikoetarako erabiltzen baitira. Sareak huts egiten duenean guk ere huts egiten badugu, enpresak gelditu egin behar izaten du”.

 

Iaz 10 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, %20ko hazkundearekin, eta aurten fakturazio hori bikoiztea espero du, 20 milioi eurora iristeraino, energia arloak izango duen hazkunde handiari esker nagusiki. 86 langile ditu plantillan. Milioi bat euro inguruko inbertsioak egin ditu, eta negozio zifraren %8 baino gehiago I+G+B-ra bideratzen da.

 

SPRI Taldeak zibersegurtasun industrialerako programaren bidez emandako laguntzarekin, konpainiaren eta bere produktuen babesa sendotzeko proiektu bat garatu dute. “Izan ere, gure bezeroak gutxieneko zibersegurtasun maila batzuk eskatzen hasi dira”. Proiektua garapen fasean dago oraindik, “baina helburuen %39 beteta dago dagoeneko, eta aurten amaitzeko asmoa dugu. Helburua da zibersegurtasun sistemei dagokien ISO ziurtagiri berria lortzea. SPRIren laguntza funtsezkoa izan da”.

 

Iñigo Segurak nabarmendu du erosketen arloa “gai izan dela entrega guztiak egiteko hutsik egin gabe, nahiz eta salmentak izugarri igo diren eta haustura eta atzerapen handiak gertatu diren hornikuntza-kateetan. Eta kostu materialak nabarmen handitu diren garai honetan guk %0,4 murriztea lortu dugu”.

 

Erronka garrantzitsuenak dira “omikron bukatzea eta hornikuntza-katearen arazoak konpontzea. Asmoa da normaltasunera itzultzea udarako eta energia arloko salmentak bultzatzea. Produktuaren garapenari dagokionez, merkatura aterako ditugu eguzki-energia inbertitzaile zentral berri bat (horrela deitzen zaio energia bihurgailuari), biltegiratze-sistema berri bat, elikadura-iturri berriak Iberdrolarentzat eta DC/DC bihurgailuak hidrogeno berriztagarria sortu eta biltegiratzeko”.

 

Horrez gain, helburutzat dute produktibitatea hobetzea eta I+G-rako gaitasunetan inbertitzea.

Lotutako albisteak

26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Telekomunikazioen, zibersegurtasunaren eta cloudaren arloko berritasunak erakutsiko dituzte maiatzean 130 enpresak baino gehiagok
Irakurri gehiago
26 apirila, 2024 Zibersegurtasuna
Babestu zure enpresa zibererasoetatik Enpresa Zibersegurtasuneko dirulaguntza berriei esker
Irakurri gehiago
10 apirila, 2024 Arrisku-kapitaleko funtsak
Nymiz-ek 2,8 milioi euro biltzen ditu Swanlaab-ek zuzenduta, datuen pribatutasuna sustatzeko AI sortzailearen garaian
Irakurri gehiago
8 apirila, 2024 Zibersegurtasuna
Irontec enpresen komunikazioak, software ingeniaritza eta zibersegurtasuna sustatzen ditu
Irakurri gehiago
7 Marzo, 2024 Zibersegurtasuna
Sernivel3 Groupek autobide digital ziberseguruak eraiki ditu enpresa eta erakundeentzat
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak