Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 24 Azaroa, 2022 Zibersegurtasuna Zibersegurtazun industriala programa

Jegan, langileen jabetzakoa den eta automobilgintzarako segurtasun handiko piezak fabrikatzen dituen ETEa

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntza jaso duen enpresa gipuzkoar honek helburutzat dauka Estatuko merkatuan haztea
Ezkerretik eskumaldera, Gorka Aizpitarte, Koldo Sánchez, Kepa Ibarzabal eta Elisa Azkarate.

Jegan Itziarren (Gipuzkoa) kokatutako enpresa bat da, 64 langile ditu, horietatik 40 bazkideak eta kudeatzaileak, eta bere negozio nagusia da automobilgintzarako segurtasun handiko piezak fabrikatzea. Nazioartean oso zabalduta dagoen enpresa honek gainerako enpresa gehienek nahi dutenaren kontrakoa nahi du, alegia, gehiago haztea Estatuan. Konpainiak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.

Enpresa hau 1972an sortu zen Mutrikun (Gipuzkoa) Juan Egaña izenarekin. Garai hartan publizitateko artikuluak fabrikatzen zituen, esaterako, giltzatakoak edo pinak. 1991n lurra jo ondoren, langileek hartu zuten konpainiaren ardura; izen berri bat (Jegan SAL) eman zioten eta jarduera berri bat (automobilgintza sektorerako piezen fabrikazioa) garatzen hasi ziren.

“Hasieran Eibarren geunden, eta 1995ean Itziarrera joan ginen leku gehiago behar genuelako. Eibarko lantegiarekin jarraitzen dugu, izan ere, hantxe utzi ditugu bainu elektrolitikoak, eta Itziarren, berriz, galdaketa-lanak egiten ditugu” azaldu dute Gorka Aizpitarte zuzendari nagusiak, Elisa Azkarate finantzetako zuzendariak, Kepa Ibarzabal lantegiko zuzendariak eta Koldo Sánchez IT arloko zuzendariak.

Jegan-ek hazten jarraitu du, azken bi hamarkadetan bi zabalkuntza eginaz bere instalazioetan, eta beste sektore batzuetan ere sartuz.

Bete-beteko zerbitzua

Konpainiak bete-beteko zerbitzua eskaintzen die bere bezeroei. “Bezeroek pieza esklusiboak egiteko planoak ekartzen dizkigute. Egingarritasun azterketa bat egiten dugu ematen diguten dokumentazioarekin, eta ingurune bat sortzen dugu lankidetza estuan arituz bezeroarekin. Bezeroak oniritzia ematen digunean, prest gaude abiarazi eta produkzioari ekiteko”. Erabiltzaileak ikusten ez dituen piezak fabrikatzen dituzte, esaterako segurtasun aktibo nahiz pasiboko elementuen (hasi segurtasun-uhaletik eta ADAS kameretara) osagaiak. Segurtasun handiko piezak dira. Beren bezeroak batez ere automobilgintzako talde handiak dira, fakturazio osoaren % 65 hartzen baitute.

Plantilla 64 pertsonak osatzen dute, horietatik 40 bazkideak –“inork ez dauka akzioen % 5 baino gehiago”-, eta aurten 14 milioi eurotik gorako fakturazioa izango dute. I+G funtsezkoa da Jegan-entzat, eta presente dago “iristen zaigun edozein proiektutan; I+G taldeak buru-belarri egiten du lan proiektu hori aurrera ateratzeko ahalik eta kosturik txikienean. Bezeroek aintzat hartzen dituzte gure zerbitzua eta gurekin harremantzeko erraztasuna (enpresa txikia garelako), baina baita ere gure kostua eta uzten dugun karbono aztarna. Iristen zaizkigun proiektu guztiak I+G-ko proiektuak dira”. Lehiakidetzat dituzte Suediako edo Alemaniako multinazionalak, “euren lantegiak Txinan edo Mexikon dituztenak eta urtean 100 milioi euro baino gehiago fakturatzen dutenak”.

Euskal enpresa askoren helburua da nazioartekotzearen bidez haztea, baina Jegan-ek guztiz kontrakoa du helburu: Espainian dituen salmentak handitzea. “Ez da logikoa gure bezeroen % 90 atzerrikoak izatea. Estatuko merkatuan hazteko ildo hori lantzen ari gara sektore eta produktu desberdinak bilatuz”.

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntzarekin sarea segmentatu eta segurtatu dute, datuen trafikoa kontrolatzeko eta euren sareetara sartzeko baimen bereiziak ezartzeko (hain zuzen, horixe da 4.0 Industriaren arazoetako bat). “Automobilgintzan etengabe ikuskatzen gaituzte, eta oso kontuan hartzen dute etorkizunak dakarkigun guztia, esaterako, partekatzen den informazioa. Eta are gehiago gure kasuan, segurtasun handiko piezekin lan egiten dugu eta”.  SPRIk bultzatu duen proiektua garatuta eta martxan dago jadanik.

Enpresaren etorkizuneko erronkak dira segurtasun handiko piezetan espezializatzea eta negozioa dibertsifikatzea. “Punta-puntan egoten jarraitu nahi dugu automobilgintza sektorean, baina beste sektore batzuk ere bilatu nahi ditugu hazten jarraitzeko”.

Era berean, pertsonak inplikatzeko planari eutsiko diote. “Finean, enpresa sozial bat gara, eta langileak gurekin gelditzea nahi dugu.  Horrek eragin positiboa du pertsonen inplikazioan. Administrazio-kontseilua enpresako bazkideek osatzen dute, eta informazioa irekia da. Geu gara enpresaren jabeak, eta kontratupeko langileak ere bazkide bihurtzen dira azkenean”.

Lotutako albisteak

9 Azaroa, 2022 Digitalizazioa
Marketin digitalari buruzko Indusmedia 2022 kongresua bereziki zentratuko da enpresaren marketin-merkataritza binomiotik bultzatutako esperientzia arrakastatsuetan
Irakurri gehiago
4 Azaroa, 2022 Basque Trade & Investment
Montajes Eléctricos Elca, nazioartean zabaldu nahi duen ETE gasteiztarra
Irakurri gehiago
25 urria, 2022 Basque Trade & Investment
Hadimek, presio altuko ekipoentzat forjatutako produktu espezializatuak egiten dituen ETEa
Irakurri gehiago
20 urria, 2022 Zibersegurtasuna
Athader, metalezko bobinentzako ebaketa-lineen mundu mailako hornitzaile nagusietako bat
Irakurri gehiago
3 urria, 2022 Zibersegurtasuna
Tapia: «WatchGuard Technologies-ek Euskadin duen I+G Zentroaren bultzadak zibersegurtasuneko ekosistema osoa indartuko du»
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak