Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 18 urtarrila, 2022 Nazioartekotzea

Danobatek bere presentzia indartu du AEBetan Illinoisen egoitza berri bat ezarriz

Gipuzkoako enpresak Estatu Batuetan duen presentzia handitzea du helburu, bertako bezeroei zerbitzu hobea emateko eta fabrikazio aurreraturako zentro handi batean (Illinoisen) presentzia izateko, hain zuzen ere.

Gaur egun, Illinois estatua, Estatu Batuetako mendebaldean kokatua, lehen mailako fabrikazio zentro handi bat da. 2021ean bakarrik, 40 enpresa baino gehiagok iragarri zuten Illinoisera hedatzeko edo birkokatzeko asmoa zutela. Guztira, 18.000 fabrikatzailek baino gehiagok dute egoitza estatu horretan, sektore anitzekoak: automobilgintza, nekazaritza, energia bigunak, teknologia edo makineriaren ekoizpena. Gainera, estatuko agintariek apustu handia egin dute industriaren alde, 5 urterako hazkunde-plan batekin, langileen prestakuntzan inbertsio handia egiteaz gain. Horregatik guztiagatik, Danobat Inc. enpresak egoitza bat irekitzea erabaki du bertan, Rolling Meadows herrian hain zuzen ere. Dagoeneko hasi dira obrak, eta 2022ko lehen hiruhilekoan amaitzeko asmoa dutela adierazi dute enpresatik.

Hau da Danobat Inc. enpresak Estatu Batuetan duen bigarren egoitza. Izan ere, Texasen beste egoitza bat du, petrolio eta gas industrietan zentratzen dena . “Bigarren egoitza honen helburua da zuzeneko laguntza lokalizatua ematea gure bezeroei”, adierazi du Manex Ochoteco Danobat Inc-ko presidenteak. Kokapen berri horrek zazpi langile izango ditu, plantilla etorkizunean handitzeko planekin, eta Gipuzkoako enpresak inguruan dituen bezero nagusiei emango die zerbitzua: 3M, Delta Airlines, GE, Kennametal, Sandvik, Schaeffler, Solar Turbines eta Timken fabrikatzaileak. Bertan, merkataritza-, ekoizpen- eta kalitate-kontroleko operazioak egingo dira, piezen probak egingo dira eta neurrira egindako makinak fabrikatuko dira.

Danobatek azken belaunaldiko teknologien hainbat industria amerikar izan ditu 1982tik bezero bezala. Oraingo honetan, enpresak bere marka Illinoisen hedatzea erabaki du, “estatuko manufaktura-industria sendoa eta hainbat sektoreren gaitasun handiak direla eta, hala nola sektore aeroespaziala, automobilgintza, trenbidea, ekipo-ondasunen sektorea eta energiaren sorkuntza” Danobaten arduradunek adierazi dutenez. Halaber, azpimarratu dute “Intersect Illinois tokiko partnerra oso lagungarria izan dela hedapen-prozesu horretan”.

Illinoiseko egoitza berri honetaz gain, Danobat Inc. enpresak AEBetan ere zabaldu du bere sare komertziala, hainbat elkarte estrategikoren bidez. Azken urte honetan bakarrik, hainbat enpresarekin elkartu da (Maruka, Bramac Machinery, CS Precision, WSM Technology eta Rey Technologies) Estatu Batuetako lurralde gehienetan zerbitzua eman ahal izateko.

Danobat, Danobatgroup eta Mondragon Corporation-eko kidea, liderra da makina erremintaren eta hainbat sektoretarako produkzio-sistemen fabrikazioan. Mundu osoan zehar banatutako bezeroak ditu, eta Alemanian, Holandan edo Erresuma Batuan ditu egoitzak. Gainera, Bikaintasun Zentroak ditu herrialde estrategikoetan, hala nola Alemanian, Italian, Estatu Batuetan eta Txinan.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Nazioartekotzea
Iregak giltza ingelesen ekoizpenaren %95a esportatzen du nazioarteko merkatuetara
Irakurri gehiago
16 apirila, 2024 Nazioartekotzea
Ariona Pools, desagertzetik igerilekuetarako iragazkien merkatuan lider izatera
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Nazioartekotzea
Agiña Piperrak 20 urte baino gehiago piparrak landatzen “gure aitona-amonek egiten zuten bezala”
Irakurri gehiago
25 Marzo, 2024 Nazioartekotzea
100 urteko esperientziak gainazalen tratamenduaren sektoreko erreferente bihurtu du JAZ
Irakurri gehiago
WindEurope Inauguración 21 Marzo, 2024 Basque Trade & Investment
Basque Trade & Investment-ek enpresen arteko networkinga sustatuko du sektore eolikoan Wind Europe 2024 topaketan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak