Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Albisteak 22 urria, 2021

Cetestek trenbide-sektorearen entseguak eta analisiak egiten ditu trenen segurtasuna bermatzeko

CAFetik sortutako enpresa gipuzkoarrak entsegu-proiektuak egiten ditu bost kontinenteetan.

Cetest Beasainen (Gipuzkoa) egoitza duen entsegu- eta analisi-zentro akreditatua da, entsegu-, ingeniaritza- eta monitorizazio-zerbitzuak eskaintzen ditu. CAF enpresan 30 urte baino gehiago entsegu-departamentu gisa lan egin ondoren, Cetest modu independentean sortu zen 2007an, bere bezero-sarea handitzeko helburuarekin. “Sortu ginenetik gero eta gaitasun eta baliabide gehiago ditugu, eta bezero berriak lortzen jarraitzen dugu; horrek aukera ematen digu gure ezagutza handitzeko eta arriskuak dibertsifikatzeko”, adierazi dute Gipuzkoako enpresatik. Gaur egun 80 langile baino gehiago ditu eta mundu osoko proiektuetan lan egin du, Hegoafrikatik Zeelanda Berrira.

Bezero gehienak tren-sektorekoak dira, eta mota askotako saiakuntzak egiten dituzte bertan. Adibidez, osagaien egiturazko erresistentzia probak, edo trenbide osoko saiakuntzak. Horietan diseinu-parametroak, zirkulazioaren dinamika, zarata-mailak betetzea, erosotasuna eta trenaren homologazioarekin lotutako guztia egiaztatzen dira. Segurtasuna bermatzea, errendimendua hobetzea eta bezeroen produktuen fidagarritasuna handitzea da Cetesten helburua.

14 urte hauetan, Cetestek Norvegia, Estatu Batuak, Turkia edo Alemania bezalako herrialdeetan lan egin du. “Gaur egun, jarduera handia dugu Indian, erreferentziazko laborategitzat baikara han”, adierazi dute Cetestetik. Gainera, trenbide-sektoreaz gain, 2010etik aurrea Gipuzkoako enpresak aeronautika-sektorerako proiektuak egiten ditu, “balio handiko sektorea”. Airbusentzat lan egiten du batez ere enpresak, nahiz eta beste bezero batzuen proiektuetarako lanak egin dituen, hala nola Embraer edo Bombardier. Entseguak eta bezeroentzako neurrira egindako saiakuntza-bankuak egiten eta garatzen ditu hain zuzen ere.

Prozesu horren ondorioz, Cetesteko taldeak etengabe hobetu ditu bere prozesuak. “Garrantzi handia ematen diegu punta-puntakoak izaten jarraitzeko aukera ematen diguten I+G proiektuei; gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen kide gara”, azaldu dute enpresatik. Prozesu, SPRI Taldeak bultzatutako Elkartek programaren laguntza izan du Cetestek.

Etorkizunari begira, Cetestek hazten jarraitzeko helburua du, zerbitzuen eta produktuen eskaintzan eta bezero kopuruan. “Horretarako, gure lehiakortasunean jarri behar dugu arreta, I+Garen aldeko apustu sendoa eginez”.

SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza programen bidez egiten du hori. Informazio gehiago esteka honetan.

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?