Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 30 Azaroa, 2022 Ingurumen-jasangarritasuna

Isati: “Offshore sektoreko hazkunde-aurreikuspenak izugarriak dira; hor egon gaitezke eta egon behar dugu”

ISATI ingeniaritza arabarrak itsasoko energia berriztagarrien sektorerako jauzia egin du, bere gaitasun teknologiko handia bermetzat hartuta eta sektoreak datozen urteetarako espero duen hazkundeak bultzatuta

ISATI Engineering Solutions ingeniaritzak Ehari-Gobeu auzoan (Gasteiz) du egoitza, eta bulegoak ditu Nafarroan eta Madrilen. Enpresa 2005ean sortu zen eta goi-mailako teknologian jarri du fokua; horren erakusgarri, konpainiako 112 langileetatik % 90 goi-mailako kualifikaziodun ingeniariak dira. Punta-puntan egoten jarraitu nahian, enpresak offshore merkatura jauzi egin du berriki, eta garrantzi handiko bi proiektu eskuratu ditu, dagoeneko exekuzio-fasean daudenak.  “Merkatu-nitxo honen hazkunde-aurreikuspenak izugarriak dira. Uste dugu hor egon gaitezkeela eta egon behar dugula” aurreratu du Rubén Ayúcar kudeatzaileak.

 Zeintzuk dira bi proiektu horiek?

Batetik, Malagako Enerocean ETEaren akziodun bihurtu gara. Enpresa horrek plataforma flotatzaile bat (W2Power) garatu eta patentatu du plataforma kontinentalik ez duten kostaldeetan bi aire-sorgailu jartzeko. Berau da horrelako teknologientzat itsasoan probatu den prototipo bakarra. Aurten ENI multinazional italiarra Enerocean-en akziodunen artean sartu da energia berriztagarrien arloko bere PLENITUDE filialaren bitartez, eta horrek itzelezko bultzada eman dio proiektuari.

Eta bigarrena?

Sí100 izeneko proiektu bat da, Nabrawind, Incedid eta Tetrace enpresekin batera garatu duguna. Ekimen horren helburua da metalezko jacket batzuk garatzea 20 Mw-rainoko offshore aire-sorgailuak instalatzeko 50 eta 100 metro bitarteko sakoneran. Ikerketa- eta garapen-proiektuak ematen baditu espero ditugun emaitzak, asmoa da produktua merkaturatzea pare bat urteren buruan.

Zergatik egin duzue jauzi itsasoko energia berriztagarrien merkatura?

Orain dela lau urte eginiko gogoeta estrategikoaren ondorioetako bat izan zen konpainiaren norabidea aldatu behar genuela. Ohartu ginen beharrezkoa zela gure bezeroentzako zerbitzuak dibertsifikatzea, geuk garatutako produktu eta zerbitzuak barne. Gure fundatzaile Alexander Fairtlough-ek eta Energia Berriztagarrien arloko arduradun Aitor Zubíak Enerocean enpresaren sortzaile Pedro Mayorga ezagutu zuten CDTIk Japoniara antolatutako bidaia batean, eta bere konpainiako akziodun bilakatzeko aukera eskaini zigun.

Eta noraino eraman zaituzte harreman horrek?

Enoerocean-en bitartez, aukera dugu teknologikoki punta-puntakoa den produktu baten fabrikazio- eta merkaturatze-prozesuan parte hartzeko. Erabaki dugu offshore merkatuaren aldeko apustua egitea, ikusten dugulako ahalik eta argindar gehien sortu beharko dela etorkizuneko eskaera elektrikoari erantzuteko, eta offshore parkeek badituzte hainbat abantaila onshore parkeek eskaini ezin dituztenak. Hazkunde-aurreikuspenak izugarriak dira. Uste dugu hor egon gaitezkeela eta egon behar dugula.

I+G+B-ko laborategi propio bat izatea al da bizirauteko modu bakarra ingeniaritza batentzat?

Argi dago gurea bezalako enpresa txiki batek balio erantsia eman behar diela eskaintzen dituen zerbitzuei. Bolumenaren aldetik, ezin gara lehiatu mila ingeniaritik gorako plantilla duten ingeniaritza handiekin; horregatik erabaki dugu kalitate-ingeniaritzako zerbitzuak eskaintzea ahal bezain azkartasun eta malgutasun handienarekin. Zentzu horretan, 2021ean Aitor eta Eneko Zumalderekin batera sortutako materialen laborategian (Isati Materials) material metalikoen nahiz konposatuen entsegu-zerbitzuak eta materialen ingeniaritza-zerbitzuak eskaintzen dizkiegu Arabako eta Euskadiko enpresa industrialei. Izugarrizko apustua izan da, inbertsio handia egin dugu makinerian eta instalazioetan, eta espero dugu laster hasiko dela emaitzak ematen.

Proiektu hori posible zatekeen lankidetza publikorik gabe?

Inola ere ez. Horregatik uste dugu esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza biziki garrantzitsua eta estrategikoa dela euskal industriarentzat. I+G-ko sailak aukera ematen digu bestela garatu ezingo genituzkeen zerbitzu eta produktu berritzaileak eskaintzeko gure bezeroei.  Eta ildo beretik, arlo publikotik jaso ditugun dirulaguntzak baliagarri zaizkigu proiektu horiek finantzatzeko.  Bi proiektuetan 1,2 milioi euro baino gehiago inbertitu ditugu; izugarrizko inbertsioa da eta, esan bezala, ezin izango geniokeen aurre egin sostengu publikorik gabe.

Zein da zuen enpresaren balio bereizgarria?

Gure balio garrantzitsuena ingeniariak dira, eta euren lanerako ekipoa. Pertsonak dira ISATIn gertatzen den guztia posible egiten dutenak; haiek gabe ez geundeke gaur egun gauden tokian.  Eurei esker gai gara hainbat proiektu landu ditzaketen diziplina anitzeko ingeniaritza-taldeak eskaintzeko gure bezeroei. Gainera, bezero horiek, batik bat Frantzia eta Belgikakoek, asko baloratzen dute gure langileen esperientzia eta kalitatea. Gai gara diseinuko, kalkuluko, materialetako eta prozesuetako, entseguetako, kalitate-ingeniaritzako, monitorizazioko, datuen zientziako eta abarretako proiektuak aurrera eramateko.  Asmoa da bezeroek euren arazoak erakustea, guk konponbidea aurkitzeko. Geure burua definitzean esan ohi dugu teknologia-zentro pribatu txiki bat garela.

Sektore eolikoan jarraituz, beste proiektu berezi batean murgilduta zaudete: aire-sorgailu baten palen denbora errealeko egoeraren monitorizazioa. Kontuan harturik une honetako energia eskaera, pentsa liteke proiektu hau inflexio-puntu bat izango dela zuen ingeniaritzaren hazkundean?

Bai, zalantzarik gabe. Proiektuak SIGPA du izena, eta bere helburua da hainbat tresna sortzea aire-sorgailuen palak monitorizatu, kontrolatu eta haien jarraipena egiteko. Horien artean aipatzekoa da software propio bat garatu dugula, eta hainbat sentsore baliatzen ditugula palak monitorizatzeko eta euren portaera alderatzeko biki digital batekin. Tresna horiek baliagarri izango dira onshore nahiz offshore merkatuetarako. Argi dago bi merkatu horiek itzelezko hazkundea izango dutela datozen bi urteetan gizateriaren onerako, eta prest egon nahi dugu gure produktuak eskaintzeko.

Nola itxiko duzue 2022. urtea?

Normalean ez dugu huts egiten gure urteko aurreikuspenetan, baina aurtengoa nahiko konplikatua da. Fakturazioa aurreikusitakoa baino apur bat txikiagoa izango da, eta urtea irabaziekin itxiko dugun arren, ez dira irabazi oso handiak izango. Inbertsio eta zabalkunde prozesuan gaude eta, gure kasuan, horrek eragina du irabazietan.

Eta, egungo baldintzak kontuan hartuta, zer espero liteke 2023rako?

Zer espero dudan ala zer gertatzea nahi dudan? Ez dadila izan 2022a baino okerragoa. Egoera oso konplexua da, eta ez da batere erraza gure bezeroen premiak aurreikustea. Proiektu asko aurreikusi dira aeronautika sektorean, eta ingeniari ugari beharko dira horietarako, baina oraindik ez daude guztiz gauzatuta. Offshore sektoreari dagokionez, espero dugu Estatuan parke flotatzaileei buruzko legeria berri bat sortzea eta Enerocean enpresarekin lan egingo dugu etorkizuneko parkeetan, baina oraindik urte batzuk falta dira horretarako. Gure materialen laborategiari dagokionez, tramiteak egiten ari gara ENAC ziurtapena lortzeko. Horri esker, gure zerbitzuak eskaini ahal izango dizkiegu bezero gehiagori eta aurtengo zenbakiak hobetuko ditugu.  Azkenik, espero dugu ingeniaritza-zerbitzu gehiago eskaintzea ingeniaritza sail batek behar dituen baliabide humano edo teknikorik ez duten euskal ETEei.

Lotutako albisteak

19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Fivemasa: “Isurien kontrola ingurumenerako onuragarria izateaz gain, lehiarako abantailak ere eskaintzen ditu”
Irakurri gehiago
5 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
CTA hidrogeno bidezko hegazkinaren fuselajearekin ari da lanean
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
CRH, eraikuntzan soluzio jasangarriak eskaintzen dituen multinazionala
Irakurri gehiago
9 urria, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
PepsiCo-ren Arabako lantegia zero emisio garbi dituen lehenengoa izango da taldean
Irakurri gehiago
Mikel Lasa, CEO de EIT InnoEnergy Iberia 4 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Mikel Lasa (EIT InnoEnergy): “Startupak funtsezkoak dira mugikortasunaren sektorea eraldatzeko”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak