Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 22 otsaila, 2022 Digitalizazioa

Vidrala: “Ezinezkoa da pertsonak enpresaren digitalizaziotik bereiztea”

Arabako beira-enpresako Informazio-teknologien Sistemen arduradun Paloma Gonzalok enpresa-sarea animatu du digitalizazioaren trenera igotzera, bere etorkizuna bermatzeko
Paloma Gonzalo, konpainiako CIO.

Aiaraldea industria-konpainia garrantzitsuen sehaska bihurtu da duela hainbat hamarkadatatik, bertan baitaude hodien sektoreko Tubacex eta Tubos Reunidos enpresak, burdinbideen sektoreko AMUFER eta JEZ (ehun urtetik gorako konpainiak) eta beiraren sektoreko Guardian eta Vidrala, nazioarteko esperientzia eta ospea duten enpresak. Azken horrek ia 60 urteko ibilbidea du, izaera multinazionala du eta 3.500 pertsona enplegatzen ditu bost herrialdetan kokatutako zortzi ekoizpen-lantegitan. 2021ean, inflazioa eta hornikuntza-arazoak gorabehera, ekitaldi paregabea itxi zuen, 8.000 milioi ontzi inguruko ekoizpenarekin eta 1.000 milioi euro inguruko salmentekin. “Erradiografia” horrek aurreikusitako helburuak bete zituen eta, parte batera, hala izan zen Paloma Gonzalok (konpainiako CIO) 2008tik zuzentzen duen departamentuari esker.

Zein da zure zeregina Vidrala bezalako multinazional bateko Informazio-teknologien Sistemen arduradun bezala (CIO)?

Honelako departamentuetan hainbat laguntza-tresna inplementatzen dira antolakunde batek bere lana eta prozesuak garatu ditzan, eta telekomunikazio- eta segurtasun-zerbitzuak eman ditzan. Zentzu horretan, nik zuzentzen dudan lantaldean gainerako departamentuetako lankideekin ere kolaboratzen dugu: euren premiak aztertzen ditugu eta bat egiten dugu negozioaren helburuekin euren zeregin guztiak garatzen laguntzeko, horietako batzuk direlarik etengabeko hobekuntzako proiektuak gauzatzea eta prozesuak digitalizatzea.

14 urteko ibilbidea egin duzu konpainia honetan. Zer aldatu da 2008an iritsi zinenetik?

Izugarri aldatu da dena. Gure enpresaren sektorea da azkenaldian gehien eboluzionatu duenetako bat, berez oso aldakorra delako, eta ziztu bizian egin du gainera. Hala, aldatu dira komunikazioen erritmoa eta abiadura, baina baita ere Vidralaren egoitza desberdinen artean komunikatzeko gaitasuna, azpiegitura informatikoaren teknologia, birtualizazioa, lainoko konputazioa… Pertsonen gaikuntza ere aldatu da, orain profil digital markatua dute (natibo digitalak dira), eta hori sekulako kontrastea da iraganarekin alderatuta, zeren orduan informatikariak mehatxu bezala ikusten gintuzten enpresaren zenbait departamentutan sistema berriak txertatzen genituenean…

Zure eragin-eremuan funtsezkoa da pertsonak eta digitalizazioa ongi lerrokatuta egotea helburuak lortzeko. Bi adierazle horien aldeko estrategia eta konbentzimendu argirik gabe, posible du enpresa batek bizirautea gaur egun?

Esango nuke oso aukera gutxi dituela, ia batere ez. Gaur egun ez dago inor negozio bat edo mikroETE bat daramana tresna teknologikorik gabe, dela web orri bat, dela Instagram, dela Twitter-eko kontu bat… Eta, jakina, pertsonak ere kontuan hartu behar dira. Jakin behar da nolako profesionalak diren, zein espektatiba dituzten, zein tresna diren praktikoenak eta erakargarrienak euren lana egiteko…

Pertsona faktore bereizgarri gisa enpresaren plan estrategikoan…

Enpresan gustura lan egiten duen pertsonak gustura ez dagoenak baino bi aldiz gehiago errendituko du; horrelako pertsonei ez zaie gustatzen denbora galtzea, eta horregatik saiatu behar duzu eskura dituzten tresnek ere helburu bera izan dezatela, ahal den neurrian eraginkor izaten lagundu behar diezu. Funtsean, horretan saiatzen gara gu gure lankideekin; ez dugu soilik pentsatzen tresna digitalean, baizik eta orobat tresna horiek erabili behar dituzten pertsonengan.

Zure ustez enpresek humanitatea galdu dute?

Esango nuke eraldatu egin garela, eta hori argi ikusten da gure seme-alabei eta jende gazteari erreparatzean. Gazteak sekula ez dira egon hain konektatuta euren artean. Lehen lagun batekin hitz egiten genuen telefonoz, baina orain gai gara 25 lagunekin mintzatzeko aldi berean. Nolanahi ere, baliteke hurbiltasuna, tratua eta pertsona arteko harremana galdu izana, baina orain inoiz baino aukera gehiago dauzkagu komunikatzeko eta pertsonekin (une zehatz batean behar dituzunak edo nahi dituzunak) konektatuta egoteko. Pentsa zein zaila zen duela gutxira arte mundu osoko lantegien artean komunikatzea. Orain badauzkagu bideo-konferentziak, txata, audio eta bideo bidezko komunikazio-tresnak gure ordenagailu, tablet eta telefonoetan, eta munduko beste puntako edonorekin hitz egin dezakegu edozein unetan.  Hori ikaragarria iruditzen zait.

Gainera, pandemiak azkartu egin du prozesu hori…

Sekulako iraultza eragin du, batez ere teknologia bultzatzen saiatzen garenontzat. Hilabete eskasetan lortu dugu normalean urtetan erdietsiko litzatekeen aldaketa bat. Eta iraultza hori hain izan da atsegingarria, nolabaiteko ordainsari bat izan dela “basamortuan predikatzen” aritu garen lankideontzat. Pertsonak eta enpresak uzkur agertu dira beti telelanaren aurrean, baina pandemiak behartu egin gaitu hori guztia berehala onartzera. Nahiz eta esfera pertsonalean ohituago geunden horrelako tresnak erabiltzen, bazirudien pentsaezina zela enpresa arloan aplikatzea. Baina eraldaketa izugarri azkarra izan da, eta sentsazio onak utzi ditu.

Deigarria da digitalizazioaz eta abangoardiako teknologiaz mintzatzea beirarena bezalako prozesu batean, zeina artisau-lana baita oraindik ere…  Nola uztartzen dira bi alderdiak?

Primeran uztartzen dira elkarrekin. Gure industria existitzen da mundua mundu denetik. Beti fabrikatu izan da beira, baina gaur egun puntako fabrikazio teknologia baliatzen dugu ekoizpena ahalik eta errepikakorrena izan dadin, eta giza akatsak saihestu edo minimizatzeko. Hori guztia tresna teknologiko eta informatikoen laguntzaz egiten da, zeintzuek produktuarekin eta prozesuekin lotutako informazio guztia jasotzen baitute datu-biltegietara eramateko. Informazioa datu-biltegietan dagoenean, profesionalok aztertu egiten dugu, gure jarduerari buruzko ezagutza erauziz eta etengabeko hobekuntzarako bidea ahalbidetuz.  Era berean, tresna horiek baliagarriak dira gure bezeroei erakusteko nola ekoizten diren erosten dituzten produktuak, eta nolakoa den gure hornikuntza-katea.

Zeintzuk dira Vidralaren helburu nagusiak 2022rako?

Informazio-teknologien arloan hainbat frente dauzkagu zabalik. Horietako bat zibersegurtasunarena da, puri-purian dagoena eta guztiz beharrezkoa dena. Horretarako, Zibersegurtasun Plan Estrategiko bat definitu dugu, datozen hilabeteetan gauzatuko ditugun proiektu zehatzekin. Eta bestea da gure telekomunikazioak modernizatzea. Horretarako, azken belaunaldiko hainbat tresna eskuratu ditugu komunikazio azkar, malgu eta seguruagoak izateko, bai gure lantegien artean eta baita ere kanpoko komunikazioetan.

Duela gutxi ospatu zen Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Hainbat urte daramatzazu STEAM tutore gisa ikasketa zientifikoak sustatzeko neska gazteen artean. Erreferentetzat duzu zure burua?

Erreferente bat baino gehiago, froga bat naiz erakusteko emakume batek posible duela karrera bat garatzea teknologiaren arloan. Nola ez! Horrelako jarduera-eremuetan dugun presentzia murritzak bultzatu ninduen bere garaian InspiraSTEAM proiektuan izena ematera tutore gisa. Deustuko Unibertsitateak zuzentzen duen proiektu bat da, emakumezko lankideen bidez ezagutu nuena. Nire sektoreko foro, mintegi eta bileretan parte hartzen nuenean, ohartzen nintzen oso emakume gutxi ginela eta, are gehiago, denborarekin gutxitzen ari ginela. Eta sekulako amorrua ematen zidan horrek, batez ere nire kasuan, ikasketa garaian, gelako % 50 emakumeak ginelako. Orduan erabaki nuen nolabait lagundu behar nuela errealitate hori aldatzen. Asko aurreratu dugu parekidetasunean, baina ez nahi genukeen guztia. Gure arloko karrerak egiten dituzten nesken proportzioa gero eta txikiagoa da, eta hori aldatu egin behar da.

Nola?

Barrutik, oinarritik eta adin goiztiarretatik. Neska-mutilei erakutsi behar zaie zer diren STEAM diziplinak, eta estereotipoak hautsi behar ditugu, azalduz ez direla bakarrik gaitasun paregabeak dituzten pertsonentzako arloak, eta teknologo edo informatikariak ez direla “friki” batzuk. Beste gauza askotarako bezala, hemen ere ilusioa behar da, norbere buruarekiko konfiantza, eta jakin-min apur bat ere bai.

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak