Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 12 apirila, 2024 Digitalizazioa Energia

P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi

Bizkaiko multinazionala erreferentea da elektronika aurreratuan, lantegiak ditu Euskadin, Estatu Batuetan eta Txinan, 300 langile ditu eta 90 milioi euro fakturatzen ditu.
Aitor Alapont.

Bizkaiko Alonsotegi herrian kokatuta dago P4Q egoitza teknologikoa, duela 25 urtetik. Elektronikaren arloko multinazionala da, eta lantegiak ditu Euskadin, Estatu Batuetan eta Txinan. 300 langile ditu, eta ia 90 milioi euro fakturatzen ditu. 25. urteurrena bete berri du. Hortaz, proiektua onduta dago, eta nahikoa denbora izan dute haren martxa ebaluatzeko. Langileak ez kontrolatzeko nahi sendoarekin jaio zen proiektua; horren ordez, ahalik eta askatasun handiena eman nahi zieten langileei, norberak bere burua kudeatzeko eta ardurak hartzeari beldurrik ez izateko. Hala gogoratu du orain dela gutxi enpresaren CEOak eta fundatzaileetako batek, Aitor Alapontek, Made in Basque Country aldizkarian.

Lehenik eta behin, lagun iezaguzu konpainiaren jaiotzaren testuingurua kokatzen…

1999an jaio zen P4Q. Aurrez Sony Ericssonen lan egin genuen; hemen zegoen, Bizkaian. Geure proiektu propioa sortzeko ilusioa genuen, sustraiak izango zituen proiektu bat. Soluzio berriak eskaini nahi genituen, une hartan menderatzen genuen teknologian oinarrituta: fabrikazio elektroniko aurreratua.

Duela 25 urte hasi ginen EMS gisa, eta elektronika azpikontratatzen genuen. Aurrera egin dugu, eta gaur egun produktu propio sendoak dituen talde teknologiko bat bilakatu gara. Gora egiten ari diren sektoreentzat lan egiten dugu, hala nola eguzkiaren energia fotovoltaikoaren edo medikuntzaren-osasunaren sektoreentzat. Gainera, soluzio berritzaileak eskaintzen dizkiegu hainbat sektore exijenteri, esaterako, trengintzari edo automobilgintzari.

25 urteko ibilbidea ospatu berri duzue. Merezi izan du bidaiak?

Noski. Lehenengo 25 urte hauek mugarri oso garrantzitsua dira lantalde osoarentzat. Merkatuan dugun esperientzia eta lidergoa erakusten dute eta, gainera, mundu jasangarriago bat eraikitzen jarraitzeko abiapuntua dira. Atzera begiratzen badugu, partekatutako irakaspenak, ondare garrantzitsu bat eta gurekin garapen pertsonala eta profesionala izan duten pertsonen ekosistema bat ikusten ditugu.

Bete dira zuen espektatibak?

Guztiz. Hamarkada hauetan zehar gure bezeroekin batera hazi ahal izan gara, eta hori da gehien asebetetzen gaituena. Abentura honetan murgildu ginenean, ez genuen imajinatu ere egiten honen antzeko zerbait eraiki ahal izango genuenik. 2006an dibertsifikazioaren aldeko apustua egin genuen eta, gure lantaldearen talentuarekin batera, gure hazkundearen giltzarri garrantzitsuenetako bat izan da. Aurten “gure lehenengo 25 urteak” ospatu ditugu. Topiko bat eman dezake, baina lehenengo eguneko ilusio bera mantentzen dugu balioa eskaintzen jarraitzeko eta fabrikatzen dugun produktu bakoitzean berrikuntzak egiteko.

Esan genezake P4Q nazioarteko erreferentea dela Adimen Artifizialarekin hobetutako produktu elektronikoen garapenean eta fabrikazioan?

Pertsonetan oinarrituta eta pertsonentzat teknologia sortzen duen industria talde gisa defini dezakegu P4Q. Hainbat teknologia konbinatzen ditugu (fabrikazio elektroniko aurreratua, Big Data, Cloud analisia edo Adimen Artifiziala), helburu batekin: mundu jasangarriago bat lortzen laguntzea eta gure bezeroen eta gizarte osoaren erronkei aurre egitea. Energia berriztagarriak (zehazki, eguzkiaren energia fotovoltaikoa) eta medikuntzaren-osasunaren sektorea dira gure jarduera eremua nagusiak. Sektore horiek eraldatu ahal izatea da gure nahia; gure produktu eta zerbitzu propioen ekosistemen bidez eraginkorragoak bilakatzea.

Jarriko zeniguke produktu mota horien adibide bat?

P4Q-n gure produktu propioen bi marka ezberdin ditugu, gure negozioaren bi ardatz bertikalekin bat datozenak: Suntrack eta Qassay.  2007an merkaturatu genuen lehenengoa, eguzki-jarraitzaileen lehenengo kontrolagailua. Gaur egun, merkatuko liderrak gara. 800.000 gailu ditugu 40 herrialdetako 1.800 eremutan baino gehiagotan hedatuta, eta aurten inoizko zifrarik handiena eskuratzea aurreikusten dugu: milioi bat kontrolagailu. Gure bezeroei energiaren ekoizpena optimizatzeko eta haien instalazio fotovoltaikoak denbora errealean monitorizatzeko aukera ematen die garatu ditugun produktuen eta zerbitzuen ekosistemak. Eguzki-sektoreko ikaskuntza horiek guztiak eta IoT gailuak sortzeko teknologiak gure azken proiektuan ere erabili ditugu: Qassay. P4Q Taldearen dibertsifikazio-estrategiaren emaitza da aipatutako proiektua.

Zer helburu duzue proiektu horrekin?

Test azkarrak orokortzea (pandemian zehar asko hedatu ziren) eta gizarteari osasun digitaleko ekosistema bat eskaintzea, gure alboko fluxuaren irakurgailuarekin osasuna monitorizatu ahal izateko (horrek murriztu egingo lituzke analisiak egiteko ospitaleetara egiten diren joan-etorriak). Emaitzak oso erraz kualifikatzeko eta kuantifikatzeko modua eskaintzen du Qassayk eta, lehen aldiz, laborategiko estandarrak dituen gailu bat pertsona guztien eskura dago. Osasuna pertsona guztientzat demokratizatzeko prozesuan nolabait laguntzen ari garela pentsatzeak hunkitu egiten gaitu.

Enpresa osatzen duten pertsonei dagokienez (200 baino gehiago Euskadin), lotura oso berezia ikusten da. Askatasuna, eta ez kontrola, giltzarria da lan-harremanen ereduan. Nola lortzen da hori, kontrol osoa pertsonei ematea?

Gure ustez, autogestio-eredua da azken urteetan izan dugun arrakastaren giltzarrietako bat. Pertsonak kudeatzeko sistema guztiek bezala, baditu hobetzeko alderdiak. Baina, zalantzarik gabe, gure lantaldearen garapen profesionala eta pertsonala ahalbidetzen dituen eredua da.  Konpromisoa, erantzunkidetasuna, askatasuna… Balio horiek osatzen dute P4Q-ren DNA. Beste enpresa batzuek ez bezala, ez ditugu akatsak zigortzen. Aldiz, akatsetatik ahalik eta gehien ikasten saiatzen gara. Gure lantaldea egunerokoan berritzailea eta sortzailea izatea nahi badugu, “eginez ikastea” sustatu behar dugu.

Eta zer aurreikuspen dituzue 2024rako?

Aurreikuspenak ilusionagarriak dira, eta errealitate partekatu honen, P4Q-ren, hazkundea islatzen dute. 2024a hazkunde handiko urtea izango da guretzat. 100 milioi euro fakturatzea, Latinoamerikako gure zerbitzu-zentroak sendotzea (Txile, Mexiko eta Brasil) eta soluzio berritzaile berriak merkaturatzea aurreikusten dugu.

 

 

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
5 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Edurobotic: “Ikasleentzako robotikako eta programazioko jarduerek hezkuntza-eremua eta aisialdia lotzen dituzte”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak