Juan Tomás Hernani eta Iñigo Urkullu lehendakaria.
Elkarrizketak 7 uztaila, 2021

Satlantis-ek bere jarduera dibertsifikatu du eta sateliteak diseinatzeari eta fabrikatzeari ekin dio

Euskal enpresa teknologikoak “New Space” sektorean duen presentzia indartu du, eta 2025ean 60 milioi fakturatzea espero du  
-

 

Egoitza UPV/EHUren Parke Zientifikoan duen Satlantis enpresa 2013an sortu zen New Space joeraren babesean, eta bere jarduera nagusia da kamera optikoak garatu eta fabrikatzea espaziotik Lurra behatzeko. Enpresa etengabe hazi da sortu zenez geroztik, baita pandemian zehar ere, eta sasoi horretan ia hirukoiztu egin ditu bere negozio-zifra garrantzitsuenak. Duela urtebete bidali zuen iSIM 170 izeneko bere lehen kamera -15 kilo eskasekoa- Nazioarteko Estazio Espazialera. Aurrekaririk gabeko mugarri bat izan zen euskal industria aeroespazialarentzat, eta baliteke hemendik gutxira mugarri hari beste lau proiektu gehitzea; proiektu are aurreratuagoak, dagoeneko garapen-fasean daudenak eta den-denak Euskaditik bultzatuak. Euskal enpresa teknologikoak 51 ingeniari ditu eta, konpainiako kontseilari delegatu Juan Tomás Hernanik adierazi duenez, helburu anbiziotsu bat du epe laburrean: 60 milioi euro fakturatzea 2025erako.

 

Urtebete igaro da zuen kamera optiko bat lehen aldiz espaziora bidali zenetik. Nola oroitzen duzu hori?

Ikaragarria izan zen, bai apustu teknologikoagatik eta bai atzean zituen langileengatik. Frogatu genuen -eta oraindik ere horretan dihardugu- posible dela Euskadin proiektu teknologikoki aurreratuak garatzea, baldin talentu egokia badugu eta horren aldeko apustua egiten badugu. Prozesu konplexua izan zen, zeinetan kontuan hartu behar izan baitziren kalibraketa, egonkortze termikoa, konexio probak, eta abar. Azkenean Lurra islatzen duten 65.000 irudi lortu ziren, konpromisoa hartuz etorkizunean ingurumena hobetzeko ekintzak garatzeko.
Gure orduko bazkideentzat (Everis, Orza, Axis-ICO eta Eusko Jaurlaritza) ISSrako lehen misio hura eta bere arrakasta teknologikoa zazpi urteko lanaren ordaina izan ziren, eta bermerik onena gure enpresa nazioarteko lider bihurtzeko espazioko kamera miniaturizatuen arloan. Enagás eta SEPI gure bazkide berriekin, ostera, ingurumen-arazo handiei (adibidez metano isuriak) erantzuteko konponbide integralak ekoizten hasi gara.

 

Espezializazioa eta merkatu-nitxo berri bat aukera bezala… 

Hori da. Ingurumen arloko erronkak globalak dira, eta Satlantis-en aspaldi ohartu ginen hor bazegoela aukera bat. Horregatik, bereizmen handieneko kamera txikiena arrakastaz aireratu izanak sustatu egin du aplikazioen eskaera.

 

Eta hori guztia Euskaditik, bertako oinarri industriala ahaztu gabe. Zeintzuk dira hurrengo urratsak?

Hain zuzen testuinguru honetan sortu da espaziora egingo dugun bigarren hegaldiaren proiektua: tamainaz herena den beste nano-kamera bat aireratuko dugu NASAk zuzendutako eta AEBetako Defentsa Sailak finantzatutako misio baterako. Jaurtiketa datorren abenduaren 4an izango da; izan ere, Casper izeneko proiektuaren barruan, gure bigarren kamera bidaliko dugu espaziora JFK Zentro Espazialetik, eta aldi honetan eskoratze-lanetarako mugimenduaz eta lau banda espektralez hornitua egongo da. Kameraren elektronika egokia da unibertsoa esploratzea helburu duten Deep space misioetarako.

 

Eta epe ertainean?

Gauza bera egingo dugu beste hiru proiektutan. Bata, Mantis izeneko misioa, Erresuma Batuan egingo da eta oil&gas sektorera bideratua dago. Bigarrena, Geisat izenekoa, Enagás enpresaren eskutik iritsi zaigu, Enagás Satlantis-en bazkide berria baita SEPI, ORZA, AXIS-ICO eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, 14 milioi euroko kapital zabalkuntza baten ondoren. Bigarren misio horren helburua da metano-isuriak neurtzea orain arte beste ezein satelitek lortu ez duen zehaztasunarekin (bost metro), konpainia energetiko horren beharrei erantzuteko.

 

Zuen ibilbidean, lurra behatzeko sateliteetarako argazki kamerak garatu eta ekoiztetik satelite osoa fabrikatzera igaro zarete. Zergatik?

Kamera da behaketa-misio baten muina eta motor teknologiko nagusia. Eta baita ere misioaren kostua arriskuan jartzen duen osagai garrantzitsuena. Halere, sensor bus-a integratzeko erabakiak aukera eman digu konponbide integralak eskaintzen hasteko eta Enagás enpresak planteatu dizkigun bezalako premiei erantzuteko, teknologi hornitzailea izateaz gain. Balio-katean birposizionatu gara eta horrek dimentsio handiagoa ematen digu.

 

Mahi gainean daukazuen satelite-proiektu horietako bati Urdaneta izena jarri diozue eta 2022ko apirilean orbitara jaurtiko da JFK Zentro Espazialetik. Zein izango da bere lana?

Eskuartean ditugun bost misio espazialetatik azkena izango da. 16U motako satelite bat da, hau da, nano-sateliteen familiako handienetako bat. Eta bere lana izango da bereizmen oso handiko irudiak hartzea zehaztasunezko nekazaritzarako. Euskadiren kasuan, baliagarri izan liteke mahastietarako (txakolina, Arabar Errioxako ardoa), patata soroetarako… Zehaztasunezko metrika honek aplikazio oso interesgarriak izan ditzake itsasoan, arrantzan, nekazaritzan eta ingurumenean, ezin aproposagoa da sektore horietarako.

 

Zein ezaugarri dituzte sateliteek eta zein testuingurutan mugituko dira? 

Behar dituzten inbertsioengatik eta dituzten epeengatik misio horiek autonomia erkidego aurreratuen eskura daude jadanik, eta lurraldearen kudeaketa digital eta integrala egiten dute nekazaritza eta arrantza edo ingurumen sailentzat, suteak kudeatzen dituztenentzat eta babes zibilarentzat. Estatu mailako PERTES proiektuen testuinguruan, autonomi erkidego bat baino gehiago jarri dira gurekin harremanetan, eta Urdaneta da proiektu horien aitzindaria.

 

Zergatik jarri diozue proiektuari izen hori?

Ordiziako Andres de Urdaneta fraide agustindarraren omenez. Urdaneta astronomoa, matematikaria eta militarra izan zen, eta bere azken urteetan sinetsita zegoen posible zela itsasoz itzultzea Pazifikotik. Bere bizitzaren amaieran deskubritu zuen itzulbidaia delakoa, Japoniatik Kaliforniaraino joan zenean 40. paraleloari jarraituz. Une hartan (1560. urteaz ari gara) itsasontziz lotu ziren munduak, eta orain, bost mende eta erdi geroago, berriro konektatuko ditugu gure munduak euskal zientziarekin, baina oraingoan 550 kilometrora itsasoaren gainetik.

 

Bitxia bada ere, eskuartean dituzuen proiektu gehienak pandemia garaian egosi dira. Zergatik gertatu da hori zure ustez?

Gauzak ondo joan zaizkigu, egia esan. Uste dut bolada batean asko zentratu garela garapen teknologikoan, eta nahiz eta zailagoa den merkatura iristea bezeroak aurrez aurre ikusi gabe, programa espazialek oso ongi erantzun dute eta eutsi egin diote gurea bezalako proiektu disruptiboen aldeko apustuari. Eta esango nuke Satlantis-en jakin dugula bultzada hori  profitatzen.

 

Nola lehiatzen zarete sektoreko “erraldoiekin”?

Estrategia ireki bat daukagu testuinguruaren arabera kolaboratu edo lehiatzeko. Bere teknologian espezialista eta mundu mailako liderra den enpresa batek bide erraza dauka Airbus eta Lockheed Martin bezalako prime contractor handiengana iristeko, eta berdin Google, SpaceX edo Amazon erraldoi digitalen kasuan. Horietako batzuk behin baino gehiagotan etorri dira Kaliforniatik Bilbora.

 

Eta non ikusten duzu Satlantis urte batzuk barru?

Asko gustatuko litzaidake 300 bat ingeniari gaztez osatutako konpainia bat izatea, 60 milioiko fakturazioa duena eta, gaur egun Estatu Batuetan dugunaz gain, filial gehiago izango dituena, esaterako Arabiar Emirerrietan edo Erresuma Batuan.  Imajinatzen dut enpresa bat ahalmena daukana, adibidez, metano-isuriak, itsasoko plastiko hondakinak, suteak, eta abar detektatzeko. Euskal enpresa bat, mundu mailako liderra, planeta babestearekin kontzientziatua eta puntako teknologia garatuz erronka horretan laguntzeko asmo irmoa duena, talentu handiko langile gazteen bitartez.

Lotutako albisteak

Trebek  grabazio  konplexuak  informazio  erabilgarri  bihurtzen  ditu  adimen  artifizialaren  bidez
28/07/2026 I+G+B

Trebek grabazio konplexuak informazio erabilgarri bihurtzen ditu adimen artifizialaren bidez

Donostiako konpainiak audioa garbitzeko eta ahotsak bereizteko teknologiak garatu ditu, EMPOWER proiektu europarraren barruan.

FitWoody,  erabiltzailearen  pribatutasuna  errespetatzen  duen  entrenamendu  pertsonalizatuagoa  eskaintzen  duen  aplikazioa
23/07/2026 Ekintzailetza

FitWoody, erabiltzailearen pribatutasuna errespetatzen duen entrenamendu pertsonalizatuagoa eskaintzen duen aplikazioa

Arabako Chubby Studio startup-ak sortutako mugikorrerako aplikazioa nazioarteko erreferente bihurtu da berrikuntzari, diseinuari eta Apple-ren etengabeko aitortzari esker.

Ikerlan-ek  teknologia  kuantikoa  txertatu  du  industriaren  zibersegurtasuna  indartzeko
23/07/2026 I+G+B

Ikerlan-ek teknologia kuantikoa txertatu du industriaren zibersegurtasuna indartzeko

Quside Kataluniako enpresarekin batera garatutako soluzioak benetan ausazkoak diren zenbaki-sorgailuak ditu, azpiegituren eta funtsezko zerbitzuen babesa indartzeko.

Nola  entzun  makina  bat  akatsak  detektatzeko:  Ailoys  eta  Tubacex-ek  “Shazam”  bat  garatzen  dute  talde  industrialetarako
22/07/2026 Ekintzailetza

Nola entzun makina bat akatsak detektatzeko: Ailoys eta Tubacex-ek “Shazam” bat garatzen dute talde industrialetarako

Alemaniako startupak eta euskal konpainiak adimen artifizialean eta sentsore akustikoetan oinarritutako tresna bat sortu dute BINDen esparruan, fabrikazio-prozesuetako arazoak aurreikusteko eta ekoizpenaren kontrola hobetzeko.

Bikainek  produktu  berri  batekin  hasi  du  bere  jarduera,  kirol-osagarrien  sektorean
15/07/2026 Ekintzailetza

Bikainek produktu berri batekin hasi du bere jarduera, kirol-osagarrien sektorean

Azukrerik gabeko kreatinazko gominolak merkaturatu ditu, eta kirol-osagarritasuna sinplifikatu nahi du, kontsumitzeko formatu praktikoagoak eta atseginagoak erabiliz.

Process  Talks  eta  Danobatgroup-ek  datuen  analisia  hurbiltzen  diete  langileei  AA  sortzailearen  bidez
09/07/2026 Ekintzailetza

Process Talks eta Danobatgroup-ek datuen analisia hurbiltzen diete langileei AA sortzailearen bidez

BINDen esparruan garatutako soluzioari esker, lengoaia naturalean kontsulta daitezke makinen datuak, eta automatikoki sortzen dira mantentze-lan prediktiboa eta anomalien detekzio goiztiarra errazten dituzten bistaratzeak.

Eskuzko  prozesuak  eta  automatizazio  adimenduna:  SmartOpsen  eskaintza
07/07/2026 Ekintzailetza

Eskuzko prozesuak eta automatizazio adimenduna: SmartOpsen eskaintza

BIC Ezkerraldean egoitza duen konpainiak enpresetan lan errepikakorrak saihesten laguntzen du, adimen artifizial aplikatuta eta soluzio pertsonalizatuen bidez.

Baisma:  “Trantsizio  ekologikoak  soluzio  arinak,  datu  sendoak  eta  enpresei  irtenbide  hobeak  hartzeko  lagungarri  diren  tresnak  behar  ditu”
06/07/2026 Ekintzailetza

Baisma: “Trantsizio ekologikoak soluzio arinak, datu sendoak eta enpresei irtenbide hobeak hartzeko lagungarri diren tresnak behar ditu”

Bilboko startupak eredu zirkular- eta deskarbonizazio-trantsizioan laguntzen du enpresa eta erakundeekin, eta nazioarteko proiekzioa indartu du SPRI Taldearen 4YFN azokan parte hartuz.

Zeru  Drones,  azpiegitura  arriskutsuetako  akatsak  aurreikusten  dituen  startupa
02/07/2026 Ekintzailetza

Zeru Drones, azpiegitura arriskutsuetako akatsak aurreikusten dituen startupa

Donostiako enpresak eraikuntzarako edo energiarako ikuskatzaile adimendun gisa erabiltzen ditu droneak

DNAK  Cycling-ek  simulagailu  bat  garatu  du,  errepideko  benetako  sentsazioa  errepikatzeko
26/06/2026 Ekintzailetza

DNAK Cycling-ek simulagailu bat garatu du, errepideko benetako sentsazioa errepikatzeko

Donostiako enpresak fabrikazio industriala, elektronika eta software propioa uztartzen ditu, txirrindularitza indoor esperientzia errealistagoa eskaintzeko eta orain serieko ekoizpenaren erronkari aurre egiteko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.