Euskadi nanomedikuntza pertsonalizatuko erreferentzia izango da Europan, Hidrogel Adimendunak sortzeko Proiektu Eraldatzaileari esker

Euskadi 2030 Industria Planeko hirugarren Proiektu Eraldatzaile honek 72 milioi euroko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 28 milioi euro baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira
-
  • Kualifikazio handiko zuzeneko 232 lanpostu eta zeharkako 370 lanpostu sortuko dira. 602 enplegu berri izango dira guztira.

 

  • Proiektua i+Med enpresak gidatuko du, 10 enpresa trakzionatuko ditu (haietako 5 ETEak izango dira), eta Basque Health Cluster izenekoaren laguntza izango du.

 

  • Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 9 zentro teknologiko eta eragile inplikatuko ditu, GAIKER FUNDAZIOA eta CIC BIOMAGUNE buru direla.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik “Nanomedikuntza Pertsonalizaturako Hidrogel Adimendunak” proiektu eraldatzailea aurkeztu du gaur goizean Arabako Parke Teknologikoan, i+Med enpresa kooperatiboaren egoitzan, eta Euskadi 2030 Industria Planetik sortutako oinarri industrialeko hirugarren proiektua da. Asmo handiko proiektu biofarmazeutikoa da, osagai aktibo farmakologiko, biologiko eta genikoen aplikazio biosanitarioetarako hidrogel adimendunak garatzera eta industrializatzera bideratua.

Proiektu Eraldatzaile hori abian jartzean, sare biofarmazeutiko aurreratu bat egituratu ahal izango da haren inguruan, Euskadi Europan nanomedikuntza pertsonalizatuko erreferentzia bihurtuko duena.

Ekitaldia proiektuan parte hartzen duten enpresa, ETE, zentro teknologiko eta klusterren arduradunen aurrean egin da, eta bertan izan dira, Mikel Jauregi sailburuarekin batera, i+Med enpresako CEO Manu Muñoz, Arabako Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasuneko foru-diputatu Saray Zarate, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarain, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuorde Adolfo Morais, VIVEBiotech-eko arduradun Gurutz Linazasoro eta RPK-ko arduradun Eduardo Melón, besteak beste.

Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, “biosanitarioa HAZI sektorea da, hazten ari den sektorea, eta etorkizunean trakzio-potentziala du, Euskadi 2030 Industria Planaren barruan. Urte askotako lanari esker, abangoardiako ikerketa industriarekin lotzen duen sare bat sendotzea lortu dugu Euskaditik”.

“Hidrogel adimendunetan Transformatzeko Proiektu hau – adierazi du – gure zientzia, teknologia eta industriaren batasunaren adibide bat da, industria sare berria sortzeko elkartzen baitira. Proiektu handi bat, gure industria txiki eta ertainaren oinarritik sortua, euskal industria biosanitarioa hurrengo mailara bultzatuko duena eta Euskadi Europako erreferente bihurtuko duena nanomedikuntza pertsonalizatuan”.

I+Med enpresako CEO Manu Muñozek adierazi duenez, “etorkizuneko medikuntza nanomedikuntza pertsonalizatua eta doitasunezkoa izango da, eta gaur egun, Smart Hydrogels for Personalized Nanomedicine proiektuaren bidez, oinarriak jartzen ari gara Euskadi munduko erreferentzia-puntu izan dadin bere I+Garen garatzaile gisa, nanomedikuntza horren fabrikatzaile gisa eta haren azken erabiltzaile gisa. Balio-kate biosanitario horrek guztiak bermatzen du proiektu eraldatzailearen arrakasta”.

VIVEBiotech-eko Gurutz Linazasorok ziurtatu duenez, “proiektuak bektore lentibiralak produzitzeko plataforman berrikuntzak egiteko aukera emango dio VIVEri, baita ekosistema biosanitarioa indartzeko aukera ere, nanomedikuntza pertsonalizatuaren inguruko egungo eta etorkizuneko lankidetzen bidez. Gainera, gure ustez, herrialde-proiektu bat da, abangoardiako osasunerako terapia aurreratuak transferitzeko teknologien inguruko bikaintasuneko industria-polo baten hazia, Europan Biotech Act delakoan gauzatzen den industrializazio-estrategiaren ildotik. Azken batean, euskal industria bioteknologikoaren erakusleiho bikaina da”.

Azkenik, RPK-ko Eduardo Melónek azpimarratu duenez, “proiektuari esker, RPK-k aurre egin ahal izango die presentzia globala duen eta automobilgintza-sektoreari hertsiki lotuta dagoen teknologia-maila handiko industria-kooperatiba gisa gailu medikoetarako osagai aurreratuen fabrikazio-dibisioaren barruan sektore biomedikorako dibertsifikazioa bultzatzeko dituen erronkei. Gainera, sinergiak bultzatzeko eta Euskadin dauden industria-ahalmen handiak baliatzeko indarrak batzen dituzten enpresen eta erakundeen arteko lankidetzaren adibide garbia da proiektua.

20 urtetik gorako zientzia eta ezagutza aurreratua Euskadin

Proiektu eraldatzaile honek 72 milioi euroko hasierako inbertsioa ekarriko du datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 28 milioi euro inguru I+Gra eta teknologiaren garapenera bideratuko dira.

Proiektua I+Med enpresak gidatuko du trakzio-industria gisa, eta kualifikazio handiko zuzeneko 232 lanpostu eta zeharkako 370 lanpostu sortuko dira 2026-2028 aldian. Guztira, 602 enplegu berri sortuko dira. Proiektuak 10 enpresa trakzionatuko ditu (haietako 5 ETEak izango dira), eta Basque Health Cluster izenekoaren laguntza izango du.

Terapia pertsonalizatuetarako berezko gaitasun terapeutikoak dituzten hidrogel adimendunak sortzeko teknologia berrien garapenak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 9 zentro teknologiko eta eragile inplikatuko ditu, GAIKER FUNDAZIOA eta CIC BIOMAGUNE buru direla.

Euskadin 20 urte baino gehiagotan zientzia eta ezagutza aurreratua bultzatu izanari esker, irudi molekularraren eta erradiofarmakoen inguruko gaitasun paregabeak, nanoegiturak eta biomaterialak garatzearen bidez ikerketa aurreratua eta industria lotzen dituen sare bat finkatu da. Ezagutza hori guztia, Europako proiektuetan izandako parte-hartze sendoarekin eta funts lehiakorrak lortzeko lidergoarekin batera, industria-ehunera transferitzen da etengabe.

Horrek industriarekiko lankidetza eta gizartean benetako eragina duten soluzio berritzaileen sorkuntza errazten du, hala nola hidrogel adimendunena. Errealitate horri esker, Euskadiko industria bere eraldaketa bizkortzen, balio erantsi handiko sektore teknologiko eta biomedikoetan duen posizionamendua sendotzen eta lehiakortasuna handitzen ari da.

Eusko Jaurlaritzak laguntza-neurrien sorta bat jarri du proiektu eraldatzaileen eskura (dauden programak eta tresnak, eta berriak).

Euskal industria biosanitarioaren ahalmena

Euskal industria biosanitarioak ia 300 enpresa biltzen ditu. 1.160 milioi eurotik gorako fakturazioa du, eta zuzeneko 6.000 lanpostu inguru ditu Euskadin.

Industria horrek erresilientzia eta hazkunde iraunkorra dituela erakutsi du Euskadin hasi zenetik. Industria biosanitarioak 2015-2024 aldian enpresa kopuruan, diru-sarreretan eta zuzeneko enpleguetan izan duen hazkunde-ratioak (% 60, % 187 eta % 151, hurrenez hurren) industria horrek Euskadin duen ahalmen handia islatzen du. Datu horiek oso garrantzitsuak dira. Izan ere, sektore horretako euskal enpresen erdiek 10 urte baino gutxiago dituzte, eta startup gehienak produktuaren garapen-faseetan daude.

Testuinguru horretan, i+Med enpresako Proiektu Eraldatzailea jauzi kualitatibo berri bat da euskal industria biosanitarioaren garapenean, eta nanomedikuntza pertsonalizatuko jarduera-zentro gisa kokatzen du Euskadi.

Proiektu eraldatzaileak: 232 milioi euroko inbertsioa eta 1.902 enplegu

 Orain arte, hiru Proiektu Eraldatzaile aurkeztu dira, 232 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa dakartenak; haietatik, 123 milioi euro I+Gra eta garapen teknologikora bideratzen dira.

Hiru proiektuetan, kalitatezko 1.902 lanpostu baino gehiago sortuko dira datozen urteetan. Eta euskal industria-ehuneko beste 40 enpresa —gehienak ETEak— trakzionatuko dituzte, herrialdeko zentro teknologikoen laguntzarekin.

Joan den otsailaren 16an eta 26an, lehen bi proiektu eraldatzaileak aurkeztu ziren: “Euskadiko abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoko arkitektura berriak” izenekoa eta ROBOOST proiektua, hurrenez hurren.

 Lehenengoa, ITP Aero buru duena, Euskadik, trantsizio energetiko eta digitalean oinarrituta, etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berrien arloan rol garrantzitsua betetzeko asmoarekin sortu da. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta, haietatik, 60 milioi euro baino gehiago I+Gra eta teknologiaren garapenera bideratuko dira. Proiektuak 800 lanpostu sortzea ekarriko du —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 600 enplegu—.

Bestalde, ROBOOST proiektuak 50 milioi euro inguruko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 35 milioi euro baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Ekimenak 500 lanpostu sortzea ekarriko du —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 300 enplegu—, eta euskal industria-ehunaren nazioarteko lehiakortasuna indartzen lagunduko du. Proiektu Eraldatzaile horri esker, Euskadi erreferentziazko eragilea izango da nitxo emergente batean, hots, robotika sendoan eta doitasunezkoan.

Lotutako albisteak

Eusko  Jaurlaritzak  IBM  Quantum  System  Two  industria  eta  erakunde  publikoen  eskura  jarri  du,  berrikuntza-  eta  ezagutza-transferentziako  proiektu  berriak  bultzatzeko
07/07/2026 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak IBM Quantum System Two industria eta erakunde publikoen eskura jarri du, berrikuntza- eta ezagutza-transferentziako proiektu berriak bultzatzeko

Sarbide-protokoloari esker, EAEko industriak eta erakunde publikoek IBM Quantum System Two sistema eta IBMk hodeian eskaintzen dituen backend kuantikoak erabili ahal izango dituzte

Emaitek  Industria  Hobeak  ezagutza  industriarentzako  balio  bihurtzen  duten  gaitasunak  bultzatzen  ditu
03/07/2026 I+G+B

Emaitek Industria Hobeak ezagutza industriarentzako balio bihurtzen duten gaitasunak bultzatzen ditu

Emaitek Industria Hobea 2026 programaren edizio berriak 62,1 milioi euro bideratuko ditu Zentro Teknologiko Multifokalizatuek Euskadiko industria-erronkei egiten dieten ekarpena indartzera, eta emaitzetara bideratutako finantzaketa-eredu berria txertatu du.

Ingeseak  roboten  kalibraziorako  sistemak  integratzen  ditu  prozesu  industrialetan  geldialdiak  murrizteko
03/07/2026 I+G+B

Ingeseak roboten kalibraziorako sistemak integratzen ditu prozesu industrialetan geldialdiak murrizteko

Elgoibarko enpresa automatizazio industrialean eta robotikoan dago espezializatuta, eta robotaren posizionamenduaren neurketa automatizatua hobetu du

Eusko  Jaurlaritzak  ETEak  hazkunde  handiko  sektoreetara  dibertsifikatzeko  programa  berri  bat  ireki  du  54  milioi  eurorekin

Eusko Jaurlaritzak ETEak hazkunde handiko sektoreetara dibertsifikatzeko programa berri bat ireki du 54 milioi eurorekin

Mikel Jauregi sailburuak iragarri du programa ireki dela, Gasteizko Zayer enpresara egindako bisitan. Industria-arloko ETE horrek nagusiki energiaren sektorera eta sektore aeroespazialera bideratutako ahalmen handiko makina-gama berri bat muntatzeko dibertsifikazio-proiektua aurkeztu du programan

Euskadiko  industria-lehiakortasuna  hazi,  dibertsifikatu  eta  indartzeko  inbertsio  berriak  bultzatzen  ditu  Dibertsifika  2026  programak
29/06/2026 Finantziazioa

Euskadiko industria-lehiakortasuna hazi, dibertsifikatu eta indartzeko inbertsio berriak bultzatzen ditu Dibertsifika 2026 programak

Euskal industria-enpresei hazteko, beren jarduera dibertsifikatzeko eta beren lehia-posizioa indartzeko aukera emango dieten ekoizpen-inbertsioko proiektuei laguntzeko 54 milioi euro bideratuko ditu Dibertsifika 2026 programa berriak. Programak deialdi bakar batean finkatzen du orain arte Indartu eta Gauzatu Industriak eskaintzen zuten laguntza, eta, hala, erraztu egiten du enpresa-eraldaketako proiektu estrategikoei ekiteko behar...

Kaskadako  finantzaketak  Europako  proiektuak  euskal  ETEetara  hurbiltzen  ditu,  %46,5eko  arrakasta-tasarekin
19/06/2026 I+G+B

Kaskadako finantzaketak Europako proiektuak euskal ETEetara hurbiltzen ditu, %46,5eko arrakasta-tasarekin

2023az geroztik, 79 euskal ETEk parte hartu dute EEN Basquek bultzatutako kaskadako finantzaketa-ekimenaren bidez sustatutako Europako deialdietan, eta 42k finantzaketa lortu dute beren berrikuntza-proiektuak garatzeko. SPRIk antolatutako I+G+b-aren nazioartekotzeari buruzko zazpigarren jardunaldiak Europako aukera berriak ezagutarazteko, enpresen arrakasta-esperientziak ezagutzeko eta digitalizazioa, robotika, bioekonomia edo trantsizio energetikoa bezalako arloetara bideratutako hurrengo...

Eusko  Jaurlaritzak  Bikaintek  programa  zabaldu  du  enpresetan  ikertzaileak  kontratatzea  sustatzeko
18/06/2026 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak Bikaintek programa zabaldu du enpresetan ikertzaileak kontratatzea sustatzeko

2026rako planak 4,4 milioi euroko aurrekontua du eta urtean 42.000 euro bitarteko dirulaguntzak eskaintzen ditu kontratazio bakoitzarentzat.

Eusko  Jaurlaritzak  HAZITEK  programaren  bidez  505  milioi  euro  mobilizatu  ditu  aurten  industria  arloko  I+G  proiektuetan,  duela  bi  urte  baino  bi  aldiz  gehiago

Eusko Jaurlaritzak HAZITEK programaren bidez 505 milioi euro mobilizatu ditu aurten industria arloko I+G proiektuetan, duela bi urte baino bi aldiz gehiago

Euskadi 2030 Industria Planaren “Industria Hobea” ardatz estrategikoak programaren aurrekontua handitzea ahalbidetu du, eta 169 milioi euroko zifra historikora iritsi da; hau da, duela bi urte programak izan zuen aurrekontua baino % 86 handiagora

Industriaren  Euskal  Kontseiluak  Euskadi  2030  Industria  Planaren  lehen  jardueren  balantzea  egin  du

Industriaren Euskal Kontseiluak Euskadi 2030 Industria Planaren lehen jardueren balantzea egin du

Buru izan dira Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Elixabete Etxanobe Bizkaikoa, Eider Mendoza Gipuzkoakoa eta Mikel Jauregi Industriako sailburua.

Industriarako  sare  elektrikoen  belaunaldi  digital  berria  ‘made  in  Euskadi’  izango  da

Industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria ‘made in Euskadi’ izango da

Grid4Industry proiektua Euskadi 2030 Industria Planaren bosgarren proiektu eraldatzailea da, eta industriako sare elektrikoak digitalizatzeko garapen teknologikoa bultzatzen du. Euskadin garatutako soluzioak munduaren gainerako herrialdeetara esportatuko dira

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.