Esportatzea nahikoa ez denean, Nazioarteko Gauzatu 2026 programak beste merkatu batzuetan produzitzen hasteko aukera ematen dizu

5 milioi euro bideratuko ditugu Nazioarteko Gauzatu 2026 programara, atzerrian produkzio-instalazioak ireki, handitu edo berritu, edo atzerriko sozietateak erosi nahi dituzten Euskadiko ETEei eta enpresa handiei laguntzeko. Programak 1 milioi euro arteko itzul daitezkeen aurrerakinak eskaintzen ditu enpresa bakoitzeko, gutxienez 120.000 €-ko inbertsio-proiektuetarako. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da 2026ko urriaren 20tik azoraren 20ra.
-

Esportatzea nazioartean hazteko lehen urratsa izan daiteke, baina, une jakin batzuetan, Euskaditik saltzea ez da nahikoa izaten merkatu jakin batzuen beharrei erantzuteko. Bezeroengandik gertu egoteak, entrega-epeek, eskakizun teknikoek edo produkzioa egokitzeko beharrak eraman dezakete enpresa bat helmugako herrialdean presentzia propioa izatea planteatzera.

Atzerrian ezartzea inbertsioa eta plangintza eskatzen dituen erabaki estrategikoa da. Ez da soilik fabrika irekitzea edo instalazio propioak izatea; merkatu horretan jarduteko gaitasun guztiak garatzea, haren funtzionamendua hobeto ezagutzea eta nazioarteko jarduera sendotzeko harremanak eraikitzea ere bada.

Nazioarteko Gauzatu 2026 programaren bidez, prozesu horretan lagundu nahi dizugu, zure enpresak, bere hedapen-estrategiaren barruan, produkzio-instalazio berriak abian jartzeko, lehendik dituenak indartzeko edo atzerriko sozietate bat erosteko aukera izan dezan.

Fabrika bat irekitzetik enpresa bat erostera: nazioarteko presentzia sendotzeko hainbat aukera

Enpresa guztiek ez dute urrats bera egin behar beste merkatu batzuetan hazteko. Batzuek atzerrian lehen produkzio-lantegia ezarri nahi dute; beste batzuek, berriz, fabrikazio-gaitasuna handitu, instalazioak berritu edo produkzioari lotutako zerbitzu teknikoak bezeroengandik gertuago eskaini behar dituzte.

Baliteke, halaber, helmugako herrialdean dagoeneko martxan dagoen sozietatea erostea izatea aukerarik egokiena. Aukera horrek produkzio-gaitasunetara, merkatuaren ezagutzara eta lehendik dauden enpresa-harremanetara iristea erraztu dezake, jarduerari ekiteko beharrezko egitura guztia hutsetik eraiki beharrik gabe.

Gainera, beste herrialde batean produkzio-presentzia izateak fabrikaziotik harago doazen aukerak sor ditzake. Lehen eskutik ezagutzea legedia, enpresa-kultura eta bezeroen beharrak, tokiko hornitzaileekin eta bazkideekin harremanak garatzea edo balio-kate berrietara iristea lagungarria izan daiteke erabaki hobeak hartzeko eta enpresak merkatu horretan duen posizioa indartzeko.

Zer inbertsio finantzatu ditzakezu atzerriko ezarpena abian jartzeko edo indartzeko?

Badakigu produkzio-ezarpen batek instalazioak baino askoz gehiago behar dituela. Horregatik, laguntza jaso dezaketen inbertsioen artean, honako hauek daude: lurrak, eraikinak, makinak, tresneria, instalazio teknikoak, altzariak, aplikazio informatikoak, ekipo informatikoak, jabetza industriala eta patenteak.

Inbertsio horiek fabrika edo bulego tekniko berri bat hornitzeko, lehendik dauden instalazioak handitzeko edo, produkzio-prozesuan funtsezko aldaketak egin ahal izateko makineria berritzeko erabil daitezke.

1 milioi euro arteko laguntza atzerriko ezarpena finantzatzeko

Euskadiko enpresei laguntzen pilatutako esperientziari esker, nazioarteko ezarpenak eskatzen duen inbertsio-ahalegina eta proiektua aurrera eramateko finantzaketa izatearen garrantzia gertutik ezagutzen ditugu. Nazioarteko Gauzatu programaren bidez, finantzaketa hori erraztu nahi dizugu, zure hedapen-planetan aurrera egin dezazun, inbertsio osoari baliabide propioekin aurre egin beharrik gabe.

Nazioarteko Gauzatu 2026 programak 1.000.000 € arteko itzul daitezkeen aurrerakinak eskaintzen ditu enpresa bakoitzeko. Finantzaketaren ehunekoa enpresaren tamainaren araberakoa da:

  • Enpresa txikiak eta mikroenpresak: diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 50 gehienez.
  • Enpresa ertainak: % 35 gehienez.
  • Enpresa handiak: % 25 gehienez, aplikagarria den de minimis laguntzen araubideak ezarritako mugak errespetatuta.

Programak inbertsioak gauzatzeko gehienez 36 hilabeteko epea ematen du, betiere deialdian ezarritako epearen barruan. Proiektuan aurrera egin ahala, emandako finantzaketaren ordainketa partzialak jaso ahal izango dituzu, urtean behin, egindako, ordaindutako eta fakturen, ordainagirien eta kanpoko auditoretzaren bidez behar bezala justifikatutako inbertsioengatik. Horrek esan nahi du hasieran zuk finantzatu beharko dituzula inbertsioak, baina ez duzula proiektu osoa amaitu arte itxaron beharko dagozkion ordainketak jasotzeko.

Gainera, itzulketak hainbat ekitalditan banatzeko aukera ematen duen egutegia aurrez ikusi dugu. Inbertsioak amaitutakoan, urtebeteko gabealdia izango duzu. Ondoren, proiektua amaitu eta hurrengo bigarren urtean hasiko zara aurrerakina itzultzen, bost urteko kuota berdinetan.

Horrela, inbertsioak eta finantzaketaren itzulketa hainbat ekitalditan planifikatu ahal izango dituzu, atzerrian produkzio-ezarpena abian jartzeko eta garatzeko behar diren epeak kontuan hartzen dituen egutegiaren bidez.

Ez da nahikoa atzerrian inbertitzearekin: zure proiektua planteatzeko modua ere garrantzitsua da

Non inbertitu, ezarpen berrira zenbat bideratu eta abian jartzea nola antolatu erabaki behar da, eta komeni da erabaki horiek behar bezala oinarrituta egotea. Nazioarteko Gauzatu programan, ez da nahikoa sartzeko eskakizunak betetzea: proiektuaren sendotasuna, enpresaren estrategiarekin duen koherentzia eta sor dezakeen inpaktua ere baloratzen ditugu.

Horregatik, zure proiektuaren memoria prestatzean, garrantzitsua da azaltzea zergatik aukeratu duzun merkatu hori, zer aukera eta arrisku identifikatu dituzun eta ezarpena nola garatzeko asmoa duzun. Aurrekontua, gauzatze-egutegia, zure enpresaren finantza- eta produkzio-gaitasuna eta proiektuaren izaera teknologikoa edo berritzailea funtsezko alderdiak dira haren bideragarritasuna frogatzeko.

Inbertsioak zure enpresaren lehiakortasuna hobetzen nola lagunduko duen eta Euskadiko jardueran eta enpleguan zer eragin izango duen ere baloratuko dugu. Konpromiso sozialak eta jasangarritasunak ere izango dute eragina ebaluazioan, bai helmugako herrialdean ezarpenak sor dezakeen inpaktu positiboagatik, bai oinarrietan jasotako ziurtagiri eta planengatik.

Laguntzak norgehiagoka bidez emango dira; beraz, eskaerak lortutako puntuazioaren arabera ebaluatu eta sailkatzen dira. Finantzaketa jaso ahal izateko, zure proiektuak gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu 100etik.

Zer enpresak eska dezakete Nazioarteko Gauzatu 2026 programa?

Programa Euskadin produkzio-instalazioak eta nazioarteko ezarpen-proiektuan inplikatutako langile propioak dituzten ETEei eta enpresa handiei zuzenduta dago.

Finantzaketa eskuratzeko, proiektuek 120.000 €-ko gutxieneko inbertsioa aurrez ikusi beharko dute, eta oinarrietan ezarritako modalitateak eta diruz lagun daitezkeen gastuak bete. Kanpoan geratzen dira eraikuntzaren, higiezinen, finantza- eta aseguru-sektoreen, defentsaren, arrantza- eta akuikultura-produktuen eta lehen mailako nekazaritza-produkzioaren sektoreetara bideratutako inbertsioak.

Inbertsioak 2026an eta eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko dira. Hala ere, programak aurretiazko eskaera egiteko prozedura aurrez ikusi du, behin betiko eskaera egin aurretik hasitako zenbait inbertsio kontuan hartu ahal izateko.

Zure enpresa beste herrialde batean fabrika bat irekitzea, nazioarteko produkzio-gaitasuna handitzea, lehendik dagoen ezarpena berritzea edo atzerriko sozietate bat erostea aztertzen ari bada, hurrengo urratsa da laguntza zer inbertsiok jaso dezaketen egiaztatzea, eta proiektua behar bezala prestatzea.

Eskaera 2026ko azaroaren 20ra aurkeztu ahal izango duzu. Nazioarteko Gauzatu 2026 programaren gure webgunean aurkituko dituzu baldintzak, diruz lagun daitezkeen inbertsioak, beharrezko dokumentazioa eta eskaera egiteko sarbidea.

Lotutako albisteak

Euskadiko  industriak  nazioarteko  ziurgabetasunari  eutsi  dio  eta  urte  arteko  esportazioak  %  21,7  bizkortu  ditu  irailean
2026/11/17 Nazioartekotzea

Euskadiko industriak nazioarteko ziurgabetasunari eutsi dio eta urte arteko esportazioak % 21,7 bizkortu ditu irailean

Azken 10 urteetako irailik onena da, eta iraileko batez bestekoa baino % 20,6 handiagoa 2017-2025 aldian.

Euskadi  All  International  2026:  Euskadiko  industriaren  nazioartekotzeari  buruzko  urteko  hitzordua  sortu  da
2026/11/11 Nazioartekotzea

Euskadi All International 2026: Euskadiko industriaren nazioartekotzeari buruzko urteko hitzordua sortu da

Lehenengo edizioa abenduaren 2an egingo da Bilbon, eta nazioarteko merkatuen azterketa, Euskadiko enpresen esperientziak eta Basque Trade & Investmenten Kanpo Sareko arduradunekin egindako banakako bilerak bateratuko ditu.

Basque  Trade  &  Investment-ek  WOMEXeko  bazkide  europarrak  bildu  ditu  Euskadin,  enpresen  nazioartekotzean  genero-berdintasuna  bultzatzeko

Basque Trade & Investment-ek WOMEXeko bazkide europarrak bildu ditu Euskadin, enpresen nazioartekotzean genero-berdintasuna bultzatzeko

SPRI Taldearen agentziak Europako proiektuaren eskualde arteko laugarren topaketa antolatu du, Bilbon eta Aretxabaletan, politika publikoak, enpresa-jardunbide egokiak eta ETEen nazioarteko jardueran emakumeen parte-hartzea indartzen lagunduko duten ekimenak partekatzeko.

Virtualware  enpresak  nazioarteko  hazkundea  bizkortu  du:  Virtalis  enpresa  britainiarra  erosi  du
2026/10/29 Finantzaketa

Virtualware enpresak nazioarteko hazkundea bizkortu du: Virtalis enpresa britainiarra erosi du

FEI, COFIDES, ELKARGI eta SPRI Taldeko BT&I erakundeek basbestuta, eragiketa horren bidez, euskal enpresa teknologikoak Erresuma Batuan duen presentzia indartuko du, bezero-zorroa handitu, eta errealitate birtualeko teknologietan eta biki digitaletan duen posizionamendua sendotu

Eusko  Jaurlaritzak  inoizko  aurrekontu  proiektu  handiena  onartu  du  zerbitzu  publikoak  indartzeko  eta  etorkizuneko  Euskadi  eraikitzeko

Eusko Jaurlaritzak inoizko aurrekontu proiektu handiena onartu du zerbitzu publikoak indartzeko eta etorkizuneko Euskadi eraikitzeko

Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Sailak 676,1 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an, aurreko urtekoaren %3,9 gehiago. Aurrekontuak euskal enpresen lehiakortasuna sustatzen du berrikuntza, digitalizazioa eta teknologia berrien adopzioa babestuz

Mikel  Jauregi:  “industria  aeroespaziala  kalitatezko  lanpostuak  sortzen  dituen  hazkunde  handiko  sektorea  da,  eta  teknologikoki  oso  aurreratuak  diren  lanpostuak  sortu  nahi  ditugu”
2026/10/20 Nazioartekotzea

Mikel Jauregi: “industria aeroespaziala kalitatezko lanpostuak sortzen dituen hazkunde handiko sektorea da, eta teknologikoki oso aurreratuak diren lanpostuak sortu nahi ditugu”

Euskal sektore aeroespazialak, 3.400 milioi euroko fakturazioarekin eta 6.500 enplegu ingururekin, Europako elkargune teknologiko eta aeronautiko nagusietako batean duen presentzia sendotu nahi du

Lehendakariak  merkataritza-misio  bat  gidatuko  du  Okzitaniako  Tolosara,  euskal  industriak  Europako  sektore  aeroespazialean  duen  presentzia  indartzeko
2026/10/19 Nazioartekotzea

Lehendakariak merkataritza-misio bat gidatuko du Okzitaniako Tolosara, euskal industriak Europako sektore aeroespazialean duen presentzia indartzeko

Bidaiaren helburua negozio, berrikuntza eta lankidetza industrialerako aukera berriak bultzatzea da, eta aeronautikako fabrikatzaileak, klusterrak eta erreferentziako zentro teknologikoak bisitatuko dituzte

Basque  Trade  &  Investment-ek  Euskadiko  esperientzia  industriala  aurkeztu  du  Japonian,  itsas  eolikoaren  garapenerako  erreferente  gisa

Basque Trade & Investment-ek Euskadiko esperientzia industriala aurkeztu du Japonian, itsas eolikoaren garapenerako erreferente gisa

Nazioartekotzeko euskal agentziak Global Offshore Wind Summit Japan 2026an parte hartu du, euskal eolikoko balio-katearen lehiakortasunaren gakoak partekatzeko eta Japoniarekin enpresa-lankidetzarako aukera berriak bultzatzeko

Eusko  Jaurlaritzak  Indartuz  finantzaketa-lerro  bermatua  aktibatu  du,  Euskadiko  enpresa-sarea  eraldatzeko  finantzaketa  mobilizatzera  begira

Eusko Jaurlaritzak Indartuz finantzaketa-lerro bermatua aktibatu du, Euskadiko enpresa-sarea eraldatzeko finantzaketa mobilizatzera begira

Gobernu Kontseiluak hazkundea, digitalizazioa, deskarbonizazioa eta nazioartekotzea finantzatzeko beste tresna bat arautzen duen dekretua onartu du

Txekiar  Errepublikako  lehen  ministroak  euskal  industria  bertatik  bertara  ezagutu  du  Brnoko  MSV  azokan
2026/10/09 Nazioartekotzea

Txekiar Errepublikako lehen ministroak euskal industria bertatik bertara ezagutu du Brnoko MSV azokan

Euskadiko hamar enpresak eta bi teknologia-zentrok parte hartu dute Txekiar Errepublikara egindako enpresa-misio batean, sektore aeronautikoan, industrialean eta energetikoan negozio- eta lankidetza-aukera berriak aztertzeko. Basque Trade & Investmentek (SPRI Taldea) antolatu du misioa, Txekiar Errepublikak Madrilen duen Enbaxadarekin batera, HEGANen eta AFM Cluster-en laguntzarekin.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.