Zabaldu+ 2026k laguntza bakarrean biltzen du ETEen nazioartekotzeari emandako babes guztia
SPRI Taldeak Zabaldu+ 2026 programa aurkeztu du. Euskal ETEen eta startup-en nazioartekotzea sustatzeko laguntza da, baita enpresen arteko lankidetza-proiektuak eta nazioarteko proiektu pilotuak babestekoa ere.
Programak 13,6 milioi euroko aurrekontua du, eta dirulaguntza itzulezinen bidez gauzatuko da. Laguntzak onartutako aurrekontuaren %45etik %70era bitartekoak izan ahal izango dira, proiektuak lortutako puntuazioaren arabera, eta gehienez 75.000 eurokoa izango da enpresa bakoitzeko, banakako jarduketetarako.
Laguntza zabalagoa, nazioarteko merkatuetan hazteko
Nazioartekotzea bide egokia da merkatu berriak irekitzeko, bezero potentzial gehiago lortzeko eta ingurune ekonomiko bakar baten mendekotasuna murrizteko. Hala ere, informazioa, plangintza, egokitzeko gaitasuna eta erabakiak berme osoz hartzeko ahalmena eskatzen ditu.
Herrialde berri batean sartzeak, merkatua, sartzeko oztopoak, merkataritza-kanalak edo kokatzeko estrategiarik egokiena ondo ezagutu gabe, kostu handiak eta errentagarritasun txikiko erabakiak ekar ditzake. Horregatik, Zabaldu+ programa euskal enpresei atzerrirako hedapena hobeto prestatzen, nazioarteko presentzia indartzen eta merkatu berrietan proposamen sendoago batekin aurrera egiten laguntzeko diseinatu da.
Gainera, programak aurreko deialdietan baino ikuspegi zabalagoa du. Nazioartekotzeko banakako jarduketak ez ezik, lankidetza-jarduerak, elkarteek edo partzuergoek sustatutako proiektuak eta atzerrian irtenbideen bideragarritasuna ebaluatzera bideratutako nazioarteko proiektu pilotuak ere jasotzen ditu.
Zertan lagun diezazuke Zabaldu+ programak?
Zabaldu+ programak nazioartekotze-prozesuarekin lotutako hainbat gasturi aurre egiteko aukera ematen du. Horien artean daude nazioartekotze-estrategiak prestatzea, merkatu-azterketak, aduana- edo muga-zergei buruzko txostenak, aholkularitza operatiboa, nazioarteko marketin-planak, sustapen-ekintzak, azoketan parte hartzea, prospekzio-bidaiak eta alderantzizko misioak.
Laguntzak, halaber, homologazioekin, ziurtagiriekin, patenteen eta marken erregistroekin, atzerriko ezarpenekin, helmugako merkataritza-agente eta -ordezkariekin lotutako gastuak estaltzen ditu, baita nazioartekotze-proiektuan enpresako taldeak egindako barne-dedikazioa ere.
Berritasun nagusietako bat da Zabaldu+ programak nazioarteko proiektu pilotuei ere laguntza ematen diela. Proiektu horien bidez, irtenbide baten bideragarritasuna atzerrian ebaluatu eta beste testuinguru batzuetan errepikatzeko aukerak azter daitezke, betiere garatzen diren herrialdeko biztanleei —zuzenean edo zeharka— edo, gutxienez, horien zati handi bati onura ekar diezaioketenean.
Enpresen arteko lankidetza, urrunago iristeko
Zabaldu+ programa atzerriko merkatuetan elkarrekin jardun nahi duten elkarteei, esportazio-partzuergoei, sustapen-taldeei, salmenta-taldeei eta enpresen arteko lankidetzarako beste talde batzuei ere zuzenduta dago.
Laguntza-ildo honen bidez, nazioarteko jarduera partekatuak, azoketan batera parte hartzea, misio zuzenak eta alderantzizkoak, sustapen-material bateratuak, taldearen eguneroko jarduera, kudeaketa-egitura eta nazioarteko lizitazioetarako eskaintzak prestatzea bultzatzen dira.
Horrela, programak enpresei aukera ematen die atzerriko merkatuei elkarlanean heltzeko, ahaleginak, arriskuak eta aukerak partekatuz.
Nazioartekotze-proiektuaren kalitatea funtsezkoa izango da
Eskabideak norgehiagoka bidez ebaluatuko dira, oinarrietan ezarritako irizpideen arabera. Horregatik, ez da nahikoa izango sartzeko baldintzak betetzea. Garrantzitsua da nazioartekotze-proiektu sendoa, koherentea eta behar bezala justifikatua aurkeztea.
ETEen eta startup-en kasuan, nazioartekotze-proiektua da balorazioan pisurik handiena duen irizpidea, gehienez 55 puntu lortu baititzake 100etik. Beste alderdi batzuk ere kontuan hartuko dira, hala nola Euskadiko enpleguan izango duen eragina, gizartearekiko eta jasangarritasunarekiko konpromisoa, jarduera-sektorea eta merkatuen dibertsifikazioa.
Lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da aplikatu beharreko laguntzaren ehunekoa: onartutako aurrekontuaren %45etik %70era bitartekoa. 50 puntura iristen ez diren eskabideek ez dute programaren laguntzarik jasoko.
Zabaldu+ 2026 zuretzat da, baldin eta…
- Zure ETEak edo startup-ak ekoizpen-instalazioa badu Euskadin eta merkatu berriak ireki edo nazioarteko presentzia indartu nahi badu.
- Zure enpresak dagoeneko esportatzen badu eta merkatuak dibertsifikatu edo atzerriko posizionamendua hobetu nahi badu.
- Nazioarteko merkatuetan baterako jarduerak garatu nahi dituen elkarte, partzuergo edo enpresen arteko lankidetza-talde bateko kidea bazara.
- Atzerrian irtenbide bat baliozkotzeko eta haren errepikagarritasuna aztertzeko nazioarteko proiektu pilotu bat aurkeztu nahi baduzu.
- Nazioartekotze-proiektu bat berme handiagoz prestatu, gauzatu eta justifikatzeko laguntza behar baduzu.
Eskabideak 2026ko uztailaren 7tik irailaren 15era aurkeztu ahal izango dira. Zabaldu+ 2026 programari buruzko informazio guztia kontsultatu eta eskabidea egiteko prozedurara sartu.