Mikel Jauregi sailburua, aurkezpenean.
Ingurumen-jasangarritasuna
Albisteak 23 apirila, 2026

Euskadi erregai berriztagarrien garapen teknologiko-industrialaren buru da Europan, 250 milioi euroko inbertsioarekin

Euskadi-2030 Industria Planaren laugarren proiektu eraldatzaileak Europan erreferentzia izango den erregai berrizgarrien Hub bat sortuko du
-
  • Hub horrek EIC zentroan izango du basea, eta Euskadik erregai berriztagarrien garapena bultzatzeko dituen ahalmen teknologikoak bilduko ditu. Erregai sintetikoen, bioerregaien, CO2-aren eta hidrogeno berriztagarriaren inguruko funtsezko teknologiak garatuko dira.
  •  Proiektua erregai berriztagarriak erabiliko dituzten motor aeronautikoen belaunaldi berri bat garatuko duen lehen proiektu eraldatzaileari lotuta dago.
  •  Proiektuak ia 250 milioi euroko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 85 milioi euro I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira.
  •  Kualifikazio handiko zuzeneko 300 lanpostu eta zeharkako 900 lanpostu sortuko dira. Beraz, 1.200 enplegu berri izango dira guztira.
  •  Proiektua Petronor enpresak zuzenduko du, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, 51 enpresa trakzionatuko ditu (haietako 23 ETEak izango dira), eta Basque Energy Cluster izenekoaren laguntza izango du.
  •  Gainera, nagusiki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 4 zentro teknologiko inplikatuko ditu.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik “Erregai berriztagarrien Hub-a” proiektu eraldatzailea aurkeztu du gaur goizean, Energy Intelligence Center (EIC) izenekoan, eta Euskadi-2030 Industria Planaren esparruan sortutako industria-oinarriko laugarren proiektua da. Proiektu horrek erregai berriztagarrien garapen teknologiko eta industrialaren Europako abangoardian kokatuko du Euskadi.

Hub berri horrek Energy Intelligence Center (EIC) zentroan izango du basea, eta Euskadik erregai berriztagarrien garapena bultzatzeko dituen ahalmen teknologikoak, industrialak eta zientifikoak egituratuko ditu. Erregai sintetikoei, bioerregai aurreratuei, CO2-aren inguruko teknologiei eta hidrogeno berriztagarriari lotutako funtsezko teknologiak garatu eta ezarriko dira.

Proiektua Euskadi-2030 Industria Planeko lehen proiektu eraldatzaileari hertsiki lotuta dago. Lehen proiektu hori erregai berriztagarriak erabiliko dituzten motor aeronautikoen belaunaldi berri bat garatzera bideratuta dago, eta ITP Aero enpresak zuzentzen du.

Ekitaldian, proiektuan parte hartzen duten enpresa, ETE, zentro teknologiko eta klusterretako arduradunak bildu dira, eta, Mikel Jauregi sailburuarekin batera, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe; Petronorreko CEO, José Ignacio Zudaire; Nortegaseko CEO, Juan Villar, eta H2Site produktu zuzendaria, Guillermo García.

Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, “proiektu hau gure zientziaren, teknologiaren eta industriaren batasunaren erakusgarririk onena da. Petronor trakzio-enpresak eta 23 ETEk bat egin dute industria-ehun berria sortzeko garapen teknologikoko proiektu batean”.

Jauregik azpimarratu duenez, proiektua “proiektu eraldatzaileen artean sortutako garapen teknologiko berrien adibide egokia da. Kasu honetan, erregai berriztagarrien Hub-ak lehen proiektu eraldatzaileko motor aeronautiko berriek erabili ahal izango duten erregai bat garatuko du”.

Petronorreko CEO Jose Ignacio Zudairek adierazi duenez, “gure apustua industria izan da beti, eta industriak, teknologiarekin bat eginik, deskarbonizazio-prozesuak gidatzea eta bestela ezinezkoa zaien jarduera guztietarako soluzioak eskaintzea ahalbidetzen digu. Gainera, guztion onerako den balio-kate batean elkartutako enpresa guztien —handien eta txikien— lankidetzan sinesten dugu. Eta lankidetza publikoan sinesten dugu, gure inbertsioetarako arau-esparru egonkor bat eskaintzen digulako eta gure proiektuak babesten dituelako”.

Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek adierazi duenez, “erregai berriztagarrien Hub honek zehatz-mehatz irudikatzen ditu eraikitzen ari garen Euskadi eta Bizkaia: erronka global handi bat —hots, deskarbonizazioa— industria berria, teknologia eta kalitatezko enplegua sortzeko aukera bihurtzen duen lurraldea. Trantsizio energetikoa emisioak murriztean datza, baina, batez ere, gure energia-subiranotasuna indartzean, sektore estrategikoetan gaitasun propioak garatzean eta etorkizuneko ekonomian lidergo-posizio batean kokatzean datza. Bizkaiko Foru Aldundia, Energy Intelligence Centerren bitartez bereziki, proiektu honen kolaboratzaile estrategikoa da, anbizio industriala, berrikuntza eta ongizatea batzen dituen eraldaketan sinesten dugulako, eta badakigulako arlo horretan erabakitzen dela, neurri handian, datozen urteetako lehiakortasuna eta oparotasuna”.

Bestalde, Juan Villar Nortegaseko CEOak adierazi duenez, “Proiektu Eraldatzaile hau ez da soilik teknologia berriak edo irtenbide industrialak ikertzean oinarritzen, baizik eta elkarlaneko ekosistema erreal bat hedatzea du helburu, non enpresek, zentro teknologikoek, unibertsitateek eta administrazioak lankidetzan lan egingo duten, ibilbide-orri komun batekin eta eskari industrialera bideratuta”.

Guillermo García, H2Site-ko produktu-zuzendariak nabarmendu duenez, “H2Sitek Proiektu Eraldatzailean parte hartzen du, Petronorrekin batera, eta mintz-teknologia findegietarako hidrogenoa ekoizteko prozesuetan txertatzen du. Gainera, parte hartzen du portuak deskarbonizatzeko proiektu estrategikoan, hidrogenoan eta amoniakoan oinarritutako soluzioen bidez “.

Ekimenak ia 250 milioi euroko hasierako inbertsioa mobilizatuko du datozen hiru urteetan, eta, haietatik, ia 85 milioi euro I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Horren bidez, Euskadik berrikuntza energetiko eta industrialean erreferentzia gisa duen posizionamendua sendotuko da.

Erregai berriztagarrien Hub-arekin, kualifikazio handiko zuzeneko 300 lanpostu eta zeharkako 900 lanpostu sortuko dira, eta, beraz, balio erantsi handiko industria-jarduerei eta jarduera teknologikoei lotutako 1.200 lanpostu berri izango dira guztira.

Proiektua Petronor enpresak zuzenduko du, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta 51 enpresak hartuko dute parte (haietako 23 ETEak izango dira). Gainera, Basque Energy Cluster izenekoaren laguntza jasoko da. Kluster horrek zeregin garrantzitsua beteko du ekosistema industriala eta teknologikoa dinamizatzeko zereginean.

Halaber, nagusiki, Hub-ak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 4 zentro teknologiko integratuko ditu, eta lankidetza publiko-pribatua eta ezagutzaren, industriaren eta merkatuaren arteko lotura indartuko ditu.

Funtsezko teknologiak eta elektrifikatzen zailak diren sektoreak

Erregai berriztagarrien barruan, erregai sintetikoak eta bioerregai aurreratuak daude, besteak beste. Halaber, lotutako teknologiak hartzen dituzte barnean, hala nola CO2-aren atzipena, erabilera eta biltegiratzea eta hidrogeno berriztagarria, erregai sintetikoak fabrikatzeko beharrezkoak direnak.

Hub-ak emisioak murriztea bereziki konplexua den industria- eta garraio-sektoreei erreparatuko die. Hori dela eta, hainbat teknologiatan batera aurrera egitea eta arriskuak murriztuko dituzten eta soluzio lehiakorretarako aldaketa bizkortuko duten saiakuntza- eta frogapen-azpiegiturak izatea planteatzen du.

Hub-a industria-, energia- eta berrikuntza-politiken arteko lerrokatze-tresna gisa sortu da, Euskadi-2030 Industria Planarekin eta 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planarekin bat etorriz.

Gainera, Euskadi 2030 Erregai Berriztagarrien Ibilbide-orri Teknologikoa du kate osoan proiektuak identifikatzeko eta lehenesteko oinarri gisa: produkzioan, biltegiratzean, garraioan, banaketan eta erabileran.

Proiektu eraldatzaileak: 482 milioi euroko inbertsioa eta 3.102 enplegu

Orain arte, lau Proiektu Eraldatzaile aurkeztu dira, 482 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa dakartenak; haietatik, 208 milioi euro I+Gra eta garapen teknologikora bideratzen dira.

Lau proiektuetan, kalitatezko 3.102 lanpostu baino gehiago sortuko dira datozen urteetan. Eta euskal industria-ehuneko beste 91 enpresa —gehienak ETEak— trakzionatuko dituzte, herrialdeko zentro teknologikoen laguntzarekin.

Orain arte, hiru proiektu eraldatzaile aurkeztu dira: “Euskadiko abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoko arkitektura berriak” izenekoa, ROBOOST proiektua eta “Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak”.

Lehenengoa, ITP Aero buru duena, Euskadik, trantsizio energetiko eta digitalean oinarrituta, etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berrien arloan rol garrantzitsua betetzeko asmoarekin sortu da. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta, haietatik, 60 milioi euro baino gehiago I+Gra eta teknologiaren garapenera bideratuko dira. Proiektuak 800 lanpostu sortzea ekarriko du -zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 600 enplegu-.

Bestalde, ROBOOST proiektuak 50 milioi euro inguruko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 35 milioi euro baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Ekimenak 500 lanpostu sortzea ekarriko du —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 300 enplegu—, eta euskal industria-ehunaren nazioarteko lehiakortasuna indartzen lagunduko du. Proiektu Eraldatzaile horri esker, Euskadi erreferentziazko eragilea izango da nitxo emergente batean, hots, robotika sendoan eta doitasunezkoan.

Bestalde, “Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak” proiektuak 72 milioi euroko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 28 milioi euro inguru I+Gra eta garapen teknologikora bideratuko dira. Proiektua I+Med enpresak gidatuko du trakzio-industria gisa, eta kualifikazio handiko zuzeneko 232 lanpostu eta zeharkako 370 lanpostu sortuko dira 2026-2028 aldian. Beraz, 602 enplegu berri sortuko dira guztira. Proiektu Eraldatzaile hori abian jartzean, sare biofarmazeutiko aurreratu bat egituratu ahal izango da haren inguruan, Euskadi Europan nanomedikuntza pertsonalizatuko erreferentzia bihurtuko duena.

 

 

 

Lotutako albisteak

Eusko  Jaurlaritzak  110  milioi  euroko  inbertsioa  onartu  du  2027rako,  Iberdrolak  Euskadin  banaketa-sare  elektrikoa  indartzeko  eta  digitalizatzeko

Eusko Jaurlaritzak 110 milioi euroko inbertsioa onartu du 2027rako, Iberdrolak Euskadin banaketa-sare elektrikoa indartzeko eta digitalizatzeko

Iberdrolak Euskadiko banaketa-sare elektrikoetan egingo dituen inbertsioen aurreikuspena 332 milioi eurokoa izango da 2027-2029 aldian, eta 110 milioi eurotik gorakoa 2027an

ZINETI  Navalia  2026an  egongo  da,  eta  bertan  aurkeztuko  du  bere  zerbitzu  tekniko  berria,  ontzigintza-sektorerako  babes  katodikoaren  ziurtagiria.

ZINETI Navalia 2026an egongo da, eta bertan aurkeztuko du bere zerbitzu tekniko berria, ontzigintza-sektorerako babes katodikoaren ziurtagiria.

Bizkaiko enpresa familiarra da eta Loiun du egoitza. Ontzigintzarako erreferentziazko nazioarteko azoka horretan parte hartuko du, Vigon, 2026ko maiatzaren 19tik 21era.

Eusko  Jaurlaritzak  bikoiztu  egingo  du  elektrizitate  berriztagarria,  80  milioi  euroko  ko-inbertsioarekin  2030era  arte

Eusko Jaurlaritzak bikoiztu egingo du elektrizitate berriztagarria, 80 milioi euroko ko-inbertsioarekin 2030era arte

“Energiaren Euskal Erakundeak 2030era arte lehentasunez jardungo duen eremuak” aurkeztu ditu, sorkuntza eolikoko eta fotovoltaikoko garapen handiak sustatzera begira

MUBIL  Mobility  Expo,  Europa  hegoaldeko  mugikortasun  iraunkorraren  industriaren  azoka  profesionalak  bere  bosgarren  edizioa  ospatuko  du

MUBIL Mobility Expo, Europa hegoaldeko mugikortasun iraunkorraren industriaren azoka profesionalak bere bosgarren edizioa ospatuko du

2026ko martxoaren 25ean eta 26an Ficoban, Gipuzkoako erakustazokan

Enagásek,  Energiaren  Euskal  Erakundeak  eta  Euskadiko,  Nafarroako  eta  Kantabriako  “deskarbonizatzeko  zailak”  diren  industria  nagusiek  ‘Iparraldeko  Hub’aren  garapena  bultzatzen  dute,  industria  deskarbonizatzera  begira

Enagásek, Energiaren Euskal Erakundeak eta Euskadiko, Nafarroako eta Kantabriako “deskarbonizatzeko zailak” diren industria nagusiek ‘Iparraldeko Hub’aren garapena bultzatzen dute, industria deskarbonizatzera begira

Lankidetza-hitzarmen hori funtsezko mugarria da Euskadiko, Nafarroako eta Kantabriako CO2-aren balio-katearen garapen koordinaturako, eta CO2-a atzitu, garraiatu eta biltegiratzeko korridore estrategikoaren sorreran aurrera egitea ahalbidetuko du, Europako deskarbonizazio-helburuekin bat

EAEko  133  ETEk  %  35eko  kenkari  fiskala  izango  dute  sozietateen  gaineko  zergan,  2025ean  teknologia  garbietan  inbertitzeagatik

EAEko 133 ETEk % 35eko kenkari fiskala izango dute sozietateen gaineko zergan, 2025ean teknologia garbietan inbertitzeagatik

Eusko Jaurlaritzaren Teknologia Garbien Euskal Zerrendan jasota dauden ekipoak eta teknologiak erosita lortu dute zerga-onura

Dinalan-ek  CIVITRA  merkaturatu  du,  hiri-argiteria  eta  aktiboak  kudeatzeko

Dinalan-ek CIVITRA merkaturatu du, hiri-argiteria eta aktiboak kudeatzeko

Ordenagailuak lagunduriko mantentze-lanak kudeatzeko sistema baten bidez (GMAO, gaztelaniazko sigletan) dibertsifikatu da enpresa, eta horrek luminarien, semaforoen, iturrien, hiri-altzarien eta abarren kudeaketa digitalizatzen du, efizientzia eta jasangarritasun handiagoak lortzeko.

Mikel  Jauregi  Industriako  sailburuak  Schaeffler  enpresaren  lantegia  bisitatu  du  Elgoibarren,  industria-digitalizazioan  aitzindaria

Mikel Jauregi Industriako sailburuak Schaeffler enpresaren lantegia bisitatu du Elgoibarren, industria-digitalizazioan aitzindaria

Errodamendu-orratzen fabrikazioan espezializatuta dagoen Elgoibarko lantegian 240 langilek egiten dute lan, eta bertan dago Schaeffler Iberia lege-entitatearen egoitza soziala.  

MMubil  Mobility  Expo,  mugikortasun  jasangarriaren  industriaren  azoka  profesionala  arlo  digitalean  eta  industrialean

MMubil Mobility Expo, mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala arlo digitalean eta industrialean

2026ko martxoak 25 eta 26an ospatuko da Ficoban

Detergente  biologikoa,  berrikuntza-bektorea  garbiketa  profesionalean
15/02/2026 Berrikuntza

Detergente biologikoa, berrikuntza-bektorea garbiketa profesionalean

'A&B Laboratorios de Biotecnología'-k Berrikuntzaren Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria jaso zuen 2024an

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.