Eusko Jaurlaritzak lankidetza industrialaren euskal eredua aurkeztu du Decarbon Days ekitaldian, net-zero teknologiak bizkortzeko
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Decarbon Days 2026 ekitaldian parte hartu du SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez. Cottbusen (Alemania) egin den ekitaldian erakundeetako ordezkariak, enpresak, teknologia-zentroak eta politika publikoen arduradunak bildu dira, Europako eskualdeek zero emisio garbiko teknologien hedapenean eta Net Zero Valleys deritzenen garapenean duten zeregina aztertzeko.
Euskadik bertan izan duen parte-hartzearen bidez, industriaren lehiakortasuna eta deskarbonizazioa bultzatzeko duen estrategia nabarmendu da; estrategia hori enpresen, teknologia-zentroen, administrazio publikoen eta berrikuntzako eragileen arteko lankidetzan oinarritzen da. Testuinguru horretan, SPRIk protagonismo berezia izan du Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimenaren esperientzia partekatuz. Ekimen horri esker, Euskadi klima aldetik neutroa den ekonomiarantz bideratutako industria-eraldaketan erreferentziazko Europako eskualdeetako bat bihurtu da.
Ekitaldiaren programaren barruan, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Arloko María San Salvador del Vallek Net-Zero Basque Industrial Super Cluster aurkeztu zuen, net-zero teknologiak garatu eta hedatzera bideratutako industria-lankidetzaren erreferentziazko esperientzia gisa. Hitzaldian azaldu zen nola industria-sektore estrategikoen arteko lankidetzak berrikuntza-proiektuak bizkortzea, industriako balio-kateak indartzea eta enpresek trantsizio energetikoaren erronkei aurre egiteko duten gaitasuna handitzea ahalbidetzen duen.
Ekitaldian nabarmendu zenez, euskal eredua Europako jardunbide egokiaren adibide da net-zero teknologien arloko berrikuntzan; izan ere, industriaren eta administrazioaren arteko ikuspegi partekatua uztartzen du, lehiakortasunean, jasangarritasunean eta industria-erresilientzian benetako eragina sortzera bideratutako lankidetza-mekanismoekin. Ekimenak enpresa traktoreak, ETEak, klusterrak, eragile zientifiko-teknologikoak eta erakunde publikoak biltzen ditu, deskarbonizazioaren eta industria-garapenaren agenda komun baten inguruan.
Euskadik Decarbon Days ekitaldian izan duen presentzia bereziki garrantzitsua izan da Zero Emisio Garbiko Industriaren Erregelamenduari (NZIA) lotutako Europako industria-ekosistema berriak sortzeari eta teknologia garbietan espezializatutako eskualdeen garapenari buruzko eztabaiden testuinguruan. Ekitaldiaren barruan, Net Zero Valleys kontzeptua bultzatzeko konpromisoa duten Europako eskualdeen arteko esperientziak trukatzeko berariazko saio bat ere egin zen. aio horretan Euskadiren ordezkaria Alana Rawlins izan zen, EEEko Prospektiba Estrategikoko eta Nazioarteko Harremanetako arduraduna. Hark jardunbide egokiak partekatu zituen net-zero teknologiei lotutako industria-ekosistemak garatzen erreferente diren Europako beste eskualde batzuekin.
SPRIk eta EEEk foro hori baliatu zuten Euskadiren gaitasun industrial eta teknologikoen nazioarteko ikusgarritasuna indartzeko, baita industria lehiakor, jasangarri eta erresiliente baten garapenarekin konprometituta dauden Europako beste eskualde, erakunde eta eragile batzuekin harremanak ezartzeko ere.
Decarbon Days ekitaldian parte hartzeak berresten du Eusko Jaurlaritzak Euskadi Europako industria- eta energia-berrikuntzaren abangoardian kokatuko duten ekimenak bultzatzeko duen konpromisoa. Era berean, enpresentzako aukera berriak sortzen eta zero emisio garbiko ekonomiarantz egiteko trantsizioan estrategikoak diren balio-kateak indartzen laguntzen du.