Talleres Mitxelena, pieza handien mekanizazioko espezialista
Talleres Mitxelena pieza handien mekanizazioan espezializatuta dagoen Hernaniko enpresa bat da. Enpresaren jarduera balio erantsi handiko proiektu industrialei lotuta dago, eta proiektu bakoitza modu pertsonalizatuan lantzen da. Enpresak Eusko Jaurlaritzaren zibersegurtasun industrialaren programaren laguntza jaso du. Programa horrek zibersegurtasuna sustatzen du Euskadiko enpresetan, gai horri buruzko egitura ekonomikoa sortuz, SPRIk antolatuta.
Konpainia 1957an sortu zen Hernanin, zilindro hidraulikoen fabrikatzaile gisa, tradizio metal-mekaniko handiko ingurune industrial batean. Urteak igaro ahala, enpresa aldatzen joan da, eta pieza bakar handien doitasun-mekanizazioan espezializatu da. Alde horretatik, “ezagutza teknikoaren, taldeko esperientziaren eta bezeroekiko gertutasunaren alde egin du. 2000. urtean, Mitxelenak aurrerapauso handia eman zuen, kooperatiba gisa eratu baitzen. Modu horretan, pertsonen partaidetza eta enpresa-proiektuan duten inplikazioa indartu da”, adierazi du konpainiak.
Azken urteotan, aurrera egiten jarraitu du digitalizazioan, konektagarritasunean, zibersegurtasunean, prozesuak hobetzeko lanean eta jasangarritasunean, gero eta proiektu industrial zorrotzagoei eta konplexuei erantzuteko helburuarekin.
Oso askotarikoak diren sektore industrialetarako lan egiten du; adibidez, hauetarako: aeronautika, ontzigintza, papergintza, siderurgia, prentsak, offshore eolikoa, petrokimikoa eta pieza berezi eta handiak behar dituzten beste batzuetarako. “Enpresak pieza bakar eta handien mekanizazioa eskaintzen du, baita beste zerbitzu batzuk ere: aholkularitza teknikoa, mekanizazio-prozesuen ingeniaritza, Laser Tracker bidezko 3D neurketa eta konponketa. Proiektu bakoitza modu pertsonalizatuan bideratzen da, bezeroarekin elkarlanean eta arreta berezia jarrita kalitatea lortzeko eta epeak betetzeko”.
40 langile dira, “inplikazio handiarekin eta partaidetza kooperatibo handiarekin. Langileen % 85 inguru kooperatibako bazkide dira, eta horrek proiektuarekiko eta ingurunearekiko konpromisoa indartzen du”. Fakturazioa 6,6 milioi eurotik gorakoa izan zen iaz, “eta jarduera balio erantsi handiko proiektu industrialei lotuta egon zen batez ere”.
Berrikuntza
Mitxelenan uste dute berrikuntza “oso lotuta dagoela prozesu produktiboen etengabeko hobekuntzari, digitalizazioari, konektagarritasunari, zibersegurtasunari eta pieza konplexu eta bakarrak egiteko gaitasunari”. I+G-ko atal espezifikoa eduki ez arren, berrikuntza zeharka lantzen dute arlo teknikoan, ekoizpenean, kalitatean eta kudeaketan.
2024an, 136.000 euro bideratu zituen zibersegurtasunari, konektagarritasunari eta kontrol- zein azterketa-programa berriei lotutako inbertsioetara, hau da, urteko fakturazioaren % 2 inguru. 2025ean, 18.196 euro bideratu zituzten zibersegurtasunera, hots, fakturazioaren % 0,27, gutxi gorabehera.
Zibersegurtasun industrialeko programaren SPRI Taldearen laguntza segurtasun digitala indartzera bideratu zen. “Proiektuaren barruan, zibersegurtasuneko auditoretza egin zen enpresaren azpiegitura teknologikoari buruz, nola kanpoan hala barruan. Orobat, sarearen, ekipoen eta jarduera industrialari lotutako sistemen babesa hobetzeko ekintzak egin ziren”.
Datozen urteei begira, Mitxelenaren erronka nagusietako bat bazkide industrial gisa sendotzea da, bezeroen ondoan egoten dena piezaren bizi-ziklo osoan. “Balioa eman nahi dugu diseinuaren fasetik bertatik aurrera, mekanizazioaren ikuspegia txertatuz fabrikagarritasuna, kostuak eta epeak optimizatzeko, prototipoen garapenean parte hartzeko eta doitasun eta kalitate handi-handiko fabrikazioa bermatzeko. Era berean, ekonomia zirkularraren alde dihardugu, konponketa- eta birmanufaktura-zerbitzuak eskaintzen baititugu osagaien bizitza erabilgarria luzatzen laguntzeko”.
Horretarako, digitalizazioan, zibersegurtasunean eta prozesuen etengabeko hobekuntzan aurrera egiten jarraituko dute, “kalitate-estandar handienekin, epeak betez eta, aldi berean, talentu espezializatua txertatuz eta garatuz. Horren guztiaren oinarria, gainera, ESG (Environmental, Social & Governance) irizpideen aldeko apustu irmoa da. Kooperatiba bat garen aldetik, gure bezeroentzako, pertsonentzako eta ingurunerako balioa sortzen jarraitu nahi dugu, eta industria lehiakorragoa, jasangarriagoa eta etorkizunerako prest dagoena bultzatu”.
SPRI Taldeak Euskadiko enpresei aukera ematen die bere kanaletan jardueraren berri emateko. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.