Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 22 Azaroa, 2021 Berrikuntza BDIH BDIH konexio programa

MIM Tech Alfa, tamaina txikiko piezentzako teknologia berritzailea

Eibarren kokatutako enpresa honek BDIH Konexio programaren laguntza jaso du bere lantegia automatizatzeko
Enpresako kudeatzaile Asier Aguirrebeña eta I+G-ko arduradun Unai Andrés.

 

Eibarko Alfa Talde historikoan integratutako MIM Tech Alfa S.L. enpresak tamaina txikiko piezak fabrikatzeko teknologia berritzaile bat eskaintzen du (MIM – Metal Injection Moulding), eta teknologia horri esker posible da zehaztasun handiagoa izatea eta kostuak merkatzea. Konpainiak SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

 

MIM Tech Alfa 2004an sortu zen. Une hartan, altzairuaren mikrofusioa zen Alfa Taldearen negozioetako bat, eta aukera ikusi zuten negozio horretan MIM teknologia aplikatzeko osagarri bezala.  “Ez zen izan erraza, teknologia sortu berria baitzen” azaldu dute enpresako kudeatzaile Asier Aguirrebeñak eta I+G-ko arduradun Unai Andrések.

 

“Hasteko, mikrofusioko bezeroen zorroa erabiltzen hasi ginen. Asko kosta zitzaigun haiei ikusaraztea teknologia honek funtzionatzen zuela, eta lan tekniko-komertzial eskerga egin behar izan genuen, batik bat atzerrian” gaineratu dute. Enpresak konponbide integrala eskaintzen die MIM bezeroei, hots, muntatzeko prest dagoen pieza bat, “eta inguruko enpresak baliatzen ditugu amaierako pieza eskaintzeko”.

 

MIM teknologia berritzaileak erabiltzen duen lehengaia nahasketa bat da, metal hautsa eta aglutinatzailea (feedstock) konbinatzen dituena, eta “lehendabizi egiten dena da nahasketa horri forma eman injekzio bidez. Plastikoak aukera ematen du metal hautsa presio altuan injektatzeko eta piezak behar duen forma emateko. Bigarren fasean, plastikoa ezabatzen dugu prozesu kimiko baten bidez, eta azkenik, piezak sinterizatu egiten dira, uzkurtu egiten dira metalezko piezaren amaierako egitura lortu arte”. Prozesu horri esker, “piezek % 96-99 bitarteko dentsitatea izan ohi dute, oso porositate gutxirekin. Propietateak altzairu urtuaren oso antzekoak dira”.

 

“Behin MIM prozesua amaitutakoan posible da bestelako tratamenduak egitea, bezeroak eskatzen duenaren arabera (termikoak, azalekoak, herdoilaren aurkakoak…). Ondorengo operazio horiek azpikontratatu egiten ditugu, eta gure zaintzapean garatzen dira beti. Giltza eskuan proiektuak egiten ditugu, hau da, bezeroari amaierako pieza ematen diogu”.

 

MIM Tech Alfa da Euskadin teknologia hau erabiltzen duen enpresa bakarra, eta beste bat baino ez dago Estatuan.

 

Hiru ezaugarri

Lehiakor izateko, teknologia honek hiru ezaugarri behar ditu: pieza txikiak, konplexuak eta serie handiak. “Gure piezen pisua gramo batetik 150-200 gramora bitartekoa izan daiteke, baina gehienak 60 gramotik beherakoak dira. Geometriak konplexua izan behar du, sinplea bada merkeago ateratzen delako beste metodo batzuekin. Eta fabrikazio-bolumen handia behar du, hasi hainbat mila unitatetik eta milioika unitateraino. Ez da zentzuzkoa urtean 150 pieza egitea, horretarako behar den moldea garestia baita”.

 

Enpresa honek defentsa, sarrailagintza eta tresneria sektoreetarako egiten du lan nagusiki. Bere esportazioa produkzio osoaren % 80koa da, gehienbat Europara esportatzen duelarik, eta Europa barruan Alemaniara.

 

Une honetan 30 pertsona ditu plantillan “eta 50 baino gehiago lanaldi osoan aritzen dira. Gainera, badugu tokiko hornitzailez osatutako sare bat (ia denak EAEkoak): molde fabrikatzaileak, tratamendu termikoak, etab. Horrela, lanpostu asko mantentzen dira” diote. Plantillako kideen batez besteko adina 37 urtekoa da. “Gazteak dira eta badute jakin-mina. Bultzada bat da, etengabe hobetzen jarraitzeko”.

 

Enpresaren urteko fakturazioa 10 milioi ingurukoa da, eta hortik % 7a bideratzen da, gutxi gora-behera, I+G-ra. “Hazten ari gara. Administrazio kontseiluak 1,5 milioi euroko inbertsio bat onartu du produkzio gaitasuna handitzeko, fakturazioa bikoiztu egin baita bi urtean”. MIM Tech Alfa konpainia pribilejiatu bat da, COVID-19ak ez baitio eragin. “Pandemia aurretik baino lan gehiago daukagu orain, presentzia dugun sektoreetako eskaera igo egin delako”. Konpainiak hazkunde iraunkorra izan du urtero, % 15 eta % 20 bitartekoa, baina azken bi urteetan asko hazi da.

 

BDIH Konexio programaren laguntza lantegia automatizatzeko erabili da. Zehazki, plataforma autonomo robotizatu bat instalatu dute, Tekniker teknologi zentroaren laguntzarekin. “Ikusi genuen enpresan bazeudela toki batetik besteetara eskuz egiten ziren material-mugimenduak, inolako baliorik ematen ez zutenak, eta ez hori bakarrik, denbora eta eraginkortasuna ere galarazten zutenak. SPRIren laguntzari esker, plataforma hau probatu genuen, lantegiko lokalizazioaren eta mapeatzearen fidagarritasuna ziurtatu genuen, ibilbideak zehaztu genituen eta ingurunearekiko bizikidetza ere bai, aldatu egiten baita materialak eta pertsonak mugitzen direnean. Baliozkotze tekniko-ekonomikoa egin genuen eta egiaztatu genuen oso sistema malgua zela. Orain lantegia zabaltzeko prozesuan murgilduta gaude, eta hori bukatutakoan plataforma instalatuko dugu”.

 

Konpainiaren erronka batzuk dira digitalizazioa eta automatizazioa, batez ere fabrikazio gehigarriari dagokionez, “MIMen antzekoak diren teknologiak baititu. Dagoeneko badaukagu makina bat metalezko fabrikazio gehigarrirako, eta bi Hazitek laguntza lortu ditugu (SPRI Taldearen laguntza-programak), zeintzuetan enpresa desberdinen makinak erabiltzen baititugu teknologia desberdinekin”.

 

Gainera, negozioa dibertsifikatu nahi dute, eta medikuntzaren sektorean sartu. Aholkularitza bat kontratatu dugu merkatuko analisi bat egin dezan medikuntza sektorean erabiltzen diren piezen inguruan, esaterako robot besoentzako osagaiak. Bestalde, aukera berriak aztertzen ari gara sentsorikaren munduan”. Ingurumen kudeaketari dagokionez, ISO14000 ziurtagiria eskuratu nahi dute, helburutzat izanik urteko % 15eko  hazkundea erdiestea.

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Berrikuntza
Ikasplay, Gipuzkoako enpresa aitzindaria prestakuntza-esperientzia murgiltzaile eta elkarreragileak sortzen
Irakurri gehiago
16 apirila, 2024 Berrikuntza
Genero-berdintasunik handiena duten enpresek berrikuntza maila handiagoa izaten dute eta lehiakorragoak dira
Irakurri gehiago
Buzones Arregui 15 apirila, 2024 Berrikuntza
Arreguik erantzun egiten dio eraikinetako behar berriari, etxean egon gabe paketeak jasotzeari
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Berrikuntza
STEM unibertsoan emakumeen talentua sustatzera bideratutako saio batean parte hartu du SPRIk
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak