Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 5 urria, 2021 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

Gero eta teknikoagoa eta konplexuagoa den plastikoa

Rotobasque liderra da plastikoaren eraldaketa sektorean rotomoldaketa izeneko teknika bati esker, eta “Ezkutuko Txapeldun” bilakatu nahi du
Rafael Zabala, enpresako Negozioaren Garapen arloko zuzendaria.

 

Rotobasque enpresak 20 urteko esperientzia du plastikoaren tratamenduaren munduan eta aitzindaria da sektorean rotomoldaketa izeneko teknika abangoardista bati esker. Bokazio industrial bikain eta historikoa duen enpresa bizkaitar honek duela hamarkada batzuk hasitako ibilbide-orrian suz grabatutako bi hitz hauetan oinarritzen du bere lidergoa: berrikuntza eta garapena. Izan ere, urtero I+G-ra baliabide gehien bideratzen dituzten ehun euskal enpresetako bat da. Produkzio-lantegi bana eta 51 langile dituelarik Zamudion eta Boroan, bere produkzioa 22 sektore industrialetara zabaltzen da. “Datu horiek erakusten dute nolako aukera-esparrua zabaltzen duen hazkunde potentzial handiko teknologia batek” adierazi du Rafael Zabalak, enpresako Negozioaren Garapen arloko zuzendariak.  Zabalkunde fasean buru-belarri murgildurik dagoen honetan, Rotobasque-k uste du 2023an hamar milioi euroko fakturaziora iritsiko dela eta plantillako langile kopurua bikoiztuko duela.

 

Zer dio Rotobasque enpresaren bisita-txartelak?

Oinarri teknologikoko enpresa bat garela, plastikoaren eraldaketarako konponbide globalak eskaintzen dituena errotaziozko moldaketaren teknika (edo rotomoldaketa) aplikatuz sektore desberdinetan eta serie laburretan, hau da, urtean 1-20.000 unitate eginaz.  

 

Eta nola azalduko zenuke zer den rotomoldaketa?

Pieza hutsak edo erdi hutsak fabrikatzeko aukera ematen duen teknika bat da, aproposa serie laburrak egiteko, eta askatasun handia ematen duena diseinurako eta pertsonalizaziorako. Erresistentzia handiko material plastikoak darabiltza, eta gainera % 100 birziklagarriak. Rotobasque-n esan ohi dugu teknika erdi automatikoa eta erdi eskuzkoa dela (bi faktoreek garrantzi bera dute guretzat), zeren, alde batetik, makinak eta prozesua daude (moldea, labea, hozte-kamera…) eta, bestetik, giza faktorea, piezei eskuz ematen zaizkielako azken ukituak, dela estetikagatik edo dela teknologia aldetik plus bat emateko (metalezko elementuak txertatzen dira piezak kalitatezko produktu bihurtzeko).

 

Esparru honek ba al du hazteko marjinarik epe labur-ertainean?

Teknologia honek ematen digun moldakortasunak ezinezkoa egiten digu esparru edo sektore bakar batean zentratzea. Bezero bakoitzak bere premia espezifikoak ditu eta moldakortasunari esker gai gara behar horiei erantzuteko, batez ere sektore gorakor berrietan, hala nola: banaketarako ibilgailuak, auto elektrikoetarako instalazioak, edukiontzi isotermikoak… Edozertarako prest gaude eta buelta asko ematen dizkiogu denari. Gero eta pieza tekniko eta konplexuagoak egiten ditugu.

 

Teknologia honek zergatik du halako arrakasta industria sektorean?

Oso teknologia malgua delako, erraz pertsonalizatu daitekeena, eta gainera moldeetan nahiz tresnerian egin beharreko inbertsioa beste teknologia batzuetan egiten dena baino askoz txikiagoa da. Rotomoldaketa heldutasun bete-betean dago, bai behintzat guri dagokigunez, pieza oso teknikoak egiten baititugu kalitatezko akaberak eta testura desberdinak lortuz bezero bakoitzaren premien arabera.

 

Kontuan izanik serie eta sail oso laburrak egiten dituzuela, hiritar arruntak non ikus ditzake fabrikatzen dituzuen produktuak?

Hor ditu, adibidez, Azkuna Center-eko bankuak, Zorrotzaurre pasealekuko eserlekuak edo supermerkatu kate ezagun bateko arrandegietako erakusmahaiak, zeintzuetan altzairu herdoilezin klasikoaren ordez belaunaldi berriko plastiko mota berri bat erabiltzen hasi baitira, aldakorragoa, moldakorragoa eta, batez ere, % 100 material birziklagarriekin egina. Gure lana baita ere ikus daiteke hondakinen kudeaketarako edukiontzietan, posta eta delivery enpresen banaketako deposituetan eta beste sektore batzuetan, hala nola automozioan, energia eolikoan, egitura flotatzaileetan, eguzki energian, ekipo elektrogenoetan, bilgarri berezietan, diseinuko altzarietan…

 

Zuen enpresarentzat estrategikoa da itxurakeriarik gabeko ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin izana, helburutzat duzuelako gero eta gehiago iraungo duten produktuak sortzea. Zein politika garatzen dituzue arlo horretan?

Gure proiektu guztietan kontuan hartzen dugu funtzionaltasuna, baina baita ere lehengaietan aurreztea eta materialen bizitzaren amaierako kudeaketa hobetzea. Badakigu hori arazo bat dela plastikoak eraldatzen dituzten industria guztietan eta, horregatik, material biodegradagarriak erabiltzen ditugu ingurumen inpaktua murrizteko. Ahalegintzen gara birziklapen kimikoaren bidez konponbide jasangarri bat eskaintzen gure hondakin eta produktuentzat, hau da, produktu berriak sortzen beste erabilpen batzuetarako.

 

Enpresa batentzat posible da aldi berean errentagarri izatea eta ingurumena errespetatzea?

Ez bakarrik da posible, baizik eta egiazki hala da zalantzarik gabe. Ez dugu pentsatu behar ingurumen jasangarritasuna eta errentagarritasuna bateraezinak direnik. Are gehiago, kontrakoa esango nuke; jasangarritasuna faktore erabakigarria izan liteke bezero batek zu aukeratzeko beste enpresa batzuen gainetik.  Une honetan, antolakundeek ekonomia zirkularrean inplikatuta dauden hornitzaileak bilatzen dituzte.

 

Askotan aipatu izan duzu antolakunde batean lan egiten duten pertsonen “errentagarritasun emozionala”: “enpresa alaiak, emaitzen kontu alaiak” esaten da… Nola lortzen da halako konpromiso maila langileekin?

Esaldi hori balioan jartzeko ezinbestekoa da enpresan lan egiten duten pertsona guztien konpromisoa lortzea, lehenengotik azkenekoraino, eta horretarako pertsonengan inbertitu behar duzu, euren eskura jarri behar dituzu garatzen eta ezagutzak barneratzen jarraitzeko behar dituzten tresnak. Enpresa bat ohartzen denean langileak direla bere aktibo handiena, orduan askoz konpromiso handiagoa lortzen du lantaldearengandik, eta horrek lotura zuzena du enpresaren errentagarritasunarekin.

 

Anbiziotsu hitzarekin deskribatu duzun hazkunde-plan batean murgilduta dago enpresa orain. Zeintzuk dira zuen ildo estrategikoak?

Zorionez, finkatutako helburuak betetzen ari gara, baina, horrez gain, egoerari aurrea hartzen ari gara eta hori funtsezkoa da guretzat, bide berrietarantz hazten laguntzen digulako. Gure helburua da 2023an hamar milioi euroko fakturaziora iristea eta horrek berekin ekarriko du enpleguaren hazkundea (% 50 ingurukoa). Gainera, aurreikusten dugu inbertsio handiak egingo ditugula makinerian bi produkzio-ildo berri inplementatzeko. Horrela, bost metrorainoko piezak fabrikatu ahal izango ditugu hirugarrenentzat eta, aldi berean, baliabideak bideratuko ditugu produktu propioari linea gehiago eskaintzeko. Azkenik, ingurumenaren aldeko apustu garrantzitsua egin dugu ekonomia zirkularreko proiektua inplementatuta, eta badugu birziklapen kimikoko beste proiektu bat ere; asmoa da zero hondakin izatea gure enpresaren produkzio-zikloetan.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
26 otsaila, 2024 Berrikuntza
Vostok Electric: “Mugikortasun jasangarriaren esparruan hobe da urrats txikiak eta seguruak ematea”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak