Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 27 apirila, 2022 Berrikuntza BasqueTrade & Investment Fast Track Innobideak programa

Ameztoi, etxekoa bezalakoa den sukalde industrializatua

SPRI Taldearen “Innobideak” programako laguntza bat jaso duen Zestoako enpresak aurrez prestatutako platerak eskaintzen dizkie ostalariei eta azalera handiei
Idoia Arrieta, Iñigo Ameztoi eta Nuria Robleño, enpresako arduradunak.

Ameztoi Zestoan kokatutako familia-enpresa bat da, aurrez prestatutako platerak eskaintzen dizkiena ostalariei nahiz azalera handiei. Konpainiak esne-zentral propioa du bere produktuen kalitatea bermatzeko, zeintzuen artean nabarmentzen baitira bere 60 kroketa-motak. Enpresak SPRI Taldearen “Innobideak” programako laguntza bat jaso du; programa horren helburua da euskal enpresen produktu eta prozesuak hobetzea.

Enpresaren jabeen amak sortu zuen Ameztoi 1982an bere Zarauzko etxean. “Amak kroketak egiten zituen eta seme-alabok bizikletaz banatzen genituen” gogoratzen du Iñigo Ameztoik, Ameztoi enpresako kudeatzaile eta sukaldari nagusiak.  1994an elikadura-industriako jarduerari ekin genion, pabilioi batean eta plater gehiago eskainiz, hala nola zopak, arrainak eta okelak.

“Aitzindariak gara gourmet kroketa merkaturatzen, eta merkatuak primeran hartu du, batik bat ostalaritzak” gaineratu dute Nuria Robleñok -merkataritza eta marketin zuzendaria- eta Idoia Arrietak –finantza zuzendaria. Hurrengo mugarri garrantzitsua 1998an iritsi zen, Gipuzkoatik kanpo eta Estatu osoan saltzen hasi eta produktu gehiago eskaintzen hasi zirenean, esaterako, aurrez prestatutako platerak eta postreak.

Hazkunde horrek egoitza berri bat bilatzera behartu zituen, eta horretarako lursail bat erosi zuten Zarautzen, “baina ez zen bukatzen eta 2007an Zestoara etorri ginen. Harrezkero, asko eboluzionatu dugu aurrez prestatutako plateren arloan. Ez gara elikadurako industria bat, baizik eta sukalde handi bat”. Zestoara joan zirenean elikadura arloko segurtasuna hobetu zuten, baina produktuaren kalitatea mantenduz.

Ameztoiren berezitasunetako bat da esne-zentral propioa duela. “Estatuan bakarrak gara esnekien sektorean jardun gabe ere horrelako zentro bat dugunak, beti erabili nahi izan ditugulako Euskal Herriko lehengaiak. Bertako baserritarrei erosten diegunez, harreman zuzena dugu hornitzailearekin, eta horrek produktuaren kalitatea bermatzen du”.

Konpainiak mota guztietako platerak eskaintzen ditu, hasi zizka-mizketatik eta postreetaraino, “baina bereziki aipatzekoak dira kroketak, plater nagusiak eta postreak. 60 kroketa-mota dauzkagu, hogeita hamar bat plater eta dozena erdi bat postre. Ez dugu erabiltzen kontserbatzaile artifizialik, ez eta gehigarririk”.

Ostalaritzakoa eta azalera handiak

Bere bezero nagusiak ostalaritzakoak dira (% 50) eta gainerakoak, berriz, urdaitegiak eta azalera handiak. “Iaz IFS kalitate-ziurtagiria eskuratu genuen”. Plater horiek partikularrei ere eskaintzen dizkiete euren web orriaren bidez, baina negozioaren zati txiki bat baino ez da hori. “Eman nahi dugun zerbitzu gehigarri bat da”.

Iaz fakturazioa 5,8 milioi eurora iritsi zen, eta 46 langile dauzka plantillan, % 50 gizonak eta % 50 emakumeak. “% 99 euskaldunak gara eta euskaraz mintzatzen gara elkarrekin”. Berrikuntza garrantzitsua da konpainiarentzat, eta bi pertsona dauzka I+G arloan, zeina produktuetan nahiz prozesuetan aplikatzen baita.

SPRI Taldearen “Innobideak” programako laguntzaren bidez pandemiak eragindako enpresa-estrategiaren aldaketa gidatu dute. “Ostalaritzarekiko menpekotasun handia genuen, gure negozioaren % 70erainokoa, eta orain gehiago bideratzen gara azalera handietara. Horrez gain, merkatuko azterketa bat egin genuen kontsumitzaileak zer nahi zuen jakiteko”.

Etorkizunera begira, erronkak dira nazioartekotzea –“pertsona bat jarri dugu horretan lanean”- eta azalera handiei bideratutako negozioa handitzea. Gainera, irudi-aldaketa bat egingo dute lantegian, ontziak eta prozesuak aldatuko direlako.

Enpresaren hazkunde-aurreikuspenak positiboak dira, “bide luzea baitaukagu aurrean: ostalaritzan badakigu nola jardun, eta azalera handietan ere ikasten ari gara”.

 

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Berrikuntza
Ikasplay, Gipuzkoako enpresa aitzindaria prestakuntza-esperientzia murgiltzaile eta elkarreragileak sortzen
Irakurri gehiago
16 apirila, 2024 Berrikuntza
Genero-berdintasunik handiena duten enpresek berrikuntza maila handiagoa izaten dute eta lehiakorragoak dira
Irakurri gehiago
Buzones Arregui 15 apirila, 2024 Berrikuntza
Arreguik erantzun egiten dio eraikinetako behar berriari, etxean egon gabe paketeak jasotzeari
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Berrikuntza
STEM unibertsoan emakumeen talentua sustatzera bideratutako saio batean parte hartu du SPRIk
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak