Samylabs.
Berrikuntza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 25 iraila, 2018

Metalean inprimatzeko Estatuko lehenengo 3D SLM inprimagailua garatu du SamyLabs enpresak

Enpresa bizkaitarrak asmoa du datorren urtean teknologia propiodun makina bat merkaturatzeko prezio lehiakorrean
-

 

Enpresa bizkaitarrak asmoa du datorren urtean teknologia propiodun makina bat merkaturatzeko prezio lehiakorrean

 

SamyLabs enpresaren atzean hiru ekintzaile daude, zeintzuek beren ezagutzak (diseinua, mihiztadura, mekanika, automatizazioa, elektronika eta programazioa) elkartu baitituzte mota guztietako asmakizun mekanikoak garatzeko, hutsetik hasita eta osagai berrerabilgarriak baliatuz: laser markagailuak, robotak, elizetarako lanpadario elektronikoak eta material plastikoan inprimatzeko 3D gailu bat. Beren ametsa betetzeko zorian dauden Amador García Usábelek, Jose Félix Torre Santosek eta Jon Martínez Garcíak oso barneratuta dute Maker kultura eta DIY (Do It Yourself ingelesezko siglak) filosofia.

 

Duela bi urte metalean inprimatzeko Trumpf enpresaren 3D inprimagailua deskubritu zuten ADDIT3D azokara eginiko bisita batean. Makina haren osagaiak eta teknologia aztertu ostean, pentsatu zuten metalean inprimatzeko 3D makina bat fabrikatu zezaketela SLM teknologia erabiliz. Bi prototipo eta makina erdi-funtzional bat garatu ondoren, Ekintzaile programaren laguntza (SPRI Taldea eta Eusko Jaurlaritza) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 1. Arloko diru-laguntza jaso ondoren, eta Europar Batasunaren OpenMaker programan parte hartu eta ONA Electroerosión enpresarekin lankidetzan aritu ondoren, orain badute makina komertzial bat: Alba 500. Jon Martínezek hartu du hitza SamyLabs enpresako hiru bazkideen izenean.

 

Zein abantaila eskaintzen ditu SLM teknologiak metalean inprimatzeko orduan?

SLM teknologiak (Selective Laser Melting edo Laser bidezko Fusio Selektiboa) aukera ematen du tamaina txikiko pieza konplexuak sortzeko, laser bidez fusionatutako metal-hautsa gehituz. Abantaila handiena da teknologia honekin posible dela beste mekanizatu-prozesu batzuekin sortu ezin daitezkeen piezak sortzea, esaterako, pieza hutsak, barruko egitura duten elementuak (arinagoak eta gogorragoak) eta barruko hodiak dituztenak. Gainera, amaierako pieza funtzionala fabrikatzen du. Beste abantaila bat da material asko erabil daitezkeela inprimatzeko, hala nola, aluminioa, altzairua, titanioa edo kobaltoa.

 

Zein sektoreri interesatzen zaio gehien teknologia hori?

Indarrez sartu da aho-hortzetako medikuntzaren eta protesien sektoreetan. Horrelako inprimagailu batek hortzetako 50 inplante ekoitz ditzake tirada bakar batean eta ordu gutxi batzuetan, denbora asko aurrezten delarik. Industria sektorean ere erabiltzen da, moldeak edo moldeetako txertatuak fabrikatzeko edo stock-ean ez dauden ordezko piezak egiteko. Erabilpen handia du baita ere automozio sektorean eta aeronautikarenean. Oso enpresa gutxik garatzen dute teknologia hori. Hain zuzen, Europan hamar baino gutxiago dira 3D SLM inprimagailuak merkaturatzen dituzten konpainiak, eta Estatuan geu gara bakarrak.

 

Zein unetan dago SamyLabs proiektua?

Une honetan badugu prototipo komertzial bat, Alba 500 izenekoa, ONA Electroerosión enpresarekin lankidetzan garatua. Makina fabrikatzen lagundu digute, eta guk jarri ditugu elektronika, laserra, kontrola eta ijezketa-softwarea. Bestalde, lau bezero trakziogile bilatu ditugu eta makina eskaini diegu kostu-prezioan, trukean aukera eman diezaguten probak egiteko, teknologia orrazteko eta egiaztagiriak lortzeko. Garrantzitsua da makina ahalik eta gehien hobetzea merkatura atera baino lehen, eta bezeroek horretan laguntzen digute. Prozesu horren erdian gaude orain, eta Europa mailako egiaztagiriak lortzen ari gara. Gure asmoa da datorren urtean merkaturatzea.

 

Zerk bereizten du zuen 3D inprimagailua merkatuan dauden beste batzuengandik?

Gure helburua da Asiako merkatuak eskaintzen dituen inprimagailuak eskaintzea, antzeko prestazioekin eta Asiako merkatuko prezioetan. Produktu bat Asian erostearen arazoa da laguntza behar duzunean ez dela erraza laguntza hori lortzea eta ezin duzula eskuratu ezinbestekoa den know-how-a. Guk Europan fabrikatuko dugunez, gai izango gara bezeroarentzat hain beharrezkoa den laguntza emateko. Gure Alba inprimagailuak badu beste abantaila bat lehiakideen aldean: ijezketa-software propioa dugu, urteotan guk geuk garatua, zeinak aukera ematen baitio bezeroari inprimaketa prozesuko parametro desberdinak aldatzeko. Beste markek ez dute horrelakorik eskaintzen. Bezeroak hainbat parametro aldatu ditzake: geruzaren lodiera, geruza metatzeko denbora, potentzia, laserraren abiadura, moduak, pasadak, offset-a… Gure softwarearekin posible da inprimatzeko behar den denbora eta inprimatutakoaren kalitatea kontrolatzea.

 

Nolako harrera egin dio merkatuak SamyLabs-en proiektuari?

Bikaina. Dena oso azkar doa. Ideia duela bi urte sortu zen, 2016ko ADDIT3D azokan. Urtebeteren buruan Alba 250 aurkeztu genuen azoka hartan bertan. Interesatu asko hurbildu zitzaizkigun, besteak beste, inbertitzaile pribatuak, enpresak eta inbertsio funtsak, baina erabaki genuen geure kabuz jarraitzea, ez genuelako bazkide baten menpe egon nahi. Geure dirua inbertitu dugu, eta hau guztia ez zen posible izango ez bagenitu jaso Ekintzaile programaren laguntza (SPRI Taldea eta Eusko Jaurlaritza) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 1. Arloko diru-laguntza, ez bagenu parte hartu Europar Batasunaren OpenMaker programan Tecnaliaren eskutik, eta ez bagenu lankidetzarik abiatu ONA Electroerosión enpresarekin. ADDIT3D azokaren azken edizioan Alba 500 aurkeztu genuen, eta ikusi dugu jendeak oraindik baduela interesa. Ondo bidean, datorren urtean aurkeztuko dugu metalean inprimatzeko Espainiako lehenengo 3D SLM makina, prezio eta guzti.

Lotutako albisteak

EIDEk  diseinuaren  eta  prestakuntzaren  munduko  mapan  jarri  du  Bilbo
03/07/2025 Berrikuntza

EIDEk diseinuaren eta prestakuntzaren munduko mapan jarri du Bilbo

Euskadiko Diseinugileen Elkarteak Guggenheim museoan 22 herrialdetako 100 gazte diseinatzaileren talentua aitortu du, diseinuari gizarterako bektore estrategiko gisa egindako ekarpenagatik

Wend-ek  harreman  sozialak  plan  errealekin  egindako  aplikazioaren  bidez  iraultzen  ditu
03/07/2025 Berrikuntza

Wend-ek harreman sozialak plan errealekin egindako aplikazioaren bidez iraultzen ditu

Euskal aplikazioak jende berria ezagutzeko berezkotasuna aisialdi partekatuaren bidez berreskuratzen du eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko berrikuntzaren alde egiten du.

Nuuk  Mobility-k  Espainiako  bi  gurpileko  flotarik  handienak  kudeatzen  ditu

Nuuk Mobility-k Espainiako bi gurpileko flotarik handienak kudeatzen ditu

Bizkaiko enpresak 14.000 ibilgailu baino gehiago administratzen ditu Espainian eta Portugalen. Bere bezeroen artean Correos, Burger King edo Popeyes daude.

Kalmanek  makineriaren  arriskuetatik  babesten  duten  karenatuak  egiten  ditu
30/06/2025 Berrikuntza

Kalmanek makineriaren arriskuetatik babesten duten karenatuak egiten ditu

Gipuzkoako enpresak neurrira egindako zerbitzua eskaintzen du, galdaragintzako prozesu guztiak barne hartzen dituena, diseinutik hasi eta egiturak ebaki, tolestu, soldatu, muntatu eta margotzeraino.

Developair-ek  AA  aplikatzen  du  software  tresnen  belaunaldi  berri  bat  sortzeko

Developair-ek AA aplikatzen du software tresnen belaunaldi berri bat sortzeko

Donostiako startupak hainbat soluzio eskaintzen ditu industriarako, hala nola trenbide aeroespaziala, energia, automobilgintza eta medikuntzarako, besteak beste.

Erakarrek  LED  panel  jasangarri  eta  adimendunak  fabrikatzen  ditu

Erakarrek LED panel jasangarri eta adimendunak fabrikatzen ditu

Gipuzkoako enpresak tinta elektronikoaren teknologia sartu berri du bere eskaintzan, energia kontsumo baxuarekin eta ikuspen handiarekin.

RKL  Integral-ek  larrialdietarako  planak  prozesu  digital  adimendunetan  bihurtzen  ditu

RKL Integral-ek larrialdietarako planak prozesu digital adimendunetan bihurtzen ditu

Enpresa bizkaitarrak VES izeneko software bat garatu du, segurtasun integraleko planak digitalizatzen eta automatizatzen dituena.

Altersys,  bidesarietako  matrikula  bidezko  kobrantza  adimendunean  espezializatutako  enpresa

Altersys, bidesarietako matrikula bidezko kobrantza adimendunean espezializatutako enpresa

Enpresa bizkaitarrak ia hamar urte eman ditu softwarea garatzen, eta bere lehen hardwarea patentatzeko prozesuan dago, trafikoa aztertzeko kamera propioa.

Industriako  sei  kooperatibak  Batera  bultzatu  dute,  esfortzuak  batu  eta  modu  kolektiboan  lan  egiteko
16/06/2025 Berrikuntza

Industriako sei kooperatibak Batera bultzatu dute, esfortzuak batu eta modu kolektiboan lan egiteko

Elkartea Araban dago errotua, eta jarraikortasun-bokazioarekin jaio da, baita lurralde honetan eredu kooperatiboa erreferente bihurtzeko ere

Labelan,  labeak  eta  galdarak  konpontzen  espezializatutako  Zegamako  ETEa

Labelan, labeak eta galdarak konpontzen espezializatutako Zegamako ETEa

Enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun-programaren laguntza jaso du eta digitalizazioaren aldeko apustua egiten du, 3D piezak diseinatzearen bidez.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.