Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 30 ekaina, 2021 Ekintzailetza Start up UP Euskadi

AIEDI Faktoria: “Erakundeak ispiluaren beste aldera salto egitera animatzen ditugu”

Formakuntza programak, tailerrak eta enpresen munduko ikastaroak bultzatzen dituzte pertsonen burujabetasuna eta ongizatea bermatzeko.
aiedi faktoria
Nerea Azkona eta Maider Cascón AIEDI Faktoria aholkularitzaren sortzaileak dira. Aholkularitza honek erakundeen ongizatea hobetzen du, Garapen Jasangarrirako Helburuak oinarri harturik.
Nerea antropologo eta ingurugiro-aholkularia da; Maider, aldiz, psikopedagogoa, programazio neurolinguistikoan aditua. Ideia amankomun batek batzen ditu: enpresak ezin dira soilik errentagarritasun ekonomikoaren arabera mugitu, paper bat betetzen baitute gizartean. Ildo honetatik, formakuntza programak, tailerrak eta enpresen munduko ikastaroak bultzatzen dituzte pertsonen burujabetasuna eta ongizatea bermatzeko.

 

AIEDI Faktoriak “mundu berri batera salto egitera” gonbidatzen ditu erakundeak. Zer esan nahi du?

Nerea: Maider eta biok 3. sektorean lan egiten elkar ezagutu genuen eta beti pentsatu dugu gauzak egiteko beste bide bat bilatu behar dugula. Proiektua bi ideiatik sortu zen: alde batetik, zoriona erakundeen barruan lortu beharreko muga gisa kokatzea; bestetik, jasangarritasuna zuhaitzak landatu eta hondartzak garbitzeaz harago eramatea. Batzuetan geure jarduera ezagutaraztea zaila denez, Alizia herrialde miresgarrian metafora erabiltzen dugu. Erakundeak zokora salto egitera gonbidatzen ditugu, betiere gure eskutik helduta eta Garapen Jasangarrirako Helburuak eta genero-ikuspegi barnerakoia eta kulturanitza lanabes harturik. Beste aldera iraganez gero, ezinezkoa da erakundeen mundua ikustea betaurreko hauek gabe.

 

Zaila da erakundeei betaurreko hauek jarraraztea?

Maider: Enpresen arteko egituran, eragozpenik handiena arrakastaren irizpideak soilik emaitza ekonomikoetan oinarritzea da. Baina ezin dugu zoriontsu izatea espero laneguna amaitu eta ordenagailua itzaltzean. Gainera, ezaguna da pertsonek gustura lan egiten dutenean, haien ekoizpena handitu egiten dela. Dagoeneko bide hau hartzen ari diren enpresak daude, baina egunean-eguneango errutinek ahanztea eragiten dute. AIEDIko happiness coaching sailetik kontzeptu hauek barneratu nahi ditugu antolakuntza-estrategiaren barnean.

 

Nola jarduten duzue erakundeen barnean zoriona areagotzeko?

Maider: Hasteko, zorionaren kontzeptua eraisten dugu. Pertsonekin hausnartzen dugu zorionari buruz; zer esan nahi duen haientzat eta norantz jo nahi duten, psikologia positiboa eta neurozientziaren bidetik. Plantillaren bidez, antolakuntzaren ongizatea eta lanpostuen sorkuntza hobetzeko metodoak erabiltzen ditugu. Horretarako, indargune kognitiboak, emozionalak eta pertsonen arteko harremanenak lantzen ditugu, baita etika ere. Ostean, liderrak diren pertsonekin hausnarketa bat egiten dugu, erdaraz ‘jefes con g’ deritzoguna. Aldaketarako prestatua den lidertza lantzen dugu, gatazkak konpontzeko sormenaren kudeaketa eta aldaketarako bideak lortzeko gaitasunak landuz. Batzuetan ez dugu filosofiari buruzko hizketa luzerik behar, soilik osasungarriak diren ohiturak barneratu, hausnarketarako guneak sortu edota pertsonak gogo handiagoaz sentituko diren lanpostuetara mugitzea.

 

Zergatik dituzue oinarri Garapenen Jasangarrirako Helburuak?

Nerea: Badakigu 2030 Agenda perfektua ez dela, baina erronka handiei aurre egiteko aukera bikaintzat dugu. Garapen Jasangarrirako Helburuek lengoaia amankomuna eta ekintza-markoa eskaintzen dizkigute. Gainera, enpresen egituraren partetzat gaituzte, Nazio Batuen Erakundeak lehenbiziko aldiz enpresak aldaketarako ekarpenak egin ahal dituzten agente gisa sartu baititu. Hasieran Garapen Jasangarrirako Helburuen gainean hitz egiten zenuenean, enpresek epe urruneko kontu bat bezala ikusten zuten, baina onurak ekar ditzaketen ekintza txiki asko egin daiteke epe ertain eta luzean. Enpresari buruz aurretiaz egiten dugun ikerketan, gehienetan jarduera egokiak antzematen ditugu, Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egiten dutenak. Gure lana ere bertan adierazitakoa praktikara eramatean datza.

 

Kooperatiba duela urtebete baino zertxobait gehiago sortu zenuten. Orain arte zein proiektu bultzatu dituzue?

Maider: Happiness coaching sailean, dagoeneko lanean ari diren pertsonen lanpostuak hobetzeko esparrua dugu, eta beste bat lan bila dabiltzanak burujabe izateko. Hortik abiaturik, ekintzaile gazteekin lan egin dugu hainbat unibertsitatetan, lanpostuen sorkuntza, taldeen elkartasuna eta komunikazioa bezalako gaien gainean. Hirugarren sektorean, egoera zaurgarrian dauden pertsonen gaitasunetarako tailerrak egin ditugu. Honez gain, enpresari gazteekin lidergorako bestelako bideak bultza ditzaketen lanabesak landu ditugu.

Nerea: Garapen Jasangarrirako Helburuen sailean, hirugarren sektoreko entitateekin lan egin dugu, Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datozen plan eta edukiak sortuz. Orain Pikara Magazine aldizkari feministarentzat jasangarritasunari buruzko lehenengo memoria ateratzeko zorian gaude. Oso pozik gaude uztailean aterako den emaitzarekin. Bestalde, ekintzailetzaren munduan zerbait gehiago egiteko irrika dugu. Gu geu geure kooperatiba sortzeko prozesuan ibili gara eta emozioen kudeaketa faltan bota dugu. Azken hau barneratzen saiatzen ari gara, zeren salmentei, BEZari eta beste hainbat konturi buruz ikasten den bezala, honelako prozesuetan emozioak lantzea ere oso garrantzitsua da.

 

info+: aiedifaktoria.com

Lotutako albisteak

2 apirila, 2024 Ekintzailetza
Perseus: “Perseusen I+G+b da gure zerbitzuak hobetzeko erabiltzen dugun indarra”
Irakurri gehiago
26 otsaila, 2024 Berrikuntza
Vostok Electric: “Mugikortasun jasangarriaren esparruan hobe da urrats txikiak eta seguruak ematea”
Irakurri gehiago
VENTIJET Bosco López 23 otsaila, 2024 Ekintzailetza
Ventijetek birikietako haizagailu berritzaileak sortu ditu arnasteko zailtasunak dituzten pazienteentzat
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
22 urtarrila, 2024 Ekintzailetza
Ardiluzu: “Gertatzen ari denari buruzko zenbait ideia bisualki islatzeak hitzaldiaren edo ekitaldiaren balioa handitzen du”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak