Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 1 abendua, 2021 I+G

M-AID proiektu europarrak adimen artifiziala enpresa txiki eta ertainetara hurbiltzen du, haien prozesuak optimizatzeko

Basque Digital Innovation Hub erakundeak, oraingoan Ideko zentro teknologikoak ordezkatuta, sistema integratuak eta ziberfisikoak (CPES) garatu eta inplementatu nahi dituen ekimen honetan parte hartuko du, manufaktura-enpresa txiki eta ertainen instalazioen prozesua, mantentzea eta ekoizpena hobetzeko.

Digitalizazioa eta 4.0 Industria Euskadiko enpresa-ekosisteman errealitate diren arren, ETEetan txertatzea eta aplikatzea erronka handia da oraindik lurraldearentzat; eta erronka horri heltzea garrantzitsua da enpresa txikiago horien prozesuak hobetzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko sektoreko erakunde handien aurrean. Asmo horrekin sortu zen M-AID, adimen artifizialak bultzatutako sistema integratuak eta ziberfisikoak (CPES) garatzeko Europako ekimena, manufaktura-enpresa txiki eta ertainen instalazioen prozesua, mantentze-lanak eta ekoizpena hobetzeko.

Euskaditik Basque Digital Innovation Hub (BDIH) erakundeak hartzen du parte proiektuan. Hori euskal enpresa txiki eta ertainei 4.0 Industriaren erronkei aurre egiteko gaitasun teknologikoak ematen dizkien sare konektatua da, eta kasu honetan, BRTA aliantzako kide den Ideko zentro teknologikoa arituko da proiektuan lanean, BDIHren ordezkari gisa. Aeromec sektore aeronautikorako osagaien mekanizazioan espezializatutako enpresak eta Savvy fabrikazio industrialerako Big Data soluzioetan espezializatutako konpainiak ere parte hartzen dute partzuergoan.

Horiek guztiek, lankidetza estuan, Adimen Artifizial (AI) tradizionalaren ordez, AI hibridoa erabiliko duten irtenbideak garatzeko egingo dute lan, analisi prediktiboko eta preskribiboko soluzioak konbinatuz. Horrela, informaziorik garrantzitsuena ateratzea lortuko dute, hau da, gaur egun ekoizpen-prozesuko eragileentzat (hala nola planifikatzaileentzat, makinetako langileentzat, kalitate-kontrolerako edo mantentze-lanetarako) eskuragarri ez dagoen infromazio hori.

Horretarako, datuak prozesatzeko algoritmoak aplikatuko dira, aldizkako jarraipen batean oinarrituta, etengabeko monitorizazioaz eta ikasteko algoritmoez gain, makinaren portaera aurreikusteko eta prozesua optimizatzeko. “Sistema horrek, prozesuaren kalitateari buruzko informazio erabilgarria emateaz gain, orain arte eskuragarri ez dauden beste aldagai batzuk ere eskainiko ditu, hala nola ebaketa-erremintek mekanizazio-prozesuetan duten higadura-maila edo hurrengo geldialdi edo arazorako arriskuaren adierazlea”, ziurtatu du Alex Iglesiasek, Idekoko proiektuaren koordinatzaileak.

Sektore aeronautikoa erdigunean

M-AIDen erabilera kasua industria aeronautikoan zentratuko da, proiektuaren arduradunen arabera, “COVID-19aren pandemiak gehien kaltetutako sektoreetako batean”. Zehazki, konpresore aeroespazial bat fresatzeko prozesua aztertuko da. “Konpresore hori, aireontzietan CPES-en ebilera joera komuna den arren”, Iglesiasek dioenez, “haren fabrikazio-prozesua oraindik ez dago oso garatuta digitalki eta teknologia tradizionaletan oinarrituta dago askotan. Beraz, hornikuntza-kate tradizionalaren egokitzapenak, fabrikazio digitalean eta prototipatuan azken aurrerapenak hartuz, izugarrizko potentziala du ekoizpen-prozesua hobetzeko, kalitatea eta segurtasuna arriskuan jarri gabe”.

Proiektutik eta erabilera-kasutik eratorritako garapenak kanpoko enpresa txiki eta ertainekin, plataforma teknologikoekin eta interesa duten taldeekin partekatuko dira, eta BDIHn egongo dira eskuragarri, proiektua amaitzen denetik, 2022ko apiriletik, gutxienez bi urtera.

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.

Lotutako albisteak

10 apirila, 2024 I+G
Errekak DUNE proiektu zientifikoan hasi du bere ibilbidea, torloju adimendunak garatzeko
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 I+G
CIC biomaGUNEk patentatutako teknologia batean oinarrituta antigorputzak azkar detektatzeko nanosentsoreak
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin
Irakurri gehiago
20 Marzo, 2024 I+G
Masterly proiektu europarrak enpresen aurrerapen teknologikorako irisgarritasuna bultzatuko du
Irakurri gehiago
AGV Ingenersun 18 Marzo, 2024 I+G
Ingenersun-ek bost tona jasotzeko gai den AGV robot bat garatu du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak