Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 26 Marzo, 2024 Berrikuntza I+G Fast Track Innobideak programa

Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin

Fast Track Innobideak Euskadiko enpresa berritzaileen kopurua handitzeko eta sustatzeko sortu zen. Merkatuan ondasun edo zerbitzu berriak sartu dituzten edo enpresan negozio-prozesuak hobetzen dituzten berrikuntza-jarduerak babesten ditu, enpresa lehiakorrago bihurtzeko.

Laguntza-programa apirilaren 3an irekiko da eta 7.650.000 euroko aurrekontua du. Zure enpresan proiektu berritzaileari bultzada eman nahi badiozu, aurkeztu zure eskaera maiatzaren 30a baino lehen.

Fast Track Innobideak programarekin laguntza integrala lortuko duzu, ikertzaileen kostuen finantzaketatik hasi eta enpresa adituen aholkularitzaraino, berrikuntza-prozesuaren fase guztiak arrakastaz gauzatu ahal izateko.

 

Urrats sendoak berrikuntza-prozesuan

Programa honen ardatza heldutasun maila aurreratua duten berrikuntza-proiektuak dira, hala nola produktuak edo produkzio-prozesuak hobetzeko teknologiak sartzea, negozio-prozesuak optimizatzea edo enpresaren produktu eta zerbitzu nagusiak indartu eta hobetuko dituzten negozio-eredu berriak sortzea.

Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak duela hainbat urte apustu sendoa egin zuten Euskadiko enpresetan berrikuntza-prozesuak babesteko. Fast Track Innobideak programa batzuk (Kudeabide, Lehiabide, Pertsonak) laguntza bakarrean konbinatu izanaren ondorioa da. Horren helburua da Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin lerrokatuta dauden berrikuntza-proiektuak babestea eta berrikuntza modu sistematikoan bultzatzeko ekintza osagarriak sustatzea.

 

Industria-enpresetan berrikuntza bultzatzeko aukera

Zure enpresa ETE industriala edo produktuari edo prozesu industrialari lotutako zerbitzuak eskaintzen dituen eta Euskadin zentro bat duen enpresa bada, bere lehiakortasuna hobetzeko berrikuntza-proiektu bat martxan jarri nahi badu, Fast Track Innobideak da proiektu hori bultzatuko duen programa.

  • Berrikuntza-proiektuaren % 50 diruz laguntzeko laguntza, 250.000 euroko mugarekin.
  • Gehienez % 50 berrikuntza sistematikoa bultzatzen duten ekintza osagarrietarako, 25.000 euroko mugarekin.

 

Euskadin industria-berrikuntzako proiektuak bultzatzea

Fast Track Innobideak ekimenak 250.000 eurora arteko laguntza ematen die prozesuak, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko helburua duten balio handiko berrikuntza-proiektuei. Finantzaketa jaso dezaketen proiektuen artean, honako hauek daude:

  1. Produkturako eta produkzio-prozesurako TRL altutan egindako garapena (7-9 artekoa).
    Era askotako proiektuak izan daitezke: erakusteko jarduerak, proiektu pilotuak egitea, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien (edo nabarmen hobetutakoak) entseguak eta balioztatzea funtzionamenduaren baldintza errealak dituzten inguruneetan, eta ziurtatutako sistema oso eta baterako egindako probak eta erakustaldiak.
  2. Produktua eta produkzio-prozesua hobetzeko teknologia berriak sartzea.
    Produktu eta/edo produkzio-prozesu berriak edo nabarmen hobetuak sortzen lagunduko duten soluzio teknologikoak onartzearekin, integratzearekin eta erabiltzearekin lotutako proiektuak.
  3. Prozesuei aplikatutako metodo berriak.
    Enpresaren barruko sei prozesu horietakoren batean lehendik zeuden metodo berriak edo metodoen erabilera berriak bideratzea: ondasunen eta zerbitzuen produkzioa, banaketa eta logistika, marketina eta salmentak, informazio- eta komunikazio-sistemak, administrazioa eta produktuaren eta negozio-prozesuen kudeaketa eta garapena.
  4. Negozio-eredu berriak diseinatzea eta abian jartzea.
    Negozio-eredu berriak diseinatu eta abian jartzeko proiektuak, enpresak gaur egun edo etorkizunean saltzen dituen edo saldu nahi dituen produktu eta zerbitzu nagusiak sortu eta hobetzeko, bere xede eta helburu estrategikoak lortzeko.

 

Berrikuntza sistematikoa da gakoa enpresa-garapenean

Berrikuntza sistematikoa funtsezko zutabea da enpresen garapenean eta hazkundean, eta lehiarako funtsezko abantaila ematen die. Fast Track Innobideak proiektuak, 25.000 €-ra arteko finantza-laguntzarekin, berrikuntza modu sistematikoan bultzatzen duten ekintzak babesten ditu. Ekintza horien artean daude kudeaketa aurreratua, babesa eta I+G+b arloaren nazioartekotzearen balorizazioa.

Kudeaketa aurreratuak (Innobideak Kudeabide) enpresa industrial txiki eta ertainei laguntzen die beren enpresetan berrikuntzari modu antolatuan heltzen. Horrek proiektu berritzaileetan arrakasta izateko aukerak handitzen ditu eta emaitzak enpresan ezartzea errazten du. Ikuspegi egituratu horrek, barne-sormena indartzeaz gain, baliabideak eta prozesuak ere optimizatzen ditu eta, hala, enpresa-eragingarritasun eta -eraginkortasun handiagoa lortzea ahalbidetzen du.

Gainera, I+G+b arloaren babesak eta balorizazioak enpresaren aktibo ukiezinak behar bezala aitortzea eta aprobetxatzea bermatzen du, hala jasangarritasuna bermatuz. Euskadiko enpresek produktu, zerbitzu edo prozesu jakin baterako jabetza behar bezala babestearen bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa ezagutu behar dituzte. Era berean, babes mota egokia, estaldurako eremu geografikoa eta erakundearen berrikuntza-prozesuan duen integrazioa ezagutu behar dituzte, eta erregistratze-lanaz arduratzen diren erakundeen aurrean babes-eskaera aurkezteko beharrezko memoria eta dokumentazio teknikoa prestatzen jakin behar dute.

Azkenik, I+G+b arloa nazioartekotzeak Euskadiko ETE-en aukerak zabaltzen ditu. I+G+b sustatzeko Europako programa edo ekimenetan sartzeko aukera ematen du, kanpoko zerbitzu espezializatuak azpikontratatuz, eta enpresak mundu mailan duen gaitasun berritzailea eta lehiakorra bultzatuz.

 

Zer motatako gastuetarako dirulaguntza ematen du Fast Track Innobideak ekimenak?

Berrikuntza-proiektuekin lotuta, gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

  • Langileen kostuak: ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak, proiektuan lanean ari badira.
  • Proiektuarekin lotutako tresnen eta ekipoen kostuak.
  • Kanpoko iturrien lizentzia bidez erositako edo eskuratutako patenteen kostuak, erabateko lehiako baldintzatan.
  • Gastu orokorrak, hala nola proiektuarekin zuzenean lotutako materialen, horniduren eta antzeko produktuen kostuak.
  • Berrikuntzari laguntza eta aholkularitza emateko zerbitzuen kostuak.
  • Ikerketa-erakunde batetik, ezagutzak hedatzeko erakunde batetik edo enpresa handi batetik iritsitako kualifikazio handiko langileak zerbitzu-eginkizunetan bidaltzearen kostuak.
  • Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteak azpikontratatzearen kostuak.

Berrikuntza bultzatzeko ekintza osagarrien kasuan, berrikuntzarekin lotutako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuen kostuak hartuko dira kontuan.

Ez galdu zure enpresan berrikuntza bultzatzea ahalbidetuko dizuten laguntzak eskuratzeko aukera. Eskatu Fast Track Innobideak apirilaren 3tik maiatzaren 30era!

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Berrikuntza
Ikasplay, Gipuzkoako enpresa aitzindaria prestakuntza-esperientzia murgiltzaile eta elkarreragileak sortzen
Irakurri gehiago
16 apirila, 2024 Berrikuntza
Genero-berdintasunik handiena duten enpresek berrikuntza maila handiagoa izaten dute eta lehiakorragoak dira
Irakurri gehiago
Buzones Arregui 15 apirila, 2024 Berrikuntza
Arreguik erantzun egiten dio eraikinetako behar berriari, etxean egon gabe paketeak jasotzeari
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Berrikuntza
STEM unibertsoan emakumeen talentua sustatzera bideratutako saio batean parte hartu du SPRIk
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak