Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 10 ekaina, 2019 Berrikuntza I+G Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi

Itziar Epalza: “Teknologi Parkeen Sareak %7,1eko pisua du Euskadiko BPGn”

Bere 2017-2020 Plan Estrategikoaren erdian dagoen honetan, Sarea indartzen ari da nazioarteko I+G+B-ko erreferente gisa, abiapuntutzat duelarik Zientziako eta Teknologiako ezagutza eta talentua babesten dituen ekosistema inbidiagarri bat 

Bere 2017-2020 Plan Estrategikoaren erdian dagoen honetan, Sarea indartzen ari da nazioarteko I+G+B-ko erreferente gisa, abiapuntutzat duelarik Zientziako eta Teknologiako ezagutza eta talentua babesten dituen ekosistema inbidiagarri bat

 

Euskadiko Teknologi Parkeen Sarea da, ziurrenik, Berrikuntzaren eta Garapenaren alde lanean ari den euskal eragile garrantzitsuenetako bat. Ezagutza-ekosistema aparta da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osora hedatzen dena eta une honetan 544 enpresa ostatatzen dituena. Enpresa horiek, bestalde, ia 5.600 milioi euro fakturatzen dituzte eta zuzeneko enplegua ematen diete 18.500 laguni. Ingurune eredugarri bat da, eta bere 2017-2020 Plan Estrategikoaren erdian dagoen honetan, dagoeneko baieztatu da, ez bakarrik hazkunde nabarmena duela bere jarduerari dagokionean, baizik eta, baita ere gero eta eragin handiagoa duela euskal ekonomian. Bat etorriz Eusko Jaurlaritzak sustatutako Espezializazio Adimenduneko RIS 3 Estrategiarekin, gaur egun Parkeen Sarea eragin handiko talentu-foko inbidiagarri bat da hainbat sektoretan, hala nola hauetan: aeronautikan, zibersegurtasunean, energian, biozientzietan edota telekomunikazioetan. Finkatutako plana amaitzeko bi urte gelditzen direnean, Itziar Epalza zuzendari nagusiarekin hitz egin dugu Sarearen oraineko eta etorkizuneko giltzarriak aztertzeko.

 

Parke Sareari eta berau osatzen duten enpresa eta teknologi zentro guztiei buruz aspaldi galdetu zitzaizun ea Euskadik I+G arloko Ferrari bat zeukan, baina oraindik ez ginen horretaz jabetzen… Uste duzu urteekin hori aldatu egin dela?

Bidean goaz. Gure ildo estrategikoetako bat da dibulgazioaren garrantzia; gizarteari ikusarazi behar diogu zer gertatzen den Sarean eta sareko enpresetan, haztegietan, teknologi zentroetan, ikerketa zentroetan, klusterretan eta unibertsitateetan, eduki teknologiko handiko proiektuak ari direlako garatzen, horietako asko sinestezinak. Uste dut gizarteak badauzkala etorkizunean konpondu beharreko arazo garrantzitsuak, eta gure enpresak erronka horiek gainditu nahian dabiltza sektore askotan (osasuna, energia, material berriak, automozioa, aeronautika…). Horregatik, ahalegin handia egiten ari gara gauza guztien berri zabaltzeko eta ahalegin horren emaitzak ikusten ari gara orain. Bagenekien gure enpresa eta zentroak oso onak zirela, baina orain gizarteak ere badaki.

 

Eta berdin emakumearen paperarekin…

Hala da. Guretzat funtsezkoa da erakustea zein paper betetzen duen emakumeak Zientzian eta Teknologian eta bokazio zientifiko-teknologikoekin zerikusia duen guztian. Denon artean landu behar dugu bokazio berrien etorkizuna eta denon artean bultzatu behar ditugu emakumeak sektore horietarantz. Gizartearen %52a gara eta ezin dugu onartu talentu hori zientziaren eta teknologiaren mundutik at geratzea. Mundu horren barruan egon behar dugu, lehiakor izango bagara. Horregatik, jardunaldi eta kongresu asko antolatzen ditugu hori lantzeko eta bisitak ere jasotzen ditugu. Azken bi urteetan bakarrik nazioarteko 76 ordezkaritzetako pertsonak hurbildu zaizkigu Teknologi Parkeen Sarearen filosofia eta ekosistema ezagutzera.

 

Esan duzu 2017-2020 Plan Estrategikoaren erdian antzematen dela jardueraren hazkunde garrantzitsu bat eta Sareak gero eta eragin handiagoa duela euskal ekonomian. Zein zentzutan? 

Hortxe daude hasieran emandako datuak, baina beste batzuk ere emango nituzke bizi dugun hazkundea bere testuinguruan jartzeko. Une honetan gure sarearen bizkarrezurra diren 544 proiektuek (2016an baino 33 gehiago dira) Euskadin garatzen den jarduera ekonomikoaren %1 ordezkatzen dute, baina %1 horrek bakarrik sortzen du Euskadin urtero egiten den I+G guztiaren %42. Enpresa horiek 5.600 milioi euroko fakturazioa dute. Azken bi urteotan fakturazio hori %21 hazi da, eta Parkeen Sarearen jarduera Euskadiko BPGaren %5,9 izatetik %7,1 izatera igaro da, ia Turismoak ordezkatzen duena adina. Eta nola ez, aipa ditzagun baita ere Sarean zuzenean lan egiten duten 18.500 pertsonak, langile kopuruak ere hazkunde handia izan baitu azken bi urteotan, %15ekoa hain zuzen.

 

Zein da profil profesional ugariena?

Plantilla osoa kontuan hartuz gero, ia 9.000 goi-mailako titulatuak dira (%19,1 gehiago) eta 1.271 doktoreak (2016an baino %12 gehiago). Era berean, Sareko enpresen barruan ere hazi egin da I+G arloan lan egiten duen pertsona kopurua (orain 5.768 dira, lehen 4.960), bai eta partida horretara bideratutako gastua (494 milioi eurotik 544 milioira igo da).

 

Zertan dira oso onak Sareko enpresak?

Gauza askotan, esango nuke, baina espezializazioa da gidatzen gaituen patroi nagusia, Eusko Jaurlaritzaren Espezializazio Adimenduneko Estrategiatik (RIS3) bultzatzen dena. Zentzu horretan, parke bakoitzak hainbat ekimen jarri ditu martxan eremu desberdinetako erreferentzia bihurtzeko eta berrikuntza eta garapeneko eragile trakziogile garrantzitsuenak erakartzeko. Hala, esaterako Araban, azpimarratzekoak dira aeronautika, zibersegurtasun eta energia sektoreak; Bizkaian sektore aeroespaziala, telekomunikazioak eta ingeniaritza; eta Gipuzkoan biozientziak eta osasuna.

 

Emango diguzu parke bakoitzeko errealitatearen adibideren bat?

Araban Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa (BCSC) inauguratu da, zeinaren helburua baita Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzea segurtasun informatikoaren arloan; baina, horrekin batera martxan jarri dira orobat Aernnova enpresaren mekanizatuko bikaintasun zentroa (18 milioiko inbertsioa egin ondoren) eta Basque Pharmalabs 4.0 Garapen Farmazeutikorako laborategia, Tecnaliak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin garatutako proiektua, industria farmazeutikorako zerbitzu aurreratuetan eta I+G-n Europako lider bihurtzea helburu duena.

 

Eta Bizkaia eta Gipuzkoan?

Hauek izan dira Bizkaiko mugarri garrantzitsuenak: abian jartzea Ezkerraldea-Meatzaldeko Teknologi Parkearen (Abanto) proiektua, non energia eta fabrikazio aurreratua landuko baitira (funtzionamendu betera iristen denean, bere baitan hartuko ditu, Energy Intelligence Center-ekin (EIC) batera, zuzeneko 2.000 lanpostu eta 800 milioi eurotik gorako negozio bolumena sortuko duten berrogeita hamar bat enpresa); eta ITP Externals enpresaren (ITP Aero-Industria de Turbopropulsores konpainiaren filiala) egoitza eta lantegi berria eraikitzeko lanen hasiera Derion. Gipuzkoan martxan jarri da Cidetec Fundazioaren instalazio industrial berria, zentro teknologikoko azaleren ingeniaritza sailaren zentro neuralgiko izango dena. Era berean, BIO arloan Viralgen-en instalazioak estreinatu dira eta indartu egin dira beren esparruetan erreferentziazkoak diren zenbait konpainia, hala nola Grapehenea (berea da energia gehiago gordetzeko gai izango diren baterien prototipoetan erabiltzen diren grafeno oxidozko xaflen munduko merkatuaren %23).

 

Zer dago egiteko datozen bi urteetan?

Plan estrategikoa nahiko aurreratuta dago. Definitutako 66 ildo estrategikoen %90 baino gehiago martxan daude dagoeneko, baina oraindik bost falta dira, zerikusi zuzena dutenak mugikortasunaren etorkizunarekin.  18.500 pertsona mugitzen dira egunero gure lurraldean (bisitariak kontuan hartu gabe) eta ikusi behar dugu zer egin joan-etorri horiek sostengarriago egiteko. Energia ere landu beharreko esparru bat da, eraikin eta azpiegituraz betetako milioika hektarea dituen lurraldea garelako, eta horiek behar duten energia nahiz energia horren kudeaketa aztertu beharra dago. Bikaintasuna lortu behar dugu, onenak izan behar dugu gure enpresekin eta gure bezeroekin, onenak izan behar dugu egiten dugun guztian. Eta batez ere, garai berrietara egokitu behar dugu. Dagoeneko hemen daude zibersegurtasuna, biozientziak, fabrikazio aurreratua, eraldaketa teknologikoa… Gure azpiegiturek ahalik eta ongien egokitu behar dute ingurune berri horretara lehenbailehen. Erronka mordoa ditugu, baina ilusio izugarria dugu guztiak gainditzeko.

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak