Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 5 ekaina, 2023 I+G

Ikerketa-ibilbidea eta proiekzioa aitortzeko BRTA aliantzaren sariak

BRTA aliantzak, bigarrenez, sei ikertzaile saritu ditu: hiru ikertzaile beren ibilbideagatik, eta beste hiru gazte etorkizunean izan lezaketen ikerketa-ibilbide oparoagatik.

BRTA (Basque Research & Technology Alliance) aliantzaren sariak banatu dira gaur, astelehena, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak, Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Rikardo Bueno Zabalo BRTAko zuzendari nagusiak eta Aitor Urzelai, SPRI taldeko zuzendari nagusiak parte hartu dute ekitaldian. BRTA aliantzak hiru ikertzaile saritu ditu aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik, eta hiru gazte, berriz, etorkizunean izan lezaketen ikerketa-ibilbideagatik.

BRTA aliantzaren zentroetan ikertzen eta teknologia garatzen eta ezagutza hori transferitzen diharduten pertsonen lana aitortzeko, baloratzeko eta sustatzeko balio dute sari hauek. Saritu hauen guztien lanak euskal ekonomia eta enpresak eta gizartea oro har hobetzen laguntzen dute. Rikardo Bueno BRTA aliantzako zuzendari nagusiak eman dio hasiera ekitaldiari. Jarraian, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu eta BRTA aliantzako lehendakariak hartu du hitza.

Ibilbidea kategorian hiru aintzatespen egin dira. Elena Palomo Del Barrio (CIC energiGUNE), Artzai Picon Ruiz (Tecnalia) eta Javier Del Ser Lorente (Tecnalia) izan dira saridunak, BRTA aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik. Elena Palomo del Barrio Ikerbasque irakaslea da, eta CIC energiGUNEko Biltegiratze Termikoaren arloko zuzendari zientifikoa. Bere ikerketa-arlo nagusia energia termikoa biltegiratzea eta bihurtzea da, eta, azpimarratu duenez, “etorkizunean, eta bereziki Euskal Herrian, industriaren, enpresen eta mundu akademikoaren eta ikerketa-zentroen arteko harremanak eta lankidetzak areagotzea lortu beharko genuke”. Artzai Picón Ruiz, bestalde, Tecnaliako Industria eta Mugikortasun arloko ikertzailea da, eta “irudi bateko edukia interpretatzeko gai izango diren algoritmoak eta sistemak garatu nahi ditugu, prozesuak automatizatu edo digitalizatu ahal izateko. Ez gara ari soilik mugikorrarekin hartutako irudiez, irudi termografikoak, informazio kimikoa duten irudi espektralak, irudi medikoak eta abar ere izan daitezke. Azkenik, Javier Del Ser Lorente adimen artifizialaren arloko ikertzailea da Tecnalian. “Funtsean, nire motibazio nagusia ikasiz irakastea da; hau da, profesional berriak prestatzen saiatzea, eta bidean nik ere ikastea. Gaur egun, adimen artifiziala gelditzeko etorri da, eta uste dut ikerketatik lortutako emaitzen bidez Euskadik eremu horretan duen potentzial izugarria ezagutaraz daitekeela”, adierazi du ikertzaileak.

Era berean, Ikerketa-etorkizuna kategorian, orain arte egindako lanagatik eta beren ikerketa-ibilbidean etorkizun oparoa izan lezaketenen artean saritutakoak Amaia González Garrido (Tecnalia), Borja Pozo Larrocha (Tekniker) eta Roberto Viola (Vicomtech) izan dira. Amaia González Garridok Tecnalian lan egiten du Power Systems sailean, eta energia berriztagarrien kudeaketarako, autokontsumorako eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko optimizazio-algoritmoak garatzen ditu. “Ikertzeko dudan motibazio nagusia da energia-trantsizio jasangarriari laguntzea”, adierazi du ikertzaileak. Bestalde, Borja Pozo Larrocha Espazio-sektorearen koordinatzailea da Teknikerren eta etorkizuneko misioetarako espazio-teknologiaren garapenean lan egiten du. “Martera edo Ilargira bideratuko den teknologia berezia da, eta teknologia hori, hemen, Teknikerren, garatzea oso motibagarria da guretzat”, dio ikertzaileak. Azkenik, Roberto Viola ikertzailea Vicomtecheko Digital Media arloan ari da lanean. Esan duenez, “asko hitz egiten da 5G-aren hedapenaz, baina ikerketan dagoeneko etorkizuneko 6G sareetan lanean ari gara. 6G-ari esker, adimen artifiziala sareetan integratu ahal izango da, eta sare horiek modu eraginkorragoan kudeatu ahal izango dira”.

Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du BRTA aliantzaren sariak banatzeko ekitaldia.

Lotutako albisteak

18 uztaila, 2024 Berrikuntza
Mikel Jauregi industria klusterrekin elkartu da eta Euskadiren espiritu aitzindaria aldarrikatu du etorkizuneko erronkei eta aukerei aurre egiteko
Irakurri gehiago
18 uztaila, 2024 I+G
Zuretzat proiektuak diagnostiko-sistemak eta produktuak garatzen ditu osasun pertsonalizatua lortzeko
Irakurri gehiago
4 uztaila, 2024 I+G
Delicass, elikadura-berrikuntzagatik saritutako landare-pateak
Irakurri gehiago
indarpak precision, diseño, mecanizado, fabricación 28 ekaina, 2024 I+G
‘INDARPAK Precision’, zure mekanizazio kidea
Irakurri gehiago
28 ekaina, 2024 I+G
Repapel proiektuak paper-industriaren zirkulartasuna areagotzen duten konponbideak eskaintzen ditu
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak