Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 21 uztaila, 2022 I+G BDIH konexio programa

Euskal enpresek 1,1 milioi euroko laguntzak izango dituzte teknologia digital eta jasangarriak aplikatzeko

Uztailaren 28an irekiko da BDIH Konexio programaren hirugarren edizioa, eta iaz 82 konpainia izan ziren laguntza horren onuradunak

Euskal enpresek hirugarren urtez jarraian eskuratu ahal izango dituzte teknologia digital eta jasangarrien aplikazioa errazteko BDIH Konexio programako laguntzak. Programak 1,1 milioi euroko aurrekontua du eta eskaerak egiteko epea uztailaren 28tik urriaren 14ra bitartekoa izango da.

Iaz 82 euskal enpresa (lehen edizioan halako bi) izan ziren SPRI Taldeak kudeatutako programa honen onuradunak, zeinaren bidez Basque Digital Innovation Hub zentroak aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat jartzen baitu enpresen zerbitzura teknologia digital eta jasangarrien inguruko prestakuntza emateko eta ikerketak, testak eta baliozkotze-prozesuak egiteko. 2021eko aurrekontua ia 955.000 eurokoa izan zen.

Laguntza teknikoa ematen duten proiektu azkarrak dira, baliagarri direnak horrelako teknologiek fabrikazioko benetako arazoak konpontzeko eskain ditzaketen erabilerak probatzeko eta ulertzeko. Fabrikazioko arazoak esatean esan nahi da, besteak beste, zikloen denborak murriztea manipulatzaile robotikoek egiten dituzten zenbait jardueratan, produkzio-prozesu jakin batzuen deformazioen simulazioak egitea, pieza espezifikoen fabrikaziorako teknologiak aztertzea edo prototipoak garatzea composite pieza funtzionalen fabrikaziorako.

BDIH Konexio programak 12.000 eta 20.000 bitarteko dirulaguntza ez itzulgarriak ematen dizkie Basque Digital Innovation Hub sareko kideekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteak, hots, Teknologi Zentro, Unibertsitate, Lanbide Heziketako Zentro eta enpresetako I+G Unitateak) edo Europako DIH zentro batekin (BDIHk harekin lankidetza akordioak baditu) elkarlan estuan garatutako proiektuak aurkezten dituzten enpresei.

Programaren helburua da eskuragarri dagoen eskaintza teknologikoa ezagutaraztea euskal enpresen artean. Asmoa da industria arloko enpresen lehiakortasuna hobetzea,  BDIH sareko nodoek eskaintzen dituzten teknologia digital eta jasangarriak aplikatuz eta, bide horretatik, hobekuntzak lortuz euren produkzio-prozesuetan edo produktuetan.

BDIH ekimena fabrikazio aurreratuko RIS3 euskal estrategiaren barruan dago kokatua, eta helburutzat du enpresa-sareari laguntzea berrikuntza digital eta jasangarrien esperimentazioan. Aktibo berezien eta zerbitzuen sare konektatu bat da, teknologia digital eta jasangarrien inguruko prestakuntza emateko, ikerketarako, eta probak eta baliozkotzeak egiteko, eta enpresen -bereziki, ETEen- zerbitzura dago.

Programa honek are gehiago indartu du euskal erakundeek industriaren eraldaketa digital eta jasangarriaren alde egin duten apustu irmoa.

Aurtengo plana, gastuen % 80rainoko dirulaguntzak ematen dituena, bereziki zuzentzen zaie arlo hauetako batekin lotutako teknologiak txertatzen dituzten enpresei: fabrikazio gehigarria, zibersegurtasuna, makina adimendun eta konektatuak, material aurreratuak, robotika malgua, sare elektriko digitalak edo gailu medikoak eta osasun digitala.

Has zaitez hemendik!

BDIH Konexio programa interesatzen bazaizu eta bere abantailak eskuratu nahi badituzu, ez itxaron gehiago eta esaiguzu zein premia duzun galdetegia betez SPRI Taldearen web orrian. Hortik aurrera, eta zure behar teknologikoen arabera, teknikari-aditu egoki bat esleituko dizugu prozesu osoan lagundu zaitzan.

Gogoan izan, diruz lagundu daitezkeen BDIH Konexio proiektuak:

nodo teknologikoka antolatzen dira, eta dirulaguntzaren onuradunak teknikari-aditu baten laguntza jasotzen du. Aurtengo deialdian enpresa bakoitzak bi proposamenetarako finantzaketa jaso ahal izango du gehienez. Aukeratu ongi zure nodoa galdetegian, pertsona aproposenarengana zuzendu zaitzagun, eta pertsona horrek aholku eman eta dirulaguntza eskatzeko behar duzun laguntza eman diezazun!

Zalantzaren bat? Jar zaitez harremanetan gure BEZEROEN ARRETA zerbitzuarekin: 900 92 93 93 | Aprobetxatu Euskadiko nahiz Europako I+G-ko azpiegiturak, industria digital eta jasangarriak berekin dakartzan erronkak gainditzeko, eta HAZI!! info+: BDIH Konexio

 

Lotutako albisteak

23 apirila, 2024 Ekintzailetza
Emen4sport, kirol-arrakazta edonoren eskura I+G+b baten bidez
Irakurri gehiago
10 apirila, 2024 I+G
Errekak DUNE proiektu zientifikoan hasi du bere ibilbidea, torloju adimendunak garatzeko
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 I+G
CIC biomaGUNEk patentatutako teknologia batean oinarrituta antigorputzak azkar detektatzeko nanosentsoreak
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin
Irakurri gehiago
20 Marzo, 2024 I+G
Masterly proiektu europarrak enpresen aurrerapen teknologikorako irisgarritasuna bultzatuko du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak