Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean instalatuta dauden enpresen negozio-bolumena % 21,1 igo da bi urtean eta enplegatutako pertsonen kopurua, berriz, % 14,29

4 maiatza, 2019
Arabako Teknologia Parkea.

 

Hiru parke teknologikoetan, guztira, 544 enpresa daude, 5.567 milioi euro fakturatzen dituzte eta zuzeneko enplegua eskaintzen diete 18.489 pertsonari.

Arabako Teknologia Parkearen fakturazioa igo egin da eta 1.094 milioi eurotara iristea lortu du 138 enpresarekin; Bizkaikoa % 11,8 hazi da eta 3.356 milioi eurotara iritsi da 266 entitaterekin; Gipuzkoakoan dauden 140 enpresek bertako parkearen negozio-bolumena % 10,9 igo dute eta 1.118 milioi eurotara iritsi dira.

2017-2020rako Plan Estrategikoaren aplikazioko lehen bi urteetan, parkeak espezializatu egin dira eta horretarako, zenbait lantegi ezarri dituzte, hala nola Zibersegurtasunaren Euskal Zentroa, garapen farmazeutikorako Basque Pharmalabs 4.0 laborategiak, Accenture-Euskadi Intelligent & Secure Industry Center, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, Cidetec Fundazioa, Graphenea eta Viralgen enpresa.

 

Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean instalatuta dauden enpresen negozio-bolumena % 21,1 igo da bi urtean, enplegatutako pertsonen kopurua % 14,29 igo da eta enpresa-ezarpen berrien kopurua, berriz, % 6,45. 2017-2020rako Plan Estrategikoaren aplikazioko lehen bi urteetan, 4.633 milioi eurotik 5.567 milioi eurora igo da egoitza Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako parkeren batean duten enpresen fakturazioa, guztira.

 

Plan Estrategiko horren erdira iritsi garen honetan, datuek berretsi digute igoera nabarmena izan dela bai jarduerari erreparatuta, bai autonomia-erkidegoko ekonomian izandako eraginari begiratuta ere. Hala, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak, gaur egun, 544 erakunde ditu (2016an baino 33 gehiago). Sozietate horiek (enpresak, haztegiak, teknologia-zentroak, ikerketa-zentroak, klusterrak eta unibertsitateak) 18.489 pertsonari ematen diete enplegua, 2016an baino 2.312 pertsona gehiagori, alegia.

 

Langile horietatik 8.984 goi mailako tituludunak dira (% 19,1 gehiago) eta 1.271, berriz, doktoreak. Zifra horiek % 12ko igoera izan dute 2016tik. Era berean, hazi egin da enpresa horietan I+Gko zereginetan aritzen den pertsonen kopurua ere (4.960tik 5.768ra); baita kontu-sail horretara bideratutako gastua ere (494 milioi eurotik 544 milioi eurora).

 

Igoera aipagarria Araban

Parke bakoitzaren erregistroak aztertuta, aipagarria da Arabako Teknologia Parkeak izandako igoera; izan ere, parkeko enpresen fakturazioa, guztira, 1.094 milioi eurotara iritsi da eta beraz, Plan Estrategikoa abian jarri zenean baino 471 milioi euro handiagoa da fakturazio hori. Miñaon instalatutako 138 enpresek 3.414 pertsonari ematen diete enplegua eta duela bi urte, berriz, 2.833 pertsona aritzen ziren enpresa horientzako lanean. Enpresa horietan, hazi egin dira, halaber, goi mailako tituludunen (976tik 1.277ra) eta doktoreen (115etik 151ra) kopuruak ere; baita I+Geko zereginetan aritzen direnen kopurua ere; 954 izatetik 1.139 izatera igaro baitira.

 

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko 266 enpresek (2016an baino 26 gehiago dira orain) % 11,8ko igoera izan dute fakturazioan; 3.002 milioi euro fakturatzetik, joan den ekitaldiaren amaieran 3.356 milioi euro fakturatzera igaro dira. Parkean egoitza duten enpresetako langileak, guztira, 1.407 gehiago dira orain (lehen 8.605 eta orain 10.012) eta langileen artean, ugaritu egin dira I+Gko zereginetan aritzen direnak (2016an 2.199 ziren eta 2018an 2.732 izan dira), goi mailako tituludunak (4.150etik 5.180ra) eta doktore direnak (2016an 495 izatetik 506ra). Sareko parkeetatik aspaldikoena den parkeko enpresek I+Gn egiten duten gastua 266 milioi eurotik 326 milioi euro izatera igaro da.

 

Azkenik, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak aurten 25. urteurrena du eta Parke hori, 2016ko amaieran 131 enpresa izatetik, gaur egun 140 izatera igaro da. Gipuzkoako Parkearen guztizko fakturazioa % 10,9 igo da, 1.008 milioi eurokoa izatetik, pasa den ekitaldiaren amaieran 1.118 milioikoa izatera igaro da. Jarduera Parkean garatzen duten lantegietako langileen multzoan 324 pertsona gehiago daude orain, 4.739tik 5.063ra igo da kopurua, hain zuzen. Beste kasuetan bezala, langile horien artean ere igo egin da goi mailako tituludunen (2.410etik 2.527ra) eta doktoreen kopurua (524 Planaren hasieran eta 614 orain). I+Gren atalean, igo egin da arlo horretan aritzen diren profesionalen kopurua (2016an 1.807 profesional eta 2018an 1.897) eta enpresek horretara bideratzen duten gastua (2018an 141 milioi euroko gastua egin zuten enpresek atal horretan, 2016an baino 13 milioi gehiago).

 

Espezializazioaren aldeko apustua

Hizpide dugun aldian, Eusko Jaurlaritzaren Espezializazio adimentsuko Estrategiak (RIS3) ezarritako ildoei jarraituz, Parkeetako bakoitzak ekimenak jarri ditu abian zenbait arlotan enpresa-berrikuntzaren eta garapenaren sustatzaile nagusi diren eragileen erreferentzia eta erakargune bihurtzeko. Araban, aipagarriak dira aeronautikaren, zibersegurtasunaren eta energiaren sektoreak; Bizkaian, berriz, sektore aeroespaziala, telekomunikazioena eta ingeniaritzarena; Gipuzkoan, biozientziak eta osasuna.

 

Espezializazioaren alde eginiko apustu horren emaitza gisa, parke guztiek bete dituzte Plan Estrategikoaren lehen bi urteetarako finkatutako helburuak. Hala, Arabako Teknologia Parkean, Ada Lovelace eraikina (XIX. mendeko matematikari ingelesaren ohorez) eraikitzen hasi dira eta eraikin horretan izango dute egoitza 4.0 industrian aritzen diren enpresek. Aldi berean, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroa, Basque Cybersecurity Centre, Aernnovaren mekanizazioko bikaintasun-zentroa eta garapen farmazeutikorako Basque Pharmalabs 4.0 laborategiak ere inauguratu dira.

 

Zibersegurtasunaren Euskal Zentroaren helburua nazioartean, Euskadi segurtasun informatikoaren arloan erreferentzia gisa kokatzea da eta jada erakarri ditu Parkera arlo horretan espezializatutako zenbait enpresa; halanola Eurocybcar, Globe Testing eta Encriptia. Aernnovaren mekanizazioko bikaintasun-zentroa enpresa aeronautikoak aurrera eginiko urrats bat da; hain zuzen, berrekoizpen-prozesu guztietara digitalizazioa eta adimena eramateko egin duen apustuaren bidean eginiko urratsa. Instalazio berriek 18 milioi euroko inbertsioa jasoko dute eta 2020an 200 pertsonari emango diete enplegua. Azkenik, garapen farmazeutikorako Basque Pharmalabs 4.0 laborategiak Tecnaliak eta Euskal Herriko Unibertsitateak zerbitzu aurreratuetan eta I+G zerbitzuetan industria farmazeutikoarentzat Europako lider izateko baliatu nahi duten proiektuaren emaitza dira. Bertan, 4.0 industriari esker, terapia pertsonalizatuagoak garatu eta sendagaien kalitatea eta segurtasuna hobeto kontrola daitezke, haien balio-kate osoan.

 

Bestalde, Miñaoko parkean, sendotu egin da energia-berrikuntzaren arloa 2016tik, eta horretan lagundu dute, besteak beste, BCARE instalazioak eta Cegasak. Lehenengoa CIC energiGUNEren spin-off bat da eta enpresei balio erantsiko zerbitzuak eskaintzen dizkie baterien eta kondentsadoreen diagnostikoan. Cegasa, berriz, historikoki energia biltegiratzeko sistemak garatzeari eta fabrikatzeari lotuta egon den enpresa da. Aipagarria da, baita ere, Arabako parkean SPRI Taldeak BIC Araba haztegiaren bidez sustatu dituen startup teknologikoak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari direla. Horien artetik etorkizun oparoa izango dutela diruditen batzuk aukeratzearren, hauek aipa daitezke: Airestudio, Pixybit, Optimus 3D, Meteo for Energy eta Aztes, eta lehendik aipatu ditugun beste batzuk ere bai, hala nola Globe Testing eta Encriptia edo Bigda Solutions, EDI programako (European Data Incubator) Europako 16 startup onenen artean sailkatua izan dena.

 

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, 2009an kudeatzen hasitako Teknologia Parkea Ezkerraldean-Meatzaldean izeneko proiektua abian jartzeari lotutakoak izan dira mugarri nagusietako batzuk. ITP Externals-en egoitza eta lantegi berria eraikitzen hastea ere mugarri garrantzitsua izan da. ITP Aeroren filiala da, Derioko Industria de Turbopropulsores delakoaren gaur egungo izena da.

 

Abanton dagoen parke berria, batez ere, energiari eta fabrikazio aurreratuari dago zuzendua eta erabateko funtzionamenduan hasten denean, han jarriko dituzte, Energy Intelligence Center (EIC) delakoarekin batera, berrogeita hamar enpresa inguru. Zuzeneko 2.000 enplegu sortuko dituzte eta, guztira, 800 milioi eurotik gorako negozio-bolumena izango dute.

 

ITP External arituko da ITP Aeroren elementu konplexuenen eta balio erantsi handieneko elementuen diseinuan eta fabrikazioan; besteak beste, motor aeronautikoen estalduran erabiltzen diren osagaiekin, fluidoen sistemekin eta egiturekin lanean. Instalazio berriak Derion egongo dira, ITP Aeroren Zamudioko egoitza nagusitik oso gertu. 14,2 milioi eurokoa izango da inbertsioa eta 2019ko udaberritik aurrera izango da abian. 160 pertsonei emango die enplegua; horietatik 100 birkokatzeei lotutakoak izango dira eta gainerako 60ak kontratazio berriei lotutakoa.

 

Horiez gain, 2018an finkatu zen Ikerbasque Bizkaiko campusean, Leioan, Zientzia eta Teknologia Parkearen instalazioetan,  Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroen (BERC) lana sustatzeko helburuarekin eta urte horretan jarri zen abian 2017ko amaieran inauguratutako Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroaren jarduera ere. Ekimen publiko-pribatu horretan kolaboratzaile dira makina-erremintaren, osagarrien eta 4.0 esparruaren inguruko teknologietako ikerlari eta hornitzaile diren berrogeita hamar erakunde inguru. Aeronautikan fabrikazio aurreratuko proiektuak garatzeko lanetan aritzen dira eta Euskadiko enpresetan epe laburrera begirako zuzeneko aplikazioa dute. Bertan egiten diren lanak MRL (Manufacturing Readiness Level) eskalako 6 eta 7 mailetan kokatuta daude eta teknologia baten fabrikazio-heldutasuna ebaluatzen da horiekin. Unibertsitate eta zentro teknologikoetan egindako ikerketetan lortutako mailez harago joatea dakarte berekin; izan ere, ingurune adierazgarrietan balioztatze-probak egitea eskatzen dute.

 

Amaitzeko, aurtengo martxoan inauguratu dute Zientzia eta Teknologiako Euskal Sarea kolaboratzaile duen Accenture-Euskadi Intelligent & Secure Industry Center zentroa. Industria X.0, Industria Adimentsua eta Zibersegurua Zentroak inteligentzia industrialari, langile konektatuari, eragiketa arinei, serbitizazioari eta zibersegurtasun industrialari lotutako garapenak bezero industrialekin batera sortzeko egingo du lan honako teknologia hauek oinarri hartuta: errealitate hedatua, biki digitalak, inteligentzia artifiziala, ‘machine learning’a, 5G komunikazioak, Gauzen Internet, ‘blockchain’a eta robotika kolaboratiboa.

 

Azkenik, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, hasia da Cidetec Fundazioaren instalazio industrial berria lanean eta hori izango da teknologia-zentroko eremuetako ingeniaritzan arituko den dibisioaren zentro neuralgikoa. Instalazio horrekin, Cidetec Fundazioak zerbitzu osatua eskaintzen du, bai estalduren garapenean, bai materialen izaera aztertzen, hala material horien propietateak eta aplikazioak indartzeko.

 

Era berean, iazko urtea izan da Grapheneak Parkeko egoitzan, 2017ko irailean egoitza inauguratu zutenetik, izan duen lehen jarduera-urtea. Laborategi berriek 700 metro koadroko azalera dute eta bertan daude areto zuria eta grafeno oxidoaren lantegia; hala, urtean, material horren tona bat arte produzitzeko gaitasuna dute. Abaraska moduko egituran jarrita dauden karbono-atomoen konposatu hori fabrikatzeaz arduratzen diren hogeita hamar enpresa bakarrik daude munduan, eta hauxe da horietako bat. Grapheneak energia gehiago biltegiratuko duten eta kargatzeko denborak gutxituko dituzten baterien prototipoetarako erabiltzen diren grafeno oxidozko laminen munduko merkatuaren % 23 eskuratu du, eta elektronikarako txipetako mundu mailako merkatuaren % 32. Guztira, mundu mailako produkzioaren % 15 da berea eta instalazio hauekin % 30era iristea espero du.

 

Gainera, instalazioak estreinatu ditu Ipar Amerikako Askbio Biopharmaceuticals enpresaren eta bioteknologian espezializatuta dagoen Columbus Venture Partners arrisku-kapitaleko funtsaren artean eratutako joint ventureak: Viralgenek. Patologia genetikoei aurre egiteko eta gaixotasun arraroen aurka borroka egiteko terapia genikoak garatzen eta bektore biralak produzitzen dituen zentro bakarra da Europan. Zehatzago esanda, Miramongo instalazioetan, gene bakarraren DNA sekuentzian gertatutako mutazioa edo asaldura dela-eta gertatzen diren 150 gaixotasun hereditario inguru aztertuko dituzte. SPRI taldeak bultzatu du eta atzerriko inbertsioak erakarriko ditu.

 

Gainera, Parkeak amaitu ditu A.2.1 eraikina altxatzeko lanak. Ekodiseinuan oinarritutako arkitektura-blokea da eta 4.0 industriarako prototipoak fabrikatzeaz arduratzen diren enpresa-proiektu berriak jasoko ditu. 8.784 metro koadro izango ditu, eta dagoeneko okupazio-demanda % 80 ingurukoa da.

 

2017-2020ko Plan Estrategikoaren helburuak

Industriaren eta enpresen garapenerako funtsezko tresna gisa ia hiru hamarkada igaro ondoren, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 2017-2020ko Plan Estrategikoa jarri zuen abian, I+G+b arloan nazioarteko erreferentzia gisa sendotzeko eta horretarako, berrikuntzari laguntzeko ekosistema bat sortu du; hain zuzen, ekosistema hori da, herrialde osokoetatik, zientzia eta teknologiaren arloan ezagutzaren eta talentuaren kontzentraziorik handiena duena. Euskadin berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren eragile bideratzaile eta euskarri nagusi  bihurtzeko, Plana idazteko garaian, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea osatzen duten 66 erakundek hartu zuten parte.

 

Elkarrekin erabaki zuten proiektua hiru ardatzen inguruan garatuko zutela: lehena, ekosistema egokia sortzea enpresa- eta zientzia-jardueretarako, euskal enpresei dibertsifikatzen lagunduz eta ezagutza partekatzeko eta networkingerako espazio gehiago sortuz; bigarrena, negozio-garapenerako funtzioa sendotzea parkeek gainerako erakundeekin batera lan eginda, hala, enpresa berriak haztegietatik parkeetara igarotzen direla bermatu eta horren bidez, Euskadirentzat proiektu estrategikoak erakartzeko eta Parkeen Sareko enpresen oraingo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko; eta azkenik, zabalkunde geografikorako prozesuari modu ordenatuan ekitea, Sareko eragile publiko eta pribatu guztien artean antolaketa berria aplikatuz eta balio erantsi handiko zerbitzuen zorro zabala are gehiago handituz, enpresen eskakizunei eraginkortasunez erantzun ahal izateko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow