I+G+B
Albisteak 24 iraila, 2024

CIC nanoGUNEk beste spin-off bat abiarazi du, erditze seguruago baterako teknologia batekin

Proiektua Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak gidatutako Basque Tek Ventures egitasmoak hautatu du. Egitasmo hau Euskadiko Zientzia eta Teknologia Patzuergoari (BRTA) atxikitako zentroek sortutako teknologietan funtsatuta dauden oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen laguntzeko ekimen berria da.
-

CIC nanoGUNEk bere zazpigarren spin-offa abiarazi du: Optec4Life. Enpresak teknologia berri bat garatuko du denbora errealeko etengabeko monitorizazio ez-inbaditzailerako gailu mediko bat jartzeko ospitaleetako obstetra-taldeen esku, erditzean asfixia perinatala diagnostikatu ahal izateko, eta horrekin beharrezkoak ez diren zesareak saihesteko eta emaitza perinatalak hobetzeko. Berrikiago, proiektua Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak gidatutako Basque Tek Ventures egitasmoak hautatu du. Egitasmo hau Euskadiko Zientzia eta Teknologia Patzuergoari (BRTA) atxikitako zentroek sortutako teknologietan funtsatuta dauden oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen laguntzeko ekimen berria da. Azken urrats horrek aukera eman du Optec4Life enpresa eratzeko; aurten jarri da abian, eta teknologia hori ustiatzeko lizentzia esklusiboa du.

Teknologia disruptibo hori eguneroko praktika klinikoaren premia bati eranzuteko sortu da, zeina IIS Biogipuzkoa Euskadiko Osasun Sistemako Ikerketa Institutuarekin lotutako Osakidetzako medikoek identifikatu baitzuten.Horren ondorioz, nanoGUNErekin lankidetza bat sortu da erditzean haurren bizi-konstanteak monitorizatzeko soluzio bat aurkitzeko —asfixia perinatala edo oxigeno falta detektatzea barne—.

Gaur egun, kardiotokografia da erditzean fetuaren ongizatea ebaluatzeko metodorik hedatuena: horren bidez, fetuaren bihotz-maiztasuna eta umetokiaren uzkurdurak erregistratzen dira etengabe. Metodo horrek aukera ematen du fetuaren estresa identifikatzeko; baina zeharkakoa eta interpretagarria da, eta ez da nahikoa asfixia perinatala zuzenean detektatzeko. Horregatik, fetua estresa jasaten ari dela detektatzen denean, beste teknika batzuetara jo ohi da, hala nola umetxoari odol-lagin bat ateratzea, gero hura aztertzeko pH eta/edo laktato mailak neurtze aldera. Lagin hori haurtxoaren buruko ile-larrutik lortzen da, ama erditzen ari dela, eta, hura aztertu ondoren, berehala atera behar ote den erabakitzeko informazioa lortzen dute obstetra-taldeek. Bigarren urrats horrek arazo bat du, prozedura inbaditzaile eta etena baita; ondorioz, analisiak une bati buruzko informazioa baino ez du ematen, eta, gainera, guztira eskatzen duen neurketa-denbora gehiegizkoa da batzuetan.

Osakidetzako Donostialdea ESIko osasun-profesionalek eta Biogipuzkoako ikertzaileek osatutako IIS Biogipuzkoako Obstetrizia eta Ginekologiako ikerketa-taldeak planteatutako erronkaren aurrean, nanoGUNEko Nanoingeniaritzako taldea, Andreas Seifert Ikerbasque irakaslea buru zuela, gailu fotoniko bat garatzen hasi zen, aldaketa biokimikoak —hala nola pH- edo laktato-mailen aldaketak— fetuaren azalarekiko kontaktu hutsarekin detektatzeko. Gailuak emandako informazioak, adimen artifizialak lagunduta, hipoxia-iskemia gertakariak denbora errealean identifikatzen lagunduko luke, eta, ondorioz, erabakiak azkar hartzea erraztuko luke. “Doktorego-tesi bat garatu genuen ideia horrekin, eta ikerketa aurreklinikoetan lortutako emaitzak oso onak izan ziren —azaldu du Andreas Seifertek—. Hain onak, non patente bat erregistratu baikenuen Euskadiko osasun-sistemarekin (BIOEFen bidez) baterako jabetzan teknologia babesteko”. “Esku artean genuen prototipo hasiberri bat, denbora errealeko etengabeko zaintza ez-inbaditzailea egiteko gai zena, eta horrek lehiarako abantaila nabarmena ematen zuen lehendik zeuden metodoen aldean”, gaineratu du Andreas Seifertek.

Horrela hasi ziren teknologia berria garatzen jarraitzeko enpresa bat sortzeko ideia esploratzen. “BIC Gipuzkoak proiektua hautatu zuen merkatu- eta bideragarritasun-azterketa bat egiteko, eta, horri esker, ustiapen-estrategiak lehenetsi ziren”, adierazi du Ainara García Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendariak. Berrikiago, proiektua Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk, Euskal Autonomia Erkidegoko Arrisku Kapitaleko Sozietatearekin, BRTArekin eta BICen sarearekin lankidetzan, gidatutako Basque Tek Ventures egitasmoak hautatu du. Egitasmo hau Euskadiko Zientzia eta Teknologia Patzuergoari (BRTA) atxikitako zentroek sortutako teknologietan funtsatuta dauden oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen laguntzeko ekimen berria da. “Azken urrats horrek aukera eman du Optec4Life enpresa eratzeko; aurten jarri da abian, eta teknologia hori ustiatzeko lizentzia esklusiboa du”, gaineratu du.

 

Standard of care berri baterantz

NanoGUNEren spin-off berriak, orain, teknologia berri hori garatu eta baliozkotzeko erronka du, talde medikoei, haurtxoei eta amei zuzenean lagunduko dien tresna bihurtzeko.

“Teknologiaren helburua da edozein anomalia fisiologiko perinatal identifikatzea, erabaki medikoak hartzea arintzeko eta, hala, amarentzako zein haurrarentzako arriskua minimizatzeko”, adierazi du Francesc Paris Huguetek, Optec4Lifeko gerenteak. Ikuspuntu klinikotik, “jarduteko modua aldatzea da, hau da, egungo protokoloa edo standard of care-a aldatzea, informazio osagarri hori guztia oso lagungarria izango baita medikuentzat”, gaineratu du Optec4Lifeko kudeatzaileak. “Lehenengo susmoa agertzean, talde medikoek interesatzen zaizkien balioen analisia egin ahalko dute, bagina barruko zunda baten bidez (ekografo baten antzekoa), eta datuak berehala lortu, laginik hartu beharrik gabe eta beharrezkotzat jotzen den denboran”, azaldu du Paris Huguetek.

Azken gailua diseinatzeko eta prototipoak egiteko lanak beste eragile batzuekin elkarlanean egingo dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarekoak nahiz nazioartekoak. Ondoren, baliozkotze-etapan, gailua helduetan eta jaioberrietan erabiltzeko lehenengo probak egingo dira, gailuaren erabilera klinikorako ziurtapena lortzeko eta merkaturatzeko.

Teknologia disruptiboa

Optec4Lifek garatuko duen gailuak teknologia berri bat du oinarri, Raman espektroskopian funtsatua: Raman zunda espezifiko bat eta ikaskuntza automatikoko algoritmoak konbinatzen dira, eta algoritmoek kontuan izango dute aldaketen edo anomalia fisiologikoen koadro kliniko orokorra. “Gaur egungo metodoekin baino, zeinetan parametro bakarra —hala nola pH-a— aztertzen baita erabakiak hartzeko, ikuspegi askoz zabalagoa eskaintzen du teknologia berri honek, behar den denbora guztian”, adierazi du Jaione Etxebarriak, Optec4Lifeko garapen teknologikoaren arduradunak. “Raman espektroskopia bibrazioetan oinarritutako metodo espektroskopiko oso espezifiko bat da, aukera ematen duena aldaketa biokimikoak zuzenean zein zeharka detektatzeko. Ikaskuntza automatikoaren bidez, eta koadro fisiologiko osoa kontuan hartuta, sentikortasun handiagoa, egoera metabolikoaren sailkapen egonkorra eta intereseko parametroen iragarpena lortzen dira”, gaineratu du Jaione Etxebarriak.

Aintzatespenak

 

Teknologiak zenbait aintzatespen jaso ditu: finalista izan da European Technology Platform Nanomedicine (ETPN) plataformaren 2020ko “Pitch me up” programan eta plataforma bereko HealthTechTAB ekimenean; BBK Venture Philanthropy-ko finalista izan da; eta EHUk antolatutako Manuel Laborde sariak irabazi ditu —biak 2020ko edizioan—. Horretaz gain, proiektua, “Intrapartum monitoring” izenarekin, balorizazio kualitatiboko azterlan batean parte hartzeko hautatu zuten, eta, duela gutxi, Txekintek-Ekintzaile laguntza eman diote, biak BIC Gipuzkoaren laguntzarekin.

CIC nanoGUNE

CIC nanoGUNE Nanozientzia Ikerketa Kooperatiboko Zentroa Donostian kokatutako ikerketa-zentro bat da, nanozientzian eta nanoteknologian bikaintasuneko ikerketa egiteko helburuarekin sortua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lehiakortasuna eta bertako hazkunde ekonomikoa areagotzeko asmoz. NanoGUNE Ikerketa eta Teknologiako Euskal Aliantzako (BRTA) kidea da, eta, gainera, Estatuko Ikerketa Agentziak aitortutako María de Maeztu Bikaintasun Unitate bat da.

www.nanogune.eu

IIS Biogipuzkoa

IIS Biogipuzkoak lehentasuna ematen dio pazienteei eta, oro har, herritarrei zuzendutako ikerketa translazionalari; Gipuzkoako lurralde historikoan Osakidetz-EOZren esparruan egiten den ikerketa guztiari estaldura ematen dio, eta bere egitura kolaboratibo multiinstituzional eta interdisziplinarraren bidez herritarren osasuna hobetu nahi du. Wegune honek gure jardueraren erakusleiho izan nahi du.

biogipuzkoa@bio-gipuzkoa.eus

BIOEF

Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa, BIOEF, Osasun Sailak Euskadiko osasun-sistemaren berrikuntza eta ikerketa sustatzeko sortutako tresna da. BIOEFek osasunaren arloko ezagutza eta teknologia balioztatzeko eta transferitzeko prozesuan parte hartzen du Euskadin, Euskadiko Osasun Sistemako Ezagutza Transferitzeko Bulegoaren (OTC) bidez

Lotutako albisteak

Bizkaiak  BIOSPAIN  2026  hartzen  du  eta  Euskadi  berrikuntza  bioteknologikoaren  eta  autonomia  estrategikoaren  epizentroa  bihurtzen  du  Europan
28/04/2026 I+G+B

Bizkaiak BIOSPAIN 2026 hartzen du eta Euskadi berrikuntza bioteknologikoaren eta autonomia estrategikoaren epizentroa bihurtzen du Europan

Bilbao Exhibition Centrek BIOSPAIN ekimenaren hurrengo edizioa hartuko du irailaren 29tik urriaren 1era

Albianek  malariaren  aurkako  mundu  mailako  mugarria  ahalbidetu  zuen  laborategi  modularra  diseinatu  eta  fabrikatzen  du
24/04/2026 I+G+B

Albianek malariaren aurkako mundu mailako mugarria ahalbidetu zuen laborategi modularra diseinatu eta fabrikatzen du

Euskal enpresak MPL/CL3 garatu zuen, 3. mailako bioeuste-instalazioa, Euskal Herrian osorik fabrikatua eta Tanzanian zabaldua. Haren teknologiak Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa bat babestu zuen.

Eusko  Jaurlaritzak  50  milioi  euro  gehiago  emango  dizkio  garapen  teknologikoaren  bitartez  industria-ehundura  eraldatzeko  programari

Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro gehiago emango dizkio garapen teknologikoaren bitartez industria-ehundura eraldatzeko programari

Hazitek programak 169 milioi euroko zuzkidura izango du aurrerantzean. Mikel Jauregi sailburuak Euskadiko ezkutu industrialaren lehenengo neurri-paketearen aurkezpenean jakinarazi zuenez.

Kelias  sendotu  egin  da  bide-segurtasuna  indartzen  duten  seinaleztapen  adimenduneko  sistemen  eskutik
15/04/2026 Berrikuntza

Kelias sendotu egin da bide-segurtasuna indartzen duten seinaleztapen adimenduneko sistemen eskutik

Enpresaren sistema konektatuek istripuak saihesten dituzte auto-ilaretan, oinezkoen pasabideetan eta animalia basatiak ustekabean agertzen diren lekuetan.

Eusko  Jaurlaritzak  unibertsitateak  eta  BERC  zentroak  integratu  ditu  merkaturako  transferentzia  zientifikoa  sustatzeko  ekimenean  eta  20  proiektu  atzeman  ditu
10/04/2026 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak unibertsitateak eta BERC zentroak integratu ditu merkaturako transferentzia zientifikoa sustatzeko ekimenean eta 20 proiektu atzeman ditu

Industriaren lehiakortasuna sustatzen duten enpresa-proiektu eskalagarrien bikaintasun zientifikoa eraldatzeko Industria Plana - Euskadi 2030 estrategia indartu du Basque Tek Venturesek bere laugarren edizioan

Euskadi  nanomedikuntza  pertsonalizatuko  erreferentzia  izango  da  Europan,  Hidrogel  Adimendunak  sortzeko  Proiektu  Eraldatzaileari  esker
30/03/2026 I+G+B

Euskadi nanomedikuntza pertsonalizatuko erreferentzia izango da Europan, Hidrogel Adimendunak sortzeko Proiektu Eraldatzaileari esker

Euskadi 2030 Industria Planeko hirugarren Proiektu Eraldatzaile honek 72 milioi euroko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 28 milioi euro baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira

Kutxa  Fundazioak,  Eusko  Jaurlaritzak  eta  Espainiako  Gobernuak  Oncomatryx  biofarmazeutiko    bihurtzea  bultzatzen  dute

Kutxa Fundazioak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Oncomatryx biofarmazeutiko bihurtzea bultzatzen dute

Espainiako Gobernuak 24,3 milioi euro jarriko ditu Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren bidez, osasunerako berrikuntza teknologikoarekin duen konpromisoa indartukoaz.  Terapia onkologiko berriak garatzea eta potentzia handiko botiketan espezializatutako Fill & Finish fabrikazio-instalazio bat martxan jartzea ahalbidetuko du neurri honek.   ONCOMATRYX BIOPHARMA SA euskal biotech-ak arrakastaz burutu du indarrean zuen...

2026–2027  aldirako  Europako  finantzaketa  AA,  zibersegurtasuna  eta  teknologia  digitalen  arloan:  deialdien  gakoak  eta  euskal  industriarentzako  aukerak
18/03/2026 I+G+B

2026–2027 aldirako Europako finantzaketa AA, zibersegurtasuna eta teknologia digitalen arloan: deialdien gakoak eta euskal industriarentzako aukerak

Europak bere politika teknologikoa berriz definitzen du: subiranotasun digitala eta funtsezko teknologien hedapen industriala. Testuinguru horrek aukerak irekitzen dizkio euskal industriari adimen artifizialean, zibersegurtasunean, mikroelektronikan edo konputazio aurreratuan, eta, aldi berean, Europako deialdietan parte hartzeko eskakizun berriak ere ezartzen ditu.

Eusko  Jaurlaritzak  ezkutu  industriala  aktibatu  du  1.047  milioi  eurorekin,  Ekialde  Ertaineko  gatazkaren  eraginari  aurre  egiteko

Eusko Jaurlaritzak ezkutu industriala aktibatu du 1.047 milioi eurorekin, Ekialde Ertaineko gatazkaren eraginari aurre egiteko

ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak % 51,4 igoko dira, 277 milioi euroraino

Euskal  osasun-berrikuntzarako  Europako  finantzaketa-aukera  berriak
13/03/2026 I+G+B

Euskal osasun-berrikuntzarako Europako finantzaketa-aukera berriak

Europak azkartu nahi du ikerketa zientifikotik aplikazio klinikoetara eta osasun-sistemetarako irtenbideetara igarotzeko prozesua, eta, horrenbestez, Europako finantzaketa jasotzen duten proiektuen tipologia eta enpresek zein zentro teknologikoek erakutsi behar dituzten gaitasunak birdefinitzen ari da.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.