Eusko Jaurlaritzak Bikaintek programa zabaldu du enpresetan ikertzaileak kontratatzea sustatzeko
Eusko Jaurlaritzak Bikaintek laguntzen programa zabaldu du Euskadiko enpresetan I+G sustatzeko, ikertzaileak kontratatuz. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatutako ekimenak ia 4,4 milioi euroko aurrekontua du eta urtean 42.000 euro arteko dirulaguntzak eskaintzen ditu doktoreen lerroko kontratazio bakoitzarengatik, eta 28.000 euro artekoak doktorego-tesiak egiteko. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 3an amaituko da.
Doktoregoa duten pertsonak kontratatu daitezke ikerketa industrialerako proiektuetan jarduteko, edo ikerketa industrial batekin lotutako doktorego-tesia egingo duen norbait kontratatu daiteke. Helburua da talentua sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-inguruneetan I+Gko proiektuak garatuz. Beste helburua da Euskadiko industria-ehunduraren lehiakortasuna eta gaitasuna handitzea.
Ekimen honi esker, Eusko Jaurlaritzaren xedea da Euskadiko enpresek egiten dituzten ikerketan doktoregoa duten pertsonak izatea buru, hori baita nazioartean ikerlarientzat onartzen den prestakuntza akademikoa.
Lehiakortasun industrialaz gain, programak ikertzaile horien lan-munduratzea sustatu nahi du, ibilbide profesionalaren hasiera-hasieratik. Kontratazioak enpresentzat ez ezik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileentzat ere badira.
Dirulaguntzek proiektuaren kostuen % 70 estaliko dute, 42.000 euro jaso ahal izango dira gehienez ere urtean doktoregoa duen pertsona bat kontratatzeko; eta 28.000 euro industriako doktoregaientzat. Bikainteken aurrekontuko 4,4 milioi euroko zenbatekoa honela banatzen da: 2,5 milioi euro doktoreak kontratatzeko eta 1,9 milioi baino gehiago doktorego industriala egiten ari direnentzat.
Dirulaguntza horiek jaso ahal izateko, kontratuek gutxienez 2027ko abenduaren 31ra arteko gutxieneko iraupena izan beharko dute (doktoreentzat), eta 2029ko abenduaren 31ra artekoa (industriako doktorego-tesiak egiteko). Urteko gutxieneko ordainsari gordina (Gizarte Segurantzako kostuaz gain) 35.000 eurokoa izan beharko da lehen kasuan eta 25.000 eurokoa bigarrenean.