Albisteak 4 ekaina, 2026

Industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria ‘made in Euskadi’ izango da

Grid4Industry proiektua Euskadi 2030 Industria Planaren bosgarren proiektu eraldatzailea da, eta industriako sare elektrikoak digitalizatzeko garapen teknologikoa bultzatzen du. Euskadin garatutako soluzioak munduaren gainerako herrialdeetara esportatuko dira
-
  • Euskal industriaren balio-katea indartuko du sare elektrikoen sektorean. Sektore horrek 30.000 milioi euroko fakturazio orokorra du, eta zuzeneko 6.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu.

 

  • Ekipamendu teknologiko berrien lehen proba pilotuak datorren urtean egingo dira, eta euskal industriaren elektrifikazio-beharrak lehenetsiko dira.

 

  • Proiektuaren hasierako inbertsioa 41 milioi eurokoa izango da ia. Zenbatetsitakoaren arabera, datozen hiru urteetan guztizko inbertsioa 160 milioi eurotik gorakoa izango da, eta I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko da.

 

  • Kualifikazio handiko zuzeneko 200 lanpostu eta zeharkako 320 lanpostu sortuko dira. Beraz, 520 enplegu berri izango dira guztira.

 

  • Sare adimendunen industriak Euskadin I+Garen ikuspegi bereziarekin sortutako kualifikazio handiko enpleguak % 25eko igoera izango du datozen hiru urteetan.

 

  • Proiektua Iberdrolak zuzenduko du, 62 enpresa trakzionatuko ditu (haietako 29 ETEak izango dira), eta Basque Energy Cluster izenekoaren laguntza izango du.

 

  • Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) hainbat zentro teknologiko eta eragile inplikatuko ditu, bereziki Tecnalia, Ikerlan eta CIC energiGUNE.

 

  • Proiektu eraldatzaile hori Bilbon kokatutako Global Smart Grids Innovation Hub izenekoak koordinatuko du. Proiektu eraldatzaile horrek apirilaren 14an iragarritakoez bestelako garapen teknologikoak bultzatuko ditu inbertsio berrien bidez. Horrela, beraz, Eusko Jaurlaritzak bat egin du Iberdrolak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako berrikuntzako Hub horrekin. Grid4Industry proiektua Smart Grids Innovation Hub-aren parte da.

Bilbo, 2026ko ekainaren 4a. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik Grid4Industry proiektu eraldatzailea aurkeztu du gaur goizean, Jose Ignacio Berroeta Zentro Korporatiboan. Proiektu hori Euskadi-2030 Industria Planaren esparruan sortutako industria-oinarriko bosgarrena da.

Proiektu berri horren bidez, industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria “made in Euskadi” izango da, eta, bertatik, munduko gainerako herrialdeetara esportatuko da. Euskadin, industriako sare elektrikoak digitalizatzea eta elektrifikazioak industrian dituen erronka handiei erantzutea ahalbidetuko duten soluzio teknologiko berriak garatuko dira.

Grid4Industry proiektu eraldatzailea gaur goizean aurkeztu dute Iberdrolaren Jose Ignacio Berroeta Zentro Korporatiboan. Ekitaldian, proiektuan parte hartzen duten enpresetako, enpresa txiki eta ertainetako, zentro teknologikoetako eta klusterretako arduradunak bildu dira, eta honako hauek hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatu Ainara Basurkok, Iberdrolaren Euskadiko ordezkari instituzional eta I-DEko presidente Asís Canalesek, Artecheko CEO eta presidente Alexander Artetxek eta Tecnaliako Trantsizio Energetikoko zuzendari Jose Luis Elejaldek.

Horiez gain, ekitaldian izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allende, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Saileko diputatu Itxaso Berrojalbiz, i-DEko CEO Eva Mancera, Tecnaliako zuzendari nagusi Jesús Valero, Ikerlaneko zuzendari nagusi Ion Etxeberria, CIC energiGUNEko zuzendari nagusi Nuria Gisbert eta Basque Energy Clusterreko zuzendari nagusi José Ignacio Hormaeche.

Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, “industria deskarbonizatzen ari da elektrifikazioaren bidez, eta, horretarako, garapen teknologiko berriak behar dira sareetan. Euskadik sare elektrikoen belaunaldi digital berria zuzentzeko ahalmen teknologikoak eta industrialak ditu. Grid4Industry proiektuak euskal industriak industria mundu-mailan elektrifikatzen laguntzea du helburu. Proiektu eraldatzaile hau industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago uztartzearen adibiderik onena da”.

Iberdrolaren i-DE banaketa-enpresako presidente eta euskal konpainiako ordezkari instituzional Asís Canalesek nabarmendu duenez, “Grid4Industry proiektuak ekipamendu elektrikoko ondasunen euskal fabrikatzaileen balio-katea (Iberdrolak historikoki trakzionatu duena) bultzatuko du, milioi askoko erosketen bidez. Erosketa horiek, gainera, areagotu egingo dira taldeko sareetan inbertitzeko asmo handiko planarekin. Sareak elektrifikazioaren bizkarrezurra dira. Elektrifikaziorik gabe ez dago independentzia energetikorik. Sarerik gabe ez dago elektrifikaziorik”.

Ainara Basurkok nabarmendu duenez, “sare elektriko adimendunik gabe ez dago trantsizio energetikorik. Eta ongi prestatutako sarerik gabe, gure industriak izan izango ditu bere prozesuak elektrifikatu, emisioak murriztu eta energia berriztagarriak txertatu, eta izan izango da lehiakorra izan merkatu globaletan”. “Trantsizio energetikoaz ari gara, bai. Baina, batez ere, aberastasunaz, enpleguaz eta industriaren etorkizunaz ari gara”, amaitu du.

Proiektu eraldatzaile berri horrek euskal ekonomiarako bereziki garrantzitsua den sektore baten balio-katea indartuko du, hots, sare elektrikoen sektorearena. Sektore horrek 30.000 milioi euroko fakturazio orokorra du gaur egun, eta zuzeneko 6.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu.

Grid4Industry proiektuaren hasierako inbertsioa 41 milioi euro ingurukoa izango da. Zenbatetsitakoaren arabera, datozen hiru urteetan guztizko inbertsioa 160 milioi eurotik gorakoa izango da, eta I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko da hiru urte horietan. Proiektuak balio erantsi handiko eta digitalizazio energetikoari, berrikuntzari eta lehiakortasunari lotutako industria-ehun bat finkatuko du.

Proiektua Iberdrolak zuzenduko du, 62 enpresa trakzionatuko ditu guztira (haietako 29 ETEak izango dira), eta Basque Energy Cluster izenekoaren laguntza izango du. Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko hainbat zentro teknologikok eta eragilek hartuko dute parte, eta Tecnaliak, Ikerlanek eta CIC energiGUNEk zeregin nabarmena beteko dute. Industriaren, ezagutza-zentroen eta erakundeen arteko aliantza horrek indartu egiten du proiektuaren oinarri den lankidetza publiko-pribatuaren eredua.

Ekipamendu teknologiko berrien lehen proba pilotuak datorren urtean egingo dira, eta euskal industriaren elektrifikazio-beharrei erantzuteari emango zaio lehentasuna.

Kalitatezko enpleguan inpaktu handia duen proiektua

Grid4Industry proiektuak zuzeneko inpaktua izango du enpleguan. Proiektuaren barruan kualifikazio handiko zuzeneko 200 lanpostu eta zeharkako beste 320 sortzea aurreikusten da. Beraz, 520 enplegu berri izango dira guztira. Gainera, sare adimendunen euskal industrian sortutako kualifikazio handiko enpleguak % 25 igoko dira datozen hiru urteetan.

Proiektu eraldatzaile hori Bilbon kokatutako Global Smart Grids Innovation Hub izenekoak koordinatuko du. Espazio hori sare adimendunen inguruan berrikuntza, garapen teknologikoa eta industria-lankidetza biltzeko sortu da.

Proiektu eraldatzaile honek garapen teknologiko berriak bultzatuko ditu, GSGIHren V. urteurrenean, joan den apirilean, iragarri zirenei inbertsio berriak eginez. Horrela, beraz, Eusko Jaurlaritzak bat egin du Iberdrolak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako berrikuntzako Hub horrekin. Grid4Industry proiektua Smart Grids Innovation Hub-aren parte da. Plataforma horren helburua da Euskadi sare elektriko adimendunen arloan nazioarteko erreferentzia bihurtzea.

Grid4Industry proiektuarekin, industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria Euskadin diseinatu, garatu eta balidatuko da, egungo beharrei erantzuteko eta etorkizunean industriaren elektrifikazioan sortuko diren aukeretan buru izateko asmoarekin.

Proiektu eraldatzaileak: 642 milioi euroko inbertsioa eta 3.622 enplegu

Orain arte, bost Proiektu Eraldatzaile aurkeztu dira, 642 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa dakartenak; haietatik, 368 milioi euro I+Gra eta garapen teknologikora bideratzen dira.

Bost proiektuetan, kalitatezko 3.622 lanpostu gehiago sortuko dira datozen urteetan. Eta euskal industria-ehuneko beste 153 enpresa —gehienak ETEak— trakzionatuko dituzte, herrialdeko zentro teknologikoen laguntzarekin.

Orain arte, honako proiektu eraldatzaile hauek aurkeztu dira: “Euskadiko abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoko arkitektura berriak” izenekoa, ROBOOST proiektua eta “Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak”.

Lehenengoa, ITP Aero buru duena, Euskadik, trantsizio energetiko eta digitalean oinarrituta, etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berrien arloan rol garrantzitsua betetzeko asmoarekin sortu da. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta, haietatik, 60 milioi euro baino gehiago I+Gra eta teknologiaren garapenera bideratuko dira. Proiektuak 800 lanpostu sortzea ekarriko du —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 600 enplegu—.

Bestalde, ROBOOST proiektuak 50 milioi euro inguruko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 35 milioi euro baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Ekimenak 500 lanpostu sortzea ekarriko du —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 300 enplegu—, eta euskal industria-ehunaren nazioarteko lehiakortasuna indartzen lagunduko du. Proiektu Eraldatzaile horri esker, Euskadi erreferentziazko eragilea izango da nitxo emergente batean, hots, robotika sendoan eta doitasunezkoan.

Bestalde, “Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak” proiektuak 72 milioi euroko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 28 milioi euro inguru I+Gra eta garapen teknologikora bideratuko dira. Proiektua I+Med enpresak gidatuko du trakzio-industria gisa, eta kualifikazio handiko zuzeneko 232 lanpostu eta zeharkako 370 lanpostu sortuko dira 2026-2028 aldian. Beraz, 602 enplegu berri sortuko dira guztira. Proiektu Eraldatzaile hori abian jartzean, sare biofarmazeutiko aurreratu bat egituratu ahal izango da haren inguruan, Euskadi Europan nanomedikuntza pertsonalizatuko erreferentzia bihurtuko duena.

“Erregai berriztagarrien Hub-a” proiektu eraldatzaileak erregai berriztagarrien garapen teknologiko eta industrialaren Europako abangoardian kokatuko du Euskadi. Hub berri horrek Energy Intelligence Center (EIC) zentroan izango du basea, eta Euskadik erregai berriztagarrien garapena bultzatzeko dituen ahalmen teknologikoak, industrialak eta zientifikoak egituratuko ditu. Erregai sintetikoei, bioerregai aurreratuei, CO2-aren inguruko teknologiei eta hidrogeno berriztagarriari lotutako funtsezko teknologiak garatu eta ezarriko dira.

Proiektuak ia 250 milioi euroko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 85 milioi euro I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Kualifikazio handiko zuzeneko 300 lanpostu eta zeharkako 900 lanpostu sortuko dira. Beraz, 1.200 enplegu berri izango dira guztira.

Proiektua Petronor enpresak zuzenduko du, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, eta 51 enpresa trakzionatuko ditu (haietako 23 ETEak izango dira). Gainera, Basque Energy Cluster izenekoaren laguntza jasoko du. Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 4 zentro teknologiko inplikatuko ditu nagusiki.

Lotutako albisteak

Eusko  Jaurlaritzak  50  milioi  euroko  Arrisku  Kapitaleko  Funtsa  sortu  du  Euskadiko  industriako  ETEen  tamaina,  lehiakortasuna  eta  eraldaketa  indartzeko

Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euroko Arrisku Kapitaleko Funtsa sortu du Euskadiko industriako ETEen tamaina, lehiakortasuna eta eraldaketa indartzeko

Lehenengo eragiketa gauzatu da jada, eta horri esker, Walter Pack industriak arrakastaz itxi du 10 milioi euroko finantzaketa-erronda. Erronda inbertitzaile pribatu batek (Stellum Growth) gidatu du; horrez gain, arrisku-kapital publikoko funtsen babesa ere izan du: EZTEN II FCR funtsa eta Seed Capital Bizkaia

Euskal  ontzi  nautiko  elektrikoen  industria-sektore  berria  sortu  du

Euskal ontzi nautiko elektrikoen industria-sektore berria sortu du

“Zero Emissions Marine Boat” ontzi nautiko elektriko eta deskarbonizatuen belaunaldi berriaren garapena bultzatzeko Proiektu Eraldatzaile berri bat da. Industria-sektore berri horrek Europaren buruan kokatzen du Euskal AE

Eusko  Jaurlaritzak  IBM  Quantum  System  Two  industria  eta  erakunde  publikoen  eskura  jarri  du,  berrikuntza-  eta  ezagutza-transferentziako  proiektu  berriak  bultzatzeko
07/07/2026 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak IBM Quantum System Two industria eta erakunde publikoen eskura jarri du, berrikuntza- eta ezagutza-transferentziako proiektu berriak bultzatzeko

Sarbide-protokoloari esker, EAEko industriak eta erakunde publikoek IBM Quantum System Two sistema eta IBMk hodeian eskaintzen dituen backend kuantikoak erabili ahal izango dituzte

Emaitek  Industria  Hobeak  ezagutza  industriarentzako  balio  bihurtzen  duten  gaitasunak  bultzatzen  ditu
03/07/2026 I+G+B

Emaitek Industria Hobeak ezagutza industriarentzako balio bihurtzen duten gaitasunak bultzatzen ditu

Emaitek Industria Hobea 2026 programaren edizio berriak 62,1 milioi euro bideratuko ditu Zentro Teknologiko Multifokalizatuek Euskadiko industria-erronkei egiten dieten ekarpena indartzera, eta emaitzetara bideratutako finantzaketa-eredu berria txertatu du.

Ingeseak  roboten  kalibraziorako  sistemak  integratzen  ditu  prozesu  industrialetan  geldialdiak  murrizteko
03/07/2026 I+G+B

Ingeseak roboten kalibraziorako sistemak integratzen ditu prozesu industrialetan geldialdiak murrizteko

Elgoibarko enpresa automatizazio industrialean eta robotikoan dago espezializatuta, eta robotaren posizionamenduaren neurketa automatizatua hobetu du

Eusko  Jaurlaritzak  ETEak  hazkunde  handiko  sektoreetara  dibertsifikatzeko  programa  berri  bat  ireki  du  54  milioi  eurorekin

Eusko Jaurlaritzak ETEak hazkunde handiko sektoreetara dibertsifikatzeko programa berri bat ireki du 54 milioi eurorekin

Mikel Jauregi sailburuak iragarri du programa ireki dela, Gasteizko Zayer enpresara egindako bisitan. Industria-arloko ETE horrek nagusiki energiaren sektorera eta sektore aeroespazialera bideratutako ahalmen handiko makina-gama berri bat muntatzeko dibertsifikazio-proiektua aurkeztu du programan

Euskadiko  industria-lehiakortasuna  hazi,  dibertsifikatu  eta  indartzeko  inbertsio  berriak  bultzatzen  ditu  Dibertsifika  2026  programak
29/06/2026 Finantziazioa

Euskadiko industria-lehiakortasuna hazi, dibertsifikatu eta indartzeko inbertsio berriak bultzatzen ditu Dibertsifika 2026 programak

Euskal industria-enpresei hazteko, beren jarduera dibertsifikatzeko eta beren lehia-posizioa indartzeko aukera emango dieten ekoizpen-inbertsioko proiektuei laguntzeko 54 milioi euro bideratuko ditu Dibertsifika 2026 programa berriak. Programak deialdi bakar batean finkatzen du orain arte Indartu eta Gauzatu Industriak eskaintzen zuten laguntza, eta, hala, erraztu egiten du enpresa-eraldaketako proiektu estrategikoei ekiteko behar...

Kaskadako  finantzaketak  Europako  proiektuak  euskal  ETEetara  hurbiltzen  ditu,  %46,5eko  arrakasta-tasarekin
19/06/2026 I+G+B

Kaskadako finantzaketak Europako proiektuak euskal ETEetara hurbiltzen ditu, %46,5eko arrakasta-tasarekin

2023az geroztik, 79 euskal ETEk parte hartu dute EEN Basquek bultzatutako kaskadako finantzaketa-ekimenaren bidez sustatutako Europako deialdietan, eta 42k finantzaketa lortu dute beren berrikuntza-proiektuak garatzeko. SPRIk antolatutako I+G+b-aren nazioartekotzeari buruzko zazpigarren jardunaldiak Europako aukera berriak ezagutarazteko, enpresen arrakasta-esperientziak ezagutzeko eta digitalizazioa, robotika, bioekonomia edo trantsizio energetikoa bezalako arloetara bideratutako hurrengo...

Eusko  Jaurlaritzak  Bikaintek  programa  zabaldu  du  enpresetan  ikertzaileak  kontratatzea  sustatzeko
18/06/2026 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak Bikaintek programa zabaldu du enpresetan ikertzaileak kontratatzea sustatzeko

2026rako planak 4,4 milioi euroko aurrekontua du eta urtean 42.000 euro bitarteko dirulaguntzak eskaintzen ditu kontratazio bakoitzarentzat.

Eusko  Jaurlaritzak  HAZITEK  programaren  bidez  505  milioi  euro  mobilizatu  ditu  aurten  industria  arloko  I+G  proiektuetan,  duela  bi  urte  baino  bi  aldiz  gehiago

Eusko Jaurlaritzak HAZITEK programaren bidez 505 milioi euro mobilizatu ditu aurten industria arloko I+G proiektuetan, duela bi urte baino bi aldiz gehiago

Euskadi 2030 Industria Planaren “Industria Hobea” ardatz estrategikoak programaren aurrekontua handitzea ahalbidetu du, eta 169 milioi euroko zifra historikora iritsi da; hau da, duela bi urte programak izan zuen aurrekontua baino % 86 handiagora

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.