Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 29 Azaroa, 2021 Nazioartekotzea AEBak Alemania ASEAN Asia eta Ozeania BasqueTrade & Investment Europa India Ipar Amerika Txina

Mundura Begira 2021 ekitaldiaren giltzarriak

A Look at where the World is Heading', SPRI Taldearen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatutako ekitaldia
Mundura Begira

Lurralde bakoitzaren erronka teknologiko eta sozioekonomikoei emandako erantzunek baldintzatuko dute 2050eko eszenatoki ekonomiko globala. Testuinguru berri honetan, merkatu gorakorrek garrantzi handiagoa hartuko dute mundu mailako merkatuan, eta ardatz ekonomikoa Asiarantz mugituko da pixkanaka.

MUNDURA BEGIRA PHOTOCALL

Erronka horiei aurre egiteko eta lehiakor izateko, hauxe esan zuen Arantxa Tapiak Mundura Begira ekitaldian: “lurraldeek egokitu egin beharko dute abian den eraldaketa ekonomiko globala bultzatuko duten funtsezko industrien aurrerapenetara”. Eta eszenatoki honetan, Euskadi Basque Country dagoeneko murgilduta dago ekonomiaren etorkizuna markatuko duten hiru trantsizio handietan: trantsizio energetiko-klimatikoa, trantsizio teknologiko-digitala eta trantsizio soziosanitarioa.

Mundura Begira

Hamarkadaz hamarkada, Euskadi lanean aritu da egokitzeko eta sektore industrialaren aldaketa handiak gidatzeko. Etengabeko lan trinko horri esker, gaur esan dezakegu Euskadi-Basque Country erreferente bat dela Europan gai izan delako eraldaketa industrialeko prozesua arrakastaz bultzatzeko. Prozesu horren atzean lankidetza publiko-pribatu sendo bat dago, zeinari esker Euskadik eboluzionatu egin baitu gainbehera zihoan industria astunean oinarritutako ekonomiatik ezagutzak eta teknologiak bultzatutako ekonomia industrialera. Hortaz -esan du sailburuak-, munduko ongizate sozialeko maila handienetako bat daukagu gaur egun.

SPRI Taldeko Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatutako eta Jack Vincent-ek (Focus 360) zuzendutako Mundura Begira ekitaldian gaur egungo eszenatokia eta etorriko dena aurkeztu zitzaien zuzenean eta online elkartu ziren 600 parte-hartzaileei, zeintzuk asmo honekin bertaratu baitziren: etorkizuneko joerei aurrea hartzea eta euren enpresetako estrategiak hobeto orientatu eta bideratzea.

 

Arlo horri buruzko ezagutza zabala duten zenbait hizlari bikainek etorkizuneranzko bidaia honen giltzarri nagusiak jorratu zituzten, euskal erakunde eta enpresek posizio nabarmena izan nahi baitute etorkizun horretan.

“Erabili teknologia, baina ez utzi berak erabil zaitzan.”

Mundura Begira Gerard Leonard

The Futures Agency agentziako presidente Gerd Leonard-ek hauxe azpimarratu zuen bere hitzaldian: “datozen 10 urteetan aurreko 100 urteetan baino aldaketa gehiago gertatuko dira, eta ez teknologiagatik bakarrik”. Enpresei ohartarazi zien 10 urte barru industria ez dela izango gaur ezagutzen dugun bezalakoa: “Etorkizuna ez da bihar, zeren dagoeneko hemen da”.

 

 

Emakumearen lidergoa COVIDaren osteko eszenatokian.

Craig Calhaun Mundura Begira

Craig Calhaun-ek, Arizonako Unibertsitateko irakasleak, hizpide hartu zuen pandemiaren osteko eszenatokia, hauxe esanaz: “erronka geopolitiko bilakatu da, eta erronka horretan lider onenak emakumeak izan dira, gizonek elkarrekin eztabaidatu besterik ez baitute egin. Eta hori seinale txarra izan da klima aldaketarena bezalako beste erronka batzuentzat”. Bristish Academy-ko kide den akademiko honek uste du pandemiak ez zuela eten inongo ordena sozial egonkorrik: “Pandemiak lehendik ere ezegonkorra zen mundu bat eten zuen, eraldaketa handi baten erdian zegoena”.

Aukerak identifikatzea eta lankidetza behartzea           

Linda Yueh Mundura Begira

Linda Yueh, London Business School-eko irakasle laguntzaile eta Oxford University-ko kideak hauxe esan zuen jardunaldian: “nire ustez, Covid-aren osteko eszenatokiak aurrekoaren antz handia du, baina badago aldaketa garrantzitsu bat: ekonomia nagusiek elkarrekin kolaboratu behar dute”.

Linda-ren iritziz, erronka handiena da mundu zatikatu honen barruan mugitzea, aukerak bilatzea eta lankidetza behartzea premia handiena dagoen arloetan. Pandemiak gauza asko irakatsi dizkigu, besteak beste, osasun publikoa, ondasun publikoak eta ingurumena krisian daudela, eta mundu mailako lankidetza behar dutela lehenbailehen.

 

Munduko ekonomiaren perspektibak: ekonomia desberdin bat.

Financial Times egunkariko kazetari-buru Martin Wolf-ek moderatutako mahai-inguruan munduko ekonomiaren perspektibak aztertu ziren: “Demokrazia-mota endekatuena da jende multzo handien ongizateaz arduratzen ez dena” esan zuen.

Hauxe nabarmendu zuen Harvardeko Negozio Unibertsitateko irakasle Christian Ketels-ek: pandemiaren ostean “ez dakigu ekonomiak zein bide hartuko duen”. Aipatu zuen arriskuz betetako aro batean bizi garela eta enpresak animatu zituen euren negozioak dibertsifikatzera: “Heterogeneotasun handia dago, eta pandemiak areagotu egin du hori. Horregatik, norbere sektorearen eta norbere lehiakortasun-posizioaren egoera espezifikoa ulertu behar da”.

Mundura Begira, Martin Wolf, Heiner Flassbeck, Christian Ketels, Andrew Sheng

Hanburgoko Unibertsitateko ohorezko irakasle Heiner Flassbeck-en iritziz, Europak ez du ikasi “ekonomia itxi bat dela, eta ezin duela esportazioak iritsi zain geratu”. Bere ustez, pandemiarekiko erreakzio politikoa finantza krisiarekikoa baino askoz azkarragoa izan da, “baina hala ere ez da izan behar bezain azkarra”.

Azkenik, Hong Kong-eko Unibertsitateko kide agurgarri eta China Banking Regulatory Commission-eko aholkularitza batzordeko kide Andrew Sheng-ek gogorarazi zuen “munduak izugarrizko erronkak” dituela eta Txinaren asmoa dela aberatsen eta pobreen arteko desberdintasuna murriztea.

 

Mundura begira John Carl Ferguson

Bizitza osorako ikaskuntza, STEM ikuspegia eta Soft Skills

Economist Impact-eko Globalizazio, Merkataritza eta Finantza arloko buru den John Fergurson-ek hizpide hartu zituen euskal industriaren aukerak eta mehatxuak herrialde gorakorrak munduko ekonomian nagusituko diren aro berri honetan. Hala, aipatu zuen Vietnam edo Bangladesh bezalako herrialdeetako ekonomiek hazkunde handiak izango dituztela datozen urteetan, eta proposamen zehatzak egin zituen enpresek euren profesionalen artean bultzatu ditzaten “bizi osorako ikaskuntza, STEM ikuspegiarekin” eta “gaitasun bigunagoen, hau da, humanoagoen garapena”.

 

Aukerak eta erronkak euskal enpresentzat.

John Carl Ferguson-ek hizpide hartu zituen 2050era arte garapen ekonomikoaren protagonista izango diren teknologiak eta merkatuak, baina nola zehaztuko dira euskal enpresentzako aukera eta erronkak testuinguru horretan? Nola aprobetxa ditzakegu?

Asiak munduko BPGaren heren bat eta merkataritza globalaren % 30 ordezkatzen du. 2050. urtean Asiako herrialdeak munduko merkataritzaren buru izango badira merkataritza globalaren % 40 erdietsi ondoren, munduko ekonomiaren ardatza Asiarantz mugituko da zalantzarik gabe. Hain zuzen, munduko 15 ekonomia aurreratuenetatik 7 Asiakoak izango dira 2050. urtean, eta Fergusonek aipatutako hainbat herrialde gorakor zerrendako lehen 15 postuetan sartuko dira, besteak beste, Indonesia, Vietnam edo Bangladesh.

Ainhoa Ondarzabalek aipatu zuen Euskadi mundura irekita dagoen ekonomia bat dela, eta 5.000 enpresa esportatzaile inguru eta 2.000tik gora ezarpen dituela 5 kontinenteetan. “Baina Asia gure enpresen esportazioen hirugarren jomuga da Europaren eta Amerikaren atzetik, eta esportazio guztien % 6,5 baino ez du ordezkatzen, gure merkatu tradizionaletako zenbakietatik oso urrun”.

Euskal enpresek presentzia handia dute bai Txinan eta bai Indian, baina Asiako gainerako herrialdeetan duguna oso txikia da. Asiako 383 ezarpenetatik berrogeita hamar inguru bakarrik daude bi herrialde horietatik kanpo: “Bada garaia Asiara beste modu batean begiratzeko. Prest egon behar dugu eskualde horretan sortuko diren aukerei heltzeko, eta funtsezkoa izango da bertan kokatzea” esan zuen SPRI Taldeko Basque Trade & Investments agentziako zuzendariak.

Baina zeintzuk izango dira euskal enpresei Asiako ateak irekiko dizkieten erronka eta teknologiak? Eta nola lagundu dezake euskal enpresak erronka horiek gainditzen?

AINHOA ONDARZABAL

Hazkunde testuinguru horretan, aukerak asko ugarituko dira Asian: hazkunde estrategietatik eta fabrikazio nahiz espezializazio ereduen berezko eboluziotik datozen aukerei gaineratu beharko zaizkie 3 trantsizioekin (berdea, digitala eta soziosanitarioa) erlazionatutako erronka guztiak.

Hazkunde estrategien artean, Ondarzabalek aipatu zuen gehiago irekiko garela atzerriko zuzeneko inbertsiora, “batik bat esportaziora zuzendutako sektoreetan, hala nola, automozioan, elektronikan edo arropagintzan”. Horrez gain, aipatu zuen inbertsio publikoko plan handiak abiaraziko direla, batez ere hiru trantsizioekin erlazionatutako sektoreetan. Bestalde, ikusiko dugu eremu hartako produkzioa gero eta gehiago espezializatuko dela: “zenbait herrialdek, adibidez Txinak, alde batera utziko dute low-cost fabrikazio eredua eta balio teknologiko handiko fabrikaziora pasako dira, eta beste batzuek, esaterako Vietnam edo Bangladeshek, Txinaren deslokalizazio produktiboa xurgatuko dute”.

Euskal enpresek aukerak izan ditzakete fabrikazio aurreratuaren arloan, besteak beste, makineria eta teknologia produktiboan, eduki teknologikoko produktuetan eta industriari lotutako zerbitzuetan. Hiru trantsizioei dagokienez, funtsezkoa izango da jakitea zein sektoretan diren erreferenteak gure enpresak: “Zentzu horretan, aipatzekoak dira smartgrid-ak digitalizazioan, offshore energiak jasangarritasun arloan eta eHealth eta bioteknologia arlo soziosanitarioan” aipatu zuen.

Ez dago aukerarik erronkarik gabe

Asian arrakasta izateko, euskal enpresek denboran irauten duten estrategia proaktiboak garatu beharko dituzte. Ondarzabalen iritziz, “apustu argiak egin behar dituzte.

  • Tokiko presentzia bermatu, gure nazioarteko zein tokiko bezeroei laguntzeko eta kostuetan, erantzunaren azkartasunean edo tokiko arauekiko egokitzapenean lehiatzeko. Asian lehiatzeko ezinbestekoa da Asian egotea.
  • Nazioartekotzean espezializatutako talentua atxiki, bai Euskadikoa eta bai tokikoa, jomugako negozio-unitateetan integratuz nazioarteko esperientzia duten eta Asiako merkatuak ezagutzen dituzten profesionalak eta tokiko talentua. Asian lehiatzeko ezinbestekoa da asiar izatea.
  • Euskal produktu eta zerbitzuak posizionatu, sustapenarekin eta posizionamenduarekin erlazionatutako ekintzak martxan jarriz tokiko agenteen artean.
  • Teknologia digitalak garatu, Asiako merkatuetan produktuak sustatu eta saltzeko. Alderdi hori bereziki garrantzitsua izango da, merkatu horietako garapen digitala oso handia delako”.

 

Basque Trade & Investment agentziak enpresei lagunduko die euren erronkak gainditzen

Eusko Jaurlaritzaren ustez lehentasunezkoa da konexio gehiago eta hobeak izatea Asia eremuan, eta horregatik eskualdean duen presentzia indartuko du hiru bulego komertzial berri irekiz: gaur egun Txinan, Indian eta Singapurren dituen azpiegitura propioez gain (hiru puntu horietatik eskaintzen da Asean eskualderako estaldura), urtearen amaieran bulego berri bat irekiko da Japonian, eta 2022an bulego bana Hego Korean eta Turkian. Bulego horiek lantalde profesional espezializatuak izango dituzte enpresei laguntzeko, eta talentu gazteak ere bai, urtero ematen diren 600 beken bitartez iritsiko direnak.

Basque trade & Investments

Basque Trade-ren Kanpo Sarearen / SPRI Taldearen zeregina funtsezkoa izango da euskal enpresarentzako negozio-aukerak identifikatzeko orduan. Horretarako, sarbidea izango du inbertsiorako portfolioetara eta posible izango du Asiako korporazio handiekiko aukerak identifikatu eta garatzea.

Eta, zalantzarik gabe, diplomazia korporatiboa ezin baliagarriagoa izango da bezero handien eta tokiko gobernuen ateak irekitzeko eta harremanak kudeatzeko. Hori guztia lagungarri izango da euskal enpresaren produktu eta zerbitzuak Asian posizionatu eta sendotzeko. Halaber, laguntza emango da digitalizaziorako eta onlineko posizonamendurako zerbitzuak garatzeko.

Etorkizunean, Asia izango da munduko hazkunde ekonomikoaren buru, teknologia berriak garatuko dituelako, irekiera eta hazkunde politikak bultzatuko dituelako eta fabrikazioko eredu berriak txertatuko dituelako: euskal enpresak prest egon behar du aukera horiei heltzeko, eta BasqueTrade & Investment ondoan izango duzue bide horretan” esan zuen Ondarzabalek bukatzeko.

 

Euskadi-Basque Country Europako ekonomia irekienetako bat da.

“A Look at where the World is Heading”: ideiak, kontzeptuak, aukerak, funtsean, ezagutza garrantzitsua euskal enpresek aplika dezaten euren nazioartekotze-estrategiak hobetzeko, arriskuak gutxitzeko eta euren kanpo-ekintzako proiektuetan arrakasta izateko. Hain aldakorra eta lehiakorra den eszenatoki honetan, Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak gure herriaren hainbat indargune azpimarratu zituen: “Gaur egun, Euskadi-Basque Country Europako ekonomia irekienetako bat da, Italia edo Frantzia bezalako herrialdeen gainetik, 5.000tik gora enpresa esportatzaile eta produkzio-ezarpen baititu bost kontinenteetan. Gainera, erreferente teknologiko bihurtu da, euren egoitza Euskadin duten hainbat lider global ostatatzen baititu, esaterako, Siemens-Gamesa, Iberdrola, CIE Automotive edo Gestamp.“

Arantxa Tapiak eztabaida interesgarri bat piztu zuen hiru euskal konpainia garrantzitsutako presidenteekin:  Haizea Wind Group, Gestamp eta Mondragon Corporation.

Dámaso Quintanaren iritziz, “ezinezkoa da onshore arloan lehiatzea Asian ez bazaude.” Era berean, adierazi zuen merkatu asiarrak produkzio-kostu txikiagoak dituela sektore eolikoan: “Haizea enpresan produkzio-ereduak jorratzen ari gara kostuak murrizteko. Adibidez, dorreen zati batzuk Europan bertan egiten hasi gara…”. ETEei esan zien ez dezatela soilik Txina sartu euren planetan: “Ahaztu hazkunde organikoa eta begiratu maitekiro Indiari”. Quintanak nabarmendu zuen oso garrantzitsua izango dela jasangarritasunerako neurri berdinak izatea planeta osoan, eta horrek aukera asko sortuko dituela.

Francisco José Riberasek Asian sartzearen garrantzia berretsi zuen, baina epe luzeko planteamendu batekin eta plan serio batekin. Bere ustez, bide horrek arrisku asko ditu, baina arrisku gehiago daude bideari heltzen ez bazaio. “Asian arrakasta izateko hara joan behar da, eta hangoek pentsatzen duten bezala pentsatu” esan zuen. Gestamp-eko presidenteak azaldu zuen bere konpainiaren estrategia lotuta dagoela auto fabrikatzaile handiekin: “gure produktuen % 13 Asian saltzen dugu. Asmoa da %20ra iristea hurrengo urteetan. Gure helburua da teknologiagatik lehiatzea, ez kostuagatik”.

Mondragon korporazioak kasuistika anitza du Asian, produktu aski desberdinak eskaintzen dituelako: “21 produkzio-lantegi dauzkagu soilik Txinan”. Iñigo Ucinek azaldu zuen Asiako merkatuan aukera ugari sortuko direla ekonomia berdearen sektorean eta beronen hazkundea ahalbidetuko duten arlo guztietan, eta baita ere osasunarekin lotutako sektoreetan.

Horra hiru lekukotza interesgarri, bat datozenak ekonomiaren etorkizunerako trantsizio-espazio garrantzitsuenak zerrendatzean: energetiko-klimatikoa, teknologiko-digitala eta soziosanitarioa, betiere bat etorriz Eusko Jaurlaritzaren egungo erronkarekin, hau da, jasangarritasuna lehiakortasunerako palanka gisa integratuko duen garapen ekonomikoko eredu bat bultzatzearekin. Gure asmoa da Euskadi net zero herrialdea izatea 2050erako eta aurrera jarraitzea bikaintasun teknologikoranzko bidean… “Horregatik, ziur gaude konfiantzazko bazkide izango garela beste lurralde batzuen garapenerako, eta geure ekarpena egingo dugula gizarte aberats, bidezko, jasangarri eta inklusiboagoak sortzeko, bai ekonomia gorakorretan eta bai geure lurraldean…” esanez bukatu zuen Arantxa Tapia sailburuak.

MUNDURA BEGIRA ARANTXA TAPIA MESA REDONDA

DRIVING GLOBAL GROWTH: 2050erako gora egingo duten merkatuetarako gako diren industrien txostena deskarga ezazu

Ingelesez idazten den The Economist astekari ospetsuak nazioarteko harremanen eta ekonomiaren egunerokotasuna lantzen ditu mundu mailako ikuspegiaz. Mundu mailako hazkundeari buruzko txostena egin du, bertan 2050etako gora egingo duten merkatuan analizatuz. Haren arabera, Txina, India eta Indonesia nabarmenduko dira, baita Mexiko, Brasil, Vietnam eta Bangladesh ere.

 

Jornada e intervenciones completas, castellano e inglés: 

Reuniones de la Red Exterior con empresas

 

Lotutako albisteak

11 urria, 2024 Basque Trade & Investment
11 euskal enpresa izango dira protagonista energia eoliko flotatzaileari buruzko FOW 2024 konferentzian
Irakurri gehiago
biociencias salud 11 urria, 2024 Basque Trade & Investment
14 euskal enpresak parte hartuko dute azaroan MEDICA 2024 teknologia medikoaren eta osasunaren Europako ekitaldi nagusian
Irakurri gehiago
B-WOMENIN 10 urria, 2024 Basque Trade & Investment
Nazioartekotzean emakumeen rola indartzeko funtsezko trebetasunak, B-WOMENIN Globalen laugarren jardunaldiko protagonistak
Irakurri gehiago
9 urria, 2024 Azpiegiturak
1M €-rainoko laguntza ematen dizugu zure enpresa Nazioarteko Gauzatu programarekin nazioartera zabaltzeko
Irakurri gehiago
4 urria, 2024 Nazioartekotzea
SPRI Taldeak euskal ETE-en nazioartekotzea indartu du EENen urteko konferentzian
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak