Eusko Jaurlaritzak elkarrekin bilduarazi ditu munduko petrolio-enpresa handieneko (Saudí Aramco) goi-mailako exekutiboak eta sektoreko euskal enpresak

3 uztaila, 2018
Zarraonaindia y Ondarzabal en Emiratos.

Bisita hori posible izan da Javier Zarraonandía Industria sailburuordeak eta Ainhoa Ondarzabal Euskadiko Nazioartekotze Agentziako zuzendariak egindako lanari esker.

Iazko urte hondarrean Arabiar Emirerri Batuetara eginiko bisitaren “alderantziko misioa” da.

 

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren bitartez eginiko gestioei esker, Saudí Aramco-ko, hots, munduko petrolio-enpresa handieneko goi-mailako exekutiboek Euskadi bisitatu dute aste honetan, eta bilerak egin dituzte sektoreko euskal enpresa garrantzitsuenekin.

Iazko urte hondarrean erakunde- eta enpresa-misio bat egin zen Arabiar Emirerri Batuetara, Javier Zarraonandía Industria sailburuaren eta Ainhoa Ondarzabal Euskadiko Nazioartekotze Agentziako zuzendariaren buruzagitzapean. Bisita haren helburua zen in situ aztertzea nolako aukerak eskaintzen dizkion merkatu hark euskal ekonomiari eta goi-mailako harremanak egitea han kokatutako euskal enpresei laguntzeko. Iazko bisita hartan hasitako gestioei zor zaie aste honetako bisita.

Saudi Aramco enpresak garrantzi estrategikoa du sektoreko politika publikoen garapenean eta Saudi Arabiako gobernuaren “Vision 2030” programa berrian, zeina duela urte bi argitaratu baitzen herrialdeko ekonomia eta oro har herrialdea modernizatzeko eta etorkizunari begira petrolioaren mendekotasunetik askatzeko.  Horrez gain, garrantzitsua da aipatzea Euskadira etorri diren petrolio-enpresako exekutiboek talde osoaren erosketak eta hornikuntza-katea kudeatzen dituztela.

 

“Negozio Aukerak Arabiar Emirerrietan” jardunaldia

Munduko petrolio-enpresa handieneko ordezkaritza gaur hemen egotea ez da izan iazko urte amaierako “alderantzizko misio” haren lorpen bakarra. Saudí Aramco enpresako zuzendaritza-karguekin batera, orobat etorri dira Emirerrietako beste bost enpresatako exekutiboak: DEWA (Dubai Electricity Company), SEC (Saudi Electricity Company), Aurecom (eraikitzailea), Dar Taher Consultants, Eng. (ingeniaritza) eta SSH (eraikitzailea). Horiekin batera, Euskadin daude Arabiar Emirerri Batuek Madrilen duten enbaxadako bat goi-ordezkari ere.

Guztiek parte hartu dute uztailaren 2ko (astelehena) “Negozio Aukerak Arabiar Emirerri Batuetan” izeneko jardunaldian. Javier Zarraonandía sailburordeak azaldu die nolako onurak dakartzan Euskadin inbertitzeak, eta bestalde aukera izan dute bilera pribatuak egiteko Euskadiko Energia berriztagarri, Oil&gas, Burdinbide eta Ekipamendu eta contract sektoreetako enpresekin eta klusterretako ordezkariekin. Guztira, Euskadiko ehun bat ordezkarik parte hartu dute jardunaldian. Euskal industriaren izenean, bertan izan dira Fluidex eta Habic energia klusterretako arduradunak, bai eta enpresa hauek guztiak: Arteche, Innovative Systems, Protec Arisawa japoniarra, AMPO, Ekiona, Dorlet eta Sesam Business Consultants.

Bestalde, Emirerrietako enpresek beren sektoreko enpresak eta teknologi zentroak bisitatuko dituzte aste honetan zehar.

Arabiar Emirerrietan ezarritako bi euskal enpresak beren lekukotzak eman dituzte jardunaldian. Bata, argindarraren sektoreko Arteche enpresa izan da eta bestea, uraren eta salinizazio lantegien bidez ur aprobetxamenduaren sektorean diharduen Protec enpresa.  Biek azaldu dute beren esperientzia eta orobat aipatu dute nolako espektatiba komertzialak dituzten herrialde hartan, zeinak zubi-lana egiten baitu inguruko beste herrialde batzuetara iristeko.

 

“Alderantzizko misioak” bi helburu ditu:

  • Ezagutzera ematea herrialde horrek euskal enpresei eskaintzen dizkien aukerak, eta
  • Jardunaldira gonbidatutako Ekialde Ertaineko enpresei azaltzea nolako aukerak dituzten bazkide komertzial bihur daitezkeen euskal enpresak aurkitzeko lau sektore handitan: Energia berriztagarriak, Oil&gas, Burdinbideak, eta Ekipamendua eta contract.

Urte amaierako bidaia hartan Javier Zarraonandía Industria sailburuak –Jardunaldi honetan ere parte hartu duenak– esan zuen bezala, “frogatuta dago euskal enpresek badituztela negozio aukerak hainbat ekintza-esparrutan, hala nola energian (berriztagarriak eta oil&gas), eraikuntzan edo burdinbideetan, eta lankidetzarako aukerak ere bai teknologia disruptiboetan oinarritutako startupen edo ekimen berrien azelerazioan”.

Funtsean, eskualde horretako herrialde garrantzitsuenetako gobernuek hainbat proiektu garatuko dituzte epe labur eta ertainera, eta proiektu horiek negozio aukera garrantzitsuak dira konponbide industrialak eta teknologikoak eskaintzen dituzten euskal enpresa hornitzaileentzat.

 

Euskadi – Arabiar Emirerri Batuak

Arabiar Emirerri Batuetako merkatua munduko dinamikoenetakoa da kanpo-merkataritzari dagokionez. Hain zuzen, merkatugaien munduko 16 esportatzaile eta 20 inportatzaile handienetako bat da. 2012-2014 epealdian merkataritzaren batez bestekoa BPGaren ia %175ekoa izan zen.

Euskaditik AEBetara egiten diren esportazioak maila beretsuan mantendu dira azken hamarkadan, eta 2011n jo zuten goia, baina uste da badirela handitzeko aukerak.

 

 

Saudi Arabiaren Vision 2030 planeko helburuak eta sektore garrantzitsuenak.

Argi dago Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren bitartez lortu duen alderantzizko misio hau oso garrantzitsua dela, sekulako negozio aukerak sortuko dituelako, zehazki, Saudi Arabiako gobernuak abian jarri duen “Vision 2030” programa berriaren barruan.

Programa horrek, eta beraz, Saudi Arabiak, funtsezko helburu batzuk lortu nahi dituzte: munduko 19. ekonomia handiena izateari utzi eta top 15 zerrendan sartzea, sektore pribatuaren ekarpena handitzea BPGaren %40tik %65eraino eta, besteak beste, atzerriko inbertsio zuzena emendatzea BPGaren %3,8tik %5,7raino.

Saudi Arabiako gobernuaren arabera, hauek dira herrialdean inbertitzeko lehentasunezko sektoreak, interesaturik egon litezkeen euskal enpresek kontuan hartu beharko lituzketenak: nekazaritza, eraikuntzarako materialak, autoen fabrikazioa, hezkuntza, ingeniaritza, osasunaren zaintza, ostatua, IKTak, ekipo industrialak, meatzaritza, petrolioa eta gasa, energia, ura eta elektrizitatea, energia berriztagarriak, turismoa eta garraioa.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow