Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Argitalpenak 25 Azaroa, 2020 Azpiegiturak Nazioartekotzea Argentina Brasil Kolonbia Latinoamerika Mexiko Sprilur Txile Uruguai

Ekonomia zirkularraren aukerak Txilen

Aclima Global kongresuan hizpide hartu dira Txileko ingurumen arloko proiektuak
Aclima Oportunidades Chile
Jardunaldiaren momentu bat.

 

Aclima ingurumen klusterrak eta SPRI Taldean integratutako  Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatutako jardunaldi telematikoan hizpide hartu dira astearte honetatik Txileren ingurumen-egoera eta -erronkak, herrialde hegoamerikarrak aukera handiak eskaintzen dituelako hondakinen kudeaketarekin, urarekin eta Txileko udalerrien hobekuntzarekin lotutako proiektuak garatzeko.

 

Aclima klusterreko presidente Xabier Cañok eta idazkari Olga Martinek moderatutako jardunaldi honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Amaia Barredok parte hartu du eta esan du Euskadi aitzindaria dela garapen jasangarriko helburuen ezarpenean, eta hainbat emaitza lortu dituela, esaterako, aztarna ekologikoa % 7 murriztea 2001etik hona. Orobat aipatu du “inor atzean utziko ez duen eredu batean oinarritutako” hazkunde estrategia berri bat garatu behar dela, eta azpimarratu du 300dik gora euskal enpresak ekonomia zirkularrak erabiltzen dituztela. “Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa trakziogile handiekin kolaboratzen du neurri zirkularrak aplikatzeko, eta gaurkoa bezalako topaketak lagungarri dira gai horiei buruzko ezagutza aurreratua partekatzeko”.

 

Txileko gobernuko Ingurumen idazkariorde Javier Naranjok adierazi du Txileko ingurumen arloko legeria dela “ziurrenik, Latinoamerika osoko aurreratuena”. Gogoratu du lehen mugarria 1994an gertatu zela, Ingurumen Lege Orokorra onartu zenean, eta haren atzetik beste batzuk etorri direla, hala nola  Ingurumen Ministerioa eta Ingurumen Ebaluaketarako Zerbitzua sortu izana 2010ean.

 

70 Euskal enpresa Chilen

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek azaldu du Txile bazkide komertzial garrantzitsua dela Euskadirentzat, 70 euskal enpresa inguru baitaude han.  “Enpresentzat nazioartekotzea palanka bat da krisitik irteteko. Uste dugu esportazioen sektorea erabakigarria izango dela krisialditik suspertzeko”.

 

Ondarzabalek ziurtatu du ingurumenaren euskal sektoreak garapen potentzial handia duela nazioarteko merkatuetan eta, Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendariaren arabera, “ekitaldi hau gure jarduera planaren barruan kokatzen da”. Gogora ekarri du Txilek legeria zorrotza duela ingurumen arloan, 6.000 milioi dolarreko inbertsioa egin beharko duela desertifikazioaren aurkako borrokan eta 1.450 milioi inbertitu beharko dituela ingurumen arloko proiektuetan. “Aukera horiei esker, Txile bazkide paregabea da ingurumenaren euskal sektorearentzat”.

 

Txileko gobernuko Ekonomia Zirkularraren Bulegoko buru Guillermo González birziklapena indartzeko estrategiaz mintzatu da. Hala, adierazi du une honetan meatzaritzako pneumatikoen % 17 bakarrik aprobetxatzen dela, baina “asmoa da hamarkada baten buruan % 100eko birziklapena lortzea”. Ontzien kasuan, helburua da egungo % 5-11 bitarteko birziklapenetik % 65era iristea 12 urtean. “Eta estrategia bat garatu dugu hondakin organikoen arloan, egungo % 1eko birziklapenetik % 66ra igarotzeko hamar urteko epean”. Laburtzeko, Gonzálezek esan du xedea dela 2040rako egungo %4ko birziklapenetik %65era pasatzea eta 180.000 lanpostu berri sortzea ekonomia zirkularrean.

 

Adapt Chile-ko (ingurumen erronkak landu dituzten udalerriei aholkularitza ematen dien erakundea) zuzendari exekutibo Christian Gutiérrezek moderatutako mahai-inguruan parte hartu du Txile hegoaldeko Concepción udalerriko ordezkari José Luis Guarderasek. Guardarasek aipatu du kutsaduraren % 60 etxebizitzek sortzen dutela “sutarako egur hezea erabiltzen dutelako eta isolamendu termikoko sistemarik ez dutelako”. Horrez gain, bada beste arazo bat ere, udalerriko urmaelak kutsatuta baitaude legez kanpoko isuriengatik eta hazkunde desordenatuagatik.

 

Txileko Santiagoko eremu metropolitarrean dagoen Renca udalerriko alkate Claudio Castrok 2030era begira prestatu duten tokiko garapen plana azaldu du eta kexu agertu da hauxe esanez: “enpresek 100.000 lanpostu sortzen dituzte, baina Renca-ko 14.000 biztanle baino ez dituzte enplegatzen”. Plan horren apustuetako bat da gehiago kolaboratzea sektore pribatuarekin, eta bere baitan hartzen du, besteak beste, tokiko industriaren eraldaketa diruz laguntzeko proiektu bat.

 

Hondakinak desagerrarazteko planak

Acción Empresas irabazi asmorik gabeko antolakundeko (kudeaketa jasangarriaren arloko 130etik gora enpresa biltzen ditu) garapeneko kudeatzaile Katherine Müller-ek hizpide hartu ditu 2018an abiarazitako hondakinak desagerrarazteko planak, zeintzuen helburua baita isurketak ahalik eta gehien murriztea ekonomia zirkularreko praktikak aplikatuz. “47 enpresak eta 81 lantegi eta instalaziok parte hartu dute plan honetan” zehaztu du.

 

Txilen hondakinak kudeatzen dituzten ingurumen eta osasun arloetako enpresen AEPA elkarteko presidente Cristian Rojasek adierazi du Txile dela diru-sarreren esparruan desberdintasun handienak dituen ELGAko herrialdea. Bere esanetan, zabortegi guztien % 20k baino gehiagok ez dute baimenik, eta eremu metropolitarrean badaude legez kanpoko 79 zabortegi handi eta gutxienez hektarea bateko azalera duten beste 600. “Eta kontuan hartu behar da biztanleriaren dentsitatea oso handia dela eremu honetan: 478 biztanle kilometro koadroko”.

 

Fundación Chile erakundeko kudeatzaile-orde Ulrike Broshek Txileko egoera hidrikoaz mintzatu da, eta esan du arazoak dituztela bai kalitatearekin (iparraldean eta hegoaldean) eta baita ere kantitatearekin. “Akuiferoen % 72k jasotzen dutena baino ur gehiago erabiltzen dute”. Broshek-en arabera, Txile izango da 2040an lehorte arazo larriak izango dituen Latinoamerikako herrialde bakarra. Horregatik esan du herrialdeak lidergo argi bat behar duela uraren kudeaketan (gaur egun 43 erakundek parte hartzen dute), ekosistema hidrikoak babestu behar direla eta ur iturri berriak bilatu behar direla.

 

Bigarren jardunaldia

Kongresu honen bigarren jardunaldiko parte-hartzaileetako bat Augusto Hermo de la Quintana izan da, Txileko Jasangarritasun eta Klima Aldaketaren Agentziako zuzendari exekutiboa, zeinak hizpide hartu baitu 2040ra bitarteko ekonomia zirkularraren plana. “Oso atzeratuta gaude birziklapenean, eta helburutzat dugu etxeetako hondakinen gutxienez % 65 birziklatzea, une honetan % 10a baino ez baita birziklatzen. Sei industriatan zentratu gara: olioak, gailu elektrikoak, ontziak, pneumatikoak, pilak eta bateriak”.

 

Hermok gaineratu du bere agentziak borondatezko akordio bat lortu nahi duela sektore publiko eta pribatuaren artean, ekonomia zirkularreko adierazleak definitzeko enpresetan eta diagnostikoak egiteko eskualdeetan.

 

Bestalde, Txileko O`Higgins eskualdeko ingurumen idazkari nagusi Rodrigo Lagosek adierazi du kutsaduraren aurkako plan bat abiatu zutela 2004an. “Arazo nagusia da sutarako egurra berogailu-sistema gisa erabiltzen dela, horrek eragiten duelarik kutsadura guztiaren ia % 60”. Aurreikusi dituzten neurri batzuk azaldu ditu, besteak beste, 20.000 berogailu aldatzea, etxebizitza berrietan erregaien erabilpena murriztea edota industriaren isurketak kontrolatzea.

 

Celare – Europarekiko Harremanetarako Latinoamerikako Zentroko zuzendari Luis Martínez Cemak aipatu du Txileko gobernuak erabaki duela ekonomia zirkularreko politikak ezartzea, eta dagoeneko prestatuta dauzkala 32 ekimen, horietako gehienak programak. Hizpide hartu du orobat Construye2025 programa, Txileko eraikuntza eredua eraldatzeko estrategia nazionala.

 

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako enpresentzako zerbitzuen arduradun Maite Subinasek esan du erakunde horrek nazioartekotzeko laguntza eskaintzen diela euskal enpresei, mundu osoan dauzkan 16 bulego eta 61 aholkularien bitartez. Era askotako zerbitzuak eskaintzen ditu: konpainiaren nazioartekotze potentzialari buruzko diagnostikoa, merkatu-azterketa esklusiboak, hornitzaile bilaketak… eta zerbitzu espezializatuagoak ere bai, esaterako, bazkide bilaketak.

 

Corfo Metropolitano erakundeko (SPRI Taldearen antzeko erakundea Txilen) zuzendariorde Gloria Moyak nabarmendu du pandemiaren krisia “aukera paregabea dela eredu ekonomiko jasangarriagoa erdiesteko. Txilen badauzkagu abantaila naturalak, eta enplegu berdeak sortu behar ditugu. Besteak beste, fokua jarri nahi dugu digitalizazioan eta nazioartekotzean”, adierazi du.

 

Basoinsa ingurumen ingeniaritzako zuzendari tekniko Francisco Javier Murillok Latinoamerikan izandako nazioartekotze esperientziaz hitz egin du. Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eskaintzen duen Pilotu programa (50.000 eurorainoko itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak) goraipatu du, “guretzat oso baliagarria izan delako”. Murillok azaldu du 17 kilometroko ibai baten birsorkuntza ekologiko integralerako proiektu bat garatu zutela Txileko Tenjo udalerrian.

 

 

Hona hemen lehenengo jardunaldiaren bideoa:

Hona hemen bigarren jardunaldiaren bideoa:

Lotutako albisteak

26 otsaila, 2021 Azpiegiturak
Euskadiko enpresa txiki eta ertainentzako Eusko Jaurlaritzaren laguntzen plana
Irakurri gehiago
14 maiatza, 2020 Azpiegiturak
4.0 materialak: bistaratu zure forjaketa-prozesuak eta hobetu osagaien diseinua
Irakurri gehiago
3 abendua, 2019 Azpiegiturak
Basque Cluster Day 2019 – Merete Daniel Nielsen. Speak peak on the latest trends on clusters.
Irakurri gehiago
25 iraila, 2019 Azpiegiturak
S-Parcs Europar proiektua: Industria-parkeetan energia modu sostengarriak eta kudeatzeko kooperazio zerbitzu eredu berriak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak